Haizeari elkarrizketa

Haizeari elkarrizketa

Haizeari eta Itsasori egindako elkarrizketak ekarriko ditugu. Elkarrizketa bana egin diegu, badutelako zer kontatu eta diotena entzutea merezi dutelako. Haiek topatuko dituzue Xabier karrika 4ra bisitan zatoztenean. Haien goxotasuna eta batez ere, euskal kulturarekiko maitasuna eta ezagutza jasoko duzue; aire, ideia eta indar berrituekin etorri zaizkigu, eta gure proiektuan nabari dugu jada, bultzada polita eman digute. Etorri eta sentitu zuek ere indar hau.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Jaiotzetik izan dut euskara ama-hizkuntza gisa, nahiz eta gurasoek helduaroan (ber)ikasi. Nik mundua euskaraz ulertzeko apostua egin zuten; euskara ikasten, etxean euskaraz jarduten, eta euskarazko hezkuntza publikoaren alde borroka egiten. Lehen Arturo Campion ikastetxea zenean -orain Txantreako Bernart Etxepare denean- “D” eredua ireki zuten gurasoek beste 12 haurren gurasoekin batera, eta esanen nuke hautu horrek eraman ninduela euskararen erresistentzia guneak babestu eta hedatzeko lekukoa hartzera. Euskal Ikasketak ikasi nituen Gasteizen, eta aukera izan dudan guztietan ibili izan naiz euskal komunitate(et)atik elikatzen. Iruñean beti bilatu izan ditut euskararen arnasguneak; antzerkian haurra nintzenean, bertso eskolan nerabezaroan eta Karrikirin eta beste hainbat saltsatan gaur egun.

Karrikiri lehenagotik ezagutzen zenuen?

Bai. Iruñeko eta Euskal Herriko-euskal komunitatean mugitzen zena ezagutzeko erreferentziazko gune izan da niretzat beti.

Nola izan ziren zure lehendabiziko egunak?

Gabonetako egun mugituetan hasi nintzen ni; udazken pandemiko baten osteko sakel bete(ago)en artean, eta elkar maite dugula opari bidez erakusteko premia igartzen ahal zen une kurioso batean. Eguneko ordu asko gutizi artean pasatzearen irrika oroitzen dut, baita nire eskuek oparitarako paketeak egiteko hartu zuten automatismoa ere!

Zer ikusi duzu mostradorearen beste aldean? Imaginatzen zenuena ikusi duzu, ala zerbaitek harritu zaitu?

Denetarik ikusten da hemen; literatur lan zehatz baten bila datozen irakurle puretak, bere seme-alabekin euskaraz jarduteko euskarri bila datozen guraso euskaldun berriak, etxea dekoratzeko lamina bila datozen gazte eta ez hain gazteak, osasun mental bila euskarazko eleberrian babes hartzen duten irakurleak, bilobentzako opari bila datozen atso eta agureak, Dona Jakue bidea egiten dabiltzan turistak eta beste hainbat satelite, lagun artean euskaraz aritzea kitzikagarria dela ohartu, eta jolas bila datozen gazteak… Imaginatzekoak dira perfil guztiak, baina denek harritzen naute era berean, kar, kar…

Zer amets gauzatuko zenuke Karrikiriren proiektuaren baitan?

Azken urteetan ezagutu ditudan kultur eta arte arloko diziplinen euskarazko zirkuitu osasuntsu bat egitea amesten dut Iruñean.

Amaitzeko, baduzu gomendio musikalik edota literariorik?

Literaturan, Lazunak Azazkaletan (Oihana Arana, Susa) eta Algara Mutilatuak (Ane Labaka, Lisipe); musikan, Ibil Bediren Beltxarga Beltza eta Eneritz Furyaken Emadan.

