Utopia handietarako faktoria txikiak (Gotzon Barandiaran Arteaga)

Utopia handietarako faktoria txikiak (Gotzon Barandiaran Arteaga)

Argiatik hartua, artikulua hemen irakurgai.

 

Layla Martínezi irakurri berri diot Utopia ez da uharte bat saiakeran: “Distopiek postmodernitatearen kultura-esparruan ditugun irrika kolektiboak islatzen dituzte. Modernitatean ez bezala, jada ez dugu uste etorkizuna aurrerabideari lotuta dagoenik eta ezinbestean hobea izango denik. Beldurra eta antsietatea eragiten digun zerbait bihurtu da eta ondorioz, okerrera egiteko arriskuez , etorkizun hurbilean espero ditugun arriskuez ohartarazten diguten sormen lanak plazaratzen ditugu. Logikoa da, baina baita suntsitzailea ere”. Eta ondoren dakar luzarorako azkura eragin didan esaldia: “Sormen lanek errealitatea islatzen dute, baina hori egitean, era berean errealitatea sortzen dute. Etorkizun okerragoak irudikatzeak etorkizun hobean pentsatzeko gaitasuna kendu digu”. Irakurrita atoan amaraundu zaizkit urtea hasi berritan entzun, irakurri, bizi eta ikasitako hainbat pasarte. Plaza Hutsak euskalgintza arnasberritzeari buruz antolatu zituen jardunaldien baitan, Herri kontakizuna birsortzeko bulkada kulturala atalean, Garbiñe Ubedak amets kolektibo baten falta dugula salatu zuen, Herriaren zentzua ez dagoela kalean, ez dugula arnasten, Herri gisa amets bat falta zaigula eta bere ustez amets horren

“Iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko”

hauspoa sortzaileok garela baina sortzaileok ezinean ari garela. Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren harira Iratxe Esnaolak eta Urko Aiartzak sinatutako iritzi artikuluan zioten Monzonek argi zuela “euskara eta kultura zirela gure nazioaren ardatza eta bihotza; horiek galduta nazioa galdua zela, eta, ondorioz, ezein independentziak ez zuela zentzurik izango”. Marina Lameiroren Dardara filma jendez betetako zinema areto batean ikusi eta amaieran txalo zaparrada luzea entzunda gogoratu dut 2019an, Berri Txarraken Ikusi Arte biraren baitan, Bilboko Kobetamendin, 20.000 lagun elkartu ginela euskaraz kantatzen duen musika talde baten emanaldia eta aurreko jaialdia bizitzeko. Eta gogoratu dut ahalegin itzelak egin genituela Sadarren, Anoetan, Mendizorrotzan eta San Mamesen antolatzeko, benetan sinesten genuelako 20.000 lagunetik gora biltzeko gai izango ginela euskal kulturgintzaren ospakizun erraldoi baten baitan.  Errealitateari men egin izan bagenio, ez ginen 22.000 lagun elkartuko Nafarroa Arenan 2019ko azaroaren 22 eta 23an. Baina egin egin genuen, errealitatea sortu genuen, gure gaitasunetan sinesten genuen lan-talde izugarri baten ahalegin eskergari esker, proposatuz gero eskuzabalik erantzuten duen jendetzari esker. Fede berbera dute Aiaraldea Ekintzen Faktoriakoek, utopikoa zirudiena gauzatuz, errealitateari men egin gabe, errealitate berri bat sortuz, apirilean zabalduko ditu ateak Laudion Faktoria kultur plaza-k, bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaileak eraikitzeko faktoriak. Eta iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko, gauzatu ditugun utopien errepasoa egin eta gauzatu ditzakegunak elkarrekin zerrendatzeko. Ni horretara noa. Laster arte.

Hari izpia hartzen

Hari izpia hartzen, Euskal kulturaren erronkak Nafarroan izenburuko jardunaldiak izanen ditugu aurten ere. Gai mamitsua dela ikusirik bi saio antolatu dira. Nafarroako Euskara Teknikarien Sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak sustatutako jardunaldiek, euskal kulturaren erronkei buruzko gogoeta piztea dute helburu.

