Egunero, ehunero, ehun euro
Egun, ero moduan bizi omen gara; ziur aski egia da, beste gauza askotan bezalaxe, neurri batean. Neurria zein den ez dakigu, baina denok dugu zerbait erotik, ez da hala?
Neurria ez, baina, erotik daukaguna bazter utzi gabe ere, funtsezkoa zer den eta zer ez den ikasi, errotik ikasi ere, beharrezkoa dugu.
Izan ere, gauza ttikiak ere funtsezko izan litezke; eta urrutira gabe, egunero-egunero, ohituraz edo, ia berezko bilakatzen zaizkigun gauza ttikiak ere funtsezko zaizkigu. Egunkaria irakurtzea bezala.
Lehen ez genuen egunkaririk, ehun ero inguru bildu eta hura sortzea deliberatu zuten arte. Gero, Egunkaria erotu ez baina errotu zen gure artean, eta funtsezko bihurtu.
Orain, Egunerotik ehun eurora ez da bide luzerik. Pauso llaburra, baina egin beharrekoa. Eta funtsezko osagai bat ere beharrezkoa da: dirua, euroak, hain zuzen. Ekainean izanen dugu gure eskuetan egunkari berria; eskatzen digute sakela astintzea, baina eskaintzen digute, lehen bezala, egunero oparia jaso ahal izatea. Ez da gutxi; gutxi ez diren bezala proiektu berriari ekin diotenak.
Egunkaria kendu zigutenean, erreakzio handia izan zen, beharrezkoa genuena kendu ziguten-eta. Berriro ekin behar, hortaz, erreakzioa akzio bihurtuz, menturaz. Ekin diezaiogun, bada, akzioak erosteari; bat erosi, ehun erosi, ehun euro. Horrela ehunduko da berriro ere egun guztiak estaliko duen gure komunikabidea. Egunkaria egunero behar baitugu, izenaz erotuko ez bagara behintzat. Astelehenetan ere bai.
ZENBAT BURU… Alberto Barandiaran
Euskaldunon Egunkaria itxi zutela hiru hilabete pasatxo igaro dira jada, baina ekintza horretaz arduratu zen epaileak oraindik ere sekretupean gordetzen du auzia eta sei hilabeteko itxialdia ezarri du. Orduz geroztik, euskal gizartea eta bereziki Egunkariako langileak jo eta ke ari dira lanean egunkari berria martxan jartzeko. Ekaina amaitu aitzin ezagutu ahal izanen dugu proiektu berri hori, baina, horretarako, itxieraren ondotik agertutako elkartasun hori guztia modu eraginkorrean bideratu beharko dugu guztion artean. Alberto Barandiaran Egunkariako Nafarroako ordezkaritzako koordinatzailearekin hitz egin dugu horretaz guztiaz.
Egunkaria itxi zutela hiru hilabete pasa direnean oraindik ere Irrintzi dorreko egoitzak egurrezko xaflek gurutzatua jarraitzen du. Zer-nolako egoeran zaudete une honetan langileak? eta egunkariaren egoera judiziala?
Langileak, egun, kalean gaude, batzuk langabezi saria kobratzen eta beste batzuk ezer gabe. Elkartasun kutxa osatu dugu eta, ahal bezala, aurrera egiten ari gara. Egunkariaren egoera judizialari dagokionez, ezer gutxi dakigu, epaileak noiz altxatuko duen auzia sekretupean daukalako, eta hori ez dakigulako. Bitartean, sei hilabeteko behin-behineko itxialdia agindu du egoitzetarako eta enpresarako eta guk une honetan ezin dugu ezer egin. Ez baitago akusaziorik oraindik -dena egin da aurretizko diligentzien barruan-.
Egunkaria itxi ondotik, Euskarazko Komunikazio Taldea sortu duzue Egunkariako langileek, ekaina amaitu aitzin karrikaratuko duzuen proiektu berria martxan jartzeko. Nafarroan nola koordinatzen ari zarete proiektu berriaren prestaketa lanak?
