Bai, ahal dugu
Nahi dugun etorkizunaren zantzuak
Leku bat munduan. Eta mundu bat eskolan. Hura aurkitu nahian, letra zopa gero eta pozoituagoarekin eginen dugu topo. G, A, B… eta berriak: I eta J, iruzurra eta jukutria, hizkuntza eredu berrien funtsa. You know, pues. Nafar Spanglish etorkizuneko mordoiloa ote? Beste alfabeto bat posible da, ordea: eredugarriena, gure herriak Duintasunez idazten jarraituko duena da.
Larreko belar hostoak. Euskarazko kultur produkzioa Nafarroan: gutxitan aipatzen den errealitate tinkoa. Euskaldun kopuru txikia izanagatik ere, mirestekoa da arragoak egun ematen diguna: 20tik gora idazle -horietako asko kalitate handikoak-, antzerki eta musika taldeak, ikerlariak… Gehiago ezagutzea merezi duen unibertso propioa.
Harri eta herri. BERRIA berri. Ekinaren ekinez, lehengo harri sendoekin zerumuga berria ari da eraikitzen herria. Irene, Kristina, Edurne, Alberto, Asier eta Euskal Herri osoan euskaldunon ahotsa ozenki zabalduko duzuen BERRIAko gainerako langile guztiei zera esan nahi dizuegu: konpromiso irmo, zabal eta kritikoan oinarritutako herri babesa ez zaizue inoiz faltako.
Elkarren beharra dugu eta harresiak jasotzeaz mintzo den gizarte amorfo honetan euskaldunok xerazko giza katea osatzen ari gara otsaileko gau hura iraganeko amesgaizto bat bakarrik izan dadin. Euskaldunok BERRIArekin, BERRIA gurekin.
“Munduan zerbait aldatu nahi bada, kontzientziaren iraultza ere egin beharko”. Kontzientzia. Barneratu ezik hitz hotza. Baina azken hilotan izan dugun kemena ez da ezerezetik sortu. Gure buruekiko leialak izateko nahia hainbat jarreratan islatu da. Ez dugu atzera egin, ez gaituzte kaletik bota, ez gara ikusezin bihurtu. Irudi luke komunitate bateko kide izatearen sentimendua biziagoa dela orain dela urte erdi baino. Badugu zer hausnartu honetaz.
Hala ere, ez dugu geure burua engainatu nahi. Eusteko eta erne egoteko garaiak dira hauek. Kontuak kontu, ez gara kikildu. Irakaspen ederra: bai, ahal da. Aurrera egin dezakegu euskalgintzako eragile guztiekin begirune handiz jokatuz eta funtzio banaketa operatiboa sortuz.
AEBetako emakume langileen mugimenduak eskatzen zuena gauzatzeko gai garela erakutsi dugu. Ogia eta arrosak: lana eta maitasuna. Horiexek izanen dira gure biharko jardunaren gakoak.

ZENBAT BURU… Sanzol
Orotara sei denboraldi daramatza Osasuna Futbol taldean jokatzen. Iaz Lotinarekin jokatzeko aukera gutxi izan zuen, baina aurten berak defendatu du ia igandero talde gorritxoaren atea. Aurtengo lanaren erritmo biziak ez dio euskara behar bezala ikasten utzi, baina betidanik gustukoa izan duen hizkuntza ongi ikasteko irrikan dago eta heldu den urtean Hizkuntza Eskolako hirugarren mailan arituko da berriro ere.
Elkarrizketa egin genionean oraindik ere Osasunak lehenengo mailari eutsiko ote zion ez zegoen garbi.
Jende askok ezagutzen zaitu Osasunako atezaina izateagatik, baina akaso gutxi batzuek jakinen dute euskara ikasten ari zarela. Nola sortu zitzaizun euskara ikasteko gogoa?
Betidanik izan ditut gustuko euskara, euskal kultura eta kirola. Gogoratzen dut nola txikitatik euskaraz hitz egiten entzutea asko gustatzen zitzaidan eta geroago nire kabuz zerbait ikasten hasi nintzen eta duela hiru urte hizkuntza eskolan sartu nintzen.
Zein mailatan zabiltza eta nola moldatzen zara?
Hirugarren mailan nabil baina esan behar dut aurten klase askotara faltatu naizela eta urtea gogorra egin zait. Hurrengo urtean berriz ere hirugarren maila egingo dut.
Euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko aukerarik al duzu? taldeko bertze jokalarirekin, lagunekin?
Egia esan ez gehiegi, nire neska lagunarekin hitz egiten saiatzen naiz eta taldean bakarrik Gorka De Carlosekin hitz egiten ahal dut, bera baita euskaraz dakien bakarra.
Futbolari dagokionez, iazko denboraldian ez zenuen aukera gehiegirik izan jokatzeko, baina aurtengoan Javier Aguirre entrenatzaile mexikarraren etorrerarekin titular bilakatu zara. Zer moduz moldatzen ari zara?
Nahiko ondo. Titular moduan jokatzean hainbeste denboran zehar egindako lanaren fruitua jasotzen duzu nolabait esateko. Era berean partidak jokatzeak “baloratuagoa” sentiarazten dizu. Espero dezagun denboraldiaren amaieran taldearen balorapen orokorra eta baita nirea positiboa izatea.
Talde gorritxoaren egoera neurri batean Nafarroan euskarak duen egoerarekin parekatzen ahal dela erran daiteke. Zure irudikoz, zer egin liteke gure hizkuntzaren normalizaziorantz urrats sendoak egiten joateko?
Neurri batean pareka daiteke bai, izan ere denok nahiko genuke bai euskararen egoera baita Osasunarena ere askoz hobea izatea. Hala ere, nire ustez hobe da gauzak ez nahastea. Espero dezagun denboraldiaren amaieran taldeak lehenengo mailari eustea eta euskarak ere normalizaziorantz gauza inportanteak lortzen joatea. Hemen Nafarroan euskararekiko traba eta oztopo aunitz aurkitzen jarraituko dugu eta horri erantzuteko modu onena euskara ahal dugun bakoitzean erabiltzea da.
Eta Osasunarekin zer gertatuko da? zer aldatu beharko luke taldeak aurrera egin dezan?
Hainbeste diru mugitzen den liga honetan Osasuna da lehenengo mailan aurrekontu baxuena duen taldea, beraz borrokatzeko beste arma batzuk erabili behar izaten ditugu. Lehenengo mailan dauden 20 taldeen artean mantentzea ez da batere erraza, hala ere aurten ere mailari eustea espero dugu denen onerako.