Euskalgintzaren olatu kooperatiboarekin jarraitu (Beñat Irasuegi Ibarra)

Euskalgintzaren olatu kooperatiboarekin jarraitu (Beñat Irasuegi Ibarra)

Argia.eus-etik hartua. Hemendik.

Kooperatibismo eraldatzailearen garapenean gabiltzan eragileek bost olatu kooperatiboren bitartez kontatzen dugu euskal kooperatibismoaren garapena, bere historiari sakonera, eta izaerari aniztasuna emateko asmoarekin. Bide horretan, pasa den mendeko 60-70. hamarkadetako euskal iraultza kulturalak ekarri zuen autoeraketa proiektuen loraldian kokatzen dugu hirugarren olatu kooperatiboa.

Olatu hark gaur egun arte iritsi den uzta oparoa eman bazuen ere, proiektu batzuk erdibidean geratu ziren edo benetan garatu gabe, hamabost urtez Arantzazuko bide bazterrean egon ziren Oteizaren harrizko apostoluak bezala. Zer gertatu zen bidean?

“Datozen garai nahasi eta apokaliptikoetan, garrantzitsua izango da euskalgintzak egiten duen hautua: homologazioa ala eraldaketa; sumisioa ala burujabetza”

70eko hamarkadak autoeraketarako aukera asko eman zituen, dena egin beharraren pultsioak dinamika herritar indartsuak garatu baitzituen. Baina instituzionalizazioaren garaia ere izan zen, autoeratutako tresnek forma egonkorrak lortzeko beharra ere izan baitzuten. Behar hori hiru modutan garatu zen: publiko-administratiboan, merkatuan eta ekonomia sozialean. 78 erregimenaren paradigman eremu publikoaren garapena handia izan zen. Euskalgintzan ere, batez ere hasieran, hainbat proiektu autoeratuk izaera publikoa hartu zutelarik, beti ere autonomien estatuaren markoan. Denboran aurrera ildo hori lausotzen joan zen, bereziki merkantilizazioaren paradigma gailendu zelako, eta momentu batetik aurrera, helburu eta ikuspegi publikoa edo komunitarioa zuten proiektuek merkatu kapitalistaren markoan homologatzera jo zuten. Non gelditu da ekonomia sozialaren ildoa orduan?

Proiektu askok, eredu estatal autonomikoa ala merkantila dikotomiatik ihesi, hasieratik edo ondoren hartu dituzten formula kooperatiboetan aurrera egitea erabaki dute, ekonomia sozialak eskaintzen duen autonomia komunitarioaren bidea landuz. Euskalgintzaren oinarrietan, zer eta nola galderei erantzutea garrantzitsua izan da: euskaraz bizitzeko baliabide eta egiturak sortu dira, bai, baina horiek modu herritar eta demokratikoan kudeatzeari garrantzia eman zaio, elkartasuna oinarri hartuta.
Datozen garai nahasi eta apokaliptikoetan, garrantzitsua izango da euskalgintzak egiten duen hautua: homologazioa ala eraldaketa; sumisioa ala burujabetza. Baditugu etorkizunak euskaraz marrazten dituzten proiektuak, Aiaraldea Ekintzen Faktoria adibidez. Kooperatibismoa eta lan burujabea tresna garrantzitsuak izango dira eraldaketaren bidean.

Faktoriaren aterpetik dator iraultza (Anakoz Amenabar)

Faktoriaren aterpetik dator iraultza (Anakoz Amenabar)

Alea.eus-etik hartua. Hemendik.

Faktoriaren aterpetik dator iraultza

Anakoz Amenabar 2021-05-14 08:00

Faktoriaren aterpetik dator iraultza

Apirileko azken asteburuan, bazkideek Faktoria bisitatzeko aukera izan zuten. / Ibai Pagalday

Larunbatean irekiko ditu ateak Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Komunitate proiektua eskualde osoan garatzeko tresna integrala izango da, ildo eta zerbitzu berrien aterpe; haur eta familientzako espazioak, ekonomatoa, kulturarako oholtza eta lantokiak izango ditu.

“Ametsen faktoria”. Oholtza nagusian irakur daiteke mezua. Laudioko industriaguneko Errotari kalean  dagoen Aiaraldea Ekintzen Faktoria amets bat baino ez zen duela hiru urte, zirriborro bat, eta errealitatea da dagoeneko; larunbatean, maiatzaren 15ean, irekiko ditu ateak parez pare. “Ametsetako bat bete da, baina batez ere amets asko betetzeko tresna oparoa dugu orain esku artean, eta ilusio handia egiten digu”, azaldu du Faktoriako kide Gartzen Garaiok ALEA FM saioan. Aurretik, hamaika urte eta beste hainbeste pauso eman dituzte komunitateko kideek egungo gizarte ekimeneko kooperatiba sortzeko helburuarekin. “Txukun jantzi ostean, jaten eman behar zaio; orain hasiko da benetako lana”.   

