Karrika 74. 2003ko abendua

Karrika 74. 2003ko abendua

Plazara

Gaur ahotik atera zaidan hitz-jarioaren ehuneko txikia ez da izan euskara nire bizitzan agertu den egoera bakarra. Etxera ailegatutakoan, atea itxi eta irratia, egunkaria eta aldizkariak han bertan ditut. Filmak, telebistan. Mezuak, posta elektronikoz. Musika, gelako epelean. Bai ongi! Mundua euskaraz!
Mundua? Etxera bidean, begiok jaso dituzten seinale eta iragarki gehienak gazteleraz. Elkarrizketak, agerkariak eta zinema ere horrelatsu. Akademietan, kiroldegietan, saltoki handietan, ikuskizunak eskaintzen dituzten areto berrietan, hizkuntza zaharraren arrasto gutxi. Buruhausterik gabe jakintzat ematen dugun errealitate gordin bezain aldagarria.
Ukaezina da kontzientzia propioa garatu ahala gune berriak zabaldu ditugula. Baina komunitatea osatze aldera gauza asko egiteke daude. Eta, besteak beste, hor ditugu oskolean biltzeko arriskua eta ikusgarritasunaren erronka.
Kalean ez dugu euskararik ezaren “normaltasunean” bizi nahi. Administrazioaren papera garrantzitsua dela jakinda ere, ahal dugun neurrian paisaia margula koloreztatzen has gaitezke. Ezagutzen duzun dendari edo langile horrek ez diola euskarari erreparatzen? Hitz egin berarekin. Euskarazko jarduera gehiago egotea gustatuko litzaizukeela? Luzatu eskaera edo saiatu antolatzen. Nork bere arloan, kontaktuak egiten hasi eta gizarte honetako bazterrak euskaraz janzteari ekiten ahal dio.
Urtaro honetan tropelean kaleratzen direnak euskal liburu eta diskoak dira. Plazatik etxera, euskaraz bizi nahi dugunon mesedetan betiere. Baina argitaratze hutsak ez du ezer bermatzen, merkaturatzea eta euskaldunon esku dagoen gizarteratzea ez baitira gauza bera. Egun, produktuak bizitza laburreko distira bilaka daitezke: piztu orduko ezerezean gelditzen diren su artifizialak. Ez gaitezen unean uneko pirotekniarekin zorabiatu, kulturgintzak kontsumo-aroa gainditu eta urte osoan hura dastatu eta biziarazteko prest dauden euskaldunak behar baititu. Etxetik plazara.
Azken hilabeteotan euskalgintzak jaso dituen erasoek kemen handiagoa eman behar digute aurrera jarraitzeko. Etengabeko lana aldarrikapenik indartsuena delakoan gaude. Lan horren emaitza Irunberrin ere islatu zen. Han, urrian, ezin izan genuen gure aldarria plazaratu. Baina konformismoa eta inertzia eguraldi petrala baino arriskutsuagoak izan daitezke. Arangoiti ikastolari eskaintzen ahal diogun hoberena, laguntza ekonomikoaz gain, gure buruarekiko konpromisoa da: izan nahi dugun bezala bizitzea, barrutik zein kanpotik.
Izan ere, ez gara ordukako euskaldunak izango eta ez dugu etxeratze deiak obeditzeko asmorik. Goazen plazara!



ZENBAT BURU… Ane Albisu

Ane Albisu donostiarra hamalau urterekin sartu zen Donostiako Antigua auzoko Jakintza dantzari taldean. Jantziaren alorrean aritu zen lanean eta beranduago, 1978an, ARGIA taldeko partaide bilakatu zen. Talde honetan dantzarien eta musikarien sailean aritzeaz gain, zuzendaritzan ere ibilia da. Ikerketa arloan hainbat proiektutan parte hartu eta gero, 1985ean IKERFOLK, folklorea lantzen duen elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Jantzi saileko arduraduna da bertan eta gurekin solasteko aukera izan du egiten duten lanaren berri emateko.

Ikerfolk elkarteko partaide zaitugu. Folklore munduan dabilen jendeak ederki ezagutuko zaituzte, baina giro horretatik horren hurbil ez dauden lagunei nola azalduko zenieke zuek egiten duzuen lana?
Gure lanaren funtsa bildu eta zabaltzea da. Folkloreari dagozkion esparru guztiak hartzen saiatzen gara, bilketa lana egin, aztertu eta ikastaro, hitzaldi, argitalpen, erakusketa eta aholkularitza lanaren bidez zabaltzen dugu.

Argia dantza taldetik sortutako elkartea da Ikerfolk, zer dela eta eman zenuten urrats berri hori?
Folklorearen inguruan lan egiteak beste euskarri bat eskatzen zigulako. Dantza taldearen bidez lan zehatza egiten genuen, baina ikerketa bideratzeko beste erakunde mota bat behar da. Munduko beste zenbait tokitan ez bezala, hemen Folkloreak ez du ohiko ikasketetan eta are gutxiago Unibertsitatean apenas tokirik. Maila horretan lan egiteak dantza taldeari eskaintzen genizkion orduetatik kanpoko ordutegia eskatzen zigun.

