Arrosaren gainean hegan

Ekialde urruneko herrixka batean gertatua da. Tenplu txiki eta ikusgarri bateko zirrikituetatik uso bat sartu zen. Barruan, horma guztiak ispiluz josita zeuden eta haietan tenpluaren erdian zegoen arrosa eder baten irudia islatzen zen.
Usoak lorearen gainean pausatzeko deliberoa hartu eta irudi horiek arrosatzat joz hasi zen behin eta berriz haien aurka jotzen. Baina, arrosa bereganatu beharrean, hormen kontrako kolpeak bakarrik jasotzen zituen.
Halako batean gure usoa, zeharo abailduta, behera erori zen. Non eta benetako arrosaren gainean erori ere.
Gizakien artean, bestalde, ez da jokamolde arrotza. Ameskeriei segika, irudia errealitatetzat hartzen dugu maiz eta gure benetako nortasunaren gainean gabiltza, nora ezean.
Euskaltzaleon etxean ere ez dugu hormen aurka jo beharrik arrosa aurkitzeko. Agerian dago aldean behin ispiluek proiekzio ikusgarriak islatzen dituztela, gure bizi-indarren adierazle direnak: ospakizun jendetsuak egiten ditugu, ezagutzan aurrerapausoak egiten dira, euskarazko produktuen eskaintza inoiz baino oparoagoa da, euskararen aldeko jarrera positiboa nagusi omen da gizartean… Euskaltzaletasuna irudi itxurosoak sortzeko gai da, baina ez gaitezen itsu; ez dezagun ahatz itxura ez dela azken helburua eta erakusleiho txukunaren atzetik zaindu beharreko lore bat dugula: erabilera bizia gure ibileran.
Liburu asko argitaratzea aberasgarria da betiere azoketako, dendetako edota etxeko apalategietan hautsa biltzen uzten ez baditugu. Aldeko jarrerak ez du bidean trabarik jartzen, baina, nola uler daiteke norbaiten edo zerbaiten alde egotea ongi ezagutu, maitatu eta harekin egon nahi izan gabe? Ezagutzaren datua, garrantzitsua izan arren, ez da balio handikoa erabilera ohiko parametroetan mantentzen bada. Bati baino gehiagori urtean zeharreko hainbat ekitalditara joate hutsarekin euskaltzale zintzoaren kuota betetzen duela iruditzen bazaio, hausnartu dezala indar erakustaldien eta ospakizunen erritualetik kanpoko bizitzaz: euskaraz egiteko aukerak bilatzen al ditut? Euskaraz bizi nahi al dut?
Errealitatea, arrosaren moduan, era askotara isla daiteke. Baina gogora dezagun normalizazioaren bidean egiten ditugun urratsak euskaraz bizi nahi dugulako egiten ditugula. Hori da gure helburua eta irudi horiek guztiak proiektatzen dituen arrosa: euskaraz bizi nahi izatea. Euskara guretzat ez da onarpen soziala behar duen ikur afektibo soila, bizitzeko egunero aukeratzen dugun bidea baizik. Sinboloen presentzia alda daiteke garaien eta agintean daudenen arabera, baina gu ez gara sinbolo soil bat defendatzen ari, ez dugu ispiluen jabe izan nahi. Guk arrosa nahi dugu.



ZENBAT BURU… Unai Elorriaga

“Alessandro Bariccok Mozarten kontzertu bat ikusten dugunean marka bat erosten dugula esaten du. Kasu honetan, niri tokatu zait marka izatea”

Abenduaren 13an, ‘Liburuak irakurriz dibertitzen gara’ ekimenaren barruan, Unai Elorriaga gure artean izan zen. Zaldiko Maldikon emandako hitzaldian, 1973an jaiotako idazle algortarra topikoetatik haratago joan zen eta, berriki jasotako Narratiba sariaz gain, literaturaz, bizitzaz eta sentimenduez mintzatu zitzaigun.
Unai Elorriaga Filologian lizentziatua da eta Labayru Ikastegian itzultzaile ari da. Kolaborazioak egiten ditu zenbait hedabidetan, hala nola Idatz & Mintz aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian. Bigarren nobela egina dauka jada eta heldu den martxoan liburu dendetan izango dugu: “Vant Hoffen ilea”.

Pentsatzekoa da halako saria jasotzeak zure bizitza nolabait aldatuko zizula; hemendik aurrerako jardun literarioa eta idazteko moldea ere baldintzatuko dizkizula uste duzu?
Ez dut uste. Nik lehendik ere badakit zer bide hartu eta nondik noan; ez dakit bide ona edo txarra den, baina bide horri eutsiko diot. Beharbada, bigarren liburua atera eta hirugarrena eta abar… inoiz horretatik bizi baldin banaiz eta nire bizibidea publikatzea eta saltzea baldin bada, beharbada horrek aldatuko du. Oraingoz ez, oraingoz nire lana daukat eta lanean jarraituko dut eta idatzi nahi dudana idatziko dut eta berdin dit arrakasta daukan edo ez daukan.

Nola ikusten duzu euskal literaturak azken urteotan izaniko bilakaera? Gazteok egiten duzuen literaturak iraultza ekarri al du euskal letretara edo gehiegi esatea da hori?

