20 urte zuzenean (Alos quartet)
Disko hau Alos Quartet taldearen XX. urteurrenaren ospakizun kontzertuetan zuzenean izan da grabatuta. Taldearentzat hain bereziak izan diren kontzertuen zatitxoak bildu eta “20 urte zuzenean” izenpean kaleratu dute azaroan.
Gasteizko Principal Antzokian, Donostiako Viktoria Eugenian, Tolosako Leidor Antzokian eta Bilboko Azkuna Zentroan izan ziren emanaldiak. Hortarako, Jean Phocas soinu teknikaria izan dute lagun. Laukotea osatzen duten musikariez gain (Xabier Zeberio, Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Ivan Carmona) laguntzaile eta kolaboratzaile anitz izan dituzte: Oreka TX, Aitor Etxebarria,
Iñigo Egia, Ivan Alzate, Gari eta Josu Zabala, Natxo de Felipe, Anton Latxa, Bixente Martinez, Gorka Hermosa eta Izaro. Taldeak 20 urtetan bizitakoak 75 minututan eta hemezortzi kantatan sartu dituzte CD batean. Bertan abesti propioak nahiz kantu herrikoiak entzun daitezke, Oi Pello Pello adibidez.
Gainera, laukotearen soinu identitate propioa galdu gabe bertsio interesgarri zein ausartak bildu dituzte bertan.
Diskoaren azala Xabier Zeberiok eta Etanowskik landu dute.
Hemen eskuragai.
Turista klasea (Kattalin Miner)
Kattalin Minerrek istorioa kontatzeko hirugarren pertsona erabili du; hots, kontatzaileak aurkezten ditu pertsonaiak, horien gorabeherak eta pentsamenduak. Narrazioari distantzia emateko modu bat ote? Bere izenaz ezagutzen ez dugun neska batek Hendaian TGVa hartzen du Fresnesko kartzelan espetxeraturik dagoen lagunari bisita egiteko.
Bidaian badu astirik pentsatzeko, bizitzaren pasarte zenbait errepasatzeko, hainbat gai garrantzitsuri heltzeko: biolentzia armatua eta kartzelako biolentzia, sexua, giza harremanak, lesbianismoa, sexu generoak, literatura, ametsak… guztiak dira hausnar gai bidaia honetan. Bidaia fisikoa eta poetikoa Fresnesko kartzelara joateko, maitasun lurraldera ailegatzeko.
Hemen eskuragai.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko metodoak harreman afektiboetan aplikatu dituzte (Gaur8, 2020ko abenduaren 19a)
Arabako Lautadako Euskararen Komunitateak ekimen ugari egin ditu azken urteotan eskualdean euskaraz egiteko baldintza sozial egokiak sortzeko. Azkena, Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean, hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak harreman afektiboetan baliatzeko saioa. Emaitzak, udaberrian.
Hemendik hartua.
Euskararen erabilera, erabilera urria, alegia, arazo handia da euskararen herrian. Azken urteotan ekimen ugari abiatu dira Euskal Herriko hizkuntza ohiturak aldatzeko, ezagunena eta jendetsuena oraindik orain izandako Euskaraldia dela. Arabako lautadan duela lau urtetik tematuta daude aldaketa hori gauzatu dadin. Horretarako baldintza sozial egokiak sortzeko, Lautadako Euskararen Komunitatea sortu zuten 2017an.
Lautadako Euskararen Komunitateak proposatuta, hain zuzen, eta Soziolinguistika Klusterraren eskutik, aurtengo udaberritik hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak baliatu dituzte zenbait astez. Metodologia horiek lan munduan aplikatu izan dituzte, arlo horretarako sortu baitzituen Soziolinguistika Klusterrak, eta harreman afektiboetan ere baliagarriak diren jakiteko proba pilotua egin dute Lautadako zenbait herritako hiru lagun talde eta bost bikoterekin. Eusle eta Ulerrizketa metodologiak baliatu dituzte, hurrenez hurren.
