Gurea da!
Itxiera ez omen zen nahikoa. Ankerkeriaz eta atxilotuak umiliatuz ere jokatu behar zuten. Baina orain ekin diezaiogun aurrean dugun lanari, ahozko elkartasuna laguntza praktikoa bihurtzeko tenorea heldu baita.
Otsailaren 22ko giza uholdea maitasun adierazpide erraldoia izan zen; berehalako erantzun hark euskalgintza osoarentzat eta gizartearen zati zabal batentzat EGUNKARIA herri honen ikur maitagarrienetako bat dela baieztatu zigun. Hura erasotzean, gu eraso gaituzte. Euskaltzaleon bihotza gelditzen saiatu orduko milaka eta milaka lagunen bihotz taupadekin EGUNKARIAren proiektua bizirik mantentzen hasi ginen.
EGUNKARIAz harro gaude. Ez dago laburbiltzerik kalitate handiko hedabide honek eskaini digun guztia. Euskal komunitatea egituratzen laguntzeaz gain harroki aitortu nahi dugu Karrikirin harreman estua dugula gure ahotsa ere izan den komunikabide honekin.
Horregatik gure txanda heldu da. EGUNKARIAko lagunek gure laguntza behar dute denona den proiektua bizkortzeko. Dei egiten diegu euskalgintzako erakunde, elkarte eta pertsona guztiei langileen beharrei erreparatu eta beharrezkoak dituzten babesa eta azpiegitura eskaini ditzaten: baliabide ekonomiko eta teknikoak, egoitzak, laguntza taldeen eraketa… Ohar gaitezen elkarlanaren beharraz eta eutsi diezaiogun gureari behin ere erlajatu gabe, egun bateko erakustaldia eguneroko konpromisoa bilakatu dadin: egin gaitezen denok harpidedun edo erosle, har dezagun parte langileek deitutako ekimenetan, eraman dezagun haien ahotsa leku guztietara.
Gertatu denak erakutsi du gure komunitatea egoera larriei aurre egiteko gai dela eta ezinezkoa zirudiena oso denbora gutxian gauzatzen ahal dugula: itzalek ez dute irabazi eta ez gara euskarazko egunkaririk gabe geratu. Laster, denon bultzadaz, EGUNKARIAko lagunek gero eta zerbitzu hobea eskaintzen jarraitu ahal izanen dute.
EGUNKARIA ezagutzen ez zuen baten bat harritu egin da erasoak sortu duen elkartasun bizia ikusita. Bere langile eta lagun guztiak gogoan, Eduardo Galeanoren olerki bat aipatu nahi dugu hemen. Mundua jende multzo handi bat dela dio, su txikiz osatutako itsaso bat. Eta honela jarraitzen du:
Zenbait suk, su motelek, ez dute argiztatzen
ez eta erretzen ere; baina beste batzuek
bizitza hain gogotsu izekitzen dute
ezen ezin baitzaie begiratu begiak kliskatu gabe
eta hurbiltzen dena piztu egiten da.
ZENBAT BURU…
Egunkariako Nafarroako delegazioko langileak
Kostata, baina jende anitzen lanari esker sortu zen duela 12 urte Euskaldunon Egunkaria; euskara hutsez argitaratua. Ibilbide labur, baina mamitsu honetan proiektu berritzaile honetan parte hartutako kolaboratzaileen zerrenda oparoa izan da eta euskal kultura eta oro har gizarteari eginiko ekarpena ere itzela izan da. Pasa den otsailaren 21ean, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea den Juan del Olmoren aginduz Egunkaria itxi eta sorreran lanean aritutako 11 kolaboratzaile kartzelaratu zituzten. Horrekin guztiarekin batera, Egunkarian lan egiten duten 150 langileak ere karrikan gelditu dira, lanik gabe. Nafarroako delegazioko langileekin solasean aritu gara haien egoera gertutik ezagutu eta laguntza nola ematen ahal zaien jakin ahal izateko.
Noiz eta nola ohartu zineten Iruñeko egoitzan sartu zirela?
