Mugimendu euskaltzalearen etorkizuna, hizpide

Joan den otsailaren 6an, Topaldiaren 18. edizioa egin zen Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Jardunaldiaren ardatza, euskalgintzan diharduten mugimenduen antolakuntza ereduen inguruko gogoeta egitea izan zen, izenburuak adierazi bezala: “Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?”.

Bertan Euskal Herriko bazter guztietako esperientziak nahiz antolakuntza ereduak ezagutu ahal izan genituen. Euskara elkarteetan 90. hamarkadan sortu ziren antolakuntza ereduetatik abiatu zen Topaldia, gaur egun ere betetzen dituzten funtzioak nabarmenduz. Era berean, gizarteak dakartzan aldaketetara moldatzeko asmoa duten eredu berriak ere plazaratu ziren. Izan ere, azken horiek osatu zuten jardunaldiaren muina.

Eredu berritzaileek irekitako ildoari helduta, gizarte berrikuntzaren gaia jorratu zen, euskalgintza bezalako mugimendu sozialek eraldaketa horretan duten egitekoaren inguruko gogoeta zabalduz. Horretarako, besteak beste, gizarte berrikuntzan punta-puntako aditu dugun Igor Calzadaren hitzaldia entzuteko parada izan genuen. Calzada Oxfordeko Unibertsitatean doktore eta Europar Komisiorako zientzialari tekno-politiko eta aditu seniorra da. Bere lana, urteetan zehar, gizarte berrikuntzak prozesu tekno-politikoetan betetzen duen papera ikertzea izan da, hiri eta eskualdeak konparatuz, eragileen estrategiak aztergai izanik. Bestalde, nazioarteko ikerketa konparatuan ibili bada ere, Euskal Herria jomugan izan du beti.

Topaldian egin zuen hitzaldia ekarri dizuegu, haren gogoetak eta esperientziak interesgarri izanen zaizkizuelakoan:

JALGI HADI GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN!

Kike Amonarrizek, Topaguneko lehendakaria, Euskararen Nazioarteko Egunean:

Euskaldunontzako etorkizun hobe baten ilusioak eta nahiak elkartzen gaitu. Baita bizi dugun egoeraren kezkak ere. Kemen handikoa gara euskara jendea; ohituta gaude arranguraz bezainbat itxaropenez eusten, ekiten eta eraikitzen. Baina neke historikoa ere sentitzen dugu bizkar gainean, eta euskaraz bizi ahal izateko garaia dugula ere aldarrikatu nahi dugu. Bidegurutzetik atera eta euskaraz bizitzeko jauzi kualitatiboa emateko unea da.


Beñat Etxeparek idatziz jasotako kontzientzia euskaltzale horren sua eta beroa mendez mende transmititu dira. Bidea egin dute familietan eta herrietan barrena, emakume nahiz gizonen artean, bertan sortutakoen nahiz etorkizuna gurekin eraiki nahi izan duten kanpotik etorritakoen artean. Euskaltzaletasunaren su horrek berotzen eta elkartzen gaitu gaur ere.


Kanpoko indar homogeneizatzaileen azpitik eta bertako askoren utzikeriaren gainetik. Herri honetan beti egon direlako justizia soziala lortzekotan, euskarari eta euskal komunitateari biziraupena eta duintasuna bermatzea ezinbestekotzat jo duten gizon-emakumean: ikasten ahalegindu direnak, seme-alabek jakin dezaten bermatu nahi izan dutenak eta euskara bizitzeko hautua egin dutenak.


Eta lehen bezala, orain ere, gugan dago etorkizuna irabazteko indarrik handiena. Euskararen aldeko defentsarik onena erabilera da: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea. Euskara jalgi hadi plazara! Eta euskara pozarekin eta atseginarekin lotzea. Euskara jalgi hadi dantzara!
Horixe sentitu zuten aurreko Euskaraldian, beren hizkuntza ohiturak aldatzeko erabakia hartu eta praktikara eraman zuten milaka eta milaka herritarrek: ilusioa, konplizitatea, poza eta komunitate baten parte izatea.


Hasiak gara dagoeneko bigarren Euskaraldia prestatzen; sakonagoa, handiagoa eta zabalagoa izan nahi duen Euskaraldia. Berau euskararen alde inoiz eman den urratsik handiena izan dadila nahi dugu: bere eragina ahalik eta herritar eta entitate gehienetara iritsi eta urteko 365 egunetara zabal dadila. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskaltzaleak batzea, antolatzea eta trinkotzea.

