“Euskaraldia” aurkeztu dute

“Euskaraldia” aurkeztu dute

kartela

 

 

Abenduaren 2an, eguerdian, “Euskarak 365 Egun” ekimenaren ekitaldia izanen dugu. Egun horretan, soka dantza izanen dugu eta datorren urtean 11 egun euskaraz ekimenerako Nafarroako hiriburuan dugun asmoa aurkeztuko dugu ere. Hurbildu zaitez!!

Euskaraldia aurkeztu dute, baina zer da Euskaraldia?

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri ditu.

Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.

 

 

 

Aktibazio ekimenak herriz herri hedatzen doaz

Aktibazio ekimenak herriz herri hedatzen doaz

365_logoa

 

Topaguneak, azaroaren 9an, webgunean argitaratutako artikulua uzten dizugu hemen. Iruñean, heldu den abenduaren 2an aurkeztuko dugu datorren urtean 11 egun euskaraz ekimenerako prestatzen ari garena.

Gero eta herri gehiagotan martxan jartzen ari dira aktibazio ekimenak antolatzeko batzordeak. Iaz Donostian Egian euskaraz bizi ekimenak abiarazitako olatua handitzen ari da eta astez aste gehiago dira antzerako ekimenak martxan jarri dituzten edo martxan jartzea erabaki duten herri eta eskualdeetako euskaltzale taldeak. Euskarak 365 egun dinamikaren barnean 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den 11 egun euskaraz ekimena prestatzen hasiak dira horietako batzorde asko.

Urriaren 7an Donostian egindako mintegian aurkeztutako datuetan aipatu zen 40 herri eta eskualde zeudela ordurarte lanean hasita. Horietako batzuk egin dituzte jadanik aktibazio ekimenak eta datorren urtean errepikatzeko asmoarekin ari dira, beste batzuk aurten egingo dute lehenengoz  eta beste herri batzuetan biltzen hasi berriak dira 2018ko ekimena gogoan. Puntu ezberdinetan daude beraz, baina ehunka lagun ari dira batean eta bestean lanean olatua handitzen jarraitzeko.

Aurten, azaroaren 23an aurkeztuko den ekimenera abenduan eta 2018ko lehen hilabeteetan auzo, herri eta eskualdeak gehitzen joango dira. Herrietako batzorde eragileen eta ekimenaren koordinazioaren artean komunikazioa landu eta haremana errazteko Topagunean lanean daude jadanik ardura hori duten kideak.

Hainbat herritan ekimenak aurten

Baina datorren urteko 11 egun euskaraz ekimenaren aurretik, hainbat herritan buru-belarri ari dira hurrengo asteotan martxan jarriko diren formato ezberdineko saioak antolatzen. Batzuek asteburu batean arituko dira (Lizarran eta Derion, adibidez), beste) batzuk aste betez (Baiona-Angelu-Miarritze), 11 egunez (Deustuan), 20 (Intxaurrondon), 21 (Altzan) edo 30 egunez (Aiaraldean), baina guzti-guztiek dute oinarrian hizkuntza ohituretan eragitera bideratutako ekimenak izatea eta tokiko euskaltzaleen ekimenetik sortuak direla.

Hainbat batzorde, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan datorren urteko ekimena aurkezteko asmoz ari dira lanean.

Zerrenda luzea

Ondorengo lerroetan aipatuko ditugunak dira lanean hasita dauden herri eta eskualdetako batzuk. Ez da zerrenda osoa, baina martxan dauden batzordeak zein puntutan dauden ikusteko baliagarri izan daiteke.

Donostia. Egia auzoan hasitakoak izan du segida gerora ere (Añorga auzoan edo Donostiako Piraten artean, berbarako). Hurrengo egunotan, beste bi auzok hartu dute lekukoa: Altzak eta Intxaurrondok.

  • Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara batzordeak abenduaren 12tik abenduaren 2rarteko ekimena antolatu du: 21 egun euskaraz. Jadanik 291 Ahobizi eta 402 Belarriprest-ek eman dute izena.
  • Altza Hadi! izena eman diote Altzako ekimenari. 20 egunetan (azaroaren 11tik abenduaren 1era) 212 Ahobizi eta 515 Belarriprest lortzeko erronka jarri diote antolatzaileek bere buruari.

Auzoetako ekimenaz gain, Bagera euskaltzaleen elkartea ari da jadanik 2018an Donostia osoan egin nahi den 11 egun euskaraz ekimena prestatzen udalarekin batera. Urrian egin dute lehen mintegi irekia eta hasiak dira lehen urratsak ematen.

Deustu. Datorren urteko ekimenaren egun berdinetan egingo dute aurten Deustuarrek 11 egun euskaraz ekimena. Berbaizu euskaltzaleen elkartea gidatzen ari den ekimenean 250 lagun baino gehiagok eman dute izena jadanik.

Aiaraldea. Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak 30 egunez (azaroaten 3tik abenduaren 3ra) Aiaraldeko zortzi herrietako Ahobizi eta Belarriprest-ak hizkuntza ohiturak aldatzera gonbidatu ditu.  1.000 Ahobizi eta 5.000 Belarriprest armairutik ateratzeko prest

Lizarra. Baietz 48 orduz euskaraz Lizarran! Hori izan zen iazko Euskararen Ginkanan irabazle izan zen taldearen erronka eta geroztik, buru-belarri aritu dira azaroaren 17tik 19rako Euskararen Maratoia prestatzen. Twitterren ere jarrai ditzakezue.

