MAIATZALDIA – MAIATZAK 7, ASTEARTEA

MAIATZALDIA – MAIATZAK 7, ASTEARTEA

Bihar, maiatzaren 7an, Karrikirin izango dugu Eneko Gorri Maiatzaldiari hasiera emanez.

Erabileraren aroa: Begirada bat Ipar Euskal Herritik

Eneko Gorri erabil kolektiboko kidea eta Mintzalasai euskara elkarteko kide da, Miarritzeko euskara teknikaria ere. Soziologia lizentzia eta komunikazio masterra egina du. Ikerketa, irakaskuntza, kazetaritzan eta ikusgarrigintzan ere aritua. Hainbat egiturekin kolaboratu du (UEU, Gaindegia, Berria, Euskadi Irratia, Soziolinguistika klusterra, EHZ…).

Sinopsi txiki bat:

Urteetako galtzearen ondotik, azken datu soziolinguistikoen arabera badirudi hiztun kopuru absolutua egonkortzen hasia dela Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Zenbaki ofizialek 2011 eta 2016 artean 100 hiztun irabazi ditugula agerian ematen badute, ez dute islatzen jendartean sakonki aldatzen ari den prozesu bat: gaitasunen eraldaketa, familia transmisioaren etenaldia, erabileraren apaltzea… mende erdi batez euskalgintza sozialak du euskararen biziberritzea bizkar gainean eraman. Haizeen kontra eta baliabiderik gabe, biziberritzerako tresna ausartak eraiki dizkigute, euskararen desagertze programatuaren patua gaindituz. Gaur egun, ziklo berri baten atarian girela dirudi. Transmisiotik erabilerara jauzia egiteko aroa, besteak beste. Zabaltzera doan aro hori aitzinekoan jarraipen logikoa dela ikusiko da, baina baita egindakoa indartzeko ezinbesteko aukera. Belaunaldi oso batek ilusioz eta ausardiaz gainditu beharko dugun desafioa!

Topaguneko webgunetik hartua

 

MAIATZALDIA

MAIATZALDIA

2019ko Maiatzaldia hemen da.

7 asteartea

Erabileraren aroa: begirada bat Ipar Euskal Herritik

Hizlaria: Eneko Gorri (Euskaraldia, Erabil Kolektiboa eta Miarritzeko Euskara teknikaria)

Karrikiri Elkartea (Xabier karrika 4, Iruñea) 19:30ean

16 osteguna

Euskoa, euskal monetaren esperientzia Ipar Euskal Herrian

Hizlaria: Xebax Christy (Euskal Moneta elkarteko lehendakaria)

Zaldiko Maldiko Kultur Elkartea (Ansoleaga karrika 13, Iruñea) 19:30ean

21 asteartea

BAIONA ETA IRUÑEA: ORAIKO LITERATURAREN BIZIPENAK ETA BIZIPOZAK

Parte hartzaileak: Enrike Diez de Ulzurrun, Aitzol Lasa eta Ane Ablanedo Bideratzailea: Lucien Etxezaharreta Abeslaria: Edmundo Lacort Zizpa

Gaztetxea (7 Lesseps karrika, Baiona) 18:30ean

22 asteazkena

Literatur solasaldiak.

Eider Rodriguez eta Itxaro Borda solasean Pantxix Bidart-en musika errezitaldia “OdiSeA”

Euskal Museoa (37 Kortsarioen kaia, Baiona) 18:30ean

30 osteguna

BAIONA ETA IRUÑEA: ORAIKO LITERATURAREN BIZIPENAK ETA BIZIPOZAK

Parte hartzaileak: Katixa Dolhare, Maddi Zubeldia, Iñaki Etxeleku eta Eric Dicharry Bideratzailea: Juankar Lopez Mugartza

Katakrak liburudenda (Karrika Nagusia 54, Iruñea) 19:00etan

 

Antolatzaileak:
Maiatz elkartea, Zizpa Gaztetxea, Baionako Euskal Museoa, Nafar Ateneoa, Zaldiko Maldiko eta Karrikiri elkarteak
Mende Erdi

Mende Erdi

Argia astekariaren 2634. zenbakia, 2019/03/03

Eneko Gorri (Angelu, 1983), Erabil kolektiboko kide eta Miarritzeko euskara teknikaria

Resultado de imagen de eneko gorri

Ipar Euskal Herriko ikastolak duela mende erdi sortu ziren, guraso multzo txiki baten ausardiari esker. Bost hamarkada berantago, 4.000 ikasle inguru biltzen dira 36 ikastolatan. Azken urteetan, garapen fase batean kokatzen dira ikastolak: 2010ean ikasleen %5 ikastoletan eskolatuak ziren, 2018an %10 dira eta 2030ean %20 izango dira.

