Euskarak ez du preziorik!

Merkataritzan maitasun kontuekin gertatzen den gauza bera gertatzen da; bik (edo gehiagok) ez dute ezer egiten batek nahi ez badu. Eta bestela komeriak hasten dira. Halakoxea da saltzaile eta bezeroaren arteko euskarazko harremana: erantzukizuna biona da. Zerbitzariaren asmo onak deus gutxi balioko du bezeroak errazena egiteko joera badu. Eta herritar prestuak ez du gauza handirik eginen merkatari axolagabe baten aurrean.
Hori horrela dela jakinda, gogora dezagun denok garela bezero eta merkataritza harremanak euskaraz bideratzeko ahalmen handia dugula. Iruñerria horren adibide bat da: Karrikirik egindako denda euskaldunen zerrendak erakusten duenez, euskaraz eskaintzen diren zerbitzuak gero eta gehiago dira. Hori hala da euskaldun askok euskaraz bizitzeko erabakia hartu eta egunero eta edonon gauzatu nahi dugulako. Aldi berean, hainbat merkatari konturatu da euskara errentagarria izan daitekeela eta balio positiboa eransten diola bere zerbitzuari; ondorioz, hizkuntzaren erabilera bermatzen saiatzen da.
Ematen du gainera hiztunok errazago eusten diogula gure hizkuntza leialtasunari arlo honetan administrazioarekiko harremanetan baino. Honek bere logika ere badu, zeren azken finean inork ezin digu agindu babarrunak non erosi behar ditugun.
Honelako esparru txikietan bideratu ahal ditugu euskaraz bizitzeko ditugun nahiak. Eta hasten baldin bagara zenbatzen esparru txiki hauek, ohartuko gara bat gehi bat, gehi bat, gehi bat… asko dela.
Goizean goiz jeikitzen garenetik oheratzen garen arte, zertan inbertitzen dugu gure denbora? Gustuen arabera jakina; baina eredu moduan honako hau:
Esnatu eta berehala gure begiko kuttunari egun on esan ondoren irratia pizten dugu (euskaraz), euskaraz irakurtzen dugu Egunero egunero, ala egunkaria Egunero ala Egunero egunkaria ala egunkariero eguna?
Eguerdian, ondoko taberna euskaldunean pintxo bat jaten dugu; bazkaldu baino lehen D ereduan dagoen umearen bila joaten gara; telebistan berriak euskaraz entzun ondoren harrikoa egin eta euskaraz kaleratu den azken liburuaren bila abiatzen gara… Hau guztia gehi beste era askotako gauza txikien artean betetzen dugu gure eguneroko bizitza.
Gauza txiki horietan erabakia hartzeko ahalmena dugu, erabaki dezagun ba koherenteena.
Eta bukatzeko, maitasun kontuetara bueltatuko gara; akaso gure agintariek esan behar digute norekin egin behar dugun amodioa?


ZENBAT BURU… Asier Biurrun

Apirilaren 4an arratsaldeko 18:30ean abiatuko da “AEKrekin herri bat geroa lantzen” leloarekin Euskal Herria iparretik hegora zeharkatuko duen Korrikaren 13. edizioa; Mauletik irten eta Foru lurraldeko hiriburuan akituko dena. Iruñeko Udalak lasterketaren amaierako ekitaldiak hiriko alde zaharrean egitea debekatu duen arren, inoiz baino adore handiagoz lanean ari dira Nafarroako AEKko arduradunak prestaketa lan horiek bideratzen. Nafarroan Korrikaren arduraduna den Asier Biurrunekin aritu gara solasean.

Aurten bere 13. edizioa beteko duen euskararen aldeko lasterketa honen xedeak zeintzuk dira? aldaketarik izan al da urte hauetan guztietan?
Xedeak hasierakoak dira: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunok ezinbertzenazkoa dugu AEK bezalako erakunde bat, eta jakina da hau ez dela garairik samurrena guretzat. Duela bi urte izandako erasoek itolarri ekonomiko nabarmena eragin zioten AEKri, eta ataka gaizto honetatik ateratzeko nahitaez behar ditugu herritarren laguntza eta babesa. AEKrekin herri bat geroa lantzen da leloa, hain zuzen ere Euskal Herriak AEK behar duelako euskalduntze prozesuan aitzin egiteko eta, era berean, AEK-k euskal herritarren laguntza nahitaezkoa duelako bizi duen kinka larritik ateratzeko.

Horren ekimen erraldoia izanik prestaketa lanak ere handiak izanen dira. Nola antolatzen zarete?
Hala da, ekimen erraldoia da. Horrelako gauza bat antolatzeko Korrikak Euskal Herri mailan arduradunak ditu. Hauekin batera herrialde bakoitzeko arduradun bat du eta herrialdeetan eskualde desberdinetako arduradunak. Antolakuntza hau da. Dena den, egiten den lan handiena eta garrantzitsuena auzo eta herrietakoa da. Euskal Herriko herri guztietan Korrika Batzordeak sortu ditugu. Batzorde hauek egiten dituzten zabalpen lan eta ekitaldiekin Korrika gorpuzten da. Honetaz gain kilometroen salmenta Batzorde hauetan egiten da.

Berriki jakin da Iruñeko udalak ez duela baimenik emanen Iruñean egitekoak ziren Korrikaren amaierako ekitaldiak toki publikoetan egiteko. Zer eginen duzue?
Dagoeneko jende guztiak honen berri izanen du. Agian, jendea, ez da ongi jabetu baina udalak ukatu duena jaia egiteko eskaera da. Korrika bukaera alde zaharrean izanen zela jakinarazi genion udalari eta horren kontrako erantzunik ez dugu jaso. Jaia egiteko, ordea, Plan Surrera joateko aholkatu ziguten. Udalaren erabaki hau azken urte hauetan euskararekiko eta herri mugimenduekiko duen politikaren isla baino ez da. Udalak ez du nahi euskara bizirik dagoela Iruñean soma dadin eta horra hor bere erabakia. Gainera, ez digu arrazoi sakonik eman, aitzakia merke batzuekin atondu du erantzuna. Guk oso argi dugu jaia Alde Zaharrean eginen dugula.

Erran bezala aurtengo Korrika Nafarroako hiriburuan akituko da. Festa erraldoi bat egiteko asmoa duzue. Zerbait aurreratzen ahal duzue?
Arestian aipatu bezala Alde Zaharrean eginen dugu jaitxo eder bat. Dagoeneko festa horretan egonen dena finkaturik dugu. Kontua da oraindik lekuak ez ditugula oso argi. Egun horretan ondorengoa ikusteko aukera izanen du jendeak: Buitraker, Zirika Zirkus, Berri Txarrak (denboraldiari agur errateko), bertsolariak, Skunk, erraldoiak, Sen, haurren txokoa, Trikizio, Artisauen erakusketa, bertso herri bazkaria, Sebastopoleko Titiriteroak, Dantzariak, txarangak, Gatibu, Peñak, fanfarreak, perkusioa, tonbola, taloak, karrika animazioa…

Lasterketaz gain, hainbat kultur ekitaldi egiten dituzue aurreko hilabeteotan. Zer moduz joan dira aurtengoak?
Orain arte antolatutako ekitaldi guztiak oso arrakastatsuak izan dira. Oraindik ere ekitaldi batzuk falta dira egiteko eta orain artekoak bezain arrakastatsuak izatea espero dugu.