Itsaso Agirre (Langilea eta sortzailea. Sortzailea eta langilea)

Itsaso Agirre (Langilea eta sortzailea. Sortzailea eta langilea)

Itsasori eta Haizeari egindako elkarrizketak ekarriko ditugu. Elkarrizketa bana egin diegu, badutelako zer kontatu eta diotena entzutea merezi dutelako. Haiek topatuko dituzue Xabier karrika 4ra bisitan zatoztenean. Haien goxotasuna eta batez ere, euskal kulturarekiko maitasuna eta ezagutza jasoko duzue; aire, ideia eta indar berrituekin etorri zaizkigu, eta gure proiektuan nabari dugu jada, bultzada polita eman digute. Etorri eta sentitu zuek ere indar hau.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?
Euskara eta euskalkiak maitatzen eta errespetatzen ikasi dugu etxetik. Ttipitan Domintxinen sortu, Ozazen eta gero Puiun bizi izanik, ustez hain desberdin ziren herri horietan euskararen diglosi egoera nabari zen (eta da) mugaz alde batean zein bestean. Nik eta ahizpak etxean ikasi ahal izan dugu euskara. Aitak eta amak beranduago zerotik ikasi edo berreskuratu behar izan zuten euskara, eta zinez eskertzen ditut guri euskaraz egiteko hautua mantendu izanagatik. Guk lapurtera, gipuzkera eta batuaren nahasteka mintzatu dugu etxean, baina Sohütako ikastolan Xiberoko eüskara ikasi genuen eta orain berriz berrartu dugu ahizpak eta nik xiberutarra, ez baitugu galdu nahi horrek gure artean sortzen duen harremana eta mundu ikuskera.

Karrikiri lehenagotik ezagutzen zenuen?
Bai. Karrikiri nire kasuan erreferentzia leku bat izan da Iruñean, zerbait oparitu edo libururen bat erosi nahi nuenean, hona etortzen nintzen. Uste dut, eskaintzen dituen zerbitzu anitzak eta euskaldunen topagune izaera direla eta, oso elkarte maitatua dela iruñerrian.

Nola izan ziren zure lehendabiziko egunak?
Oso atseginak. Dendako lana ez nuen ezagutzen eta liburu eta produktu artean murgiltzea oso goxoa izan da, batez ere Haizea irakasle izanik, eta beste lankide jator eta jakintsuen babesean. Hasieran, hain kontzentratua izaten nintzen zerbaitetan, ezen norbait dendara sartu bakoitzean sekulako sustoa hartzen bainuen!

Zer ikusi duzu mostradorearen beste aldean? Imaginatzen zenuena ikusi duzu, ala zerbaitek harritu zaitu?
Mostradoretik mila gauza ikusten dira. Kanpora begira, dibertigarria da kaleko xehetasun txikietan fijatzea, kale hau bizi-bizirik dago eta pozgarria da. Dendaren barnean aldiz, jendeak biziarazten du leku hau eta are lekuago egiten du. Jendea erakusleihoari begira-begira egoten da eta espero gabeko gauza xelebreak galdetzen dizkizute. Dibertigarria eta lasaia da hemengo lana. Gainera, jendea ere presarik gabe eta alai etortzen da, eta hori oso eskertzekoa da, salbu denda ixteko bi minutu ments direnean!

Zer amets gauzatuko zenuke Karrikiriren proiektuaren baitan?
Euskaraz sortutako proiektuetan eta produktuetan aniztasun handiagoa lortzea, denen plazererako. Izan elkarrizketa, objektu, jolas, arropa eta gaur egun garrantzia hartzen ari diren alorretara euskara zabaltzen joatea.

Amaitzeko, baduzu gomendio musikalik edota literariorik?

Liburuetan Mari-mutil handi baten bluesa eta Bekatorosak gustatu zitzaidan azkenak eta musikan Gure Aldetara eta Seitan cd-ak.