Hain justu, hamaika urte bete ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak, Faktoria izango denaren haziak. 2015ean gogoeta estrategikoa egin zuten, euskarak eskualdean hurrengo urteetara begira izango zituen beharren inguruan, eta hantxe erabaki zuten jauzi handiago bat egitea. “Ordura arte komunikazioaren esparrua landu genuen, ekarpen interesgarria egin genion euskararen biziberritzeari, baina ez zen nahikoa; gure komunikabideen bidez erderaz bizi zen errealitate baten berri ematen genuen euskaraz, eta beharrezkoa zen euskaraz egituratuko ziren errealitateak eraikitzea”, azaldu du Garaiok. Eta orduan heldu zen iraultza txikia: komunikazioaren arlotik, proiektu integral baten zirriborroa egitera pasa ziren. Komunikazioaz harago, hezkuntza eta aisialdia, feminismoa, elikadura burujabetza, ekonomia sozial eraldatzailea eta beste hainbat lanabes jorratzen hasi ziren, “komunitate oso batek behar dituen lanabesak, eta, beraz, hiztun komunitate batek bizitzeko behar dituen lanabesak”. Faktoria da horien guztien aterpe, faktoria feminista, Kokoriko hezkuntza faktoria eta ekonomatorako, besteak beste.

Herri bat, barruan

Proiektu integral horren isla da, hain zuzen, Faktoria, poliki-poliki zerbitzuetara bihurtzen ari den industriagune batean kokatutakoa. Kooperatibako bazkide den Behark arkitektura estudioaren eskutik, egoitza erakargarri eta modernoa paratu dute 750 metro koadro dituen pabiloian. “Inportantea zen guretzat estetikoki erakargarria egitea. Ematen du euskararen gauzak beti izan behar direla zatarrak, txikiak edo bazterrekoak… eta apustu handi bat egin dugu espazioa erakargarri egiteko, euskara etorkizuneko tresna bat dela adierazi nahian”.

Atetik sartuta, “herri” oso bat topatuko du bisitariak barruan, kale, berdegune, plaza eta eraikinak tartean. Egurrezko hiru etxola daude sarreran, Kokoriko Hezkuntza Faktoriaren jolasgunea izango dena. Baina familiei bideratuko diren jarduerak ez dira jolasgune horretara mugatuko, Faktoriak dituen beste erabilera anitzeko espazioak ere uztartuko baitituzte bere jardueretan; arratsaldero eskolaz kanpoko ekintzak antolatu nahi dituzte.

“Euskaraz egituratuko ziren errealitateak behar genituen”

Ekonomatoa ere bi solairu artean banatzen da, tokiko produktu ekologikoen eta ekoizleen sustapenerako tresna, orain arte Laudioko beste espazio batean izan dena. Hango produktuekin kozinatuko dute kantinan, bazkideek txoko moduan ere erabili ahal izango duten espazioan.

Erdigunean oholtza ageri da, eskualdeko kultur sorkuntza eta euskarazko kultur kontsumoa sustatzeko prestatu duten taula. Plaza irekiaren funtzioa eman diezaiokete erdiguneko espazioari, edo barrura begirako areto txikiagoa izan daiteke. “Areto txiki hori, gainera, pentsatuta dago ikus-entzunezko grabazioak egiteko estudio moduan, euskarazko komunikabidean ikus-entzunezkoen garapena eta sorkuntza handitu nahi delako, noizbait Aiaraldea Telebista sortzeko urratsa bezala”, aipatu du Gartzenek.

Bulego sorta bat ere bada goiko aldean, kooperatibako langile guztien espazioa. Ekonomatoko langileek, hezkuntza eta aisialdiko langileek edota komunikazio zerbitzuetakoek dute han txokoa; hamabost lagun ditu gaur egun soldatapean, eta 430 familia dira bazkide.

Hezkuntza eta aisialdi eraldatzailea sustatzen ditu Kokorikok, eta horretarako berariaz prestatutako jolastokia du. / Ibai Pagalday

Auzolanean eraikia

2018an erosi zuten pabilioia, eta ostean arkitektura proiektua osatu. Hondeamakinak sartu, lurra zulatu eta berogailu sistema geotermikoa ezarri zuten. Eraikitze fase guztian auzolanean egindako lana izan dela gogoratu du Garaiok, dozenaka boluntario izan dira bernizatu, margotu, alikatatu, iturgintzan aritu edo garbiketa lanak egitera. “Erronka handia izan da. Baina oso harro gaude hasiera-hasieratik gure bazkide komunitatearekin eraiki dugulako. Ez dugu instituzioen diru-laguntzarik jaso nahi izan, ulertzen genuelako Faktoria zela gure proiektuak egituratzeko ezinbesteko tresna, eta horregatik geure geurea izatea nahi genuen”. Diru inbertsio handi bat egin dute bazkideek, borondatezko ekarpenen bidez, eta mailegu bat ere eskatu dute.  “Honek ahaldundu egin gaitu. Helburua zen jakitea edozer gauza egiteko gai garela, eta urratsetako bat hau izan da”.    

Lan horren guztiaren emaitza maiatzaren 15etik aurrera ezagutu ahal izango da. Ateak zabalik izango dira. Baina, adi. Sarrerako txartel batean ondo zehaztu dute nora sartuko den bisitaria: “Arnasgune bat da euskararentzat, emakumeentzat*, haurrentzat, migratzaileentzat, baztertuentzat, gazteentzat, aniztasun funtzionala dutenentzat, sexu identitate disidenteentzat. Errespetatu, zaindu eta elikatu espazio seguru hau”.

Erdararen zapatak kanpoan

Faktoriak euskararen arnagusne bat izan nahi du, eta horretan “erronka handi bat” dutela aitortu du Gartzen Garaiok. Faktoriatik kanpora eskualdea nagusiki erdaraz bizi da, eta erronka dute kaleko errealitate soziolinguistikoa barruan ez errepikatzeko, hizkuntza ohiturak aldatuta sartzeko bertara. “Faktoriara sartzeko esaten dugu jendeak kaleko erdararen zapatak kendu behar dituela, eta eskura dituen hizkuntza baliabide eta gaitasun guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu behar duela”. Hori paperean idatzita kontu erraza den arren, ordea, zaila izango dela uste du Garaiok, batez ere hizkuntzaren jakintzarik ez dutenekin. “Asko euskaltzaleak dira, baina ez euskaldunak, gure bazkideak eurak ere bai, eta hor erronka handi bat dugu lagun horientzat”. Faktoria euskara ikasteko tresna erraldoi bat izan dadin nahi dutela azaldu du, eta dakiten apurra praktikatu eta ikasten jarraitzeko. Euskaraz ikasteko aukerarik izan ez duten adinekoak euskalduntzen lagunduko ditu Faktoriak, oinarrizko elkarrizketak, hiztegiak, eta behar afektiboak euskaraz garatzeko baliabideak eskainiko dizkiena. Era berean, pertsona migratzaileak euskararen unibertsora batzeko lanabesa izan nahi du, bai eta euskalduntzen ari diren lagun guzti horien aterpe eta babesleku ere.

“Faktoriara sartzen denak eskura dituen hizkuntza baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu behar du”

Faktorian euskararen inguruan egingo den lana eta orain arteko bidea ezagutzeko helburuarekin, hain zuzen, hitzaldia eskainiko du Gartzen Garaiok Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Eragiteko janzten jardunaldien barruan; maiatzaren 25ean izango da, 18:30ean.

Ruperrekin hasiera

Egutegi zabalarekin, goiz eta arratsaldez, zazpi egunez irekita izango da Faktoria larunbatetik aurrera. Apirileko azken asteburuan bazkideek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten; dozenaka lagunek egin zuten bisitaldi gidatua espazioaren nondik norakoak ezagutzeko, han bazkaldu eta Anariren kontzertuaz gozatzearekin batera. Irekiera ofiziala, ordea, larunbat honetan emango diote. Bisitaldi gidatuekin batera, Ruper Ordorikak eskainiko du kontzertua oraingoan; bi saio izango dira, 12:30ean eta 18:00etan.

Eta, hortik aurrera, udara bitartean, egitarau betea prestatu dute hurrengo asteetarako. Besteak beste, Kai Nakai –maiatzak 16–, Chill Mafia –maiatzak 23–, Esti eta Mikel Markez –maiatzak 29–, eta Eñaut Elorrieta –ekainak 12– igaroko dira oholtza nagusitik, haurrentzako sukaldaritza ekologiko tailerra edo zentzumenen ibilbidea antolatu dituzte, eta basogintza ereduari buruzko eta errefuxiatuekiko elkartasunaz hausnartzeko hitzaldia ere izango dira. Hasi dira iraultza txikiak.

Aiaraldea Komunikabideak ere Faktorian izango du erredakzioa, kooperatibako beste alor batzuetako langileekin batera. / I. Pagalday

Utopia handietarako faktoria txikiak (Gotzon Barandiaran Arteaga)

Utopia handietarako faktoria txikiak (Gotzon Barandiaran Arteaga)

Argiatik hartua, artikulua hemen irakurgai.

 

Layla Martínezi irakurri berri diot Utopia ez da uharte bat saiakeran: “Distopiek postmodernitatearen kultura-esparruan ditugun irrika kolektiboak islatzen dituzte. Modernitatean ez bezala, jada ez dugu uste etorkizuna aurrerabideari lotuta dagoenik eta ezinbestean hobea izango denik. Beldurra eta antsietatea eragiten digun zerbait bihurtu da eta ondorioz, okerrera egiteko arriskuez , etorkizun hurbilean espero ditugun arriskuez ohartarazten diguten sormen lanak plazaratzen ditugu. Logikoa da, baina baita suntsitzailea ere”. Eta ondoren dakar luzarorako azkura eragin didan esaldia: “Sormen lanek errealitatea islatzen dute, baina hori egitean, era berean errealitatea sortzen dute. Etorkizun okerragoak irudikatzeak etorkizun hobean pentsatzeko gaitasuna kendu digu”. Irakurrita atoan amaraundu zaizkit urtea hasi berritan entzun, irakurri, bizi eta ikasitako hainbat pasarte. Plaza Hutsak euskalgintza arnasberritzeari buruz antolatu zituen jardunaldien baitan, Herri kontakizuna birsortzeko bulkada kulturala atalean, Garbiñe Ubedak amets kolektibo baten falta dugula salatu zuen, Herriaren zentzua ez dagoela kalean, ez dugula arnasten, Herri gisa amets bat falta zaigula eta bere ustez amets horren

“Iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko”

hauspoa sortzaileok garela baina sortzaileok ezinean ari garela. Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren harira Iratxe Esnaolak eta Urko Aiartzak sinatutako iritzi artikuluan zioten Monzonek argi zuela “euskara eta kultura zirela gure nazioaren ardatza eta bihotza; horiek galduta nazioa galdua zela, eta, ondorioz, ezein independentziak ez zuela zentzurik izango”. Marina Lameiroren Dardara filma jendez betetako zinema areto batean ikusi eta amaieran txalo zaparrada luzea entzunda gogoratu dut 2019an, Berri Txarraken Ikusi Arte biraren baitan, Bilboko Kobetamendin, 20.000 lagun elkartu ginela euskaraz kantatzen duen musika talde baten emanaldia eta aurreko jaialdia bizitzeko. Eta gogoratu dut ahalegin itzelak egin genituela Sadarren, Anoetan, Mendizorrotzan eta San Mamesen antolatzeko, benetan sinesten genuelako 20.000 lagunetik gora biltzeko gai izango ginela euskal kulturgintzaren ospakizun erraldoi baten baitan.  Errealitateari men egin izan bagenio, ez ginen 22.000 lagun elkartuko Nafarroa Arenan 2019ko azaroaren 22 eta 23an. Baina egin egin genuen, errealitatea sortu genuen, gure gaitasunetan sinesten genuen lan-talde izugarri baten ahalegin eskergari esker, proposatuz gero eskuzabalik erantzuten duen jendetzari esker. Fede berbera dute Aiaraldea Ekintzen Faktoriakoek, utopikoa zirudiena gauzatuz, errealitateari men egin gabe, errealitate berri bat sortuz, apirilean zabalduko ditu ateak Laudion Faktoria kultur plaza-k, bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaileak eraikitzeko faktoriak. Eta iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko, gauzatu ditugun utopien errepasoa egin eta gauzatu ditzakegunak elkarrekin zerrendatzeko. Ni horretara noa. Laster arte.

BILDUA (Andoni Egaña, Berria, 2021/03/19)

Esango nuke Imanol Lazkano bertsolariari entzun izan diodala behin baino gehiagotan: «Bertsolariak euskara batua erabiltzen zian, euskara batua sortu aurretik ere. Ez azkarra zelako, beharrak erakutsita baizik. Nora zihoan, hango entzuleek ulertzeko moduko euskara egiten ahalegintzen huen, noski».

Ez dakit nori zor diogun euskara bildua-ren kontzeptua, baina nik estreinakoz Joxe Azurmendiri entzun nion. Belarriak tente-tente eginda batean eta bestean ibili, begiak zabal-zabal eginda lehengo eta oraingo irakurri, eta hiztun bakoitzak sortzen duen hori da euskara bildua. Azken batean, hiztun bakoitza gara gure hizkeraren sortzaile. Eta sortzaileak izan behar du bele eta belaki. Bele, besteek utzitako zatiak mokoratzeko; belaki, besteen isuria xurgatu eta bere egiteko.

Horregatik amorrarazten nau, ez dagokion lekuan, etxeko sukaldeko euskara egiten tematzen den hark. Izan daiteke jatortasun oker ulertua; izan daiteke begi-belarriak erabiltzeko alferkeria, harat-honako ibili faltarik ez du gaur egun jendeak eta; senik eza izan daiteke; edo irakaskuntza arautuak dakarren ororen aurkako erreakzio tentela. Ez dakit… Baina horrelakoei esango nieke: «Hala dagokionean, euskara batua ez bada ere euskara bildua erabil ezazu, mesedez».

https://labur.eus/1e8tp

Hizkuntza ohiturak aldatzeko metodoak harreman afektiboetan aplikatu dituzte (Gaur8, 2020ko abenduaren 19a)

Hizkuntza ohiturak aldatzeko metodoak harreman afektiboetan aplikatu dituzte (Gaur8, 2020ko abenduaren 19a)

Arabako Lautadako Euskararen Komunitateak ekimen ugari egin ditu azken urteotan eskualdean euskaraz egiteko baldintza sozial egokiak sortzeko. Azkena, Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean, hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak harreman afektiboetan baliatzeko saioa. Emaitzak, udaberrian.

Hemendik hartua.

Euskararen erabilera, erabilera urria, alegia, arazo handia da euskararen herrian. Azken urteotan ekimen ugari abiatu dira Euskal Herriko hizkuntza ohiturak aldatzeko, ezagunena eta jendetsuena oraindik orain izandako Euskaraldia dela. Arabako lautadan duela lau urtetik tematuta daude aldaketa hori gauzatu dadin. Horretarako baldintza sozial egokiak sortzeko, Lautadako Euskararen Komunitatea sortu zuten 2017an.

Lautadako Euskararen Komunitateak proposatuta, hain zuzen, eta Soziolinguistika Klusterraren eskutik, aurtengo udaberritik hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak baliatu dituzte zenbait astez. Metodologia horiek lan munduan aplikatu izan dituzte, arlo horretarako sortu baitzituen Soziolinguistika Klusterrak, eta harreman afektiboetan ere baliagarriak diren jakiteko proba pilotua egin dute Lautadako zenbait herritako hiru lagun talde eta bost bikoterekin. Eusle eta Ulerrizketa metodologiak baliatu dituzte, hurrenez hurren.

Lagun kuadrilla eta bikote horiek metodologia horietan zehaztutako rolak baliatzeko prestakuntza jaso zuten irailean. Proba pilotuan parte hartzeko baldintzen berri jaso ostean, hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegin hori egitea erabaki zuten eta zortzi astean zehar praktikan jarri dituzte metodologiaren jarraibideak. Soziolinguistika Klusterrak egin du esperientzia horren jarraipena, eta emaitzak datorren urteko udaberrian jakingo direla aurreikusi dute.

«Zerbait egin behar da»

Lautadako Euskararen Komunitateak bazuen Eusle eta Ulerrizketa metodologien berri, horregatik proposatu zuen lan munduan ez ezik eremu afektiboan ere ea eraginkorrak izan daitezkeen ikertzea. Alegia, bikotearen, familiaren edo lagun kuadrillaren barnean ere baliagarri diren. Izan ere, metodologia bi horiek lan munduan probatuta daude, arlo horretarako sortu zituzten, eremu horretako ezaugarriak kontuan izanda, hala nola lantegi batean elkarrekin zortzi ordu ematen dituzten hamar bat laguneko taldea eta abar. Metodo biekin izandako esperientziek oso emaitza onak izan dituzte. «Baina ikertu gabe dago lan munduan bezala eremu afektiboan funtziona dezaketen», diotsa GAUR8ri Asier Lafuente Lautadako Euskararen Komunitateko sustatzaile eta bertako Euskaraldiko koordinatzaileak.

Behar handia sumatu dutela dio horrelako metodologiak familietara, bikoteetara edo lagun kuadrilletara eramateko. Esparru horietan kondizio jakin batzuk egoten dira, eta hainbat aldagai: denek euskaraz ulertzen dute, batzuek ondo eta beste batzuek askoz okerrago, eta egoera bakoitzaren araberako jardunak egin behar dira. «Zerbait egin behar da», dio Lafuentek. «Hemen, Lautadan, bikote asko mistoak dira; alegia, batek ondo egiten du euskaraz eta besteak erdipurdi, edo batek zerbait badaki baina ez du egiten, eta azkenean erdaraz funtzionatzen dute. Lagun kuadrilletan, antzera, testuinguru soziolinguistikoagatik, erdaraz. Eta aldaketak gerta daitezke, baina zer egiten dugu aldaketak gertatzeko?». Berak badaki Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz egitasmoaren barruan garatutako metodologia horiek lan munduan ondo funtzionatzen dutela: «Horietatik etorri ziren Euskaraldiko Ahobizi eta Belarriprest rolak. Gure galdera zen ea metodologia horiek eremu afektiboan funtzionatzen duten. Horretarako egin dugu hau, eta funtzionatzen badute, aplikatzen hasteko. Guk ez genuen nahi gauzak proposatzen hasi guri bururatu zaizkigulako, edo funtzionatuko dutela iruditzen zaigulako, baizik eta zerbait zientifikoa eduki eta familia eta lagun kuadrilla horiengana oinarri horrekin joateko, hizkuntza ohiturak alda daitezkeela erakusten duten datuekin».

Metodologia horiek hasieratik bukaerara arte pertsona horiek zer egin behar duten zehazten dute. Baina lagun kuadrilla bat ez da lantegi bateko talde bat, «gauza desberdinak gertatzen dira batean eta bestean: elkartzeko era eta denbora; izan ere, langileak zortzi ordu inguru egoten dira elkarrekin eta kuadrillako lagunak zortzi ordu astean, momentu ez jakinetan, eta beti ez dira lagun berberak», dio Lafuentek. «Aldagai asko daude eta metodologia bera, agian, egokitu egin behar zen. Horixe egin du Soziolinguistika Klusterrak, bikote eta kuadrillei egokitzeko proposamena».

Metodologiak

Soziolinguistika Klusterrak 2010etik hona ikerketan baliatutako metodologiak –Aldahitz proiektuaren barruan eta Pello Jauregiren zuzendaritzapean– hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatzeko garatu ditu. Lan munduko testuinguruan probatutako metodologia horiek beste testuinguru batzuetara egokitzeko proba pilotuak ere abiatu dituzte azken urteetan.

Pello Jauregik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia Saria jaso berri du, «Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta, horrekin batera, dinamika sozial berri bat eragiteko gai izateagatik». Harekin hitz egin zuen GAUR8k joan den udan, “Uler-saioak” Aldahitz ikerketaren hirugarren metodologia aurkeztu zuenean. Metodologia horrek oinarrizko ulermena lortzea du helburu. Hura baino lehen, baina, beste metodo bi sortu zituzten, oraindik orain Lautadako bikote eta kuadrilla horiek erabili dituzten horiexek, hain zuzen.

Eusle izeneko metodologia denek ulertu baina, hala ere, hitz egiteko ohiturarik ez duten taldeentzat pentsatuta dago. Ulerrizketa, berriz, beste egoera batean aplikatzeko da. Honela azaldu zuen Jauregik: «Guk, euskaldunok, normalean gure solaskideak hitz egiteko zailtasunak dituela antzematen dugunean, erdarara jotzen dugu. Beraz, trebatze prozesu bat da, nolabait ele biko elkarrizketarako, euskara erraza erabiltzeko eta erdarara ez jotzeko aurrean daukagunak ulertu bai baina hitz egiteko zailtasuna duenean». Komunikazio horretan batek egin behar du euskaraz denbora gehienean, bere hizkera egokituta, eta besteak jokaera aktiboa izan behar du; esate baterako, eskatuz esandakoa errepikatzeko edo polikiago esateko eta ulertzen ez duena beste era batera esateko.

Elkarlana

Lautadako Euskararen Komunitatea duela urtebete inguru hasi zen bere proiektua gauzatzeko ahaleginean. Gasteizko Gobernuarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Topagunearekin harremanetan jarri eta 2019ko abenduan bilera bat egin zuten denek. Besteak beste, baliabide ekonomikoak aztertu eta ekimena aurrera eramatea adostu zuten. Beraz, gutxieneko babesa lortu zuten Gobernuak, Aldundiak eta Lautadako kuadrillak finantzatuta, eta Topagunearekiko elkarlana eta Soziologia Klusterraren gidaritza lortuta.

Lehenengo fasean, Klusterrak metodologia egokitu zuen, baina covid-19aren pandemia iritsi zen eta egitasmoa atzeratu behar izan zuten. Ekainean ikerketa egiteko familia eta kuadrilla egokiak bilatzen hasi ziren; alegia, Klusterrak eskatutako ezaugarriak zituzten taldeak, ikerketa egiteko bide emango zuten ezaugarriak zituztenak, hain zuzen. Ez zen beraz, nahi zuen orok parte hartzeko jarduna.

Taldeetan aldagai ugari daude: sexua, adina, bizimodua… Eta kuadrillak hainbat motatakoak dira: haietako bat, hamar bat lagun, guraso berriak dira, edo ume txikiak dituztenak; beste bat kuadrilla mistoa da, 25 eta 28 urte bitarteko neska-mutilak, eta beste bat 22 urte inguruko hainbat mutilek osatua. Kuadrilla horiek bete beharreko baldintza zail bat zegoen, eta Lafuentek gogorarazi duenez, orain are zailagoa: astean gutxienez bost orduz egon behar zuten elkarrekin. «Kuadrilla asko daude, baina haietako kide guztiak ez dira beti bost orduz elkartzen, batzuk ez dira astero-astero biltzen». Beraz, ez zen erraza izan baldintza guztiak betetzen zituzten kuadrillak aurkitzea. «Konfinamendutik atera eta gero egin genuen, ekainean, eta orduan egoera ez zen oraingoa; esan nahi dut tabernak beranduago arte irekita zeudela, ez zegoen etxeratzeko ordurik… Baina azaroan batez ere konplikatu egin zitzaien kuadrilla horiei».

Zortzi asteko Euskaraldia

Behin bikoteak eta kuadrillak aukeratuta, Pello Jauregi haiekin bildu zen proposamenaren nondik norakoak azaltzeko eta ondoren ariketa egiteko prestakuntza emateko. Izan ere, «metodologia horiek prestakuntza eskatzen dute», dio Lafuentek, «euskaraz ondo egiten duenak, esate baterako, bere euskara nola egokitu jakin behar du besteek hobeto ulertzeko».

Urri hasieran ekin zioten bikote eta kuadrilla horiek zortzi asteko euskarazko jardunari, azken biak Euskaraldiarekin batera. Lafuentek dioenez, nahita egin zuten horrela: «kronograma aldetik garai horretan izan behar zuen, baina pentsatu genuen, halaber, tarte bat Euskaraldiarekin batera egiteak ariketa egiteko lagunduko zuela».

Zortzi aste horietan Klusterraren eta talde horien artean etengabeko komunikazioa egon da, esate baterako, datuak pasatzeko. Klusterrak ariketa egiten ari ziren taldeei mintzagrama bat helarazten zien astero eta haien hainbat datu jasotzen zituen. «Mintzagrama horiek nolabaiteko autoebaluazioa egiteko balio zuten: bakoitzak nola hitz egin duen adierazteko: euskaraz, euskaraz eta erdaraz, erdaraz… Bikote baten kasuan erraza da, baina kuadrilla batean konplexuagoa, taldekide guztien balorazioa egin behar dute eta», azaldu du Lafuentek. Klusterrak datu horiek guztiak prozesatu, uztartu eta denbora horretan zer harreman mota izan diren ikusten du eta, taldeetako aldagaien arabera, ondorioak ateratzen ditu. Harriduraz gogoratu du Lautadako Euskararen Komunitateko kideak Aldahitz egitasmoko Eusle edo Ulerrizketa txostenek zenbat datu jasotzen dituzten mintzagrama horietatik: «Gero ondorioak deskriptiboak dira, baina taulak ikusten badituzu… harrigarria da».

Azaroaren amaieran Pello Jauregi berriro joan zen Arabako lautadara bikote eta kuadrillekin hitz egitera, balorazio kualitatibo bat egite aldera. Hiru hilabete barru, berriz, Soziolinguistika Klusterrak beste mintzagrama bat helaraziko die, zortzi astean hartutako ohitura horietatik hiru hilabete igaro eta gero zer geratzen den ikusteko; alegia, ea erabilitako metodologiak pertsona horien hizkuntza ohiturak aldatu dituen. «Erdaraz funtzionatzen zuen bikote batek metodologia hori zortzi astean aplikatu ondoren eta hiru hilabete igaro ondoren erdarara bueltatu den edo batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz egiten duen, beti euskaraz egiten duen… horixe aztertuko dute».

HIZKUNTZA OHITURAK ALDATZEKO ARIGUNE IRAUNKOR BAT

Lautadako Euskararen Komunitatea euskara erabiltzen duten edo gehiago erabili nahi duten askotariko kolektiboen, establezimenduen, lantegien, herrien, familien zein lagun kuadrillen bilgunea da. «Komunitate hau Lautadako hainbat talde artikulatzeko gunea da», diote beren webgunean.

Haien helburu nagusia euskararen erabilerarako baldintza sozial egokiak sortzea da. Alde batetik, Lautadako entitate eta taldeei beste entitate eta taldeekin batera jarduteko helburuak eta tresnak zein diren jakinarazten die eta haien koordinaziorako gunea da. Era berean, haien helburuak gauzatzen laguntzen du eta euskara erabiltzeko zailtasunak dituzten entitate eta taldeei laguntza eskaintzen die. Beste alde batetik, «baldintza sozial egokiak arinago sortzeko ahalmenik handiena duten Lautadako instituzio publikoek hizkuntza eskubideak berma ditzaten», haien solaskide aktiboa da.

Euskararen Komunitateko entitate eta talde horiek guztiak egitasmo komunen inguruan artikulatzen dira; hala nola, Euskaraldia eta beste ariketa sozial kolektibo batzuetan, betiere Lautadako beste eragile eta instituzioekin elkarlanean.

Hiru urteko historia du Arabako eskualde horretako Euskararen Komunitateak; hala ere, esan liteke lehenagotik ere abian zela; alegia, izena baino lehen, bazuela izana. 2016ko otsailaren bukaeran, hogei laguneko talde batek Agurainen “75 Ordu Euskaraz” ekimena antolatzea erabaki zuen. Urte bereko azaroan, 284 lagunek haien inguruan «euskara beharrezkoa egiteko konpromisoa» hartu zuten, eta 134 kolektibok, establezimenduk eta erakundek euskarari bidea emateko zenbait neurri hartu zituzten.

Ekimen autogestionatu eta autofinantzatu haren arrakastak bultzatuta, 2017an beste aktibazio ariketa bat prestatzen jardun zuen lantalde batek. Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu, Lautadako 63 herriak kohesionatzeko hamabi bilera egin zituzten uda partean, proposamen zehatz bat egiteko: 2018an “11 Egun Euskaraz” antolatzea, hain zuzen. Bilera haietan sumatu zuten interesa zela-eta, 2017ko urriaren 19an Lautadako Euskararen Komunitateko lehen kideak izango zirenak elkartu ziren lehen aldiz. 38 herrik eta 20 kolektibok parte hartu zuten; guztira, 107 lagunek. Ordutik handituz joan da komunitatea.

Ekonomatua

Aurtengo Euskaraldiaren berritasuna ariguneak izan dira, pandemia gorabehera. Arabako lautadan ez ziren ariketa sozial erraldoiaren zain geratu eta joan den uztailean arigune iraunkor bat abiatu zuten Agurainen, Euskararen Komunitateko bazkideei euskaraz eroso aritzeko aukera emateko asmoz: ekonomatua. Horretarako, apirilean Kale Nagusiko lokal bat auzolanean egokitzen hasi eta hiru hilabeteren buruan zabaldu zuten denda.

«Hizkuntza ohituren aldaketan urrunago joan nahi dugu eta hizkuntza portaera berri batzuk ere sustatu nahi ditugu ekonomatuan», aldarrikatzen dute. Hartara, euskara ulertu arren erdaraz hitz egiten duten bazkideei euskaraz egingo diete bertan zerbitzari dauden boluntarioek, erdarara pasatu gabe. Eta euskaraz gutxi edo oso gutxi ulertzen dutenei euskara egokituan egingo diete. Kasu horietan Ulerrizketa metodologiaren hizkuntza portaerak baliatuko dituzte ekonomatuan: poliki hitz egin, esaldi motzak, aditz errazak, erdarazko hitzak tartekatu eta ea ulertu duten sarritan galdetzea.

Ekonomatuan balio etikoetan ekoiztu eta nekazaritza ez-produktibistan oinarritutako produktuak eskaintzen dituzte: Lautadako elikagaiak eta artisautza, garbiketa eta kosmetika produktuak, besteak beste. «Ekonomatuan ekoizleen lana balioztatu nahi dugu. Eurekiko harremana zuzena da. Haiek zehazten dute jaso nahi duten diru saria», diote. Ehuneko zehatz batzuk aplikatzen dizkiete ekoizleek jarritako prezioei ekonomatuaren gastuei aurre egiteko eta Lautadako Euskararen Komunitatearen egitasmoak finantzatzeko. Izan ere, «ekonomatuak ez dauka dirua irabazteko asmorik».

MUGAREN HEGOALDEAN (Jose Mari Pastor, Berria 2020/10/17)

Jose Mari Pastorren artikulua, Berriatik hartutako artikulua.

Aitziber —ez da benetako izena— Japoniarekin eta japonierarekin maiteminduta dago. Kazetaritza ikasten ari da, baina euskarari buruz ez du ezer jakin gura. Hala ere, badu denbora —eta gogoa— japoniera ikasteko. Gradua bukatu eta gero Japoniara joan nahi du: Tokion gora eta behera ibili, herrialdeko kultura ezagutu, mangak irakurri… Aitziberrek euskal izena du, baina ez da euskalduna. Ez daki euskaraz, hemen jaio, hemen hazi, eta hemen bizi den arren. Ez du euskara gorrotatzen, ez. Berdin dio, besterik ez.

Maria Bouabdellah —benetako izen-abizenak dira— Kataluniarekin eta katalanarekin maiteminduta dago. Kazetaritza ikasten ari da, Aitziber bezala. Canal Malaia plataforma digitalean dihardu sarean katalanezko edukiak hedatzeko. Maria Gironako herri batean jaio zen. Gurasoak marokoarrak ditu. Deitura arabiarra du, baina katalana da. Katalanez ederki mintzatzen dela esaten diotenean, hauxe erantzuten du: «Ondo hitz egiten dut katalanez katalana naizelako, hemen hazi naizelako, lagunak katalanak ditudalako, katalanez ikasi dudalako eta katalanez bizi naizelako».

Ez da txikia Aitziberren eta Mariaren arteko aldea. Aitziberrek ez daki euskaraz. Ez du ikasi nahi izan. Areago: ez du euskara ikasteko batere asmorik. Hala ere, badirudi guri berdin digula. Katalunian inoiz gertatuko ez dena gertatzen da hemen: euskaldunok —hau da, euskaraz dakigunok— ez dugu begi txarrez ikusten hemen jaiotako lagun batek euskara baztertzea. Alderantziz: besoak zabalik hartzen dugu, txalotu ere bai, japoniera ikasten ari delako. Euskaldunok baino mendeko eta otzanagorik gutxi munduan. Hizkuntzari dagokionez, behintzat.

Hemen jaio, hemengoak izan eta hemengoak ardura ez dien gazteetako bat da Aitziber. Bera bezalakoak baldintzatzen ari dira gure etorkizuna, eta ez onerako. Zer-nolako itxura du etorkizun horrek haiek eta haien ezjakintasunak, indiferentziak edo mespretxuak agintzen badute gure giza harremanetan? Zertarako hainbeste kanpaina, Euskaraldia bukatu eta biharamunean Aitziber guregana etorri eta haren aurrean guk guztiok erdaraz egiten badiogu elkarri, hark japoniera euskara baino gogokoago duelako?

Geure jokaera aldatzeko bide luzea dugu aurretik, inoiz aldatuko badugu: lehenik eta behin, euskaldunon artean euskaraz egin beharko genuke —borroka horretan ari gara oraindik—. Gero, euskaldunon artean euskaraz egiten segitu, tartean erdaldun bat egon arren. Eta azkena: erdaldunari euskaraz egin, zuzenean. Baina hori gehiegizkoa izango litzateke. Gatazka linguistikoa piztuko luke —orain gatazka linguistikorik ez balego bezala— eta hemen gatazka bakarrak politikoa izan behar du. Besteak, nonbait, ez du lehentasunik.

Teorian hizkuntza eskubideak ditugu, baina Aitziber bezalako euskal herritarrek eskubide horiek kentzen dizkigute praktikan. Aitziber larrutzea izango litzateke errazena, baina erru osoa ez da Aitziberrena. Aitziber zerbaiten sintoma da: gure gizarteak eta erakundeek orain arte euskararen arloan izandako porrota erakusten du. Makal jokatzen dugu mugaren iparraldean zein mugaren hegoaldean. Ez du ematen arazoa epe ertainera konponduko denik. Datozen urteetan are malguagoak eta ulerkorragoak —are mendekoagoak— izan beharko omen dugu erdaraz alaitsu eta kementsu ari diren erdaldun elebakarrak alde subiranistara erakartzeko. Gora Irlanda!

Oso neska jatorra da Aitziber. Ezagutzen dutenek horixe esango dizute. Egun batean ametsa beteko du: mangak irakurriko ditu eta sakea edango du Tokion. Shinjuku aldeko pubetan jazza entzungo du: Duke Ellington-en Star-Crossed Lovers eta Nat King Cole-ren South of the Border. Eta hizkuntza bikain ikasiz gero, Yasushi Inoue, Chiyo Uno edo Haruki Murakami-ren eleberriak itzuliko ditu, baina ez euskarara. Eta guk Aitziber miretsiko dugu, «oso azkarra» baita. Pena da. Izan ere, mugaren hegoaldean —eta iparraldean— Aitziber baino Maria gehiago behar ditugu, Euskal Herria inoiz euskalduna izatea nahi badugu.