Egiten dituzuen ikerketa lanak jendartera helarazteko zer bide erabiltzen dituzue? Euskal Herritik kanpo ere aritzen al zarete?
Lehen esan bezala, ikastaroak antolatzen ditugu. Gure ustez, gainera, oso garrantzitsua da bertakoa azaltzeaz gain, kanpokoaren berri ematea. Beraz, askotan bertako dantza eta doinuei buruzkoak eta kanpokoak oinarri dituztenak ere antolatzen ditugu. Gaur egun esparru honetan gure lanik ezagunena Dantza Ganbara deritzona izango litzateke. Bestalde, argitalpenak ere egiten ditugu: Pas de Basque berripapera eta Gira Galdua aldizkari monografikoa. Udazkenean Folk deritzon jaialdia antolatzen dugu. Aholkularitza lana egiten dugu, hitzaldiak ematen ditugu…

Ikerketa lanez gain edota ikerketa horien fruituetako bat Ikerfolk barrenean dagoen Atondu euskal jantzien saila dago. Zer lan egiten duzu sail horren barrenean?
Atondu sailak jantziei dagokien esparru hartzen du. Jantziei buruzko informazioa zabaltzen dugu hitzaldi eta aholkularitzaren bidez, jantziak diseinatzen ditugu, hitzaldiak ematen ditugu…

Harremanik al duzue molde bereko bertze herrialde bateko elkarteren batekin?
Bai, gainera herri askotan folklorearen ikerketa beste maila batean dagoenez, erakunde eta ikertzaile apartak dituzte.

Nola ikusten duzue egun euskal folklorearen panorama?
Adierazi dut ez dagoela beste zenbait gairen mailan eta honelako erakundeen bidez landu eta zabaldu beharrean aurkitzen garela. Plangintza zabala egin beharra legoke. Agintea dutenek, ordea, erantzukizuna dute eta behar duen garrantzia ematen ez diotenez, nik esango nuke, oraindik ere Etxeparek 1545ean Euskarari buruz zioena: “estimatze gutitan” dagoela eta “ohoria orotan” beharko lukeela, gure herri jakintza baita!.

 

Karrika 73. 2003ko urria

Karrika 73. 2003ko urria

Leire eta Hamid itsasontzi berean

Adi, Iruñeko euskal marinelok: eser zaitezte,
ariketa bat egitera goaz eta.
Iruñerrian gaude baina…
Altxa daitezela beste nonbait jaio direnak.
Altxa daitezela orain hemendik kanpo ikasi edo lan egin izan dutenak.
Altxa daitezela orain inoiz beste norabait joan direnak.
Inor geratu al da aulkian? (…) Eser zaitezte, marinelok. Abia gaitezen.

Olatu faltsuei kasu egin. Zenbait hedabidek “etorkinen fenomenoa = arazoa” ustezko errealitatea aurkeztu nahi digute. Guri lekuz aldatzeko beharra ez zaigu batere arrotza: euskal jatorriko lagunak Euskal Herriko biztanleak baino gehiago dira eta hona etorritakoak ere ugari. Eta hortaz ongi dakigu gizarteari “immigrazioa = aukera + erronka” ekuazioa dagokiola.
Aingura jaso beldurrik gabe. Bizikide berriak ez dira besterik gabe euskal kulturara etorriko. Bizitza duina lortu besterik nahi ez duten langileon egoerara hurbildu beharrean gaude. Gizarte desorekatu batean, haien kezkak, nahiak eta ohiturak ezagutu ezean, nekez lortuko dugu beste ezer transmititzea eta denon arteko integrazioa. Eta hasteko, aurreiritziak itsas hondora bota!
Begi bakarreko piratak. Europa gotorleku bilakatu eta gure herria mugez josi diguten pirata maltzurrek Euskara muga dela esatera ausartu dira. Bada, gu etorkinekiko harremanetan Euskara lokarri garrantzitsua dela erakustera goaz: erdaldun askorentzat, etorri diren gizartekideak kaletik doazen aurpegi ilunak baino ez dira. Guk, ordea, harremanetarako aukera ikusten dugu hor eta eguneroko trukean euskara funtsezko eskaintza izanen da.
Itsaso mugagabean zehar. Kultura ez da kode itxia, etengabe garatzen den prozesua baita. Etorri diren pertsonek ez dute kultura mugatua ekarri, bizitzarekin batera aldatuz doazen ezaugarriak eta jokamoldeak baizik. Hemengo ohiturak ere ez dira antzinakoak bezalakoak, eta ekuadortar, arabiar edota senegaldar jatorriko euskaldunek egingo duten musikak eta literaturak euskal kultura aberastu eta biziberrituko dute.
Belak zabalik!. Hor dugu erronka: harrera funtzioa ezin dugu erdara hutsez ari diren egituren esku utzi. Zer egin? Euskararen presentzia gizarteratzeko ahaleginak berrindartu; norberak ezagutzen dituen immigratuekin hitz egiten saiatu; kalean, lantegietan eta eskoletan kultura artekotasuna garatzeko guneak eraiki; Euskara etorkinei doan irakasteko esperientziak garatu… Honetan, euskalgintzak gainerako gizarte eragileekin aritu behar du.
Ez iezadazu atzerritar deitu. Denok itsasontzi berean gaude. Portu desberdinetatik abiatu arren, itsaso zakarrak elkarrekin jarri gaitu. Aprobetxa dezagun aukera eta guztion indarraz baliatu gaitezen. Ziur gaude itsasoko jainko handiustekoek ez dutela ontzia hondoratzerik lortuko.
Lehorrean zein itsasoan betiko geratu eta inoiz ezagutuko ez ditugun herritarren omenez.



