Ohian Ojetari elkarrizketa (Mintzakide egitasmoko eragilea)

Ohian Ojetari elkarrizketa (Mintzakide egitasmoko eragilea)

Oihan Ojeta LesakaOihan Ojeta Lesaka. Mintzakide egitasmoko eragilea: “Bidelagunak behar ditugu”

Kurtso hasierako zurrunbiloaren ondoren hurbildu gara Oihanengana. Irailetik dago Mintzakide egitasmoan buru belarri, urtetan lan eskerga egin duen Pablo Kormentzanarekin batera. Poliki-poliki indartzen eta handitzen ari den proiektu honek aurten marka berri bat hautsi du. Inoizko urterik arrakastatsuena izan da. Hala ere, Oihanek bidelagunen beharra azpimarratu nahi izan digu. Euskaraz aise ibiltzen den jende gehiago behar dute dagoen eskaera asetzeko.

 Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Txikia nintzenetik ikastolan eta geroago unibertsitatean euskaraz ikastea erabaki nuen. Familian nahi baino gutxiago egiten dugu euskaraz. Gaztetan, amak euskara ikasi zuen eta gure artean noizbehinka aritzen gara. Aitak, ordea, ez daki euskaraz hitz egiten baina nahikotxo ulertzen du. Unibertsitatea bukatu nuenetik leku batetik bestera mugitzen ibili naiz eta horregatik, gaur egun arte eremu profesionalean euskaraz egiteko aukerarik ez dut eduki.  Katalunian bizitzen egon naiz azkeneko hiru urteotan eta bertan edukitako lanetan katalanez egin dut. Gogo pilo nuen euskara berreskuratzeko eta euskaraz lan egiteko!

Nola da eguneroko lana Mintzakide egitasmoan? Zerk ematen dizue buruhauste gehien?

Irailean hasi nintzen lanean Topagunean, eta ordutik, bi proiektutan murgilduta nago: Mintzakide eta 3blai (haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi egitasmoa). Azken urteotan Pablo aritu da Mintzakide egitasmoa koordinatzen eta lanean hasi nintzenetik, suertatzen diren zereginak bion artean partekatzen ditugu. Hilabete hauetan, lan nagusia izena eman duten lagunei mintzapraktika taldea egokitzea izan da. Partaidetza igo da eta gero eta lagun gehiagok osatzen dugu Mintzakide; eskerrik asko bihotz bihotzez egitasmoa posible egiteagatik! Honen harira aipatu nahiko nuke, bidelagunak topatzea nahiko zaila suertatzen ari dela. Jakingo duzuen bezala, egitasmoak talde bakoitzean euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzen ditu. Egitasmoak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoak dira ere euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten lagunak izena ematea. Hemendik ere gonbidapena luzatzen dizuet, eman izena!

Hemendik aurrera, mintzapraktika taldeen jarraipena eta bestelako ekintza osagarrien antolakuntzan murgilduko gara. Horren guztiaren berri izango duzue laster! Ideia edota proposamenik eduki ezkero, ez izan zalantzarik eta esaguzu lasai!

 Aurten ere arrakastatsua ari da gertatzen. Zein da Mintzakideren sekretua?

Nire ustez egitasmoak formula bikaina du. Aurten lortutako baliabide ezberdinei esker egitasmoan parte hartzeko ez da ordaindu beharrik. Talde txikiak sortzen saiatzen gara, bospasei laguneko taldeetan betiere komunikazioa orekatua eta zuzenagoa izaten delako. Eremu informaletan elkartzeak (kafetegi batean, taberna batean, plazan…) eragin positiboa ere badu eta mintzakideak eroso eta lagun giroan sentitzen dira horrela.  Beti saiatzen gara egoera ezberdinetara egokitzen, eta honen ildora sortu ziren Gurasolagun eta Parkelagun aldaerak. Horietan, gurasoek ere umeekin batera edo umerik gabe euskaraz hitz egiteko aukera badute.