Ez dakit, beti esan dut: horiek kritikarien kontuak dira. Iraultzak, mugimendu berriak… Nik uste dut mugimenduena-eta asmakizuna dela, hori hasteko. Gainera idazle bakoitzak bere etxean idazten du, sortzen du, zer edo zer dotorea sortzen ahalegina egiten du eta bat-batean, holako bi edo hiru idazle on ateratzen badira, idazle ona izatea ere zer den ez dakigu, baina, batzuetan ateratzen badira, ez dut uste mugimenduak-eta aipatu behar direnik, azken batean. Eta nola ikusten dudan egoera? Ba, denetarik dago; nire ustez, idazle onak daude, oso onak, edonon publikatuz gero idazle onak izango liratekeenak, esate baterako, Harkaitz Cano eta abar. Eta badira beste batzuk, nire iritziz, nire gusturako, oso-oso txarrak direnak. Orduan, paisaia osoa zelan dagoen, ez dakit, zeren ez naiz kritikaria eta, gainera, ez daukat jakiteko interes berezirik, nik neurea egiten dut.

Badirudi irakurtzea ez dela gizartean arrakasta handirik duen jarduera eta gazteen artean gutxi hitz egiten omen da literaturaz. Zuk egindako lanak erakarri al du jende gehiago euskal literaturaren mundura?
Ez dakit, nik ez nuke esango nire liburuak hori lortuko duenik. Nire liburua saltzen ari da horren inguruan marketing handia dagoelako hain zuzen ere, sariaren inguruan alde batetik, gero horrek dakarrenaren inguruan, Durangoko Azokaren inguruan… Lehengo egunean Durangoko Azokan izan nintzen eta mundu guztiak erosten du liburua: zaharrek, gazteek… Horrek zer esan nahi du bada? Literatura zabaltzen ari dela? Ez, prentsa eta beste komunikabideak zabaltzen ari direla esan nahi du horrek. Prentsa, irratia, telebista, egunkariak eta abar zabaltzen ari direla eta mundu guztiak irakurtzen duela nire izena eta horregatik erosi behar duela; nire izena erosten ari da. Alessandro Bariccok, esate baterako, Kafka marka bat dela esaten du, edo Mozart marka bat dela, eta guk Mozarten kontzertu bat ikusten dugunean marka bat erosten dugula. Gero kalitaterik dagoen edo ez dagoen ez dakigu, hori marka bat da. Eta kasu honetan niri tokatu zait marka izatea. Baina horrek zer ekarriko duen edo horrek zaletasuna ekarriko duen ez dakit.

Badirudi Durangoko Azoka erreferentzia bilakatu dela euskaraz bizi den gizartean. Baina, zure ustez, euskaldunok kontsumitzen eta gozatzen al ditugu euskal produktu literarioak edo su artifizialek itsutzen gaituzte?
Bietatik egongo da, ezta? Neurri batean egongo da ohitura hori, hau da, behintzat hori ez da leku askotan gertatzen. Hainbeste jende hain leku txikian erakartzea –Euskal Herria leku txikia da–, liburuaren inguruan oso arraroa da hori eta behintzat jendea hurbiltzen ari da. Hori egia da. Baina segur aski egongo da bestetik ere, hau da, piroteknia nabarmena egongo da. Hor azken batean dirua dago jokoan eta, dirua dagoenean, beste interes batzuk daude eta puztu nahi bada puztu egingo da eta beti dakigu gauzak puzten direnean barruan ez dela gauza askorik egoten. Baina puztutako hori txikitzen denean, beti geldituko da zer edo zer. Bertsotan ere hala gertatu zen: garai batean puztu zen eta gaur egun beharbada ez da hainbeste zale egongo, baina puzketa edo boom horren aurretik baino gehiago egongo dira. Bada, literaturan gauza bera.

Itzulpengintzan ibiltzen zara. Zure ustez zein da euskal literaturan itzulpengintzak hartu behar duen garrantzia?
Itzulpengintzan zera egin behar da, kalitatez hobetu, ez kantitatez. Azkenaldian ematen du kantitatea dela garrantzitsuena eta kantitatea ere behar da, baina uste dut kalitatea betiere behar dela, eta kalitatea diodanean ez diot euskararen kalitatea. Euskararen kalitatea badago: oso itzulpen onak egiten dira, aldizkarietan, egunkarietan, e.a. oso itzulpen onak agertzen dira. Baina gauza bat da itzulpen arrunta –kazetarien itzulpena edo administrazioko testuen itzulpena– eta beste kontua da literatura itzulpena. Eta nik uste dut hor gainditu gabeko asignatura handia dagoela, nabarmena. Nik oso itzulpen gutxi irakurtzen ditut, baina irakurri ditudanak oso eskasak dira. Ez dut esaten nik hobeto egingo nukeenik, seguru asko ez nituzke egingo, baina hor lantzeko gauza asko dago. Oso itzulpen zuzenak egiten dira, euskararen aldetik oso aberatsak, baina, literaturaren aldetik, ez dira irakurlea seduzitzeko egiten. Gehiago gauza ederra, gauza aberatsa, egiteko, euskararen aldetik gauza zuzena, itxurosoa, baina ez da seduzitzeko kapaz, nik irakurri dudan apurra behintzat.