ZENBAT BURU… Sagrario Aleman

Azken urteotan munduko hainbat txokotatik heldutako jende mordoa hurbil-tzen ari zaigu Iruñera bizitza baldintza hobeen bila. Errealitate horri erreparatuta eta lagun horiek euskal kulturaren berri eta bereziki euskara ikasteko aukera izan dezaten, Arturo Campion euskaltegiak haiei zuzendutako eskain-tza berezi bat martxan jarri zuen iaz. Ekimen honetaz solastu gara Sagrario Aleman, IKAko Arturo Campion euskaltegiko koordinatzailearekin.

Zertan datza iaz abian jarri zenuten esperientzia berria?
Kezkatu ginen kanpotik etortzen zen jendeari hemengo errealitate bakar bat erakusten zitzaiela ohartu ginenean. Lagun hauen egoera horren latza denez, ez dira jabetzen hemen bigarren hizkuntza bat ere badela eta zaila da haiengana heltzea. Lana aldetik ikusten genuen kanpotik heltzen zen jende hori euskaldundu behar zela, baina hemen euskaraz ez zekien jendea ere hortxe zegoela.
Garbi izan genuen hasieratik zerotik hasi behar zutela eta bertzalde, pentsa-tzen genuen eskaintza honen bidez aukera eman behar geniela hemengo jendearekin harremanetan sartzeko. Horregatik pentsatu genuen ez zela aproposa haiendako bereziki talde berri bat sortzea, baizik eta normalean guk eskaintzen ditugun taldeetan sartzea. Dena dela, eta haien baldintza kaxkarrak ezagututa (langabezia, etxebizitza bilatu beharra, paperak legeztatu, e.a.), erabaki genuen guk ematen ahal genien erraztasuna ikastaroak dohainik ematea zela.

Zer urrats eman zenituzten? Iruñerriko elkarteren batera jo al zenuten?
Bagenekin ikastolako zenbait jendek zerbait egin nahi zuela eta Sortzenekoek ere D eredua dela eta zenbait kontaktu bazituztela. Sortzenekoek hainbat elkarteren helbideak pasa zizkiguten eta horiekin harremanetan jartzen hasi ginen, baina zailtasun handiak izan genituen haiekin hitz egin ahal izateko. Dena dela, zenbait etorkinek garbi erran ziguten hasieratik elkarte horiek zenbait kasutan bizi askorik ez zutela. Jendea hurbiltzen dela hasieran paperak egiteko eta laguntza jasotzeko, baina denborak aurrera egin ahala ez dela gehiago joaten. Lanaren arabera mugitzen direnez zaila da haiengana iristea.

Zer nolako erantzuna jaso zenuten?
Beno, egia erran bakar batzuk hurbildu ziren izena ematera eta orduan antolatuta genituen taldetan sartu ziren. Kamerungo bat etorri zitzaigun, esaterako, bertako bost hizkuntza menpera-tzen zituena, eta horiez gain ingelesa, alemana eta gaztelera piska bat. Ez zuen euskararen erreferentziarik, baina hizkuntza mordoa bazekienez abantaila zuen hemengo ikasleen aldean. Iruñean aritu zen bolada batez, baina lana atera zitzaion Katalunian eta alde egin behar izan zuen. Hegoameriketako zenbait lagun ere egon ziren, kurtsoren bat egin zuten, baina lan kontuengatik ere alde egin behar izan zuten.

Gurera heldutako lagun horiei euskal kultura eta hizkuntzaren berri emateaz gain, hemengo jendearentzat ere onuragarria dela uste al duzue?
Bai, jakina. Guk ekimen hau martxan jarri genuenean, zerbitzu bat eskaintzen genien kanpotik etorritako lagun hauei, baina aldi berean hemengo jendearen-tzako adibide gisa jartzen genituen nolabait. Pertsona hauek beste kultura bat ezagutzeko egiten duten ahalegina azpimarratu nahi izan dugu; askotan guk geuk ere egiten ez duguna. Taldeko gainerakoengan akuilu bezala egin zezaketela ere ikusi genuen.