BAM. Baiona-Angelu-Miarritze. Azaroaren 27tik abenduaren 3ra 450 Ahobizi eta Belarriprest lortzeko helburuarekin ari dira lanean antolatzaileak. Informazioa eskuorri hontan (pdf)

Derio. Derion Ahora izena eman diote Tximintx elkarteko kideek bere ekimenari, azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo dute aurten, 11 egunez datorren urtean. Herriko denda, taberna eta zerbitzuen gida egin dute euskaraz zerbitzua emateko duten gaitasunaren arabera sailkatuta. Aurten 365 derioztar nahi dituzte euskarari eutsiz. Twitterren ere aurkituko dituzue.

Batzordeak osatzen

Arabako lautada. Iaz Agurainen 75 orduz euskaraz ekimena arrakasta handiz martxan jarri ondoren, 2018 urtean Lautada osoan egingo dute 11 egun euskaraz. Lehen bileran 107 euskaltzale batu ziren.

Getxo. Urriak 7ko mintegian Getxoko euskara zinegotziak azaldu zuen modura, Bizarra Lepoan eta Egizu euskaltzaleen elkarteak eta udala elkarlanean ari dira lanean jadanik.

Elgoibar. Herriko Euskarak 365 egun batzordea datorren urteko ekimena prestatzen hasiak dira. Aurtengo euskararen eguneko ekitaldian aurkeztuko dute ekimena.

Iruñea. Abenduaren 2an egingo da aurten Iruñeako ekitaldia, eta bertan aurkeztuko dute datorren urtean 11 egun euskaraz ekimenerako Nafarroako hiriburuan duten asmoa.

Bilbo, Gasteiz, Soraluze, Atarrabia, Errenteria, Ermua, Lasarte, Baztan, Tolosaldea, Durango,… eta hamarnaka herri gehiagotan ari dira jadanik euskaltzaleen batzordeak sortzen  datorren urteko olatuan parte hartzeko.

 

Iturria: Topagunea.eus

Hiru ekitaldiren bidez berrinauguratuko dugu euskal denda

Hiru ekitaldiren bidez berrinauguratuko dugu euskal denda

kartela

 

 

Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topaguneak liburu aurkezpen, bertso saio eta hitzaldi baten bidez berrinauguratuko du denda berria. Bi hilabetez denda itxita egon ondoren, irailaren 26an ireki zen Xabier kaleko denda.

Ekitaldi nagusia, urriaren 21ean, larunbatarekin, gauzatuko da. Goizeko 12:00etan, Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak bertsotan hasiko dira, gurera hurbiltzen den orok denda berrituaz bertso saio baten bidez goza dezan.

Egitaraua borobiltzeko, urriaren 19an, “Egile berriendako literatur lehiaketa 2016” liburuaren aurkezpena eginen da. Hiru saridunak gurera hurbilduko dira: narrazio atalean, Ander Perez Argote “Lehen malutak” testuaz ariko da; olerki atalean, Iban Garro Alzuri “Hidris-en aulkia”rekin; eta bertso-paperetan, Julio Soto Ezkurdia “Nor naiz?” lanarekin.  Arratsaldeko 19:30ean emanen diogu hasiera berrinaugurazio honetako lehendabiziko ekitaldiari.

Eta bukatzeko, urriaren 25ean, 19:30ean, Miren Amurizarekin haur liburu ilustratuei buruz hitz eginen dugu. Miren Amurizak “Konta iezadazu ipuin bat” izenburupean eskainiko du hitzaldia.

 

Urriaren 19an, 19:30ean, “Egile berriendako literatur lehiaketa 2016” liburu aurkezpena

Urriaren 21ean, 12:00etan, Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak

Urriaren 25ean, 19:30ean “Konta iezadazu ipuin bat” Miren Amurizaren eskutik

 

Irakurri, gozatu eta oparitu

Irakurri, gozatu eta oparitu

Kartela-jpg

 

 

Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa martxan da eta aurten, lehenengo aldiz, Iruñeko Udala antolatzaileen artean dago.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Parte hartu nahi? Hauek dira eman beharreko pausuak:

Irakurri: Hurbildu liburutegira eta hartu maileguan euskarazko edozein liburu.

Gozatu: Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu: Azken pausua, liburua oparitu.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu. Horrez gain, liburutegi bakoitzean 30€ko balioa duen txeke baten zozketa eginen da, hil horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emanen du. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10 artekoa izanen da eta oparitu nahi duzun liburua beste denden artean, Karrikiri euskal dendan ere eskura dezakezu.

 

468_60_bannerra (1)

Irakurri, gozatu eta oparitu irakurzaletasuna

Irakurri, gozatu eta oparitu irakurzaletasuna

Kartela-jpg

Martxan da 11. Irakurri, gozatu eta oparitu edizioa euskaltzale elkarte, liburutegi publiko eta liburu dendek elkarlanean antolatua. Martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31 bitartean Nafarroako 18 herritan eta lehenengo aldiz, Iruñean.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, nirakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak, parte hartze sartzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Parte hartu nahi? Hauek dira eman beharreko pausuak:

Irakurri: Hurbildu liburutegira eta hartu maileguan irakurri euskarazko edozein liburu.

Gozatu: Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu: Azken pausua, liburua oparitu.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu. Horrez gain, liburutegi bakoitzean 30€ko balioa duen txeke baten zozketa eginen da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emanen du. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10 artekoa izanen da.

Informazio gehiago behar izanez gero, www.topagunea.eus/irakurri

200_200_bannerra