Ikastolako gurasoen soziologia asko aldatu da. Jendartea bera ere, 1969tik asko aldatu da funtsean. Lurralde honetako jende askok bezala, ikastola beti izan dut nire bizian presente: ikasle gisa 18 urte arte, irakasle gisa ondotik eta guraso gisa orain. Nire ezagun asko ikastoletako irakasle dira, edo langile, edo guraso… Lagun arteko solasaldietan, gin-tonikak barnea berotzen eta mihia askatzen duen tenorean, “ikastola” izaten da asko aipatzen dugun gaia. Euskal Herrian, denek badugu iritzi bat ikastolak bezalako egitasmo kolektiboekiko.

Jendartearen makurretatik isolatua litzatekeen ikastola posible balitz bezala arrazoinatzen dugu sarritan. Eta nago ea ez dugun idealizatzen sekulan existitu ez den ikastola bat. Jarrera hori erosoa da turnadak bata bestearen ondotik iristen diren gauetan, baina ekintzarako tenorea iritsi denean beldur naiz ez ote duen enbor huts horrek oihana gordetzen.

Gaurko ikastolek dituzten erronkak ukatu gabe, ondoko lerroak erabili nahi nituzke herritik eta herriarentzat sortutako tresna horren bi ekarpen nagusi azpimarratzeko. Gaur egungo gazteria begiratzea besterik ez da: EHZko biltzar nagusia izan edo Ipar Euskal Herriko gaztetxeen arteko bilkuretan, gazteak euskaraz ari dira natural-natural. Kabalkada, Libertimendua eta Toberak ikastoletatik pasatako gazte belaunaldiek euskaratik eta euskaraz sortzen dituzte. Gure garaian ez zen hala; frantsesa zen norma. Etorkizunean lurraldean eraginen duten belaunaldiak geroz eta euskaldunagoak izango dira. Eta ez da gutti.

Bestalde, guraso belaunaldi berriak auzolanaren bidean eman dituzte ikastolek. 1978an 200 familia inguru ziren, gaur egun 2. 000! Gurasoak gutxiago inplikatzen direla deitoratzen ahal dugu, baina kopuruz gehiago dira euskarazko irakaskuntzaren alde taloak erretzeko, xintxuketa lanak egiteko edo garbiketa txandak segurtatzeko. Ekintzaletasuna eta euskaltzaletasuna sustatzeko bide berriak asmatu behar ditugu. Eta guri dagokigu guraso berri guziekin inklusio eredu berriak asmatzea. Ezinezkoa izanen zaigulako euskararen berreskuratzearen bataila irabaztea, militantziaren bataila ez badugu gainditzen.

Klik egin hemen argia aldizkariaren estekan sartzeko.

Maiatzaldiaren azken jardunaldia

Maiatzaldiaren azken jardunaldia

Maiatzaren 24a

 

 

Maiatzaren 24an bukatuko da aurtengo Maiatzaldia.

Iruñeko Kondestable Jauregian, 18:30etatik 21:00ak bitarte, 1914-1918 Gerlan bidalitako gutun eta postalen diaporama izanen da, Lucien Etxezaharretaren eskutik; Gerla garaiko bertsoak; Emilio Majuelok Nafarroa mende hasieran gaiaz hitz eginen du; eta bukatzeko, Eneko Bidegain Iruñera itzuliko da lurraldetasunaren inguruan mintzatzera.

Aurtengo Maiatzaldia duela mende bateko egoeratik abiatuta garatu da: Gerla Handiaren amaiera, galera eta odol-huste fisiko eta mentala, eta, era berean, gertatutako kultur eta sozial pizkundea (Euskaltzaleen Biltzarra, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia…). Egoera eta gertakizun haiek gogoan, atzoko eta gaurko literatur emariak izan dira ardatz.

2018ko Maiatzaldian Maiatz argitaletxea, Zaldiko Maldiko elkartea, Karrikiri elkartea, Baionako Gazte Asanblada, Iruñeko Maravillas Gaztetxea eta Pamiela argitaletxea. Babesleak: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza.

 

 

 

Lurraldea eta herria gure Karrikan

Lurraldea eta herria gure Karrikan

IMG_3895

 

 

Baionan 1975ean sortua, kazetari lanetan aritua bada ere, Mondragon Unibertsitateko irakasle dabil egun Eneko Bidegain. «Lurraldea eta Herria» izenburua eta «Zazpiak bat». Atzo, gaur, bihar» azpititulua dituen liburua kaleratu berri duen honetan, harekin mintzatu gara bere lan berriaren inguruan.

Lurraldea eta Herria izan dira zure lan berria laburbiltzeko hautatu dituzun bi hitzak. Ezinbestekoa al da horietako bakoitzarendako bestearen existentzia? Ba al dira ezer bata bestea gabe?

Herri batek bere lurraldea dauka, eta lurralde batean herri bat antolatzen da. Lurralde batean  bizi den jende taldeak identitate bat, kultura bat, antolaketa sozial bat garatzen du. Hots, herri bat. Eta bere izatea babesteko, bere lurraldea  babestu behar du, politikaren bidez, Estatuaren bidez. Inguruko lurraldeetako jende taldeek edo herriek izan ohi dute beren eremua handitzeko gogoa, eta hori egiten dute beste jende talde baten, beste herri baten lurraldea okupatuz. Eta hor sortzen dira gatazkak. Herri baten biziraupena arrisku larrian dago, bere lurraldearen kontrola galtzen duenean.