Nafarroako langileak, egun, bi zereginetan ari gara. Egunero egunkaria egunero kaleratzen, alde batetik, eta akzioak biltzeko kanpaina kudeatzen, bestetik. Egunkaria itxi zenetik, giza taldeari eutsi diogu, eta hori da zailena. Hortik abiatuta, eta 13 urteko lana, kontuan hartuta ardura hartu dugu kalean egunkari berri bat jartzeko. Baina, horretarako dirua behar da, eta hori biltzen ari gara orain, akzioen bidez.
Itxieraren aurka erakutsitako indarra proiektu berrira bideratzearen beharraz solasten zen lehengoan Joanmari Larrarte zuen lankidea. Elkartasun ekimenak han eta hemen egin dira, baina zer egin dezake une honetan laguntza emateko prest dagoen edozein lagunek?
Orain elkartasun hori bideratzeko modurik onena akziodun izatea da. Kontuan hartu behar da itxi ziguten egunkariak ia 60 orri kaleratzen zuela egunero, zortzi gehigarri zuela, tokiz tokiko bi gehigarri, eta 160 langile. 15.000 ale saltzen zituela. Hori guztia orain berriro martxan jartzeko, azpiegitura osoa abiatu behar dugu berriro, eta horretarako
laguntza dirua da, egun.
Akzio salmenta egiten hasi zarete eta helburua bost milioi euro lortzea da. Zer egin behar da akziodun izateko eta zer moduz doa kanpaina?
Akzioduna izateko, akzioak erosi behar dira noski. 50 eta 300 eurokoak daude, eta norbanakoak edo taldeek hartu ditzakete. Horretarako badira herri guztietan batzordeak, eta Iruñean, zehazki, Karrikirin -ostegunetan- edo Horrela dendan badira akzioduna izateko orriak. Halaber, Internetez egin daiteke -www.ektsa.net-, edo telefonoz -943 303555-943303554-635733385-635733386-. Akzio salmenta, egia esanda, motel doa. Badago ustea elkartasun handia jaso dela toki guztietatik, eta nolabait egina dagoela, egunkari berria kalean egongo dela ekainean, baina garbi esan behar da: elkartasun hori konpromiso bihurtzeko dugun ahalmenaren araberako egunkaria izango dugu ekainean.
Arestian aipatu bezala, egunkari berria ekaina baino lehen aurkeztuko da eta hainbat festa eta ekitaldi burutuko da Euskal Herriko hainbat txokotan. Nafarroan ekainaren 7an eginen da. Zer prestatzen ari zarete?
Ekainaren 7an jai handia egingo da Iruñean, besteak beste Karrikiri elkartearen laguntzaz. Musika egongo da goizean goizetik, erakusketa paratuko da Sarasate Pasealekuan, hitzaldia egongo da Martxelo Otamendirekin eta gero hainbat idazlek minutu bateko manifestuak irakurriko dituzte Sarasaten bertan, elkartasuna adierazteko. Gero bazkaria izango da Gaztetxean, eta arratsaldean jaialdia, Karrika gurea da lelopean.
Proiektu berria Egunkariak zituen ezaugarri berberetatik abiatzeko asmoa duzue, ezta?
Guk garbi genuen hasieratik lehengo langileek egon behar genuela hor, eta aurreko proiektuari eutsi behar geniola. Esan daiteke, beraz, oinarria Euskaldunon Egunkaria izango dela.
Itxieraren ondotik, harpidetza kopurua dezente igo da. Lagun horien etorkizuneko konpromisoa egunkari berriarekin lotzea garrantzitsua izanen da proiektu sendoa bilakatu dadin.
Ezinbestekoa. Hamahiru urtetan lortu genuen sendotasuna egun bakar batean kendu baziguten ere, helburua da hasieratik oinarri finkoekin abiatzea berriro, duela hamahiru urteko hasiera zaila hura ez errepikatzeko . Beraz, harpidetzak eta salmenten igoerak, horiek lagunduko dute, bistan da, egunkari indartsu bat lehen unetik abiatzen.