Alberto Delegazio buruaren etxera goizaldeko 3.30etan joan zen Guardia Zibila. Ohetik atera eta bulegora eraman zuten lekuko gisa. Ordenagailuak, artxiboak eta iruditzen zitzaien guztia hartu eta delegazioa prezintatu egin zuten. Dena dela, argi eta garbi esan behar dugu Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoko epailearen autoak sartze eta miatze agindua zekarrela soilik. Epaitegiko idazkari judizialari esan zion Albertok zigilatzeko agindurik ez zutela, baina guardia zibilek bulegoa itxi egin behar zutela esan zuten eta gaur arte. Ederki itxi dute gainera, oholak taladroarekin erantsi dizkiote ateari eta hor ez dago sartzerik. Barruan gelditu da hamahiru urteko lana, erraz esaten da.
Nolako egoeran zaudete une honetan Egunkariako langileak?
Esku hutsik utzi gaituzte, gure lanabesak lapurtu eta eraman egin dizkigute, baina aurrera jarraitzeko lanean hasi gara. Egoera argitu arte ere ez dakigu nola jasoko dugun langabezia edo dena delako soldata. Izan ere Euskal Autonomi Erkidegoak (EAE) Lan eskumenak bereganatuak ditu baina Nafarroak ez, eta tramite horiek Madrilek egin behar ditu. Dena dela, epaileak igandera arte, martxoak 2, du erabakitzeko Egunkaria behin betiko ixten duen, edo administratzaile judiziala ezartzen diguten gure jarduna kontrolatzeko.
Zer egiten ari zarete?
Batzuek Egunero kaleratzeko ardura hartu dute. Egunkaria itxi zigutenean argi genuen hurrengo egunean beste bat behar zuela kalean, eta horretan ari da talde bat. Gertatutakoari erantzuteko batzorde ezberdinak eratu dira eta besteok horretan gabiltza lanean. Erredakzioko batzordeaz gain beste bost daude: Herrietakoa, nazioarteko harremanetarako, erakundeekin harremanetarako, elkartasunerako eta langileen jarraipena egiteko.
Herrietakoa beste egunkari bat bideratzeko herriz herri taldeak eratzeko lanean dabil. Nazioarteko harremanetaz arduratzen dena egin diguten bidegabekeria nazioartean salatzeko eratu da, elkartasun batzordea atxikimenduak bideratzeko dago, langileen jarraipena egiteko bestea eta erakundeekin harremanak egiteko azkena.
Jasotako elkartasun mezuak amaigabeak dira.
Bai elkarte, alderdi, sindikatu, norbanako, erakunde eta kazetari hainbaten elkartasuna jaso dugu. Zerrenda amaigabea da eta Eguneron adierazgarrienak argitaratzen saiatzen ari gara egunero. Besteak beste, jazotakoa salatu dute Amnistia Internazionalek, ehun herrialde baino gehiagoko 500.000 kazetari baino gehiago ordezkatzen dituen Kazetarien Nazioarteko Federazioak, eta Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak (EBLUL). Modu batean edo bestean elkartasuna erakutsi digutenei eskerrak eman nahi genizkieke.
Jende anitz amorru eta samin sentimentuek hartuta dago, baina inoiz baino gehiago aurrera egiteko kemen eta gogoarekin.
Zein da une honetan zuei lagundu eta Egunkaria edo euskaraz argitaratuko den bertze egunkari bat laguntzeko modurik eraginkorrena?
Orain guri laguntzeko modurik hoberena harpidedun egitea da edo Egunero egunero kioskoan erostea da. Larunbatean Donostian Egunkariaren alde kalera atera zen jende uholdeari proiektua aurrera ateratzeko konpromisoa eskatzen diogu, baita erakundeei ere. Gure alde konpromiso zehatzak hartzea nahi dugu. Euskaraz ari den egunkari indartsu bat argitaratu behar dugu. Harpidedun egiteko 943-303555/943-303554 telefonoetara deitu behar da. Hori da orain dugun premia. Harpidetzak bikoiztu egin ditugu eta egunotan salmentak ere franko igo dira. Hori mantendu eta igo egin nahi genuke. Dirua eman nahi duenak ere badu kontu korronte bat: 3035 0092 56 0920055559.