Amaia Apalauza (Karrikirikide berria eta itzultzailea)

Amaia Apalauza (Karrikirikide berria eta itzultzailea)

Lagunak eta adiskideak ari zaizkigu proiektura batzen eta elkarrizketaren atal honetan tartetxo bat eskaini nahi diegu. Hilabete honetan Amaia Apaulazari egindako elkarrizketa dakargu. Liburu zoragarrien itzultzaile, euskaltzain urgazle…baina batez ere Karrikiri proiektuaren laguna da. Ongi etorri Amaia!

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Gurasoak euskaldunak ditut, eta hiru urteetatik aurrera San Fermin
ikastolara eraman ninduten.

Gero, Euskal Filologia ikasi nuen, Gasteizen, eta doktore-tesia ere egin nuen, Iñaki Caminorekin, Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkerei buruzkoa. Tesia egin bitartean, bekadun aritu nintzen EHUko Euskara Zerbitzuan, euskarazko hiztegi teknikoak egiten eta testuak zuzentzen eta itzultzen. Ahozko tradizioa ere oso gustukoa nuen, eta Nafarroako zenbait tokitan ibili nintzen ahoz aho transmitituriko jakintza biltzen (Malerrekan, Araitz-Betelun, Imotzen…), zenbait bekari esker. Tesia bukatu ondoren, itzulpengintzaren bidetik segitzea erabaki nuen, eta itzultzaile eta zuzentzaile jardun
dut harrezkeroztik.

Duela gutxi egin zara Karrikirin bazkide, zergatik? zer egin nahiko zenuke?

Azken hogei urtean Iruñetik kanpo bizi izan naiz, eta duela urtebete itzuli nintzen. Egin nuen lehenbiziko gauzetako bat Karrikirin bazkidetzea izan zen. Beti izan da txoko kuttuna niretzat, baina, kanpoan bizi nintzenez, ez nuen askorik parte hartzen. Dendara bai, joaten nintzen, baina hortik aurrera deus gutxi. Euskara ardatz duten proiektuak gutxi dira Iruñean, eta uste dut beharrezkoak ditugula. Horregatik bazkidetu nintzen, eta ahal dudan neurrian laguntzen ere saiatzen naiz.

Azkenaldian, euskarazko ekitaldien agenda elikatzen laguntzen aritu naiz, eta kultura-ekitaldiak pentsatzen ere bai.

Oraingoz ezin dugu gauza handirik egin, baina baditugu makina bat ideia!

Dovlatoven, Kaputxinskiren itzultzailea izan zara, nola iristen dira horrelako proiektuak zure eskuetara?

Itzultzailea eta zuzentzailea naiz ogibidez, eta nire lehen literatura-itzulpena EIZIE elkartearen itzulpen-lehiaketari esker egin nuen: Sergei Dovlatoven Maleta. Gero, Katakrakekoek Dovlatoven beste liburu bat itzultzea proposatu zidaten, Filiala, eta hura Aroa Uharterekin batera itzuli nuen. Gerora, beste lan batzuk ere itzuli ditut Katakrakentzat, tartean Kapuścińskiren Kristo fusilarekin, Sonia Kolakzekekin batera, eta beste proiektu batzuk ere iritsi zaizkit, batzuk itzulpen-lehiaketen bitartez eta beste batzuk argitaletxeetatik zuzenean.

Eta nola ekiten diozu, gogotsu, bertigoarekin?

Gogotsu, beti. Literatura itzultzea opari gisa hartzen dut. Itzuli dudan liburu bakoitza ikasbide bat izan da niretzat.

Baduzu eskuartean (publikoki) aipatu daitekeen proiekturik?

