Maiatzaldia komunikabideetan!!

Atzoko Egunez egun Iruñerriko hotsak eta zaratak Xaloako programan Karrikiriko Ondarru egon zen eta Maiatzaldiari buruz gustura hitz egin zuen. Ezin izan bazenu telebistan ikusi, hementxe uzten dizugu eginiko elkarrizketa.

Eta bestetik, gaur goizean Euskalerria irratiko Metropoli foralan egon gara. Podkasta entzuteko lotura honetan sakatu (1:06:40 min. aurrera).  Jakinen duzun bezala, gaur arratsaldean hasiera emanen diogu Iruñea Baiona Maiatzaldiari, eta gurekin, Xan Aire izanen dugu “Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik”. Arratsaldeko 19:00etan, Karrikiri euskal dendan.

 

Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan, Xan Aireren eskutik

Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan, Xan Aireren eskutik

Maiatzaren 10ean, asteazkenarekin, arratsaldeko 19:00etan emanen diogu hasiera Maiatzaldiari.

Gurekin Xan Aire izanen dugu “Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik” hitzaldiarekin.

Euskalgintzaren lurralde arteko harremanez aritu zen Seaskako teknikaria urtarrilean Durangon antolatutako Topaldian (goian bideoa), eta horri lotuta, lurraldeen arteko harremanak aztertuko ditu heldu den asteazkeneko hitzaldian.

Maiatzaldiak euskaratik eta euskaraz egindako egitaraua eskaintzen digu: Baiona eta Iruñea arteko kultur harremanak sendotzeko eta kultur erakusleiho izateko.

Hitzaldia: “Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik” Xan Aire, Seaskako Teknikaria.

Noiz: maiatzaren 10ean, asteazkenarekin

Ordua: 19:00etan

Non: Karrikiri Euskaldunon Topagunean (Xabier karrika 4, Iruñea)

Maiatz 2017

Xan Aire. Seaskako Teknikaria.

Xan Aire. Seaskako Teknikaria.

Xan Aire
Xan aurtengo Topaldian entzuteko parada izan genuen. Euskalgintzaren lurralde arteko harremanez aritu zen eta ideia kritiko, interesgarri eta baliagarriak bota zituen. Gurera gonbidatu dugu (eta berak onartu), Iruñean ere harekin solasteko aukera izango dugu beraz.
Hemen duzue hitzordua: maiatzaren 10ean izango da gurean, Karrikiri Euskal Dendan,“Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik” Maiatzaldia 2017ko hitzaldian.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Historia sakona, munduan entzun eta mintzatu (omen) dudan lehen hizkuntza delako. Frantses eskola elebakarrean izan naiz, etxean frantsesez egitea debekatua genuelarik: burasoen hautu hori funtsezkoa izan da, ene adinkideak euskara galtzen ikusi baititut poliki-poliki. Hala ere, euskara bakarrik etxeari identifikatzea ez zait erraza izan, batez ere nerabezaroan euskarari lotzeko: beharrik Negu Gorriak bezalako talde indartsua agertu zela! Berant arte ez dut sentitu euskaraz lan egitearen beharra: gaur egun, ez dezaket bertze bizimolderik irudika.

Nola ikusten da Iruñea Urepeletik?

Gazteetan, uste dut nagusiki bi ikusmolde badaudela: Pampelunera doazenak, eta Iruñeara doazenak. Estafeta karrikako urdaiazpiko tabernan eguna eta gaua finko pasatuko dutenak, eta San Nikolaseko pintxoetan, Nabarreriako poteoetan, Jarautako zuloetan galduko direnak. Urepeldar xaharrek, Iruñeko feriak ukanen dituzte oraindik gogoan, nahiz-eta harreman gehiena Elizondorekin zuten, batez ere ekonomikoki. Pertsonalki, hurbilago sentitzen dut Iruñea Baiona baino, batez ere berriz Urepelen bizi naizenetik.

Nola uste duzu ikusten dela Urepel Iruñetik?

Gogotik jakinen nuke zer ikuspegi dauden: zuei erratea! Hala ere, pentsatzen dut euskaltzaleek Xalbadorri lotuko dutela lehenik. Baina apustu eginen nuke gehienak ez dakiela Urepele soilik 45 minutura dagoela, Urkiagako pagadietatik zein Sorogaineko parrilletatik 10 minutura. Ez da nehori errua botatzea kontua: gaurko zibilizazioan, hiria erakargarriago izaten da, 300 biztanleko herria baino, nahiz-eta Aldudeko ibarra biziberritze prozesu interesgarrian izan.

Badugu elkarri zer ikasi?

