Hari izpia hartzen

Hari izpia hartzen, Euskal kulturaren erronkak Nafarroan izenburuko jardunaldiak izanen ditugu aurten ere. Gai mamitsua dela ikusirik bi saio antolatu dira. Nafarroako Euskara Teknikarien Sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak sustatutako jardunaldiek, euskal kulturaren erronkei buruzko gogoeta piztea dute helburu.

Iazko urtarrilean antolatu ziren jardunaldi hauek lehen aldiz Iruñean, Kondestablearen Jauregian. Jende asko bildu zen bertara eta gogoeta interesgarriak eman ziren. Besteak beste, Miren Artetxek Ipar Euskal Herrian eginiko ikerketa etnografiko baten harira, euskararen erabileraren, gazte identitatearen eta bertsolaritzaren artean dagoen elkarreragina azaldu zigun, Dinamoaren berri eman zigun, eta Gartzen Garaiok, Aiaraldean eskuartean duten Faktoria zer den azaldu
zigun.

Arrakastatsua izan zela ikusirik, eta aztertzeko gai asko egonda, ekimenari segida eman zaio. Orduko hartan mahai gainean jarritako gaiei tira eginez, 2021ean bi saio antolatu dira: alde batetik maiatzaren 28an, Ikusgarritasuna eta prestigioa
izango dira aztergai Atarrabiako Kultur Etxean; aurrerago, uztailaren lehenengo egunean, Leitzan, Herri aretoan, Lurraldea eta kultura.

Jardunaldietan parte hartzeko izen eman behar da: maiatzaren 28rako eta uztailaren 1erako. Bizkor ibili!

Karrika aldizkaria 256. zenbakia (2021eko maiatza)

Kaixo lagun!

Zenbaki honetan laster izanen diren “Hari izpia hartzen, Euskal kulturaren erronkak Nafarroan” informazioa aurkituko duzu:

256. zenbakia, 2021ko Maiatza

Betiko lez edozertarako Iruñeko Xabier karrika 4ean gaude zuen zerbitzura. Zaindu zaitezte eta zaindu ingurukoak!

Karrikiri Lan Taldea

Karrika Iruñerriko euskaldunengana heltzeko hedabidea da, elkartearen eta euskal komunitatearen berriak biltzen dituena. Hilero argitaratzen da eta milaka etxeetara bidaltzeaz gain, hainbat eskola, institutu, erakunde eta elkartetan ere banatzen da.

Zuk ere jaso nahi duzu? ➡️ https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/

Hemeroteka atalean eskuragarri daude 1997etik aurrera argitaratutako Karrikak, hementxe:
https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/hemeroteka/

Ordu Beltzak (Sua)

Ordu Beltzak (Sua)

Sua talde bizkaitarrak 2018an utzi zuen bere lehenbiziko arrastoa, laster Euskadi Gazteak antolatutako maketa lehiaketa irabazi eta aparraren moduan hazitako musikari taldea da. Ane (ahotsa), Janire (baxua eta teklatua), Julen (gitarra) eta Esteban (bateria) dira Sua taldearen atzean topatu ditugun lagunak. Pop eta Rock doinuen itsasoan ederki nabigatzen duen taldea dugu Sua.

Belaunaldi berriek asko dute esateko eta Marurikoen proposamena erakargarria da oso, freskotasuna eta energia borbor dariela nabari da kantuetan. Haritz Arreguy Studioan hitzordua egin eta grabatu zuten “Ordu beltzak” izenekoa Gipuzkoako Usurbil herrian.

Portada erakargarri eta iradokitzailearen diseinua berriz Garazi Arano sortzailearen esku joan da.

Hasmentak besterik ez badira ere, zer esana eta entzuna emanen duen proiektua izanen da dudarik gabe. Suaren garrak bizirik eta luze mantenduko diren susmoa dugu.

Hemen eskuragarri.

Andrezaharraren manifestua (Mari Luz Esteban)

Andrezaharraren manifestua (Mari Luz Esteban)

Mari Luz Esteban ezaguna da mugimendu feministan bere saiakerei esker. Oraingo honetan, bere pentsamendua olerkia bilakatzen, bere alde poetikoa ezagutzeko aukera dugu.Liburuaren tituluak -Andrezaharraren manifestua – liburuaren gaia nondik nora doan idarokitzen digu.

Emakume helduak, urteetan sartuak, muzin egin behar dio bizitza beteari? Ez ditugu ukatu behar bizitzak gozatzeko ematen dizkigun aukerak. Emakume zaharkituak zergatik lotsatu behar du bere sexuaren grinaz? Bere gorputza osatzen duten zimurrez? Gehiegizko pisuaz edo bere ile urdinaz?

Mari Luz Estebanek guzti hori olerkia bilakatzen du, emakumeen ahalduntzeari kantatzen dio, eta ozenki esaten digu, bizitza bakarra dugula, bizi gaitezen zoriontsu, alai eta emakume aske izaten.

Hemen eskuragai.

Krisiari aurre eginez euskaratik (Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal, Berrian, 2020-4-15)

Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako kideak (Berria, 2020/04/15)

Egoera latza bizi dugu. Gaitzak eragindako kalteak handiak dira, konponezinak horietako batzuk. Horregatik, gure lehen pentsamendua senitartekoren bat galdu dutenengana eta gaitza pairatzen ari direnengana doa. Gure elkartasun guztia zuentzat.

