Karrika 53. 2001eko abendua

Karrika 53. 2001eko abendua

Orekan, Herrien eta hizkuntzen ekologiaz

Garai bateko ekologiaren ideiek inguru fisikoari erreparatzen zioten gehienbat: natura gizakien erasoengandik babestu beharra zegoen, ingurunea eta gizateria bereizgarriak izango balira bezala. Errealitatean oinarritzen ziren intuiziook azken hamarkadotan gauza eta izaki guztien arteko harremana kontuan hartzen duen pentsamendu berri bat osatzen lagundu dute: kontserbazionismo hutsa alboratu eta garapen bideragarriaz hitz egiten dugu orain.
Ez da nahikoa. Ekologia bere osotasunean ulertu behar dugu: pertsonen arteko harremanak eta naturarekiko eragina ezin dira bereizi; justiziarik gabeko gizarte batek gero eta kalte handiagoak eragiten ditu ingurune osoan, eta bidegabekeriak desagertzen ez diren artean desoreka eta ezinegona nagusi izanen dira munduan.
Desoreka hau kultur arloan ere islatzen da. Hortaz, herri eta hizkuntzen ekologiaren alde egitea balore etikoak dituen kontzientzia berri bat eraikitzea da. Harreman zapaltzaileek -bazterkeria, norberekeria, besteekiko ezaxola…- denon ondasun eta eskubideak hutseratzen dituzte, herrien nortasuna eta kultur adierazpenak tartean. Beraz, hizkuntz aniztasuna bermatzea giza ondarearen oreka ekologikoa mantentzeko erabaki saihestezina da: aniztasun honen mesedetan, euskaldunok herri bezala irauteko premia dugu: hau lortzeko gai gara, baina horretarako egunero lan egin behar dugu.
Gizakiak berdintasunean sinesten duela esaten duen arren, harropuzkeriaz jokatzen du. Diskurtso eta ekintzen arteko kontraesana kezkatzekoa da, baina zurikeriatan ari denaren ezaugarri honek beste intuizio bat ere adierazten du: lehen bezala, bidezidor malkartsu eta okerretatik gabiltza, baina, sasi artean, denon ongizatea lortzeraino eramango gintuzketen bideak zein izan daitezkeen sumatzen hasiak gara.
Xamar-ek idatzi berri duen “Orekan. Herri eta Hizkuntzen Ekologiaz” liburuak behar dugun ikuspegi osoa lortzen lagundu diezaguke. Unibertsoa, Lurra, gizakia, mintzaira, hizkuntzak, hizkuntz komunitateak eta herriak; izarren hautsa zena, bizigai. Izaki guztion arteko lotura estuaz ohartuko bagina eta elkarren beharra dugula ulertuko bagenu, bizitzak azaleratzen dituen itxura, nortasun eta hizkuntz ezberdinen aurrean begirunez eta berdintasunaren grinaz jokatzen saiatuko ginateke.
Berdintasunaren printzipioa eta interdependentzia aniztasunean… Bizitzaren mintzoa ulertzeko biziaren hizkuntzaz ari gara. Hitz ederrak, alajaina! Eta hitzak ere bizitzatik sortuak dira. Goazen bada bizitzera eta hitzak bizitzera: bakarka zein taldeka, lagunartean, auzokoekin eta ezezagunen aurrean, saia gaitezen inoiz baino beharrezkoagoa zaigun utopia bideragarri hau gauzatzen: izaki, herri eta hizkuntz komunitate desberdinen elkarbizitza aberasgarri, zuzen eta orekatua, hemen eta orain.
Bukatzeko, aipatu liburua irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, bertan gure herriaren iraupenaren beharraz kontzientzia pizteko inoiz agortzen ez den erregaia aurkituko duzuelako.



ZENBAT BURU… Xamar

Juan Carlos Etxegoien Juanarena, “Xamar”, Garraldako Xamarrena etxekoak, “Orhipean. Gure herria ezagutzen” eta “1898, Garralda” liburuak idatziak zituen orain gutxi arte. Elkarrizketa honetan plazaratu berri duen hirugarren liburuaz-“Orekan. Herri eta Hizkuntzen ekologiaz”- eta beste zenbait kontuz hitz egiteko aukera izan dugu berarekin.