Lagun kuadrilla eta bikote horiek metodologia horietan zehaztutako rolak baliatzeko prestakuntza jaso zuten irailean. Proba pilotuan parte hartzeko baldintzen berri jaso ostean, hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegin hori egitea erabaki zuten eta zortzi astean zehar praktikan jarri dituzte metodologiaren jarraibideak. Soziolinguistika Klusterrak egin du esperientzia horren jarraipena, eta emaitzak datorren urteko udaberrian jakingo direla aurreikusi dute.
«Zerbait egin behar da»
Lautadako Euskararen Komunitateak bazuen Eusle eta Ulerrizketa metodologien berri, horregatik proposatu zuen lan munduan ez ezik eremu afektiboan ere ea eraginkorrak izan daitezkeen ikertzea. Alegia, bikotearen, familiaren edo lagun kuadrillaren barnean ere baliagarri diren. Izan ere, metodologia bi horiek lan munduan probatuta daude, arlo horretarako sortu zituzten, eremu horretako ezaugarriak kontuan izanda, hala nola lantegi batean elkarrekin zortzi ordu ematen dituzten hamar bat laguneko taldea eta abar. Metodo biekin izandako esperientziek oso emaitza onak izan dituzte. «Baina ikertu gabe dago lan munduan bezala eremu afektiboan funtziona dezaketen», diotsa GAUR8ri Asier Lafuente Lautadako Euskararen Komunitateko sustatzaile eta bertako Euskaraldiko koordinatzaileak.
Behar handia sumatu dutela dio horrelako metodologiak familietara, bikoteetara edo lagun kuadrilletara eramateko. Esparru horietan kondizio jakin batzuk egoten dira, eta hainbat aldagai: denek euskaraz ulertzen dute, batzuek ondo eta beste batzuek askoz okerrago, eta egoera bakoitzaren araberako jardunak egin behar dira. «Zerbait egin behar da», dio Lafuentek. «Hemen, Lautadan, bikote asko mistoak dira; alegia, batek ondo egiten du euskaraz eta besteak erdipurdi, edo batek zerbait badaki baina ez du egiten, eta azkenean erdaraz funtzionatzen dute. Lagun kuadrilletan, antzera, testuinguru soziolinguistikoagatik, erdaraz. Eta aldaketak gerta daitezke, baina zer egiten dugu aldaketak gertatzeko?». Berak badaki Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz egitasmoaren barruan garatutako metodologia horiek lan munduan ondo funtzionatzen dutela: «Horietatik etorri ziren Euskaraldiko Ahobizi eta Belarriprest rolak. Gure galdera zen ea metodologia horiek eremu afektiboan funtzionatzen duten. Horretarako egin dugu hau, eta funtzionatzen badute, aplikatzen hasteko. Guk ez genuen nahi gauzak proposatzen hasi guri bururatu zaizkigulako, edo funtzionatuko dutela iruditzen zaigulako, baizik eta zerbait zientifikoa eduki eta familia eta lagun kuadrilla horiengana oinarri horrekin joateko, hizkuntza ohiturak alda daitezkeela erakusten duten datuekin».
Metodologia horiek hasieratik bukaerara arte pertsona horiek zer egin behar duten zehazten dute. Baina lagun kuadrilla bat ez da lantegi bateko talde bat, «gauza desberdinak gertatzen dira batean eta bestean: elkartzeko era eta denbora; izan ere, langileak zortzi ordu inguru egoten dira elkarrekin eta kuadrillako lagunak zortzi ordu astean, momentu ez jakinetan, eta beti ez dira lagun berberak», dio Lafuentek. «Aldagai asko daude eta metodologia bera, agian, egokitu egin behar zen. Horixe egin du Soziolinguistika Klusterrak, bikote eta kuadrillei egokitzeko proposamena».
Metodologiak
Soziolinguistika Klusterrak 2010etik hona ikerketan baliatutako metodologiak –Aldahitz proiektuaren barruan eta Pello Jauregiren zuzendaritzapean– hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatzeko garatu ditu. Lan munduko testuinguruan probatutako metodologia horiek beste testuinguru batzuetara egokitzeko proba pilotuak ere abiatu dituzte azken urteetan.