Euskalgintzan lanean ari garen hainbat talderentzat akaso gai honi behar bezala heldu eta elkarlanean hasteko ordua iritsi zaigula uste al duzu?
Elkarlan horren bidez kanpotik datozen talde horiengana nola iritsi, zer bitarteko erabili aztertu beharko genuke lehenik eta behin; auskalo zer kanpainaren bidez, baina hemen bestelako kultura bat badela ezagutarazi behar zaie. Hortik aitzina ikusiko dugu haien aldetik zer interesa dagoen. Lan hori egiten ez dugun bitartean, hau da, heltzen diren errealitatean kokatzen ez baditugu, ezinen diegu eskatu gure hizkuntza ikas dezatela.

Horrelako ekimenik ezagutu al duzue beste inon?
Bai, Zarautzen eta beste nonbaiten egin izan dituzte, baina oker ez banago uste dut kasu horietan talde bereziak egin dituztela etorkinentzat bereziki. Gure irudikoz interesgarriagoa da beste taldeetan integratzea, guztientzako aberasgarria izan dadin. Etorkinek eurek ere ez dute haien burua aparte ikusi behar.

Ikasturte honi begira zer asmo dituzue?
Antzeko zerbait egiteko asmoa dugu, baina une honetan denbora behar dugu berriro haiekin harremanetan jartzeko; elkarteekin bildu eta eskaintza berbera egin ea aurtengoan zenbat jende hurbil-tzen den. Poliki poliki elkarte horiek hobe ezagutzen gaituzten neurrian, informazioa errazago helarazteko aukera izanen dugu.

Momentuz ikasle kopurua txikia da eta eskaintza dohainekoa. Ikasle kopurua dexente igoko balitz nola aurre eginen zeniokete egungo baldintzei?

Bagenekien jendea ez zela trumilka etorriko eta horri aurre egin geniezaioke-ela. Jende dexente hurbilduko balitz, garbi dago egungo planteamendu ekonomikoa bertze modu batera egin beharko genukeela. Finantzatzeko bide berriak bilatu beharko genituzke, baina momentuz ez dugu horrelakorik aurre-ikusten.

 

Karrika 72. 2003ko iraila

Karrika 72. 2003ko iraila

Mintzoaren Lurraldeko hankabikoak

Bidaiaria eguzkiaren lehen argi printzekin esnatu da. Udazkeneko goiz honetan gosaltzen ari den bitartean, orain arte bizitakoaren inguruan hasi da hausnartzen: bai, ez dago dudarik. Euskara apaingarri hutsa zen etxezulotik atera eta Mintzoaren Lurraldea zeharkatzea erabaki zuenetik beste era batez ikusten du bere burua. Sentsazio bitxia da, bera eta bere ingurua batzen hasiko balira bezala. Hartara, ez dago denbora galtzerik: ezagutu gabeko eremua hain zabala da, ezen gaur ere bizkor abiatu beharra baitago.
Lehengoan, Esamoldeen errekako urak dastatu zituen; azken egunotan, Euskalkien baso abartsuan bizi diren lagunen hitzez jantzi da eta gaurtik aurrera Erregistroen mendizerran barna ibiltzea erabaki du. Toki beretik mila aldiz ibilita ere, alderdi berriak agertzen zaizkio etengabe. Eta horrenbeste dira oraindik begiztatu ez dituen lekuak! Bidaideak, ipuruak, klinklonak, sahatstxoriak… Den-dena mintzo da. Sekula ez zuen pentsatu horrenbeste gauza miresgarri aurkituko zituenik.
Hara! Ogitartekoa eskuetan daramala, hor dator turista xelebre horietako bat, ohiko itxura nekatuarekin eta beroaz kexu. Gertatzen dena gertatzen dela, bidaiariak beti begirunez agurtzen ditu turistak.
-Egun on! Hau bai goiz ederra, ezta?
Airera mintzatzea bezala izan da oraingoan, ez baitu erantzunik jaso (aurikularrak, agian?). Turista, beste ezeri erreparatu gabe, behin ere ez da seinalatutako ibilbidetik desbideratzen, zer gerta ere. Zuhaitzen bestaldeko bideak nekagarriagoak izan litezkeelakoan dago.
Dirudienez, turistak berehala bueltatzen dira sortu ziren lekura eta sutondo-txokoan Hizkuntzaren Lurraldea ezagutu dutela esaten omen dute. Behar izanez gero harro erakusten dute froga: argazki bilduma, batzuetan Tengoelega harkaitz sakratuaren tontorretik hartutako irudi lausotua eta guzti.
Zahatotik zurrut batzuk edan ondoren, bidaiariak aurrera jarraitzen du, aurkitzen dituen itxura, usain, kolore eta soinu berriekin bat eginez. Ondarea maitekiro zaintzeko esaten zioten beti eta Mintzoaren Lurraldean modu berean jokatuko du, bizileku bilakatu zaiolako. Hitzekoa da eta hitzari eutsiko dio.