Ziurgabetasunak eta kezkek bizi gaituzte. Baina baita itxaropenak eta etorkizunaren alde lanean tinko jarraitzeko gogoak ere. Halaxe ari gara Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugun pertsona eta elkarte guztiak. Etxetik, baina gure ardurapeko egitasmoak eta hedabideak gera edo gal ez daitezen saiatzen, eta sortzen ari diren arazoei ahalik eta irtenbiderik egokienak aurkitu nahian. Zenbait kasutan, baita oztopoak aukera bihurtzeko zirrikituak bilatzen ere.

Osasun krisiaren ondoren, krisi ekonomikoa etorriko dela ziurtzat ematen da, eta, horrekin batera, herritarren jarreretan eta politika publikoetan norabide aldaketak egon daitezkeela ari gara irakurtzen edo entzuten batean eta bestean.

Gure ustez, euskal gizarteak funtsezko balio sozialak oinarri dituela atera behar du aurrera krisitik, hala nola elkartasuna, berdintasuna, zaintza, gertutasuna eta komunitate zentzua. Eta balio horiekin bat eginez, euskararen biziberritze prozesuak ere aurrera egin behar du, egoera berrira egokituta. Euskarak komunitatea indartzeko eta balio horiek sustatzeko aukera paregabea ematen digu.

Bide hori, baina, une honetatik bertatik jorratu behar da, larrialdi-egoera honetan ere, funtsezkoa delarik herritarren hizkuntz eskubideak babestea eta bermatzea.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi bezala, pozez hartu dugu Europako Kontseiluak, itxialdia hasi zenean, hainbat estatu europarretan zabaldutako ezohiko mezua: pandemiaren inguruan sortutako informazioa tokiko hizkuntzetan ere helarazi behar zela gogorarazi zuen, hizkuntza horietako hiztunen ongizatea bermatzeko.

Osasun erakundeek eta bertako profesionalek, egoerarik zaurgarrienean dauden herritarrei gertutasunez eta maitasunez eskaintzen ari zaizkien zerbitzua egokiena izan dadin egindako ahalegin ikaragarria azpimarratu nahi dugu, lehenik eta behin. Eta, horrekin batera, gaixoak beraien hizkuntzetan artatuak izateak duen balioaz jabearazi nahi genituzke, berriro ere.

Osasun krisi garai honetan, euskararentzat irabazitako espazioak eta funtzioak baliatzea ezinbestekotzat jotzen dugu gaixo askoren egoera zaurgarria arintze aldera, eta, aukera dagoen guztietan, herritarrak hautatu duten hizkuntzan artatzeak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke.

Hori dela eta, Topaguneak kezka handiz jaso du hainbat erakunde eta eragileren hizkuntza praktika desegokien berri, euskaldunen eskubideak ahaztuz. Bat egiten dugu, beraz, era honetako egoerak jasan dituztenek egindako salaketekin, eta berauek zuzentzeko eskatzen diegu ardura hori dutenei. Bide batez, dei bat egiten diegu euskaldun guztiei osasun erakundeekin nahiz bestelakoekin harremanak dituztenean euskararen aldeko hautua egin dezaten.

Topagunearen jardunera bueltatuz, beste alor askotan bezala, egoera oso kezkagarria da gurean ere: martxan genituen ekimen asko bertan behera geratu dira, udalekuak eta udako programak arrisku bizian daude, hedabideetan publizitate sarrerak nabarmen murriztu dira, eta asko ezin dira banatu, lantalde batzuk ABEEra jo behar izan dute, aurreikusitako diru laguntzak eta finantziazio bideak ez dakigu zertan geratuko diren… Garai zailak aurreikusten ditugu, egitasmo eta egitura askoren biziraupena bera zalantzan jar dezaketenak.

Egoera hau dela eta, erakunde guztiekin ari gara hizketan, sortuko den kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta euskarak agenda sozio-politikoan jarrai dezan. Horregatik, guztion artean erabaki dugu Euskaraldiari eustea eta prestaketa lanetan jarraitzea, jakinik ere egokitzapenak eta moldaketak egin beharko ditugula. Eta ez hori bakarrik; hilabete honen amaierarako etxealdian burutzeko ariketa masibo bat proposatuko dizuegu Ahobizi eta Belarriprest guztiei: Etxealditik Euskaraldira ekimena. Laster izango duzue horren berri.

Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugunok, beraz, modu aktiboan eta eraikitzailean jarraituko dugu gure hizkuntza eta kultura indartzeko lanean, krisiak gehien kolpatuko dituen sektoreekiko elkartasunetik eta enpatiatik, inor bazterrean utzi gabe. Prozesu honetan, elkarlana eta ilusioa ezinbestekoak izango dira, komunitatea trinkotzea funtsezkoa, eta euskarak ardatz, lotura eta balioen transmisore izan beharko du.

Berriro ere, ezina, ekinez lortuko dugu.

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2020-04-15/krisiari-aurre-eginez-euskaratik.htm