Aurtengo kurtsoan zenbat talde eta jende antolatu duzue?

Duela hilabetetxo bat hasiera eman genion ikasturte berriari, baina oraindik ezin izan ditugu zenbait talde martxan jarri horietarako bidelagunak falta direlako. Momentu honetan kanpainaren balorazio lanetan gaude eta aurreikusten da berriz ere partaidetza kopurua igo dela.

Hau al da Mintzakide egitasmoko urterik arrakastatsuena?

Mintzakide egitasmoa sortu zenetik arrakastatsua izan dela pentsatzen dut, noski! Aurten gainera ez da bukatuko, urte arrakastatsu pila bat falta zaizkigu oraindik bizitzeko…

Aurrera begira, zure ustez, nondik joan beharko luke oraindik arrakastatsuago izateko.

Euskaraz bizi ahal izateko, gure ingurua euskaldundu eta euskarari ateak ireki behar zaizkio. Mintzakidek, erronka hori lortzeko bidean espazioak sortzen ditu eta horrela, partaide bakoitzaren inguru hurbilean sareak indartzen ditu.  Hala ere, bakoitzaren herri eta auzoetan mintzapraktika taldeak sortzeko indarra jartzen ari gara, tokian tokiko euskaldun sareak bultzatzeko.

Nori gomendatuko zenioke izena emateko? Batzuk dudatan egongo dira, eta beste batzuek lotsa izango dute, nola gainditu hori?

Hizkuntza guztietan bezala, praktikatzen ez bada ahaztu egiten da. Mintzakide, dakigun hori berreskuratzeko edota euskaraz hitz egiteko aukera polita da. Helburu bakarra euskaraz ongi pasatzea denez, lotsak ez du lekurik! Daukazun maila duzula, euskaraz mintzatu nahi duen orori luzatzen diot gonbidapena: lotsa gainditu beharra dago! Oraindik izena eman dezakezu. Jarri gurekin harremanetan e-posta bat bidaliz mintzakide1@gmail.com-era edo deitu 948 33 08 68 telefono zenbakira.

Amaitzeko, elkarrizketatu guztiei bezala, baduzu liburu edota diskoren baten gomendiorik?

Aspaldi irakurritako liburua berreskuratu nuen duela gutxi, “Gerrateko ogia”, Deborah Elliseek idatzi eta Aitor Aranak itzulitakoa. Aspaldi argitaratutako liburua bada ere, gaur egun ere gauzatzen ari diren gerrak irudikatzeko aukera ematen digu.

 

Urriaren 7ko ikastaroa bete dugu

‘Euskaraz eroso aritzeko pilulak’ titulupean urriaren 7rako antolatu dugun ikastarorako taldea bete dugu.

Mila esker izena eman duzuen guztioi, eta batez ere, itxaron zerrendan geratu zaretenoi.

Ikastaro honek arrakasta izan duela ikusita, berriz errepikatzeko asmoa dugu.  Data eta lekua zehaztu behar ditugu oraindik.

Lehenik eta behin, kanpoan geratu direnekin saiatuko gara ikastaroa antolatzen. Baina, interesa duen orori lekua egin nahi diogu. Beraz, interesa baduzu, nahiz eta oraingoan izenik ez eman, bidaliguzu email bat (bulegoa@karrikiri.eus) edo pasa gure bulegotik eta hurrengorako apuntatuko zaitugu.

Lutxo Egiak iaz hilabete batez Bilbon gaztelania gabe bizitzea erabaki zuen. Estres linguistikoa gutxitu zuela kontatzen du bideo honetan:

 

Estres linguistikoa sendatzeko pilulak

https://youtu.be/lGfydvpa3Vk

Urriaren 7rako prestatu dugun ikastaroaren harira, Argia multimedian dagoen bideo interesgarri hau jarri dizugu hemen. Eta batez ere, bideo honen bidez, “Euskaraz eroso aritzeko pilulak” ikastaroaren berri emateko eta denok ikastaroaren inguruan ideia bat egiteko oso aproposa ikusi dugulako.

