Haizeari eta Itsasori egindako elkarrizketak ekarriko ditugu. Elkarrizketa bana egin diegu, badutelako zer kontatu eta diotena entzutea merezi dutelako. Haiek topatuko dituzue Xabier karrika 4ra bisitan zatoztenean. Haien goxotasuna eta batez ere, euskal kulturarekiko maitasuna eta ezagutza jasoko duzue; aire, ideia eta indar berrituekin etorri zaizkigu, eta gure proiektuan nabari dugu jada, bultzada polita eman digute. Etorri eta sentitu zuek ere indar hau.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Jaiotzetik izan dut euskara ama-hizkuntza gisa, nahiz eta gurasoek helduaroan (ber)ikasi. Nik mundua euskaraz ulertzeko apostua egin zuten; euskara ikasten, etxean euskaraz jarduten, eta euskarazko hezkuntza publikoaren alde borroka egiten. Lehen Arturo Campion ikastetxea zenean -orain Txantreako Bernart Etxepare denean- “D” eredua ireki zuten gurasoek beste 12 haurren gurasoekin batera, eta esanen nuke hautu horrek eraman ninduela euskararen erresistentzia guneak babestu eta hedatzeko lekukoa hartzera. Euskal Ikasketak ikasi nituen Gasteizen, eta aukera izan dudan guztietan ibili izan naiz euskal komunitate(et)atik elikatzen. Iruñean beti bilatu izan ditut euskararen arnasguneak; antzerkian haurra nintzenean, bertso eskolan nerabezaroan eta Karrikirin eta beste hainbat saltsatan gaur egun.

Karrikiri lehenagotik ezagutzen zenuen?

Bai. Iruñeko eta Euskal Herriko-euskal komunitatean mugitzen zena ezagutzeko erreferentziazko gune izan da niretzat beti.

Nola izan ziren zure lehendabiziko egunak?

Gabonetako egun mugituetan hasi nintzen ni; udazken pandemiko baten osteko sakel bete(ago)en artean, eta elkar maite dugula opari bidez erakusteko premia igartzen ahal zen une kurioso batean. Eguneko ordu asko gutizi artean pasatzearen irrika oroitzen dut, baita nire eskuek oparitarako paketeak egiteko hartu zuten automatismoa ere!

Zer ikusi duzu mostradorearen beste aldean? Imaginatzen zenuena ikusi duzu, ala zerbaitek harritu zaitu?

Denetarik ikusten da hemen; literatur lan zehatz baten bila datozen irakurle puretak, bere seme-alabekin euskaraz jarduteko euskarri bila datozen guraso euskaldun berriak, etxea dekoratzeko lamina bila datozen gazte eta ez hain gazteak, osasun mental bila euskarazko eleberrian babes hartzen duten irakurleak, bilobentzako opari bila datozen atso eta agureak, Dona Jakue bidea egiten dabiltzan turistak eta beste hainbat satelite, lagun artean euskaraz aritzea kitzikagarria dela ohartu, eta jolas bila datozen gazteak… Imaginatzekoak dira perfil guztiak, baina denek harritzen naute era berean, kar, kar…

Zer amets gauzatuko zenuke Karrikiriren proiektuaren baitan?

Azken urteetan ezagutu ditudan kultur eta arte arloko diziplinen euskarazko zirkuitu osasuntsu bat egitea amesten dut Iruñean.

Amaitzeko, baduzu gomendio musikalik edota literariorik?

Literaturan, Lazunak Azazkaletan (Oihana Arana, Susa) eta Algara Mutilatuak (Ane Labaka, Lisipe); musikan, Ibil Bediren Beltxarga Beltza eta Eneritz Furyaken Emadan.