«Bere batasunaren zentzua galdu duen herria al da Euskal Herria?» galdera erretorikoa luzatzen diozu irakurleari liburuko lehen orrietan. Zerk eraman zaitu galdera hori planteatzera?

Euskal Herriak ez du bere lurraldea kontrolatzen, gaur egun. Lurraldearen zati bat Espainiak eta bestea Frantziak kontrolatzen dute. Lurralde horren antolaketa administratiboaren bidez, euskal herritarrei galarazten zaie herri bakarra eta batua delako kontzientzia. Gaur egun, sekulako indarra daukate EAE/Nafarroa eta Hegoalde/Iparralde bereizketek. Eguneroko bizitzan nabari dugu hori. Kezka hori izan da liburu hau idaztera bultzatu nauen arrazoi nagusia.

Palestinar herriaren egoeraren adibideak aipatzen dituzu maiz liburuan zehar. Konparagarria al da Palestinaren eta Euskal Herriaren egoera zentzuren batean?

Palestina ahultzeko, palestinarrei kendu zieten beren lurraren eta lurraldearen kontrola. Lurralde antolaketa Israelen kohesioaren mesedetan egin zen eta Palestina zatikatzeko helburuarekin. Palestinaren identitatearen oinarrian dago lurra ere, eta lur horretako ekoizpena. Israelek errotik atera zituen palestinarren zuhaitzak, olibondoak; palestinarren identitatearen oinarri handiak ziren. Gisa hartan, sinetsarazten da Palestinako lurrak, berez, lur antzuak direla. Hori ez da horrela. Euskal Herrian beste gisa batera gertatu dira lurraren inguruko auziak, baina egia da lurraldearen kontrola galtzearekin batera, gure lurraren kontrola ere galdu dugula, hein handi batean. Lurralde antolaketaren bidez, Palestinan bezala, Euskal Herriaren kohesioa hautsi nahi izan dute.

Ehun urte I. Mundu Gerra bukatu zela, mende bat. Eraginik izan al zuen gudu honek euskaran? Ondorio berak pairatu al zituen euskarak bere eremu guztian?

Lehen Mundu Gerrak ikaragarriko eragina izan zuen Ipar Euskal Herrian, herritarren frantsesteari dagokionez. Gerra hark balio izan zion Frantziari lurralde kontzientzia bat barneratzeko, kontrolatzen zuen lurraldeko herritar guztien baitan. Gerra hura izan zen Frantziaren “lurralde batasunaren” defentsaren aldarria. Milaka euskaldunek gerra egin zuten Frantziak orain daukan mapa izan zezan; eta Ipar Euskal Herria mapa horren parte gisa  ikusarazi zitzaien. Horrekin batera, euskarak gibelera egin zuen.

Bukatzeko, zer da saiakera honekin irakurlearengan sorrarazi edo sentiarazi nahi duzuna

Gustatuko litzaidake irakurleak ohartzea gure herriaren zatiketa egoeraz; badakit, teorian, badakitela, baina eguneroko zurrunbiloak ahantzarazten digu zein den zinezko egoera. Behin kontzientzia hori hartuta, ederra litzateke bakoitzak bere lekutik, dauzkan baliabideen heinean, eguneroko bizitzan lan egitea Euskal Herria batuago izateko. Azken zatian zenbait ideia, iradokizun edo proposamen egin ditut, baina hori orientatiboa baizik ez da. Gustatuko litzaidake ariketa hori kolektiboki egitea, ideia zaparrada handiago bat sortzea, eta ideietatik ekintzetara pasatzea.

Eneko Bidegain eta Seitan taldea Maiatzaldian

Eneko Bidegain eta Seitan taldea Maiatzaldian

Bidegain

 

Eneko Bidegainek emanen dio jarraipena Maiatzaldiari. Gaur, 19:30ean, “Lurraldea eta herria” (Pamiela) aurkeztuko du Karrikiri euskal dendan.

“Liburu honetan lantzen dira lurraldearen batasunaren garrantzia, Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika, herriaren askatasun eta batasun egarria eta gaur egungo egoera administratiboak sortzen duen egoera arriskutsua, izan euskaldunen arteko harremanetan, kulturan, kirolean, erreferentzietan, hedabideetan, azpiegituretan, ekonomian, irakaskuntzan, zerbitzuetan eta abar. Halaber, oinarri edo abiapuntu batzuk proposatzen dira, herria hobeki artikulatzeari begira.” (http://enekobidegain.eus)

Eta ostegunean, maiatzaren 17an, 20:00etan, Donibane Garaziko Seitan taldeak kontzertua eskainiko du Zaldiko Maldiko elkartean.