2020/01/6 | Euskaraldia, Iritzia, Karrika
Kike Amonarrizek, Topaguneko lehendakaria, Euskararen Nazioarteko Egunean:
Euskaldunontzako etorkizun hobe baten ilusioak eta nahiak elkartzen gaitu. Baita bizi dugun egoeraren kezkak ere. Kemen handikoa gara euskara jendea; ohituta gaude arranguraz bezainbat itxaropenez eusten, ekiten eta eraikitzen. Baina neke historikoa ere sentitzen dugu bizkar gainean, eta euskaraz bizi ahal izateko garaia dugula ere aldarrikatu nahi dugu. Bidegurutzetik atera eta euskaraz bizitzeko jauzi kualitatiboa emateko unea da.
Beñat Etxeparek idatziz jasotako kontzientzia euskaltzale horren sua eta beroa mendez mende transmititu dira. Bidea egin dute familietan eta herrietan barrena, emakume nahiz gizonen artean, bertan sortutakoen nahiz etorkizuna gurekin eraiki nahi izan duten kanpotik etorritakoen artean. Euskaltzaletasunaren su horrek berotzen eta elkartzen gaitu gaur ere.
Kanpoko indar homogeneizatzaileen azpitik eta bertako askoren utzikeriaren gainetik. Herri honetan beti egon direlako justizia soziala lortzekotan, euskarari eta euskal komunitateari biziraupena eta duintasuna bermatzea ezinbestekotzat jo duten gizon-emakumean: ikasten ahalegindu direnak, seme-alabek jakin dezaten bermatu nahi izan dutenak eta euskara bizitzeko hautua egin dutenak.
Eta lehen bezala, orain ere, gugan dago etorkizuna irabazteko indarrik handiena. Euskararen aldeko defentsarik onena erabilera da: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea. Euskara jalgi hadi plazara! Eta euskara pozarekin eta atseginarekin lotzea. Euskara jalgi hadi dantzara!
Horixe sentitu zuten aurreko Euskaraldian, beren hizkuntza ohiturak aldatzeko erabakia hartu eta praktikara eraman zuten milaka eta milaka herritarrek: ilusioa, konplizitatea, poza eta komunitate baten parte izatea.
Hasiak gara dagoeneko bigarren Euskaraldia prestatzen; sakonagoa, handiagoa eta zabalagoa izan nahi duen Euskaraldia. Berau euskararen alde inoiz eman den urratsik handiena izan dadila nahi dugu: bere eragina ahalik eta herritar eta entitate gehienetara iritsi eta urteko 365 egunetara zabal dadila. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskaltzaleak batzea, antolatzea eta trinkotzea.
Bultza dezagun herriz herri, auzoz auzo euskaltzaleen mugimendua: sortu eta indartu ditzagun euskaltzaleen topaguneak eta Euskaraldiaren herri batzordeak Euskal Herriko txoko guztietan.
Gaur, abenduaren 3an, Nazioarteko Euskararen Egunean, Etxepareren aldarria gogoan, mugimendu euskaltzalea indartzera deitzen zaituztegu: gazteak, helduak eta adinekoak, emakumeak nahiz gizonezkoak, esku-langileak, irakasleak, unibertsitarioak, zaintzaileak, euskara ikasten ari zaretenak, belarriprestak eta ahobiziak… Bakoitzak ahal duen eta egoki ikusten duen konpromiso mailarekin; norbere aukera eta gaitasunaren arabera.
Indarrak elkartzen baditugu eta auzoz auzo, herriz herri euskararen aldeko dinamikak piztu eta sustatzen baditugu. Euskal Herri euskaldunago, biziago, berdinzaleago eta justuago bat eraiki ahal izango dugu. Guretzat eta hurrengo belaunaldientzat. Horixe da guretik munduari egin geniezaiokeen ekarpenik ederrenetako bat. Jalgi hadi plazara. Habil mundu guztira!
Kike Amonarriz Gorria – 2019ko abenduaren 3an.