Bai. Batetik, Ursula K. Le Guinen liburu bat itzultzen ari naiz, Igela argitaletxerako: The Word for World is Forest. Zientzia-fikzioko lan bat itzultzen dudan lehenbiziko aldia da, eta abentura ederra ari da izaten. Mundu berri bat ari naiz deskubritzen, zirraragarria eta bizitzen ari garen garai aldrebes honetaz gogoeta egiteko eta gauzak beste modu batera ikusteko apropos-aproposa. Bestetik, Balkanetako gerrari buruzko saiakera-lan baten itzulpen bat ere badut eskuartean, Txalaparta argitaletxearekin. Eta, azkenik, poloniar idazle baten eleberri bat ere itzuliko dut datorren urterako, Ignacy Karpowicz-en Sońka, Sonia Kolakzekekin batera. Azken hori Pasazaite argitaletxean.

Literatura eta musika gomendiorik gure irakurleendako?

Azkenaldian gehien hunkitu nauen liburua Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak da, Aroa Uhartek itzuli eta EIZIEren Literatura Unibertsala bilduman argitaratua, eta horixe gomendatuko nuke. Musikari dagokionez, erosi dudan azken diskoa Pettiren Manipulazio estrategiak da; zuzenean ikusteko aukera ere izan nuen, eta ederra iruditu zitzaidan.

Amaia Merino (Zinegilea)

Amaia Merino (Zinegilea)

Garai konplikatu hauetan ere jende berria batu zaigu Karrikiriren proiektura. Hilabete honetako elkarrizketatua den Amaia Merino bezalaxe. Non dago Mikel? dokumentala estreinatu berria dutela aitzakia hartuta, galdera batzuk egin dizkiogu eta lerro hauetara ekarri. Ongi etorri, Amaia!

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Helduaroan euskararekin erabat maitemindutako emakumea naiz.
Euskara ikastolan ezagutu nuen erabiltzen ez nuen arren. Oso gaztea nintzenean Euskal Herritik Madrilera joan nintzen lehen eta Ekuadorrera gero eta 24 urtez bizi izan nintzen bertan. Amazoniako Putumayo ibaiaren bi bazterretan bizi den herri bat, -Zio Bain Herria Maikokaz, Siona Herria erdaraz- izan da, hain zuzen, euskarara atxikitu eta maitarazi nauena.
Baina hau istorio luzea da. Hiru urte dira Ekuadorretik Iruñera bizitzera itzuli nintzela eta euskalduntze prozesu pozgarri eta serioan buru-belarri jarraitzen dut.

Duela gutxi egin zara Karrikirin bazkide, zergatik? zer egin nahiko zenuke?

Behin Iruñean murgilduta erne ibili naiz indar-metaketaren, sorkuntzaren, bide magikoaren usain ederra nondik etortzen zitzaidan harrapatzeko eta
Karrikiriri larrosaren, liliaren, haritzaren aroma dario. Zer egin? Batu.

Non dago Mikel filma estrenatuko duzue otsailaren 26an, nola izan zen prestaketa?

Luzea eta zintzoa. Txukun txukun aritu gara, egunez egun lan eta lan.

Zein helbururekin filmatu duzue?

20 egun horiek bizi izan ez zutenek ezagutu dezaten zer gertatu zen eta nola bizi izan genuen. Horrekin zer egin? Bakoitzaren barnean dago erantzuna.

Baduzu eskuartean (publikoki) aipatu daitekeen proiekturik?

Badut, bai. Bat baino gehiago, eta ez dira denak zinematografikoak. Baina ezin azaldu zein diren, ez baidaude oraindik uztarturik.

Literatura eta musika gomendiorik gure irakurleendako?

Bai, baina ez dira eleberriak, kasu! Ideia eta balioen bestelako historia laburra: eta horren irakasgaien aplikazioa gaurko gizartean (Juan Inazio Hartsuaga), Suak pizten direnean (Mikel Soto), Hitzak fosil (Juan Inazio Hartsuaga) eta Txepetxekin solasean, Biziaren hizkuntzaz (Jon Sarasua).