ZENBAT BURU… Hiart Leitza

Egun Iruñeko Skalariak taldean abestu eta teklatuak jotzen ditu, baina garai batean Ortzi folk musika taldean aritu zen. Etxarri-Aranazko Andra Mari Ikastolak 1996an antolatutako Nafarroa Oinezeko koordinatzailea izan zen eta orduz geroztik hainbat aldizkari eta irratitan aritu da. Euskalerria Irratiko esataria da orain eta hilabete hauetan Skalariak taldearen laugarren lana, “Radio Ghetto”, han eta hemen aurkezten ari da gainontzeko taldekideekin batera.

Skalariak taldeak bere laugarren lana karrikaratu zuen iragan maiatzean “Radio Ghetto” izenburupean. Orain arte eginiko lan guztien atzean filosofia antzeko zerbait azaldu nahi izan duzue eta ekimen bereziak bideratu dituzue. Oraingoan, esaterako, interneten bidez ematen den irratsaio bat prestatu duzue, euskaraz eta erdaraz, taldearen inguruko informazioa azaltzeko.

Hori da, Radio Ghetto diskoaren esanahia indartzeko asmoz, benetako irrati bat egitea pentsatu genuen, eta esan eta egin. Internet bidez emititzen duen musika-irratia da eta 24 orduz dago martxan. www.radioghetto.com helbidean entzun ahal izanen duzue. Horretaz gain, saio bereziak egiten ditugu. Saio berezi horien artean hiru ditugu: zuzeneko kontzertuen emankizuna, egunero 20:00etatik 21:00etara taldekideen saio propioak eta, azkenik, zuk aipatutako ekimen bereziak ditugu, “Ghetto Directo” izeneko magazinak, non bai euskaraz bai erdaraz taldeari buruzko informazioa eta beste hainbat gauza azaltzen ditugun. Esan beharra da orain, udan, saio bereziak alde batera utzi ditugula, baina urritik aurrera berriro ere lanari ekinen diogula.

Urtetik urtera euskararen presentzia areagotu duzue zuen diskoetan eta horrekin batera bertze hizkuntza batzuk ere bai, hala nola katalana, errusiera, italiarra, e.a.
Herrialde, kultura, ohitura, kolore eta hizkuntzen arteko nahasketa eta integrazioaren alde dago Skalariak. Jakina, hemengoa, Euskal Herrikoa, ahaztu gabe, uste dugu ezinbestekoa dela herrialdeen arteko elkartasuna. Horren adibide izan daiteke agian horrenbeste hizkuntza agertzearen zergatia. Dena den, atzerrian egindako kontzertuen ondorio ere bada hori. Euskal Herritik kanpo egin ditugun lagunei eskerrak emateko modu bat.

Zaila da Euskal Herriko musika multzo bakarrean sartzea estilo oso ezberdinak jorratzen direlako, baina, zure irudikoz, nolakoa da Euskal Herriko musika taldeen egoera egun?
Beste tokietan bezala, Euskal Herriko musikarien joera kexaka ibiltzea da, baina esan beharra da, ene irudikoz, musika maila, diferentziaz, askoz altuagoa dela Euskal Herrian kanpoan baino. Hori ez da kasualitatez gertatu, uste dut fenomeno baten ondorio izan dela, 80ko hamarkadan izan zen euskal rock musikarena hain zuzen. Eta Euskal Herrian betidanik izan den musika-tradizioa gehitu behar diogu horri. Egia da azken urteetan akaso zertxobait jaitsi dela, baina Espainiako estatuarekin alderatuz maila askoz ere altuagoa da, bai ekoizpen agentziei bai musikariei eta taldeei dagokienez, nola soinu eta argi ekipoetan eta estudioetan zein teknikari eta abarrei buruz… Dena den, rock musikaz mintzatu naiz lerro hauetan, gainontzeko estiloek beste analisi bat beharko lukete… baina orokorrean musikaren egoera ona dela esan genezake. Hori bai, zertxobait behar dugu musikariok mailak bere horretan jarrai dezan: publiko gehixeago eta jendea etxetik atera dadin.

Fermin Muguruza kantaria zenbait herrialdetan bertako musika babesteko izaten diren irratiko kuoten aldekoa agertu izan da. Zer deritzozue?
Ongi iruditzen zait eta horren alde egin behar dugula uste dut. Guk egin dezakeguna… hori aldarrikatu, baina badakizu… erabakia beste batzuen esku dago, politikarien esku hain zuzen. Euskadi Gazteari azkenaldian hori aurpegiratu zaio: kanpoko artisten presentzia handiagoa dela Euskal Herrikoena baino. Ez dakit, baina… susmoa dut entzuleek ere eskertuko luketela hemengo musika entzunen balute.

Zuen lan berria hainbat tokitan aurkezten ari zarete. Zer moduz doakizue? DVD bat prestatzen ari zarete, ezta? Berritasun gehiagorik?
Orain artean primeran doa gauza. Uda guztian alde batetik bestera gabiltza, batez ere Euskal Herria, Katalunia, Frantzia eta Espainian. Zuk esan bezala, DVD bat prest izanen dugu irailerako eta urritik aurrera www.radioghetto.com irratsaioekin jarraitzeko asmoa dugu. Ondoren, azaroan, aurkezpenak eginen ditugu areto itxietan eta abenduan Suitza eta Alemaniara abiatuko gara.

