Elkar bilatu dezagun

Gizartea gizakia bezain aldakorra da. Ohiturek itxura berriak hartzen dituzte, harremanak eraldatzen dira… Gizartearen bilakaerak eragin zuzena du harremanetan eta komunikazioan. Zalantzarik gabe, baldintza sozialen ulermena gero eta beharrezkoagoa zaigu euskalgintzan aurrera egin nahi badugu.
Kontua da gizarte honek askotan labirinto baten itxura hartzen duela; euskal komunitatea han barruan finkatu nahian gabiltza baina zaila da norabide egokiekin asmatzea. Bide beraren inguruan bueltaka ibil gaitezke eta ez dago lagunduko gaituen gidari orojakilerik.
Baina zerbait ikasten ari gara: galtzeko arriskua ekiditeko ibiltari euskaldunok elkarren berri izan behar dugu. Hori posible izan dadin, Karrikirikook seinale lagungarriak paratu izan ditugu bidean: zerbitzu desberdinak, euskara kalera ateratzeko ekimenak, Karridenda, eta etorriko direnak. Noraezean daudenak bilatzeari ekin diogu eta lagunak hurbildu ahala gune propio eta zabalak lortzen ari gara.
Izan ere, euskaldunon arteko loturak eta non dauden dakiten lagunak badaude gizartearen bide multzo korapilatsuak labirinto izateari utziko dio. Izateko nahiak bultzatuta, irabazitako espazioak zabaltzen jardun behar dugu, gero eta erosoago mugitu gaitezen.
Beharbada euskaldunez inguratua bizi zara. Baina agian ez. Hala bada, zauden tokitik bilaketa bat hastea proposatu nahi dizugu. Zugandik hurbil herri zabal bat eraikitzen ari gara eta zurekin egin nahi dugu. Ez dago txoko batean: ohartzen bazara, euskararen herriko kaleek labirinto osoa, gizarte osoa zeharkatzen dute. Ireki begiak, berreskuratu jakinmina, seinaleei erreparatu eta ausartu zaitez horietan sartzen. Eta heldu iparrorratzari: aktibatu zure euskaltasuna. Egiezu euskaraz lagun, ezagun, auzoko eta lankide euskaldunei. Euskarazko agendak oparoak dira: erabili aukera horiek. Euskara talde antolatuak daude: zergatik ez haiekin harremanetan jarri?
Elkar bilatzearen abenturan denok gara protagonista eta erantzule. Euskalduna zara: labirintoko anabasak ez zaitzala bereganatu, ez dezala zure izaera zurgatu. Zure ahaleginak emaitza izanen du.



ZENBAT BURU… Olatz Zugasti
   
Duela 12 urte bere bakarkako lehen diska karrikaratu zuen “Kantu baten bila nabil” izenburuarekin. Horren ondotik, sehaska kantuz osatutako bertze lan bat, Bulun Bulunka (1999), eta berriki Durangoko azokan aurkeztutako “Elearen lainoa” diska atera ditu. Benito Lertxundi musikariarekin elkarlanean ari da aspaldiko partez eta, hori guztia gutxi balitz, munduko musika tradizionalei buruzko “Kantaita” irratsaioa gidatzen du egunero Euskadi Irratian. Olatz Zugasti kantariaz ari gara, jakina.

Urte dexente daramazkizu musika munduan, horietako nahikotxo Benito Lertxundirekin batera elkarlanean, baina betidanik heldu diozu bakarkako lanak egiteari. Berriki “Elearen lainoa” zure hirugarren lana karrikaratu duzu. Zer aurkitzen ahal dugu diska berri honetan?
Neronek konposatutako kanta sorta berria, baita arpan sortu ditudan hiru doinu instrumental ere. Kantuen hitzen egileak ITXARO BORDA, HENRIETTE AIRE eta JUANJO SAN SEBASTIAN dira, baita neronek idatzitako hitz batzuk ere aurkitzen ahal dira ZENBAT GAU izeneko kantuan. Diskoa 2002ko otsaila eta apirila artean grabatu zuen Mikel Fernández teknikariak eta moldaketa nahiz produkzio lanetan Mikel Fernandez, Angel Unzu eta neronen laguntza izan zuen.

Henriette Aire eta Itxaro Bordaren olerkiak musikatu dituzu azken lan honetan. Hainbat emakume euskal kulturgintzari egiten ari diren ekarpena nola ikusten duzu zuk?
Beharrezkoa, eta beti egon dena bestalde, bakarrik isilpean edo diskretoki egin dela lan hori. Edozein herrialdetako musikarentzat esate baterako emakumearen ekarpena oinarria izan da, gertatzen dena, beste alor guztietan bezala, ez dela errekonozitzeko joerarik, nun eta etzaren aparteko disdira eta kalitatea duen artista emakumezko bat. Eta garbi geldi bedi, aipatu ditugun bi olerkari hauek ez ditudala aukeratu emakumeak direlako, beren kalitate eta sensibilitate, eta idazkera ederragatik baizik.

Zein da zure irudikoz euskal kantagintzaren gaur egungo egoera.
Euskal kantagintzak duen eskaintza aparta da…, estilo guztiak ez dakit baina asko dira jorratzen direnak, eta gauzak oso ongi egiten dira. Musikariak gero baino gero hobeak ditugu. Gero beste gauza da bakoitzak entzulegoarengan duen oihartzuna zenbaterainokoa den. Hor faktore asko daude jokoan, eta ahaztu ezin duguna zera da, herri menperatu bat garela, eta euskaraz egiten denak, edo euskal musikak ez dutela bonbardeatuta datozkigun beste horien abantaila.

Musikari lanetan aritzeaz gain, duela zenbait urtetatik hona munduko musika tradizionalei buruzko saio zoragarria egiten duzu egunero Euskadi Irratian. Azken boladan zirrikitu guztietatik helarazi nahi zaigun “molde bereko” musikaren aurrean bertze aukera aunitz badagoela erakusten duzu.

Batez ere beste herrietako musikak helarazten saiatzen naiz. Guretzako arrotzak diren kulturetako kantuek ere leku izatea nahi dut KANTAITA saioan.

Lehengoan euskal abeslari bati eginiko elkarrizketa batean, musikaren bidez bertze modu batera eraiki ezin diren zubiak luzatu daitezkeela irakurri ahal izan nuen. Zer deritzozu?

Musikak badu aparteko gaitasun hori. Hitzak ulertu gabe ere musikak berezko hizkuntza du, unibertsala, esaten dugun bezala. Alde horretatik ere pentsatzen dut zure hizkuntza hitz egiten ez duen baten sentsibilitatean urradurak egin ditzazkeela musikak, eta inoiz orbainduko ez den zauri bat bezala geldituko dela gainera, betirako… Bainan bueno, ez dut ahazten lehen esan dudana ere…, musika horiek ongi iristeko, behar dituzte gutxienez indartsuenen aukera berdinak izan, eta hori denok dakigu ez dela horrela. Ez dira hitz negatiboak, errealistak baizik.