Uste dut bi munduen arteko konfrontazioa dela interesgarriena. Mendian anitz ikas dezake hiritarrak: denboraren pertzepzioa diferentea da, tarte gehiago ukan daiteke begirada pausatzeko. Horrez gain, uste dut Urepele ez dela euskara ikasteko toki txarra: Nafarroa Garaiko biztanle batzuk ikusi ohi dira AEK-ko udako barnetegietan hemen. Bururatu ere izan zaigu zergatik ez, egun batez, antolatu Lazkaon bezalako programa bat: euskaldundu nahi duen hiritarra, gure baserrietara ekarraraztea. Aitzakia horrekin, urepeldarrek ere euskara atxiki dezaten familian… Alduden, badago aterpetxe bat itxirik dagoena azken urteotan: haur eta gazteekin ere, balitzateke zerbait egiteko, euskara eta natura uztartuz… Baina hiritarren bultzada behar, horretarako: ez dugu guhaurrek eginen! Dena den, “mugaz gaindiko” deitu harremanak ez genituzke gutietsi behar euskararen biziberritzerako bidean: erabilpenaren berme dira, euskara hizkuntza komuntzat hautatzen badugu behintzat.

Iruñea eta Baiona arteko harremanak ehundu nahian gabiltza, nondik jo beharko genuke zure ustez?

Ez naizenez ez batean, ez bertzean bizi, begi onez ikusiko nuke prozesu parte-hartzaile bat: talde-eragile bat finkatu, gogoeta-koadro bat ontsa definitu, bi hirietako biztanleei ideiak ateratzeko parada eman; horietatik, lehentasunak elkarrekin adostu, eta egingarrienetatik hasi. Elkar ezagutuz bezala, sinergia berriak topatuko dira bidean. Ahantzi gabe internetek ere anitz lagundu dezakeela giro bat atxikitzen.

Zertan oinarritu daiteke harreman hori?

Lehentasunetan, emanen nuke euskararen eta euskal kulturaren biziberritzeak dakarren sakontasuna eta elkartasuna: egoera nekeetan bizitzea tokatzen zaie euskaldun baiones zein iruñarrei; antzekotasun handiak dauzkaten egoerak, ene ustez. Hortik hasten da imaginario komun zerbait, eta bakoitzak lortu du horri aurre egitea bere moldera: euskara elkarteen inguruko mugimendu antolatua Iruñean, Libertimendua deituriko artedrama konplexu bezain politikoa Baionan, gazteria erakarri duena… Ez ote dugu hor jakintza zerbait elkar trukatzeko?

Eta zer da egin behar EZ genukeena?

Otoi, ez egin giputxek bezala: ez jin Iparraldea salbatzera!! karkarkar

Maiatzaren 10ean gure artean egongo zara, zer helbururekin? Ideia nagusiak aurreratzerik bai?

Joan den urtarrileko Topaldian, Durangon, hitzalditxoa eman nuen lurraldeen arteko harremanaz euskalgintzan: Seaskako teknikari gisa, azpimarratu ditut ikusi ditudan mugak, baita etorkizun hurbilerako lan-pistak. Euskal jakobinismoa deituko nukeen estrategiak ez nau konbentzitu, bai gehiago tokian tokikotik abiatu dinamikak, puntan unibertso komuna osatu nahi baldin badu. Funtsezkoa zait hizkuntza proiektu zerbait lokalki eta politikoki sustraitzea, globalki eragiteko, batez ere trukaketaren haritik josiko genukeen mugimendua konposatzeko. Ikuspegi kritiko hori dut Iruñean ere konfrontatuko: espero dut galderak eta oharrak eraginen dituela.

Eta azkenik, denei egiten dizuegun galdera, baduzu gomendio literario edo musikalik gure irakurleendako?

Azken urteotan, talde batek oihartzun berezia eragin dit barrenetan: Lumi bikote lapurtarrak. Elektro-pop estiloan dabiltzala diote, baina uste dut ur zaharretik franko edaten dutela, nahiz-eta gaurko estetikan kabitzen den zerbait eskaini. Collage artifizial zerbait izan zitekeen, baina antzaldatzetik gehiago du, biziberritzetik, ontzen ari den zapore bereziko fruitu gazi-gozoa, berria bezain eternala. Baxenabarreko Kanaldude herri telebistak emankizun bat eskaini zion, iaz: http://www.kanaldude.tv/Hertzetan-5-Lumi_v4132.html

 

Maiatz 2017

 

Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan, Xan Aireren eskutik

Iruñea Baiona Maiatzaldia 2017

Maiatz 2017

Hitzaldiak, umore saioak, liburu aurkezpenak, errezitaldiak, mahai inguruak.