Karrika 71. 2003ko uztaila

Karrika 71. 2003ko uztaila

Bai, ahal dugu
Nahi dugun etorkizunaren zantzuak

Leku bat munduan. Eta mundu bat eskolan. Hura aurkitu nahian, letra zopa gero eta pozoituagoarekin eginen dugu topo. G, A, B… eta berriak: I eta J, iruzurra eta jukutria, hizkuntza eredu berrien funtsa. You know, pues. Nafar Spanglish etorkizuneko mordoiloa ote? Beste alfabeto bat posible da, ordea: eredugarriena, gure herriak Duintasunez idazten jarraituko duena da.
Larreko belar hostoak. Euskarazko kultur produkzioa Nafarroan: gutxitan aipatzen den errealitate tinkoa. Euskaldun kopuru txikia izanagatik ere, mirestekoa da arragoak egun ematen diguna: 20tik gora idazle -horietako asko kalitate handikoak-, antzerki eta musika taldeak, ikerlariak… Gehiago ezagutzea merezi duen unibertso propioa.
Harri eta herri. BERRIA berri. Ekinaren ekinez, lehengo harri sendoekin zerumuga berria ari da eraikitzen herria. Irene, Kristina, Edurne, Alberto, Asier eta Euskal Herri osoan euskaldunon ahotsa ozenki zabalduko duzuen BERRIAko gainerako langile guztiei zera esan nahi dizuegu: konpromiso irmo, zabal eta kritikoan oinarritutako herri babesa ez zaizue inoiz faltako.
Elkarren beharra dugu eta harresiak jasotzeaz mintzo den gizarte amorfo honetan euskaldunok xerazko giza katea osatzen ari gara otsaileko gau hura iraganeko amesgaizto bat bakarrik izan dadin. Euskaldunok BERRIArekin, BERRIA gurekin.

“Munduan zerbait aldatu nahi bada, kontzientziaren iraultza ere egin beharko”. Kontzientzia. Barneratu ezik hitz hotza. Baina azken hilotan izan dugun kemena ez da ezerezetik sortu. Gure buruekiko leialak izateko nahia hainbat jarreratan islatu da. Ez dugu atzera egin, ez gaituzte kaletik bota, ez gara ikusezin bihurtu. Irudi luke komunitate bateko kide izatearen sentimendua biziagoa dela orain dela urte erdi baino. Badugu zer hausnartu honetaz.
Hala ere, ez dugu geure burua engainatu nahi. Eusteko eta erne egoteko garaiak dira hauek. Kontuak kontu, ez gara kikildu. Irakaspen ederra: bai, ahal da. Aurrera egin dezakegu euskalgintzako eragile guztiekin begirune handiz jokatuz eta funtzio banaketa operatiboa sortuz.
AEBetako emakume langileen mugimenduak eskatzen zuena gauzatzeko gai garela erakutsi dugu. Ogia eta arrosak: lana eta maitasuna. Horiexek izanen dira gure biharko jardunaren gakoak.



ZENBAT BURU… Sanzol
   
Orotara sei denboraldi daramatza Osasuna Futbol taldean jokatzen. Iaz Lotinarekin jokatzeko aukera gutxi izan zuen, baina aurten berak defendatu du ia igandero talde gorritxoaren atea. Aurtengo lanaren erritmo biziak ez dio euskara behar bezala ikasten utzi, baina betidanik gustukoa izan duen hizkuntza ongi ikasteko irrikan dago eta heldu den urtean Hizkuntza Eskolako hirugarren mailan arituko da berriro ere.
Elkarrizketa egin genionean oraindik ere Osasunak lehenengo mailari eutsiko ote zion ez zegoen garbi.

Jende askok ezagutzen zaitu Osasunako atezaina izateagatik, baina akaso gutxi batzuek jakinen dute euskara ikasten ari zarela. Nola sortu zitzaizun euskara ikasteko gogoa?
Betidanik izan ditut gustuko euskara, euskal kultura eta kirola. Gogoratzen dut nola txikitatik euskaraz hitz egiten entzutea asko gustatzen zitzaidan eta geroago nire kabuz zerbait ikasten hasi nintzen eta duela hiru urte hizkuntza eskolan sartu nintzen.

Zein mailatan zabiltza eta nola moldatzen zara?

Hirugarren mailan nabil baina esan behar dut aurten klase askotara faltatu naizela eta urtea gogorra egin zait. Hurrengo urtean berriz ere hirugarren maila egingo dut.

Euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko aukerarik al duzu? taldeko bertze jokalarirekin, lagunekin?

Egia esan ez gehiegi, nire neska lagunarekin hitz egiten saiatzen naiz eta taldean bakarrik Gorka De Carlosekin hitz egiten ahal dut, bera baita euskaraz dakien bakarra.