Zuriñe Hidalgo (Abeslaria eta aurkezlea)

Zuriñe Hidalgo aurtengo urtarrilaren 16an egon zen Karrikiriko lokalean. Autoezagutza eta ziklo menstrualari lotutako tailerrak egiteko leku goxo baten bila zebilen, gure Xabier karrikako dendan egin zezakeen galdetu zigun. Biziki poztu gintuen horrek, proposamen berrien topagune eta abiapuntu izatea maite dugu. Negu beteko larunbat arratsalde bat goxo eman zuten Karrikiri dendan. Bisita probestuz galdera batzuk egin genizkion eta datozen lerroetara ekarri dizkizuegu.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Nik eskolan ikasi nuen euskara, gurasoek ez baitakite euskara mintzatzen. Baina haiek nahi izan zuten anaiak eta biok euskara ikastea. Zizur Nagusian hasi eta hezi nintzen, eta euskararen erabilera eskolara mugatzen zen batez ere. Lagunen artean ez genuen euskaraz egiteko ohiturarik.

Unibertsitate garaia iritsi arte ez nuen txip aldaketa egin. Ordura arte
erabiltzen ez genuenez hitz egiten hasten ginenean zailtasunak sumatzen
genituen, eta zerbait kosta egiten bazaizu joera izaten da ez erabiltzea
eta erdarara pasatzea. Adin horretan, 17-18 urterekin, esan nuen: agian
hasi beharko genuke erabiltzen. Orduan hasi zen txip aldaketa hori,
unibertsitatea hasi baino pixka bat lehenago, gaztetxean, nagusiago
zirenekin.

Aurtengo urtarrilaren 26an tailer bat eman zenuen Karrikiriren lokalean. Zertarako, zer helbururekin?

Autoezagutza eta ziklo menstrualari buruzko tailerrak martxan jarri ditut.
Uste dudalako inportantea dela emakumeen artean gai hauen inguruan
hitz egitea eta ezagutza zabaltzea, are gehiago oraindik ere ikusgarritasun
txikia duen gaia izanik. Helburua da gaia proposatzea eta horren inguruan
mintzatzea: mitoak desmitifikatu eta, batez ere, hitz egiteko tarte bat
hartu eta gai honetan interesa duten emakumeekin esperientziak eta
ezagutzak partekatu.

Azken batean, gaiari behar den garrantzia eman eta horren inguruan mintzatu.

Hesian taldearen amaiera irakurri dugu. Zer izan da ibilbide horretan aberasgarriena?

Aberasgarrienak izan dira bizipenak eta ikasitakoak. Batez ere ematen
eta jasotzen duzun hori. Zuk kantak sortzen dituzu eta ondoren
jendearekin partekatzen dituzu. Ondoren publikoaren aldetik jasotzen duzun guztia hain da handia… Hainbeste betetzen zaitu… Oso oso polita den sentsazioa da. Ni geratuko nintzateke esperientziekin. Modu batera eta bestera Hesian familia osatu dutenekin. Baina baita bidean ezagututako pertsona guztiekin ere, kontzertuekin, publikoarekin… eta jasotakoarekin.

Eskuartean baduzu proiektu berririk?

Nik uste beti nagoela proiektu berriak eta gauzak berriak egiten. Nire burua
sortzailetzat dut. Buruan beti badago bueltaka dabilen zer edo zer. Une
honetan, etorkizun hurbilean, martxo aldera Enraizadas proiektua jarriko dut berriz martxan. Emakumeen erretiroak burutuko ditut Ibizan datozen hiru hilabeteetan. Poliki-poliki, eta gero gerokoak.

Musikalki gustatuko litzaidake zerbait egitea, baina esan bezala, poliki-poliki, pazientziarekin eta denborarekin. Orain gaur egunekoan bizi naiz, fokoa orainaldian daukat jarrita.

Azkenik, liburu edota disko gomendiorik baduzu gure irakurleendako?

