Amaia Apalauza (Karrikirikide berria eta itzultzailea)

Lagunak eta adiskideak ari zaizkigu proiektura batzen eta elkarrizketaren atal honetan tartetxo bat eskaini nahi diegu. Hilabete honetan Amaia Apaulazari egindako elkarrizketa dakargu. Liburu zoragarrien itzultzaile, euskaltzain urgazle…baina batez ere Karrikiri proiektuaren laguna da. Ongi etorri Amaia!

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Gurasoak euskaldunak ditut, eta hiru urteetatik aurrera San Fermin
ikastolara eraman ninduten.

Gero, Euskal Filologia ikasi nuen, Gasteizen, eta doktore-tesia ere egin nuen, Iñaki Caminorekin, Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkerei buruzkoa. Tesia egin bitartean, bekadun aritu nintzen EHUko Euskara Zerbitzuan, euskarazko hiztegi teknikoak egiten eta testuak zuzentzen eta itzultzen. Ahozko tradizioa ere oso gustukoa nuen, eta Nafarroako zenbait tokitan ibili nintzen ahoz aho transmitituriko jakintza biltzen (Malerrekan, Araitz-Betelun, Imotzen…), zenbait bekari esker. Tesia bukatu ondoren, itzulpengintzaren bidetik segitzea erabaki nuen, eta itzultzaile eta zuzentzaile jardun
dut harrezkeroztik.

Duela gutxi egin zara Karrikirin bazkide, zergatik? zer egin nahiko zenuke?

Azken hogei urtean Iruñetik kanpo bizi izan naiz, eta duela urtebete itzuli nintzen. Egin nuen lehenbiziko gauzetako bat Karrikirin bazkidetzea izan zen. Beti izan da txoko kuttuna niretzat, baina, kanpoan bizi nintzenez, ez nuen askorik parte hartzen. Dendara bai, joaten nintzen, baina hortik aurrera deus gutxi. Euskara ardatz duten proiektuak gutxi dira Iruñean, eta uste dut beharrezkoak ditugula. Horregatik bazkidetu nintzen, eta ahal dudan neurrian laguntzen ere saiatzen naiz.

Azkenaldian, euskarazko ekitaldien agenda elikatzen laguntzen aritu naiz, eta kultura-ekitaldiak pentsatzen ere bai.

Oraingoz ezin dugu gauza handirik egin, baina baditugu makina bat ideia!

Dovlatoven, Kaputxinskiren itzultzailea izan zara, nola iristen dira horrelako proiektuak zure eskuetara?

Itzultzailea eta zuzentzailea naiz ogibidez, eta nire lehen literatura-itzulpena EIZIE elkartearen itzulpen-lehiaketari esker egin nuen: Sergei Dovlatoven Maleta. Gero, Katakrakekoek Dovlatoven beste liburu bat itzultzea proposatu zidaten, Filiala, eta hura Aroa Uharterekin batera itzuli nuen. Gerora, beste lan batzuk ere itzuli ditut Katakrakentzat, tartean Kapuścińskiren Kristo fusilarekin, Sonia Kolakzekekin batera, eta beste proiektu batzuk ere iritsi zaizkit, batzuk itzulpen-lehiaketen bitartez eta beste batzuk argitaletxeetatik zuzenean.

Eta nola ekiten diozu, gogotsu, bertigoarekin?

Gogotsu, beti. Literatura itzultzea opari gisa hartzen dut. Itzuli dudan liburu bakoitza ikasbide bat izan da niretzat.

Baduzu eskuartean (publikoki) aipatu daitekeen proiekturik?

Bai. Batetik, Ursula K. Le Guinen liburu bat itzultzen ari naiz, Igela argitaletxerako: The Word for World is Forest. Zientzia-fikzioko lan bat itzultzen dudan lehenbiziko aldia da, eta abentura ederra ari da izaten. Mundu berri bat ari naiz deskubritzen, zirraragarria eta bizitzen ari garen garai aldrebes honetaz gogoeta egiteko eta gauzak beste modu batera ikusteko apropos-aproposa. Bestetik, Balkanetako gerrari buruzko saiakera-lan baten itzulpen bat ere badut eskuartean, Txalaparta argitaletxearekin. Eta, azkenik, poloniar idazle baten eleberri bat ere itzuliko dut datorren urterako, Ignacy Karpowicz-en Sońka, Sonia Kolakzekekin batera. Azken hori Pasazaite argitaletxean.

Literatura eta musika gomendiorik gure irakurleendako?

Azkenaldian gehien hunkitu nauen liburua Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak da, Aroa Uhartek itzuli eta EIZIEren Literatura Unibertsala bilduman argitaratua, eta horixe gomendatuko nuke. Musikari dagokionez, erosi dudan azken diskoa Pettiren Manipulazio estrategiak da; zuzenean ikusteko aukera ere izan nuen, eta ederra iruditu zitzaidan.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude