Karrika 69. 2003ko maiatza
Helduak eta anxanetak
Ama, komunera joan behar dut
Itxoin, intenta aguantar, Haizea.
Falta da asko?
Lasai, que ya estamos.
Ba… no sé si voy a llegar, ama.
Ama-alaben solasaldi arrunta kotxean. Ez dakigu Haizea “helduko” den. Beharrak ezintasunarekin talka egiten duenean ez dira gauza samurrak gertatzen. Ahaleginak eginagatik ere, helduen gabeziengatik haurrek amore eman behar izaten dute.
Gabezia horiek irudikatzen dituen adibide bat: Kataluniako giza gazteluak edo castells ezagutzen badituzue konturatuko zineten goian haur bat jarri ohi dela, anxaneta delakoa. Helduek dorreari eusten dioten bitartean, haurra haien gainetik igo eta goian dagoenean dorrea osatutzat jotzen da. Helduen lana baldarki egiten denean, ordea, dorrea behera doa eta haurra ez da gailurreraino iristen. Halakoetan castell-ak porrot egin duela esaten da.
Euskaldunon gaztelua ere guztion arteko lana da. Haurrekin egindako lana ezinbestekoa da baina ez gaude etxafuegoak botatzeko moduan. Suziriak ez du zerua zeharkatzen metxa behin eta berriz piztu arren soka apurtuta badago. Eta zer egiten du gutako bakoitzak haustura hori lotzeko?
Zure burua euskaldun jatortzat jotzen baduzu ez pentsa egitekorik ez duzunik. Erdaldunekin edota euskaraz gutxi dakitenekin harremanetan zauden arren, zer dakite zure euskaltasunaz? Zure lagun, senide edota lankideak ba al daki zer ongi pasatzen duzun eta zer ezagutzen duzun euskarari esker?
Akaso euskara ez ikasteko arrazoi guztiak ez ezagutzeak kezkatzen zaitu, baina ba al dakite zure ondoan daudenek euskaraz bizitzeko erabakia nondik datorkizun? Guk gure hautua egin izanak ez du esan nahi besteak kontrako erabakia hartua duenik; lehentasun kontua agian, baina galdetu al diogu inoiz?
Ez dezagun uste besteei ez zaizkiela gure kezkak interesatzen. Ezagutzen zaituen horrek euskara zenbait erdal komunikabidetan agertzen denarekin lotu ordez zurekin lotuko balu ez al duzu uste pixkanaka aurreiritziak desagertuko litzaizkiokeela? Ez al gara konturatzen guk eta ez beste inork sor dezakegun giro eta eragin horretatik jaio daitekeela biharko euskaldunen motibazioa?
Erdaldunekin ditugun solasaldietan betiko mito faltsuak desagerrarazten ahal ditugu: euskara ez dela gainerako hizkuntzak baino zailagoa, adin batetik aurrera hizkuntzak ere ikas daitezkeela, euskara = aukera esateak lelo bat baino gehiago dela…
Arrazoia dugula pentsatze hutsak erdaldunak euskaltegietara hurbilaraziko dituela uste badugu oker gabiltza. Gure ordezkariak hautatzeko garaian gogora dezagun euskalgintzan aurrea hartu dugunok herritarrok, ordezkatuok garela. Etxean eta kalean, lanean eta edonon: euskaraz egin eta eragin, umeak zein helduak nahi dugun gizarte euskaldunera hel gaitezen.

ZENBAT BURU… Ainara Orkin
Duela 4 urte Nafarroako Unibertsitatean euskarak jasaten zuen egoera ikusita, Euskal Adarra ikasle taldea sortu zen. Sorreratik unibertsitate publikoaren barrenean euskaraz ikasi ahal izateko dauden aukera urriak ugaldu daitezen lanean aritu dira jo eta ke. Berriki, gainera UPN eta PSN alderdiek bultzatuta euskararen presentzia are gehiago murriztu nahi zuen lege proiektuari aurre egin behar izan diote unibertsitateko bertze talde batzuekin elkarlanean eta azkenean aipatu lege proiektua atzera botatzea lortu dute. Honetaz guztiaz aritu zaigu Euskal Adarreko partaidea dugun Ainara Orkin NUPeko ikaslea.
Euskal Adarra taldeko kidea zara. Noiz eta zer xederekin sortu zen?
Euskal Adarra duela 4 urte inguru sortu zen NUPn. Gure helburua, unibertsitatean euskaraz bizi eta ikastea zen. Hasiera batean, karreraka elkartzen ginen, baina gaur egun asanblada bakar batean elkartzen gara karrera ezberdinetako ikasleak.
Nolakoa da ikasle euskaldunen egoera NUPen barrenean?
Gaur egun euskararen Normalkuntza Planaren ordez, behin behineko neurri batzuk daude. Neurri hauen arabera, euskarazko ikasgairen bat aurrera ateratzeko, 18 ikasleko taldeak exijitzen dituzte; gainera karrera bakoitzeko kreditu kopuru maximo bat eman daiteke. Momentu honetan, 18 karreratik, magisteritzako 2 adar besterik ez daude euskaraz. Honetaz gain, derrigorrezko ikasgairen bat eta hauta askeko 5 ikasgai inguru besterik ez daiteke jaso euskaraz.
UPN eta PSN berriki lege proiektu bat aurrera eramaten saiatu dira. Zertan zetzan?
Lege horrek euskararen desagerpena ekarriko zuen. Legearen arabera, ezingo zen euskarazko ikasgairik eman (derrigorrezko eta enborrezkoak). Eta majisteritzaren kasuan, parlamentua edota gobernuaren eskuetan geldituko zen.
Alderdi politikoak unibertsitatearen funtzionamenduan sartzen baldin badira, non gelditzen da unibertsitatearen autonomia?
Horixe da lortu nahi izan dutena. Haiek unibertsitate barrutik egin ez zutena parlamentuak egin zezala, horrela ez ziren errudun geldituko. Errektoreak pilota pasa zien UPN eta PSNri.
Azkenean lege proiektua bertan behera gelditu da. Zer gertatu da eta zer egoeratan geldituko da orain euskara unibertsitatearen barrenean?
Berriro ere hasierako egoera berean aurkitzen gara NUPeko euskaldunak. NUPeko estatutuek, euskaraz ikasteko eskubidea onartzen dute, eta berez ez dago legedirik hau ukatzen digunik, baina arazo nagusia unibertsitatearen borondaterik eza da. Argi erakutsi digute urte hauetan zehar, euskararen kontrako jarrerarekin. Ez dituzte kontratazio elebidunak egiten (irakasle ez diren langileen kasuan), ikasle kopuru minimoak ezartzen dituzte ikasgai bat eman dadin (18 pertsonakoa), kreditu kopuru maximoa dago karrera bakoitzeko…
Zer balorazio egiten duzue Euskal Adarra ikasle taldetik?
Esan beharra dago positiboa dela, noski, parlamentuan onartu nahi zuten legea onartu ez izana, lege honek euskara unibertsitatetik desargertzea baitzuen helburu. Denok dakigun bezala, UPNk eta PSNk euskara NUPetik ezabatu nahi dute, beraz, horretarako aurkeztu zituzten bi lege proiektu horiek. Baina azkenean, UPN bakarrik gelditu da eta ezin izan du legea atera. Gure ustez, hauteskundeak gertu daudela eta, hori izan da PSN atzera botatzearen arrazoi nagusia, ikusi baitu, nafar gizartearen gehiengoa euskararen aldekoa dela.
Lege proektua aurrera eraman ez bada ere lan handia gelditzen da oraindik ere unibertsitate barrenean. Zer asmo duzue aurrera begira?
Hemendik aurrera berdin jarraituko dugu; unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen, benetan gure eskubidea dela sinisten baitugu. Eta unibertsitateak laguntzen ez badigu, guk gure kabuz lortzen saiatu behar dugu, eta NUPeko ikaslego euskaldunari erakutsi behar diogu beste alternatiba bat posible dela.
Euskarak ez du preziorik!
Gurea da!
Elkar bilatu dezagun