Futbolari dagokionez, iazko denboraldian ez zenuen aukera gehiegirik izan jokatzeko, baina aurtengoan Javier Aguirre entrenatzaile mexikarraren etorrerarekin titular bilakatu zara. Zer moduz moldatzen ari zara?
Nahiko ondo. Titular moduan jokatzean hainbeste denboran zehar egindako lanaren fruitua jasotzen duzu nolabait esateko. Era berean partidak jokatzeak “baloratuagoa” sentiarazten dizu. Espero dezagun denboraldiaren amaieran taldearen balorapen orokorra eta baita nirea positiboa izatea.

Talde gorritxoaren egoera neurri batean Nafarroan euskarak duen egoerarekin parekatzen ahal dela erran daiteke. Zure irudikoz, zer egin liteke gure hizkuntzaren normalizaziorantz urrats sendoak egiten joateko?
Neurri batean pareka daiteke bai, izan ere denok nahiko genuke bai euskararen egoera baita Osasunarena ere askoz hobea izatea. Hala ere, nire ustez hobe da gauzak ez nahastea. Espero dezagun denboraldiaren amaieran taldeak lehenengo mailari eustea eta euskarak ere normalizaziorantz gauza inportanteak lortzen joatea. Hemen Nafarroan euskararekiko traba eta oztopo aunitz aurkitzen jarraituko dugu eta horri erantzuteko modu onena euskara ahal dugun bakoitzean erabiltzea da.

Eta Osasunarekin zer gertatuko da? zer aldatu beharko luke taldeak aurrera egin dezan?
Hainbeste diru mugitzen den liga honetan Osasuna da lehenengo mailan aurrekontu baxuena duen taldea, beraz borrokatzeko beste arma batzuk erabili behar izaten ditugu. Lehenengo mailan dauden 20 taldeen artean mantentzea ez da batere erraza, hala ere aurten ere mailari eustea espero dugu denen onerako.

Karrika 70. 2003ko ekaina

Karrika 70. 2003ko ekaina

Egunero, ehunero, ehun euro

Egun, ero moduan bizi omen gara; ziur aski egia da, beste gauza askotan bezalaxe, neurri batean. Neurria zein den ez dakigu, baina denok dugu zerbait erotik, ez da hala?
Neurria ez, baina, erotik daukaguna bazter utzi gabe ere, funtsezkoa zer den eta zer ez den ikasi, errotik ikasi ere, beharrezkoa dugu.
Izan ere, gauza ttikiak ere funtsezko izan litezke; eta urrutira gabe, egunero-egunero, ohituraz edo, ia berezko bilakatzen zaizkigun gauza ttikiak ere funtsezko zaizkigu. Egunkaria irakurtzea bezala.
Lehen ez genuen egunkaririk, ehun ero inguru bildu eta hura sortzea deliberatu zuten arte. Gero, Egunkaria erotu ez baina errotu zen gure artean, eta funtsezko bihurtu.
Orain, Egunerotik ehun eurora ez da bide luzerik. Pauso llaburra, baina egin beharrekoa. Eta funtsezko osagai bat ere beharrezkoa da: dirua, euroak, hain zuzen. Ekainean izanen dugu gure eskuetan egunkari berria; eskatzen digute sakela astintzea, baina eskaintzen digute, lehen bezala, egunero oparia jaso ahal izatea. Ez da gutxi; gutxi ez diren bezala proiektu berriari ekin diotenak.
Egunkaria kendu zigutenean, erreakzio handia izan zen, beharrezkoa genuena kendu ziguten-eta. Berriro ekin behar, hortaz, erreakzioa akzio bihurtuz, menturaz. Ekin diezaiogun, bada, akzioak erosteari; bat erosi, ehun erosi, ehun euro. Horrela ehunduko da berriro ere egun guztiak estaliko duen gure komunikabidea. Egunkaria egunero behar baitugu, izenaz erotuko ez bagara behintzat. Astelehenetan ere bai.



ZENBAT BURU… Alberto Barandiaran
   
Euskaldunon Egunkaria itxi zutela hiru hilabete pasatxo igaro dira jada, baina ekintza horretaz arduratu zen epaileak oraindik ere sekretupean gordetzen du auzia eta sei hilabeteko itxialdia ezarri du. Orduz geroztik, euskal gizartea eta bereziki Egunkariako langileak jo eta ke ari dira lanean egunkari berria martxan jartzeko. Ekaina amaitu aitzin ezagutu ahal izanen dugu proiektu berri hori, baina, horretarako, itxieraren ondotik agertutako elkartasun hori guztia modu eraginkorrean bideratu beharko dugu guztion artean. Alberto Barandiaran Egunkariako Nafarroako ordezkaritzako koordinatzailearekin hitz egin dugu horretaz guztiaz.

