Juankar

 

Juan Karlos Lopez-Mugartza, Literatura irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Maiatz Literatur Aldizkariaren kolaboratzailea.

Oharra: hemen jarri dugun elkarrizketa Karrika berri paperan argitaratu genuenaren bertsio luzea duzu.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Ba, egia esan, oso historia aberasgarria izan da niretzat. Euskaldun berria naiz, ama zena euskaldun zaharra nuen arren, Altsasuko azken euskaldun zaharrenetariko bat. Baina etxean erdaraz aritzen ginen, aita aragoiarra zelako. Baina udan herrira joaten nintzen eta sakanikola bilakatzen hasi nintzen.

Hango hitzak ikasten nituen eta hitz egitean erabiltzen nituen erdarazkoak balira bezala: “he cogido un txapiskol” (zapaburu), “hemos cogido un kun-kun” (apoa)… Ageri denez, harrapakari itzelak ginen denbora hartan.

Iraintzeko modu berriak ikasi nituen; gogokoenak “zartaimusu” (zartagin aurpegikoa) eta “musu zikin” (aurpegi zikina). Bestalde, garai haietan (duela ia 50 urteko kontuez ari naiz) Santa Kruz auzoan eta apeaderokoan oraindik euskaldun zaharrak bazeuden eta hango zaharrekin aritzen zen gure ama ulertzen ez nuen hizkuntza hartan.

Handik urte batzuetara Frantziara joan ginen. Nire irudiz etxetik oso-oso urrun nengoen muga zeharkatu genuelako nire osabaren autoan. Orduan taberna batera joan ginen bazkaltzera eta nire aitak zerbitzariari galdetu zion frantsesez: “Est-ce-que vous parlez en espagnol?” Eta zerbitzariak erantzun zion: “No, basque.” Eta orduan nire ama hasi zen bazkari osoa euskaraz eskatzen. Nire izeba ere saiatzen zen hitz egiten trebezia gutxiagoz, baina ni erabat harrituta gelditu nintzen ez nuelako ulertzen nola Frantzian geundelarik hangoek hitz egiten ahal zuten Altsasukoen modura. Ulertezina. Harrigarria benetan.

Handik gutxira gurasoak hil zitzaizkidan, baina euskararen harra sartua nuen ordurako. Urte gutxi batzuk beranduago,  trantsizioko urteetan, mugimendu politikoaren bitartez hasi nintzen era kontzientean euskaltzaletzen eta nola mendira joaten ginen lagunen artean nire auzoko batzuk zeuden, orain “Arrosadia Euskaltegia” baina orduan “Milagrosa Gau Eskola” deitzen zen gau eskolakoak zirenak, haiekin hasi nintzen koadrilan ateratzen eta haien gau eskola hartan hasi nintzen seriotan euskalduntze prozesuari heltzen, eta pixkanaka-pixkanaka, eta ia konturatu gabe, euskaldundu nintzen. Gero Gasteizera joan nintzen Euskal Filologia ikastera eta urte batzuk geroago doktoregoa lortu nuen.

Niretzat euskararen mundua, askatasunaren mundua zen, elkartasunarena, jende onarena, beti laguntza emateko prest zeudenak eta ideal gorenengatik borrokatzeko prest zeudenak. Gero unibertsitatean lanean hasi nintzenean era askotariko euskaldunak bazeudela ikasi nuen. Hori, niretzat, mingarria izan da oso eta nituen aurreiritzi baikor asko beren mugetan jartzera behartu nau.

Euskaldunak ez gara denok onak, denetarik dago eta, ziur aski, denetarik egin beharko du; seguru. Nik gutxienez, euskaldunak ezagutu ditut, alfabetatuak, gaitasun linguistiko handikoak, hitanoa menderatzen duten horietakoak, batere euskaltzaleak ez direnak. Penagarria da, baina hala da; guztiz normala da hau. Euskararena, gainerako hizkuntza guztien antzera, gizarte anitza da, jende saldo heterogeneo bat osatzen dugu. Denetarik dago, askotan txantxetan esan dugun moduan, euskaldun zaharrak badira eta euskaldun txarrak ere bai. Baina, oro har, nire erlazioa euskararekin guztiz positiboa izan da eta aberasgarria, eta uste dut euskaldunon ehunekorik handiena bai direla nik amestu nuen bezala, alegia, euskaldun gehienok askatasuna eta elkartasuna maite ditugula, eta bai bagaudela beti laguntza emateko prest eta ilusio handiz lan egiteko euskararen eta euskaldunon alde. Maiatz aldizkarian, adibidez, era horretako asko aurkitu ditut (esan dezadan egia: guztiak), eta badakit Karrikiri elkartean ere banaka batzuk badaudela (esan dezadan egia: guztiak ere).