Iazko urtarrilean antolatu ziren jardunaldi hauek lehen aldiz Iruñean, Kondestablearen Jauregian. Jende asko bildu zen bertara eta gogoeta interesgarriak eman ziren. Besteak beste, Miren Artetxek Ipar Euskal Herrian eginiko ikerketa etnografiko baten harira, euskararen erabileraren, gazte identitatearen eta bertsolaritzaren artean dagoen elkarreragina azaldu zigun, Dinamoaren berri eman zigun, eta Gartzen Garaiok, Aiaraldean eskuartean duten Faktoria zer den azaldu
zigun.

Arrakastatsua izan zela ikusirik, eta aztertzeko gai asko egonda, ekimenari segida eman zaio. Orduko hartan mahai gainean jarritako gaiei tira eginez, 2021ean bi saio antolatu dira: alde batetik maiatzaren 28an, Ikusgarritasuna eta prestigioa
izango dira aztergai Atarrabiako Kultur Etxean; aurrerago, uztailaren lehenengo egunean, Leitzan, Herri aretoan, Lurraldea eta kultura.

Jardunaldietan parte hartzeko izen eman behar da: maiatzaren 28rako eta uztailaren 1erako. Bizkor ibili!

Karrika aldizkaria 256. zenbakia (2021eko maiatza)

Kaixo lagun!

Zenbaki honetan laster izanen diren “Hari izpia hartzen, Euskal kulturaren erronkak Nafarroan” informazioa aurkituko duzu:

256. zenbakia, 2021ko Maiatza

Betiko lez edozertarako Iruñeko Xabier karrika 4ean gaude zuen zerbitzura. Zaindu zaitezte eta zaindu ingurukoak!

Karrikiri Lan Taldea

Karrika Iruñerriko euskaldunengana heltzeko hedabidea da, elkartearen eta euskal komunitatearen berriak biltzen dituena. Hilero argitaratzen da eta milaka etxeetara bidaltzeaz gain, hainbat eskola, institutu, erakunde eta elkartetan ere banatzen da.

Zuk ere jaso nahi duzu? ➡️ https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/

Hemeroteka atalean eskuragarri daude 1997etik aurrera argitaratutako Karrikak, hementxe:
https://www.karrikiri.eus/karrika-aldizkaria/hemeroteka/

Emadan (Eneritz Furyak)

Emadan izenpean argitaratu du musikari Irundarrak bere hirugarren lana (Eneritz Furyak, 2017 eta Zaldi Zuria/Maskara, 2018). Bere burua popetik hurbil kokatzen du, nahiz eta folka eta punka osagai ezinbestekoak iruditzen zaizkion artistaren sormenerako (post-folkari ere erreferentzia egiten dio).

Bildumak 10 abesti elkartzen ditu, CD eta binilo formatuan. Emadanek jasotzen duen kontzeptua honako hau da: bi bide besterik ez eskeintzen dizkigun munduan bizitzea, ezarritako bidea jarraitu galdera askorik egin gabe, sufrimendua ekidinez, edo ez konformatu edo moldearekin bat ez etorri eta sufrimendu handiagoa jasan. Jada 5 urte pasa dira Eneritz Furyaken bidea hasi zenetik (10 Kasernarat taldearekin hasi zenetik).

Grabaketa eta kanten sortze prozesua osoatasunean Eneritzek egin du, nahiz eta nahasketa Mono Irazirekin batera egin duen (masterizazioa ere azken honek gauzatu du).

May Ayim (May Ayim)

May Ayim (May Ayim)

May Ayimen poesiari aitortu behar zaio zauriak sendatzeko duen dohaina. 1960an jaio zen Hanburgon; ama alemaniarra zuen, eta aita ghanatarra. Familia zuri batek adoptatu eta hezi zuen. Amak ez zuen sekula interesik izan bere alaba ezagutzeko, baina aitak, ordea, maiz bisitatu zuen.

Gaztaroan, kultura afro-alemanarekiko jakinmina piztu zitzaion, eta hori bilakatu zen bere poesiaren ardatz nagusietako bat. Errefuxiatuak, juduak eta beltzak Alemaniaren bateratze prozesutik baztertuak izateagatik, arrazismo zuria eta gizartearen hipokresia salatzen du.

Poesia diskurtsiboa da hein batean, baina aldi berean erritmikoa, zehatza; batzuetan olerki laburrak dira, ale aforismo borobilak izanik.

Garazi Ugalderi eskertu behar diogu erabat ezezaguna izan den poeta afro-alemaniarra euskal literaturara ekartzeagatik.

Hemen eskuragai.