Euskarazko liburu batzuk irakurri ditut, baina asko gustatu zitziaidan Lucia
Baskaranen Gorputz Madarikatuak eta hori gomendatu nahiko nuke.
Musikari dagokionez, beti animatuko dut jendea euskal musika entzutera
eta kontsumitzera. Gure musika da, eta bultzada behar du. Baina ez bakarrik bultzadagatik, baizik eta musikari eta musika talde onak ditugulako, orokorrean, euskal musika gomendatuko nuke.

JON ZAPATA (Euskaraldiaren dinamizazio taldekidea)

Euskaraldiaren 2. edizio honetarako bulegoa ireki dute San Anton kaleko 24an. Bertara hurbildu gara han lanean dagoen Jon Zapatarekin mintzatzeko. Hilabeteak daramatza Jonek aurtengo Euskaraldiaren prestaketetan, bertatik bertara ezagutzen ditu xehetasun guztiak. Azken txanpa honetarako lekukotza interesgarria, beraz.

Zein da zure istorio pertsonala euskararekin?

Ama hizkuntza da euskara niretzat, gaztelerarekin batera. Etxeko hizkuntza izan da urteetan, beraz, txikitatik komunikatzeko lehen hizkuntza izan da. Ikasketak euskaraz egin izan ditut unibertsitatera bitarte. Bertan Soziologia gradua ikasi nuen, gazteleraz, eskaintza bakarra zelako. Kuriosoa, baina, garai hartan konturatu nintzen euskarak nire bizitzan zuen balioaz.

Beraz, egoerari buelta eman eta Gradu Amaierako Lana euskaraz egin nuen, euskara eta gazteen inguruan. Honi esker konturatu nintzen hizkuntza batek duen indarraz, kulturaren oinarri funtzionala den heinean. Unibertsitateko gradua amaitu nuenetik, Euskaltzaleen Topagunean nago lanean eta horri esker hizkuntzarekiko atxikimendua indartu egin da azken urtean. Gaur egun, euskarak nire bizitzaren zati handi bat hartzen du, bai harreman espazioetan, bai lan eremuan eta bai komunikatzeko medio bezala duen presentzian.

Euskaraldia bertan da, eta zuek San Anton kalean jarri duzue txokoa, zer topa dezakegu bertan?

Irailaren amaieran ireki genuen San Antongo Euskaraldiko bulegoa. Hasteko, Euskaraldiari buruzko informazioa aurki dezakegu bertan, bai egitasmoari buruzkoa, bai Ahobizi eta Belarriprest rolen ingurukoa. Horrez gain, alde batetik, Euskaraldian norbanakoek izena emateko aukera eskaintzen dugu, eta bestetik, txapak jasotzeko aukera.

Goiz zabalduko dugu non jaso behar duen bakoitzak bere txapa, baina San Antongo lokala izango da horietako bat. Gainera, Euskaraldiko materiala (merchandisinga) dago bertan erakusgai eta Euskaraldiko banderolak eros daitezke. Irekita aurkituko duzue astelehenetik ostiralera goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara. Bertan ikusiko dugu elkar!

Izen emateko aukera irekia da oraindik: nork aukeratu beharko luke Ahobizi rola eta nork Belarriprest rola?

Euskaraldian parte hartzeko modua rol bat aukeratzea eta praktikan jartzea da, eta rola aukeratzeko kontuan izan behar duguna 15 egun horietan izango dugun egoera eta jarrera da.