Nola ikusten du Iruñeko euskaldun batek Baiona?

Niretzat Baiona oso present dago nire eguneroko jardunean. Pentsa ezazu lehenago kontatu dudan “Frantziako taberna” horri buruzko pasadizoa, segur aski Baiona ondoko herriren batean gertatu zela, Parisera nire osaba-izeben etxera joaten nintzenean Hendaian hartzen nuela trena eta Irundik hara topoa hartu behar nuela.

Gazte gaztetandik Iparraldera jotzen genuen Nafarroaren Eguna zelako, Urdiñarbeko Musikaren eguna zelako, edo Maskaraden karietara, edo Hendaiara hondartzara, edo Donibane-Lohitzunera mendiko materiala erostera (Pampi Sports guri esker bizi zen, hor eta Pabeko La Hutten genuen diru apurra xahutzen baikenuen txakur txikirik gabe gelditu arte).

Beraz, Baiona beti hurbil izan dut hara edo inguruetara, kasualitatez edo txiripaz, beti joaten ginelako. Bestalde, egun batean Hiru Erregeen Mahaiaren (edo hobeki esanda, “Zati Gorrien Taula”-ren) tontorrean ginela Baionako gizon batekin topo egin genuen. Oso gazteak ginen eta abertzaletzen hasiak, eta galdetu zigunean ea nongoak ginen, guk esan genion euskaldunak ginela, eta ez espainolak, Iruñekoak ginelako. Eta berak ihardetsi zigun bera ere euskalduna zela, eta ez frantsesa, Baionakoa zelako. Orduan, harritu nintzen… Baiona Euskal Herriaren zati zenik ere ez bainekien garai haietan.

Baionara joaten bazara, ikusiko duzu Iruñearekin antzekotasun handiak dituela; antzekotasun nabariak gainera, begi bistakoak: haien jaiak (janzkera bera ere gurea bezalakoa), hango poteoa, Baiona txikian dagoen giroa, bere jendea (tabernetan sartzen bazara eta Iruñekoa zarela esaten baduzu, pozten dira eta oso ongi tratatzen zaituzte), gotorlekuaren arkitektura (Iruñekoaren luzapen bat dela dirudiena). Ez dakit, agian meridiano berean gaudelako edo, baina erraza suertatzen zait Baionara joatea, edozein lekutatik iparraldera joz iristen zara Baionara, dela Dantxarineatik, Beratik edo Behobiatik.

Jakina, nafarra bezala, Donibane-Garazi ere maite dut biziki, bai? Hiriburu polita da, zalantzarik gabe, baina ezin da ukatu Baionak baduela bere nortasun berezia eta beste leku askok ez daukatena, hiri europarragoa da, itsasoa duena, bi ibai dituena, tren geltoki garrantzitsu bat, komunikazioen gunea dena. Azken batean Donibane-Garazi Baxenabarreko hiriburua da, gure seigarren merinaldekoa, baina Baiona, ezin da ukatu, Iparraldeko hiriburua da eta nabaritzen zaio: aniztasuna (gaskoiak, euskaldunak…), tolerantzia (ikurriña eta hainbat bandera gehiago herriko etxean, udaletxean), kultura handiko hiria.

Eta nola ikusten dute Baionako euskaldunek Iruñea? 

Ba, agian ez didazu sinetsiko, baina esango dizut gertuago sentitzen dutela Iruñea, adibidez, Donostia baino. Nahiz eta geografikoki Donostia hurbilago egon, baionarren karakterrarengatik edota historiarengatik, ez dakit, beti Iruñea oso kontuan izan dute, edo nahi baduzu, Nafarroa oro har. Lehen aipatu dut meridianoarena, hasten bazara Baionatik hegoaldera jotzen, aurrera jarraituz gero, ez zara agertuko Donostian, Iruñean baizik. Bidasoaren bideak Iruñera eramaten zaitu.

Oso kontuan hartzen gaituzte; adibidez, lehengo egunean txokolate batzuk egon nintzen erosten… publizitaterik egin ote daiteke? Bai, benga, tira! Cazenave etxean, eta hango emakumeak (euskara ederrean) erakutsi zidan haien bisiten liburua eta hantxe zegoen Mikel Urmenetaren sinadura eta marrazki zoro bat bere enpresa berriarekin, “Katuki saguyaki”, logoarekin eta guzti, eta hitz gordinen bat ere urrezko liburu horretan jarria. Baina haiek oso pozik honelaxeko iruinseme ospetsuak beren kafetegian izateagatik.

Hau zertzelada bat da, besterik ez, baina hau bezala mila konta daitezke; adibidez, izan dezakezun arrakasta Baionako jaietan, baina hau hobe da norberak deskubritzea.

Aspalditik zegoen Baiona eta Iruñea arteko topaketak antolatzeko gogoa: Zergatik?