Pello Jauregik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia Saria jaso berri du, «Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta, horrekin batera, dinamika sozial berri bat eragiteko gai izateagatik». Harekin hitz egin zuen GAUR8k joan den udan, “Uler-saioak” Aldahitz ikerketaren hirugarren metodologia aurkeztu zuenean. Metodologia horrek oinarrizko ulermena lortzea du helburu. Hura baino lehen, baina, beste metodo bi sortu zituzten, oraindik orain Lautadako bikote eta kuadrilla horiek erabili dituzten horiexek, hain zuzen.
Eusle izeneko metodologia denek ulertu baina, hala ere, hitz egiteko ohiturarik ez duten taldeentzat pentsatuta dago. Ulerrizketa, berriz, beste egoera batean aplikatzeko da. Honela azaldu zuen Jauregik: «Guk, euskaldunok, normalean gure solaskideak hitz egiteko zailtasunak dituela antzematen dugunean, erdarara jotzen dugu. Beraz, trebatze prozesu bat da, nolabait ele biko elkarrizketarako, euskara erraza erabiltzeko eta erdarara ez jotzeko aurrean daukagunak ulertu bai baina hitz egiteko zailtasuna duenean». Komunikazio horretan batek egin behar du euskaraz denbora gehienean, bere hizkera egokituta, eta besteak jokaera aktiboa izan behar du; esate baterako, eskatuz esandakoa errepikatzeko edo polikiago esateko eta ulertzen ez duena beste era batera esateko.
Elkarlana
Lautadako Euskararen Komunitatea duela urtebete inguru hasi zen bere proiektua gauzatzeko ahaleginean. Gasteizko Gobernuarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Topagunearekin harremanetan jarri eta 2019ko abenduan bilera bat egin zuten denek. Besteak beste, baliabide ekonomikoak aztertu eta ekimena aurrera eramatea adostu zuten. Beraz, gutxieneko babesa lortu zuten Gobernuak, Aldundiak eta Lautadako kuadrillak finantzatuta, eta Topagunearekiko elkarlana eta Soziologia Klusterraren gidaritza lortuta.
Lehenengo fasean, Klusterrak metodologia egokitu zuen, baina covid-19aren pandemia iritsi zen eta egitasmoa atzeratu behar izan zuten. Ekainean ikerketa egiteko familia eta kuadrilla egokiak bilatzen hasi ziren; alegia, Klusterrak eskatutako ezaugarriak zituzten taldeak, ikerketa egiteko bide emango zuten ezaugarriak zituztenak, hain zuzen. Ez zen beraz, nahi zuen orok parte hartzeko jarduna.
Taldeetan aldagai ugari daude: sexua, adina, bizimodua… Eta kuadrillak hainbat motatakoak dira: haietako bat, hamar bat lagun, guraso berriak dira, edo ume txikiak dituztenak; beste bat kuadrilla mistoa da, 25 eta 28 urte bitarteko neska-mutilak, eta beste bat 22 urte inguruko hainbat mutilek osatua. Kuadrilla horiek bete beharreko baldintza zail bat zegoen, eta Lafuentek gogorarazi duenez, orain are zailagoa: astean gutxienez bost orduz egon behar zuten elkarrekin. «Kuadrilla asko daude, baina haietako kide guztiak ez dira beti bost orduz elkartzen, batzuk ez dira astero-astero biltzen». Beraz, ez zen erraza izan baldintza guztiak betetzen zituzten kuadrillak aurkitzea. «Konfinamendutik atera eta gero egin genuen, ekainean, eta orduan egoera ez zen oraingoa; esan nahi dut tabernak beranduago arte irekita zeudela, ez zegoen etxeratzeko ordurik… Baina azaroan batez ere konplikatu egin zitzaien kuadrilla horiei».