Egunkaria itxi zutela hiru hilabete pasa direnean oraindik ere Irrintzi dorreko egoitzak egurrezko xaflek gurutzatua jarraitzen du. Zer-nolako egoeran zaudete une honetan langileak? eta egunkariaren egoera judiziala?
Langileak, egun, kalean gaude, batzuk langabezi saria kobratzen eta beste batzuk ezer gabe. Elkartasun kutxa osatu dugu eta, ahal bezala, aurrera egiten ari gara. Egunkariaren egoera judizialari dagokionez, ezer gutxi dakigu, epaileak noiz altxatuko duen auzia sekretupean daukalako, eta hori ez dakigulako. Bitartean, sei hilabeteko behin-behineko itxialdia agindu du egoitzetarako eta enpresarako eta guk une honetan ezin dugu ezer egin. Ez baitago akusaziorik oraindik -dena egin da aurretizko diligentzien barruan-.

Egunkaria itxi ondotik, Euskarazko Komunikazio Taldea sortu duzue Egunkariako langileek, ekaina amaitu aitzin karrikaratuko duzuen proiektu berria martxan jartzeko. Nafarroan nola koordinatzen ari zarete proiektu berriaren prestaketa lanak?
Nafarroako langileak, egun, bi zereginetan ari gara. Egunero egunkaria egunero kaleratzen, alde batetik, eta akzioak biltzeko kanpaina kudeatzen, bestetik. Egunkaria itxi zenetik, giza taldeari eutsi diogu, eta hori da zailena. Hortik abiatuta, eta 13 urteko lana, kontuan hartuta ardura hartu dugu kalean egunkari berri bat jartzeko. Baina, horretarako dirua behar da, eta hori biltzen ari gara orain, akzioen bidez.

Itxieraren aurka erakutsitako indarra proiektu berrira bideratzearen beharraz solasten zen lehengoan Joanmari Larrarte zuen lankidea. Elkartasun ekimenak han eta hemen egin dira, baina zer egin dezake une honetan laguntza emateko prest dagoen edozein lagunek?
Orain elkartasun hori bideratzeko modurik onena akziodun izatea da. Kontuan hartu behar da itxi ziguten egunkariak ia 60 orri kaleratzen zuela egunero, zortzi gehigarri zuela, tokiz tokiko bi gehigarri, eta 160 langile. 15.000 ale saltzen zituela. Hori guztia orain berriro martxan jartzeko, azpiegitura osoa abiatu behar dugu berriro, eta horretarako
laguntza dirua da, egun.

Akzio salmenta egiten hasi zarete eta helburua bost milioi euro lortzea da. Zer egin behar da akziodun izateko eta zer moduz doa kanpaina?
Akzioduna izateko, akzioak erosi behar dira noski. 50 eta 300 eurokoak daude, eta norbanakoak edo taldeek hartu ditzakete. Horretarako badira herri guztietan batzordeak, eta Iruñean, zehazki, Karrikirin -ostegunetan- edo Horrela dendan badira akzioduna izateko orriak. Halaber, Internetez egin daiteke -www.ektsa.net-, edo telefonoz -943 303555-943303554-635733385-635733386-. Akzio salmenta, egia esanda, motel doa. Badago ustea elkartasun handia jaso dela toki guztietatik, eta nolabait egina dagoela, egunkari berria kalean egongo dela ekainean, baina garbi esan behar da: elkartasun hori konpromiso bihurtzeko dugun ahalmenaren araberako egunkaria izango dugu ekainean.

Arestian aipatu bezala, egunkari berria ekaina baino lehen aurkeztuko da eta hainbat festa eta ekitaldi burutuko da Euskal Herriko hainbat txokotan. Nafarroan ekainaren 7an eginen da. Zer prestatzen ari zarete?
Ekainaren 7an jai handia egingo da Iruñean, besteak beste Karrikiri elkartearen laguntzaz. Musika egongo da goizean goizetik, erakusketa paratuko da Sarasate Pasealekuan, hitzaldia egongo da Martxelo Otamendirekin eta gero hainbat idazlek minutu bateko manifestuak irakurriko dituzte Sarasaten bertan, elkartasuna adierazteko. Gero bazkaria izango da Gaztetxean, eta arratsaldean jaialdia, Karrika gurea da lelopean.

Proiektu berria Egunkariak zituen ezaugarri berberetatik abiatzeko asmoa duzue, ezta?
Guk garbi genuen hasieratik lehengo langileek egon behar genuela hor, eta aurreko proiektuari eutsi behar geniola. Esan daiteke, beraz, oinarria Euskaldunon Egunkaria izango dela.

Itxieraren ondotik, harpidetza kopurua dezente igo da. Lagun horien etorkizuneko konpromisoa egunkari berriarekin lotzea garrantzitsua izanen da proiektu sendoa bilakatu dadin.
Ezinbestekoa. Hamahiru urtetan lortu genuen sendotasuna egun bakar batean kendu baziguten ere, helburua da hasieratik oinarri finkoekin abiatzea berriro, duela hamahiru urteko hasiera zaila hura ez errepikatzeko . Beraz, harpidetzak eta salmenten igoerak, horiek lagunduko dute, bistan da, egunkari indartsu bat lehen unetik abiatzen.