Ba, bai. Gogoa bazegoen aspaldidanik, bai. Baiona-Iruñea jumelagearen ideia oso ona izan da betidanik, sorreran zerbait herritarragoa zen, jendeak eskatzen zuena, hutsune kultural bat betetzera zetorrena… baina gero, denok ikusi dugu zertan bukatu den.

UPNk zentzuz hustu zuen, barne-muinik gabe utzi zuen, zerbait ofiziala izatera mugatuz, eta gero, ezta hori ere. Ez zitzaien interesatzen; tontoak dira, bai, baina ez hainbeste, badakite Baiona ez dela Frantzia, edo nahi izatera, ez dela Frantzia soilik, zerbait gehiago ere badela. Akitaniarekin gertatzen den bezala, horiekin ere ez zuten zerikusirik izan nahi, euskarari eta euskaldunoi fobia digutelako eta badakitelako Baiona ere Euskal Herria dela eta Akitaniak euskaldunen artera batuko gintuzkeela. Eta ez zuten ezta entzun ere egin nahi. Horregatik bagenuen topaketa hauek antolatzeko gogoa aspaldidanik, eta horregatik ezin genuen egin, eta horregatik ez genuen inoiz ere unerik egokiena aurkitzen.

Orain, udaletxean eta Nafarroan gertatu den aldaketarekin ateak zabaltzen zaizkigu eta ilusioa ere zabaldu da guztion artean. Orain da unea, orain da aspaldidanik itxoiten ari ginen unea, eta probestu behar dugu, zalantzarik gabe. Jai literario eta kultural ederra egingo dugu, ez zalantzarik izan. Denbora asko generaman jan gabe eta goseti etorri gara.

Zertarako? Etorkizunerako badago beste asmorik?

Zertarako galdetzen didazu eta nik uste dut erantzun zuzena hauxe dela: kulturarekin eta gure jendearekin aspaldidanik geneukan zorra kitatzeko. Hau askoz ere lehenago egin beharra zegoen, eta ez da egin, interes politikoak eta kazike mailakoak tarteko zirelako. Lotsatzeko modukoa da gure politikari batzuen kultur maila baxua ez, zero azpitikoa, hain baxua non lotsatzeko gauza ere ez diren eta hain harro dabiltza haien ezjakintasunean. Bapo!

Baina horrekin bukatu beharra zegoen, ezin da kultura (euskal kultura) Faraday Kaiola batean ezkutatu, kalera atera behar dugu. Baiona eta Iruñea bi hiri senidetuak dira, eta senide direla aldarrikatu nahi dute, eskubide osoa dute eta egingo dute. Kultura da batzen gaituena, eta kulturaren barnean, ezaugarri partekatu bat euskara eta euskararen bidezko literatura. Baionan (oro har, Ipar Euskal Herrian) idazle onak badira, eta Iruñean (oro har, Hego Euskal Herrian, eta horren barnean Nafarroan bereziki) ere bai. Parteka ditzagun gure ekarpenak eta aberastu gaitezen.

Etorkizunari begira ez dugu ezer ere aurreikusita. Hau egin dugu orainari berebiziko lehentasuna emanez. Iraganean ezin izan genuen egin, etorkizunean ez dakigu… Orain egin behar da, orainari eman behar zaio garrantzi gehiena. Dena den, jendea hasi da antolatzen eta jada, bada talde bat Iruñean jumelageaz arduratuko dena era egonkor batean. Horiei lekukoa pasako diegu beste ekitaldi batzuk antola ditzaten. Gure laguntza behar badute, haien ondoan izango gaituzte beti.

Amaitzeko, elkarrizketatu guztiei egin diegun galdera, baduzu liburu edo musika gomendiorik gure irakurleentzat?

Bai, jakina, liburu bat gomendatu nahi dizuet, mesedez, irakur dezazuen: Lucien Etxezaharretaren azken liburua, Begira (2012, Maiatz argitaletxea). Liburuan Maiatz aldizkariaren zuzendariaren ipuinak eta olerkiak biltzen dira. Bere bizitza osoa biltzen da orri horietan, haur garaikoak eta heldutasunekoak, garaipenak eta porrotak, denak orri batzuetara bilduak liburu gisa. Lapurteraz idatzita dago, maisuki, ikasteko asko daukagu liburu horretan, bai filologiaren aldetik, euskalki aberatsa baitarabil Lucienek, baina, bereziki, sentipenen, emozioen eta literaturaren aldetik, Lucien, gauza guztien gainetik, maisu bat delako, eta harengandik gauza asko ikasteko beharra dugu.

Eta kanta bat? “Bayonne nous voilà”… Youtuben duzue ikusgai.

Mila esker Karrikiriko irakurle guztioi Maiatz elkartearen izenean. Eskerrik asko!