Azken finean, rol bat edo bestea aukeratzea ez baita gaitasun kontua, jarrera kontua baizik. Ahobiziek 15 egun horietan zehar bi baldintza bete behar dituzte: euskara ulertzen edota hitz egiten duen orori beti euskaraz zuzentzea eta ezagutzen ez duten pertsonari lehen hitza euskaraz egitea. Lehen hitza euskaraz egin ondoren euskaraz edo erdaraz erantzuten badigute, hau da, euskara ulertzen badute, euskaraz egin beharko diete, elkarrizketa elebidunak sortu daitezkela onartuz. Belarriprestek, aldiz, 15 egun horietan hiztun guztiei haiengana euskaraz zuzentzeko gonbitea egingo diete eta ahal eta nahi duten guztietan euskaraz egingo dute. Egoera eta inguru bakoitzean aukeratu dezakete euskaraz edo erdaraz aritu. Dena den, ez dezagun ahaztu Euskaraldia euskara erabiltzeko ariketa praktiko bat dela; Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratuta ere, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea da helburua.

Zuk zer rol aukeratu duzu?

Ni aurtengo Euskaraldian Belarriprest izango naiz. Aurrekoan Ahobizi rola hartu nuen eta konturatu nintzen garai hartan oso baldintzatua nengoela ariketa egiterako orduan (lagunartea, unibertsitatea…). Nire ingurura begiratuta, zaila egingo zait 15 egun horietan 100% euskaraz bizitzea, Iruñerrian zaila baita inguru euskaldun batean egotea uneoro.

Hortaz, nik aukeratuko dut, egoeraren arabera nola zuzendu jendearengana. Horrez gain, balioan jarri nahi dugu Belarriprest rola, aurreko edizioan ez baitzuen lortu berez duen balioa. Belarriprest apologia egitea da rol hau aukeratzeko beste arrazoi bat.

Zer egin behar da izen emateko?

Izen ematea online egiten da euskaraldia.eus webgunean eta bi minutuko kontua da. Mugikorretik edo ordenagailutik egin daiteke. Lehenengo pausua rola aukeratzea da, ondoren, eskatzen diren datuak bete eta egina. Nahiz eta aurreko edizioan izena eman orain berritu behar da izen ematea. Horrez gain, eskuorriak daude izena emateko eta herri batzorderen batek horren beharra baldin badu Euskaraldiko webgunean aurkituko ditu. Beste aukera da herri batzordearekin harremanetan jartzea galdetzeko nola egin dezaketen Iruñeko kasuan, San Anton 24 lokalean aurkituko duzue aukera hori. Aurreko edizioan rol bat aukeratu zuenak, baina oraingoan bestea aukeratu nahi duenak zer egin behar du. Aurreko edizioan Ahobizi izan zenak eta aurten Belarriprest izan nahi duenak, edo alderantziz, izen ematea bete beharko du, rola aldatzen ez duenak bezala. Izen emate bakoitzak txapa bat du esleitua eta aurten ere banatuko direnez, arazorik ez.

Txaparik izango da aurten?

Bai noski! Euskaraldiko ariketa ondo ateratzeko garrantzitsua da parte hartzaileak identifikatuta egotea, honek ariketa bera errazten baitu. Esate baterako, errazagoa da ogia euskaraz erostea aurrean duguna Euskaraldiko partaide dela baldin badakigu. Aurreko edizioko txapa berdinak izango dira, hortaz, aurreko edizioko txapa gordeta baldin baduzu erabili dezakezu ere!

Eta musukorik?
Musukoak egongo dira bai. Hauek rolarekin lotuak daude, Ahobizi eta Belarriprest musukoak dira, hortaz, erosteko eta banatzeko orduan kontuan hartu behar dugu hori. Hau da, txaparekin batera inork musukoa erosi nahiko balu, bere rolaren musukoa erosi beharko du. Iruñean Karrikirin salgai egongo dira batzuk.

Amaitzeko, Literatura edota musika gomendiorik?

Literatura arloan azkenaldian irakurri dudan Euskararen Bidegurutzetik
liburua, Kike Amonarrizena. Edota Zygmunt Baumanen edozein liburu. Musikan: Liher taldeak 2020an ateratako Hemen herensugeak daude diska. Sorpresa polita. Edota Berri Txarraken Spoiler! abestia. Gaur egungo egoerarekin zerikusia izango al du?