Zortzi asteko Euskaraldia
Behin bikoteak eta kuadrillak aukeratuta, Pello Jauregi haiekin bildu zen proposamenaren nondik norakoak azaltzeko eta ondoren ariketa egiteko prestakuntza emateko. Izan ere, «metodologia horiek prestakuntza eskatzen dute», dio Lafuentek, «euskaraz ondo egiten duenak, esate baterako, bere euskara nola egokitu jakin behar du besteek hobeto ulertzeko».
Urri hasieran ekin zioten bikote eta kuadrilla horiek zortzi asteko euskarazko jardunari, azken biak Euskaraldiarekin batera. Lafuentek dioenez, nahita egin zuten horrela: «kronograma aldetik garai horretan izan behar zuen, baina pentsatu genuen, halaber, tarte bat Euskaraldiarekin batera egiteak ariketa egiteko lagunduko zuela».
Zortzi aste horietan Klusterraren eta talde horien artean etengabeko komunikazioa egon da, esate baterako, datuak pasatzeko. Klusterrak ariketa egiten ari ziren taldeei mintzagrama bat helarazten zien astero eta haien hainbat datu jasotzen zituen. «Mintzagrama horiek nolabaiteko autoebaluazioa egiteko balio zuten: bakoitzak nola hitz egin duen adierazteko: euskaraz, euskaraz eta erdaraz, erdaraz… Bikote baten kasuan erraza da, baina kuadrilla batean konplexuagoa, taldekide guztien balorazioa egin behar dute eta», azaldu du Lafuentek. Klusterrak datu horiek guztiak prozesatu, uztartu eta denbora horretan zer harreman mota izan diren ikusten du eta, taldeetako aldagaien arabera, ondorioak ateratzen ditu. Harriduraz gogoratu du Lautadako Euskararen Komunitateko kideak Aldahitz egitasmoko Eusle edo Ulerrizketa txostenek zenbat datu jasotzen dituzten mintzagrama horietatik: «Gero ondorioak deskriptiboak dira, baina taulak ikusten badituzu… harrigarria da».
Azaroaren amaieran Pello Jauregi berriro joan zen Arabako lautadara bikote eta kuadrillekin hitz egitera, balorazio kualitatibo bat egite aldera. Hiru hilabete barru, berriz, Soziolinguistika Klusterrak beste mintzagrama bat helaraziko die, zortzi astean hartutako ohitura horietatik hiru hilabete igaro eta gero zer geratzen den ikusteko; alegia, ea erabilitako metodologiak pertsona horien hizkuntza ohiturak aldatu dituen. «Erdaraz funtzionatzen zuen bikote batek metodologia hori zortzi astean aplikatu ondoren eta hiru hilabete igaro ondoren erdarara bueltatu den edo batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz egiten duen, beti euskaraz egiten duen… horixe aztertuko dute».
HIZKUNTZA OHITURAK ALDATZEKO ARIGUNE IRAUNKOR BAT
Lautadako Euskararen Komunitatea euskara erabiltzen duten edo gehiago erabili nahi duten askotariko kolektiboen, establezimenduen, lantegien, herrien, familien zein lagun kuadrillen bilgunea da. «Komunitate hau Lautadako hainbat talde artikulatzeko gunea da», diote beren webgunean.
Haien helburu nagusia euskararen erabilerarako baldintza sozial egokiak sortzea da. Alde batetik, Lautadako entitate eta taldeei beste entitate eta taldeekin batera jarduteko helburuak eta tresnak zein diren jakinarazten die eta haien koordinaziorako gunea da. Era berean, haien helburuak gauzatzen laguntzen du eta euskara erabiltzeko zailtasunak dituzten entitate eta taldeei laguntza eskaintzen die. Beste alde batetik, «baldintza sozial egokiak arinago sortzeko ahalmenik handiena duten Lautadako instituzio publikoek hizkuntza eskubideak berma ditzaten», haien solaskide aktiboa da.