Ikastaroaren berri ematerakoan denok galdera bera egiten diguzue, baina zer emango duzue? Zer ikastaro da?

Azalpen egokia emateko intentzioarekin Estres linguistikoa kontzeptua aipatzen dugu. Ikastaro honetan Estres Linguistikoa zer den ikusiko da, eta batez ere, estres hori hobeto eramateko ezagutza eta baliabide batzuk erakutsi nahi dira.

Zer da estres linguistikoa?

Estres linguistikoa esaten zaio norekin, non, noiz edo hitz egiteko hizkuntza erabaki beharrari. Ez dago erdararik ez dakien euskaldunik. Horregatik, euskaldunok askotan kezka izaten dugu komunikatzeko hizkuntza aukeratzerakoan: “Euskara ala erdara?”

Itxuragatik euskalduna dirudi… euskaraz egingo diot?

– Trajeduna da, beraz, ez da euskalduna… ala bai?

– Bost lagun elkartu gara, lau euskaldun eta erdaldun bat. Euskaraz egin behar dut? Erdalduna gaizki sentituko da?

– Euskara ikasten ari naiz eta nire lankidea euskalduna da, baina euskaraz egiten badiot seguru aski ez diot ezer ulertuko oso ongi mintzatzen delako, hobe izango da erdaraz jarraitzea…

Hauek dira egunerokoan euskaldunok hartu behar ditugun erabaki batzuk, eta horrek estresa sortzen du: estres linguistikoa.

Hau dena, behar bezala azaltzeko asmoa dugu eta estresa gainditzeko, edo gutxienez hobeki eramateko, Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapatak, baliabide batzuk azalduko dizkigu, euskaraz eroso aritzeko pilulak izanen dira.

Ikastaroa, urriaren 7an, ostiralarekin, 18.00etan, Eusko Kultur Fundazioaren egoitzan (Arrotxapea, Joaquin Beunza, 13 Bis, Behea, 31014)

Izena emateko edo informazio gehiago nahi baduzu deitu 948 225845 edo bulegoa@karrikiri.eus posta elektronikoren bidez.

“Euskaraz eroso aritzeko pilulak” urriaren 7an

“Euskaraz eroso aritzeko pilulak” urriaren 7an

Urriarenkartela 7an, ostiralarekin, Eusko Kultur Fundazioan, gure ustez zure interesekoa izan daitekeen ikastaro bat antolatu dugu.

Arratsaldeko 18.00etan, Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapatak euskaraz eroso hitz egiteko aholku batzuk emanen dizkigu. Euskara hiztunok egunerokoan bizi ditugun egoerak zergatik ematen diren aztertu eta egora horri buelta nola eman ikusteko oinarriak  emanen dizkigu. Hau da, ikastaro honen helburua hauxe da: euskaraz eroso bizitzeko bidea jartzea.

Horrelako formatuan antolatzen dugun lehendabiziko ikastaroa da eta Zergatik ez? formatuan oinarrituta dago, beti ere, gurera egokitua.

Plazak mugatuak daude, 12 guztira. Hortaz, eskertuko genuke zure izena bulegoa@karrikiri.eus posta elektronikoaren bidez edo 948 225845 telefonoaren bidez ematen baduzu.

 

Euskararen aktibismoa birdefinitu behar da?


Hemen duzuen bideoa “Argia Multimedia“tik hartu dugu.

Zer da militantzia? Nor da militantea? Orain arte euskararen inguruko militantzia-eredua nolakoa izan da? Eta etorkizunera begira, nolakoa izan behar du? Galdera horiei erantzuna ematen saiatu gara. Lau pertsonekin izan gara: Iñaki Martinez de Luna (soziolinguista), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea), Marta Luxan (Joxemi Zumalabe Fundazioa) eta Imanol Larrañaga (Elgoibarko Izarra).

Egilea: Hamaika Telebista, Argia