Iruñeko eta Baionako hainbat lekutan izango dira ekitaldiak. Iruñean:  Karrikiri Euskaltzaleen Topagunean, Zaldiko Maldikon eta Kondestablearen Jauregian. Baionan: Euskal Museoan eta Zizpa Gaztetxean.

Iruñea eta Baiona arteko kultur harremanak sendotuak datoz aurtengoan. II. Maiatzaldi honetarako lagun, adiskide eta elkarte gehiago batu zaizkigu. Iruñea eta Baionaren arteko harremanak sakontzen eta zabaltzen joan nahi dugu, Maialen Lujanbiok esango lukeen bezala euskaratik eta euskaraz.

Bi hiri hauen arteko kultur sorkuntzaren eskaparatea izan nahi du Maiatzaldiak. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, mahai inguruak, irakurketa literarioak, umore saioa eta errezitaldiak antolatu ditugu.

Iazko Maiatzaldiak hasiera eman zion mugaz gaindiko harreman honi eta aurtengoa zabalagoa, beteagoa eta anitzagoa izanen dugu, historia, literatura, poesia eta sorkuntzari protagonismoa emanez.

Antolatzaileak gara: Iruñeko Karrikiri Elkartea eta Zaldiko Maldiko Elkartea; Baionako Maiatz Argitaletxea eta Zizpa Gaztetxea eta Senpereko Hatsa Elkartea.

Babesle ditugu: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Elkargoa.

Informazio osoa jasotzeko egin klik hurrengo loturan: MAIATZ2017

Maiatz aldizkariaren azken zenbakiaren aurkezpena

Maiatz aldizkariaren azken zenbakiaren aurkezpena

Maiatz2016

Datorren ostegunean, otsailaren 2an, 19.00etan, Karrikirin, Maiatz aldizkariaren azkeneako zenbakia aurkeztuko dugu. Baionako Maiatz elkarteko kideak hurbilduko zaizkigu, bai eta iazko topaketetan parte hartu zuten hainbat idazle ere.

Iazko maiatzean, Iruñea eta Baionako euskal sortzaileen arteko I. Topaketa antolatu genuen, hainbat jende eta talderen artean. Maiatzaren 16an Iruñera etorri ziren bisitan, Baionatik eta Saratik, eta handik egun batzuetara iruindarrek bisita itzuli zieten. Txango literarioak, liburu azoka, bertsolari trebeak, hitzaldi, performance eta testu irakurraldiak izan genituen. Testu haiek bildu eta aurkeztuko dugun aldizkari honetan argitaratu dira.

Iruñeko sortzaileen artean hainbat izen ikus ditzakegu: Inma Errea, Joxemari Sestorain, Jon Alonso, Josetxo Azkona, Josu Jimenez, Juankar Lopez-Mugartza, Xanti Begiristain, Aitzol Lasa, Ainara Maia.

Aurtengo topaketez hitz egiteko, eta hauek antolatu eta elkarrekin zehazten joateko baliatuko dugu zita.

Gonbidapena luzatzen dizugu, bertaratu eta parte hartu gurekin.

Maiatzeko 32. solasaldiei bukaera, Baionan

Maiatzeko 32. solasaldiei bukaera, Baionan

IMGP5491

Maiatz argitaletxeko 32. solasaldiekin jarraituko dugu, oraingo honetan Baionara joanen gara Baiona-Iruñea ekitaldiarekin segituko dugu.

Pasa den astean Iruñean egindako eredua jarraituz bertsolariekin bisita izanen dugu, mahai inguru interesgarria itzulpengintza munduaz eta Iruñeko idazleekin errezitaldia.

Maiatzaren 25ean, Baionan

18:00. Hitzordua Euskal Museoaren aintzinean; ongi etorria Iruñako idazleei Baiona-Iruñea jumelagearen ganik.

18:10 Baionako bisita bertsulariekin: Laka eta Maddi Sarasua.

Egonaldiak :

1 San Saturnino eta San Leon, Baiona aurkezten museo aurrean

2 Baiona eta itsasoa eta Nafarroa, Errobi, Zuhigaraitxipi, inglesak

3 Kordelieren kalea: euskal kulturaren   kalea, Herria, Enbata, Ekaitza, euskal idazkaritza, Herri Batasuna, Xaho, Bizi, Batera e.a.….

4 Baiona zaharra: erromatarrak, plaxota, Passemillon, Maiatz… hurrupaldi batekin

5 Bost Kantoiak, Victor Hugo, Baiona hiri nagusi…

19:45 Hatsaren poesia ikuskizuna (Auxtinek aurkeztua)
20:00. Euskal Museoan “itzulpengintzaz” mahai ingurua : Itxaro Borda, Joxemari Sestorain-ekin.

21:00 Iruñeko idazleen happeninga, testu eta musikak.

21:45 afaria elgarrekin.