Euskararen Komunitateko entitate eta talde horiek guztiak egitasmo komunen inguruan artikulatzen dira; hala nola, Euskaraldia eta beste ariketa sozial kolektibo batzuetan, betiere Lautadako beste eragile eta instituzioekin elkarlanean.
Hiru urteko historia du Arabako eskualde horretako Euskararen Komunitateak; hala ere, esan liteke lehenagotik ere abian zela; alegia, izena baino lehen, bazuela izana. 2016ko otsailaren bukaeran, hogei laguneko talde batek Agurainen “75 Ordu Euskaraz” ekimena antolatzea erabaki zuen. Urte bereko azaroan, 284 lagunek haien inguruan «euskara beharrezkoa egiteko konpromisoa» hartu zuten, eta 134 kolektibok, establezimenduk eta erakundek euskarari bidea emateko zenbait neurri hartu zituzten.
Ekimen autogestionatu eta autofinantzatu haren arrakastak bultzatuta, 2017an beste aktibazio ariketa bat prestatzen jardun zuen lantalde batek. Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu, Lautadako 63 herriak kohesionatzeko hamabi bilera egin zituzten uda partean, proposamen zehatz bat egiteko: 2018an “11 Egun Euskaraz” antolatzea, hain zuzen. Bilera haietan sumatu zuten interesa zela-eta, 2017ko urriaren 19an Lautadako Euskararen Komunitateko lehen kideak izango zirenak elkartu ziren lehen aldiz. 38 herrik eta 20 kolektibok parte hartu zuten; guztira, 107 lagunek. Ordutik handituz joan da komunitatea.
Ekonomatua
Aurtengo Euskaraldiaren berritasuna ariguneak izan dira, pandemia gorabehera. Arabako lautadan ez ziren ariketa sozial erraldoiaren zain geratu eta joan den uztailean arigune iraunkor bat abiatu zuten Agurainen, Euskararen Komunitateko bazkideei euskaraz eroso aritzeko aukera emateko asmoz: ekonomatua. Horretarako, apirilean Kale Nagusiko lokal bat auzolanean egokitzen hasi eta hiru hilabeteren buruan zabaldu zuten denda.
«Hizkuntza ohituren aldaketan urrunago joan nahi dugu eta hizkuntza portaera berri batzuk ere sustatu nahi ditugu ekonomatuan», aldarrikatzen dute. Hartara, euskara ulertu arren erdaraz hitz egiten duten bazkideei euskaraz egingo diete bertan zerbitzari dauden boluntarioek, erdarara pasatu gabe. Eta euskaraz gutxi edo oso gutxi ulertzen dutenei euskara egokituan egingo diete. Kasu horietan Ulerrizketa metodologiaren hizkuntza portaerak baliatuko dituzte ekonomatuan: poliki hitz egin, esaldi motzak, aditz errazak, erdarazko hitzak tartekatu eta ea ulertu duten sarritan galdetzea.
Ekonomatuan balio etikoetan ekoiztu eta nekazaritza ez-produktibistan oinarritutako produktuak eskaintzen dituzte: Lautadako elikagaiak eta artisautza, garbiketa eta kosmetika produktuak, besteak beste. «Ekonomatuan ekoizleen lana balioztatu nahi dugu. Eurekiko harremana zuzena da. Haiek zehazten dute jaso nahi duten diru saria», diote. Ehuneko zehatz batzuk aplikatzen dizkiete ekoizleek jarritako prezioei ekonomatuaren gastuei aurre egiteko eta Lautadako Euskararen Komunitatearen egitasmoak finantzatzeko. Izan ere, «ekonomatuak ez dauka dirua irabazteko asmorik».
Zuriñe Hidalgo (Abeslaria eta aurkezlea)
Zuriñe Hidalgo aurtengo urtarrilaren 16an egon zen Karrikiriko lokalean. Autoezagutza eta ziklo menstrualari lotutako tailerrak egiteko leku goxo baten bila zebilen, gure Xabier karrikako dendan egin zezakeen galdetu zigun. Biziki poztu gintuen horrek, proposamen berrien topagune eta abiapuntu izatea maite dugu. Negu beteko larunbat arratsalde bat goxo eman zuten Karrikiri dendan. Bisita probestuz galdera batzuk egin genizkion eta datozen lerroetara ekarri dizkizuegu.