Bultza dezagun herriz herri, auzoz auzo euskaltzaleen mugimendua: sortu eta indartu ditzagun euskaltzaleen topaguneak eta Euskaraldiaren herri batzordeak Euskal Herriko txoko guztietan.


Gaur, abenduaren 3an, Nazioarteko Euskararen Egunean, Etxepareren aldarria gogoan, mugimendu euskaltzalea indartzera deitzen zaituztegu: gazteak, helduak eta adinekoak, emakumeak nahiz gizonezkoak, esku-langileak, irakasleak, unibertsitarioak, zaintzaileak, euskara ikasten ari zaretenak, belarriprestak eta ahobiziak… Bakoitzak ahal duen eta egoki ikusten duen konpromiso mailarekin; norbere aukera eta gaitasunaren arabera.


Indarrak elkartzen baditugu eta auzoz auzo, herriz herri euskararen aldeko dinamikak piztu eta sustatzen baditugu. Euskal Herri euskaldunago, biziago, berdinzaleago eta justuago bat eraiki ahal izango dugu. Guretzat eta hurrengo belaunaldientzat. Horixe da guretik munduari egin geniezaiokeen ekarpenik ederrenetako bat. Jalgi hadi plazara. Habil mundu guztira!


Kike Amonarriz Gorria – 2019ko abenduaren 3an.

2020a hasi da, eta gu prest gaude

2. Euskaraldira eramango gaituen urte polita dugu aurretik. Ideia, amets eta gogo ugari dugu aurten ere, baina oraindik ere, #gehiago nahi ditugu, #gehiagotan partekatu nahi ditugu eta #gehiagorekin konspiratu nahi dugu. Iruñea euskaldunago egin nahi dutenen Topagunea izan nahi dugu. Elkarlanean, denon artean eginen dugu.


Proposamenik, ideia berririk, galderarik, iruzkinik baduzu, betiko tokian izanen gaituzu: bulegoa, denda eta topagunea den Xabier Karrika 4an, Iruñeko alde zaharrean, (Estafeta kalearen ondoan).

Guregana hurbiltzerik ez baduzu, harremanetarako baliabide hauek eskaintzen dizkizugu: emaila eta telefonoa: bulegoa@karrikiri.eus; 948 225 845.

Web orriak: karrikiri.eus; denda.karrikiri.eus

Eta nola ez: Twitter, Facebook eta Instagram

Aitzina! Urte berri on!

XII. Irakurri, gozatu eta oparitu

XII. Irakurri, gozatu eta oparitu

Kartela

 

 

 

Euskaltzaleen Topaguneak IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoaren  edizio berri bat jarriko du martxan, hamabigarrena, eta aurten ere Karrikirik parte hartu du beste hainbat elkarte, Udal liburutegi eta liburu dendekin batera.

Maiatzaren 31ra arte eskainiko da liburutegietan kanpaina honetan parte hartzeko aukera. Liburu dendetan, ordea, ekainaren 10a arte iraunen du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duen bezala, hiru pausu erraz emanda parte hartu daiteke:

1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu  %35 merkeago erosteko  aukera  emango dizu.

Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean liburutegi bakoitzean 30€ko balioa duen txeke baten zozketa egingo da. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.

Oharra 1: Txeke bat liburu bakoitzeko

Oharra 2: Erosketa txekeekin ezin izanen da gramatika libururik, hiztegirik, entziklopediarik edo eskolako libururik erosi.

Euskaltzaleen Topaguneak lanpostu bat bete behar du epe laburrean

Egitekoak :
o Erabilera programak kudeatzea.

Lanposturako oinarrizko eskakizunak:
o Euskara ondo menderatzea. o Harreman pertsonaletarako gaitasuna izatea. o Gidabaimena eta autoa edukitzea. o Ofimatika programak erabiltzeko trebetasuna izatea. o Gestioan eta planifikazioan eskarmentua izatea.

Baloratuko da:
o Euskara  Elkarteen  mugimenduko ezagutza  izatea  edota  kidea izatea. o Soziolinguistikari buruzko ezagutzak izatea. o Teknologia berriak erabiltzeko trebetasuna izatea.

Lan baldintzak:
o Maiatzaren erdialdean  hasita, lanaldi erdiko kontratua. o Ohiko lan lekua, Atarrabiako bulegoa izango da.

Curriculumak bidaltzeko epea apirilaren 26an, 14:00etan bukatuko da. Posta elektronikoz bidali behar dira: oskar@topagunea.eus helbidera