Zein da zure historia pertsonala euskararekin?
Nik eskolan ikasi nuen euskara, gurasoek ez baitakite euskara mintzatzen. Baina haiek nahi izan zuten anaiak eta biok euskara ikastea. Zizur Nagusian hasi eta hezi nintzen, eta euskararen erabilera eskolara mugatzen zen batez ere. Lagunen artean ez genuen euskaraz egiteko ohiturarik.
Unibertsitate garaia iritsi arte ez nuen txip aldaketa egin. Ordura arte
erabiltzen ez genuenez hitz egiten hasten ginenean zailtasunak sumatzen
genituen, eta zerbait kosta egiten bazaizu joera izaten da ez erabiltzea
eta erdarara pasatzea. Adin horretan, 17-18 urterekin, esan nuen: agian
hasi beharko genuke erabiltzen. Orduan hasi zen txip aldaketa hori,
unibertsitatea hasi baino pixka bat lehenago, gaztetxean, nagusiago
zirenekin.
Aurtengo urtarrilaren 26an tailer bat eman zenuen Karrikiriren lokalean. Zertarako, zer helbururekin?
Autoezagutza eta ziklo menstrualari buruzko tailerrak martxan jarri ditut.
Uste dudalako inportantea dela emakumeen artean gai hauen inguruan
hitz egitea eta ezagutza zabaltzea, are gehiago oraindik ere ikusgarritasun
txikia duen gaia izanik. Helburua da gaia proposatzea eta horren inguruan
mintzatzea: mitoak desmitifikatu eta, batez ere, hitz egiteko tarte bat
hartu eta gai honetan interesa duten emakumeekin esperientziak eta
ezagutzak partekatu.
Azken batean, gaiari behar den garrantzia eman eta horren inguruan mintzatu.
Hesian taldearen amaiera irakurri dugu. Zer izan da ibilbide horretan aberasgarriena?
Aberasgarrienak izan dira bizipenak eta ikasitakoak. Batez ere ematen
eta jasotzen duzun hori. Zuk kantak sortzen dituzu eta ondoren
jendearekin partekatzen dituzu. Ondoren publikoaren aldetik jasotzen duzun guztia hain da handia… Hainbeste betetzen zaitu… Oso oso polita den sentsazioa da. Ni geratuko nintzateke esperientziekin. Modu batera eta bestera Hesian familia osatu dutenekin. Baina baita bidean ezagututako pertsona guztiekin ere, kontzertuekin, publikoarekin… eta jasotakoarekin.
Eskuartean baduzu proiektu berririk?
Nik uste beti nagoela proiektu berriak eta gauzak berriak egiten. Nire burua
sortzailetzat dut. Buruan beti badago bueltaka dabilen zer edo zer. Une
honetan, etorkizun hurbilean, martxo aldera Enraizadas proiektua jarriko dut berriz martxan. Emakumeen erretiroak burutuko ditut Ibizan datozen hiru hilabeteetan. Poliki-poliki, eta gero gerokoak.
Musikalki gustatuko litzaidake zerbait egitea, baina esan bezala, poliki-poliki, pazientziarekin eta denborarekin. Orain gaur egunekoan bizi naiz, fokoa orainaldian daukat jarrita.
Azkenik, liburu edota disko gomendiorik baduzu gure irakurleendako?
Euskarazko liburu batzuk irakurri ditut, baina asko gustatu zitziaidan Lucia
Baskaranen Gorputz Madarikatuak eta hori gomendatu nahiko nuke.
Musikari dagokionez, beti animatuko dut jendea euskal musika entzutera
eta kontsumitzera. Gure musika da, eta bultzada behar du. Baina ez bakarrik bultzadagatik, baizik eta musikari eta musika talde onak ditugulako, orokorrean, euskal musika gomendatuko nuke.