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Nola ez, nere egoera pertsonala eta familiarra baita. Guk, euskaldunak izanik, ezin garatu dugu gainerako pertsonek bezala. Iruñean (edo Bilbon, Donostian, Baionan…) erdaldun batek ez du oztoporik erdaraz bizitzeko; gu diglosikoak izatera beharturik gaude, praktikan eta teorian ere (legeek bermatzen baitute erdaren nagusitasuna). Erdaran guzia erreztasun eta malda behera den bitartean, Euskaran zailtasun, oztopo eta “lujo asiático” –nafar (?) gobernuak errana–.
Egungo egoera ez da berria, erasoak indarberriturik badatozkigu ere. 1901ean, adibidez, Nafarroako gobernadoreak eskoletan Euskara erabiltzea debekatu zuen; inperialismoa eta faxismoa aspaldidanik ezagutzen ditugu, demokraziaz mozorroturik heldu badira ere. Kezkagarriena gure erantzuna da ahula, konplexuz beterik…

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Egina dut dagoeneko: OREKAN Herri eta Hizkuntzen ekologiaz. Gauza anitz izateaz landa, hori ere bada: motibazioan sakontzeko saioa. Diskurtsoan dago gakoa, “el del vasco” izateaz asperturik nago. Ulertu behar dugu ez gaudela -–bereziki– Euskararen alde, gu Biziaren alde gaudela baizik, munduko kultur aniztasunaren alde, ohartuz (eta ohartaraziz) mintzoa gure beharra dela gu izaten jarraitzeko eta, bidenabar, yanomami, boskimano, dakota, ainu… munduko herri guzien aldeko ekimena dela, Gizadi osoaren garapenaren aldekoa delakoz.

Nola suertatu zen zure azken liburu hau egiteko aukera?
Ideia aspaldikoa zen, baina gisa honetako liburu batek denbora osoa eskatzen du (ikasteko, idazteko, ilustratzeko…). Bilbon Zenbat Gara elkarteko adiskideek berehala ulertu zuten material honen garrantzia eta bere egin zuten egitasmoa. Haiei esker gauzatu ahal izan da.

Nafarroako euskalgintzan aritzen diren herri mugimenduei zer nolako hutsuneak ikusten dizkiezu?
Munduko borondate hoberena ez da aski, tamalez, egoera orokorrari aitzin egiteko eta noraezean gabiltza (kasu, hemen eta Nafarroa atlantikoan ere). Luze litzateke galderari ongi erantzutea eta, hain zuzen ere, hauxe da hutsunetariko bat: uste izatea guzia ihardesten (eta konpontzen) dela esaldi batekin; beti “formula magikoaren” bila gabiltza, pilula sendagarri amets: herri mugimenduetan, haur eta helduen irakaskuntzan… Hori bai, hizkuntzaren (edo zernahiren) aldeko manifak arras ongi ateratzen zaizkigu, zer jendeketak!.

Zure ustez, Nafarroako euskaldunok garrantzia ematen al diogu benetan euskararen eta euskal kulturaren garapenari?
Galdera bera egoeraren adierazgarria da. Galderak hauxe behar luke izan: guk garrantzia ematen al diogu gure garapenari? Baina, normalak izanik (edo normalak izan nahirik), galderak ez du zentzurik. Nork ez dio bere garapenari garrantzia ematen? Euskara errebindikazio zerrendan gai bat gehiago den bitartean, gureak egin du: eskubide historikoak, euskal selekzioa, emaztearen eskubideak… eta Euskara. Ez, ez da hola izan behar; horrela Euskara eta euskal kultura pluraleko 3. pertsona dira: haiek; baina hizkuntza ez da gu gabe eta gu ez gara gu Euskararik gabe, erran nahi baita, aipatutakoak pluraleko lehen pertsona dira: gu. Gu gara Euskara.
Honetaz ohartuko bagina, ez ginateke hau bezalako galderak egiten eta erantzuten ibiliko, ez baitute zentzurik, munduko pertsona guziok normalak izateko beharra dugulakoz, jakina.


SOZIOLINGUISTIKA.
Zer ordutan aterako da Rangunerako hegazkina? Hizkuntza funtzioak

* Aireportu batean informazioa eskatzea (7)
* Literatur liburua norberarena ez den hizkuntzaz irakurtzea (6)
* Unibertsitatean ikastea edo nazio mailako telebista ikustea (5)
* Ogia erostea edo dentistarenera joatea (4)
* Laborategiko txostena irakurtzea (3)
* Seme-alabekin jolastea edo lagunarteko parranda egitea (2)
* Hurrengo egunean lantokian egin behar ditugunak buruz errepasatzea (1)

Aipatutako adibideak, batzuk besteak baino ohikoagoak, hiztunok egiten ditugun jarduerak dira. Guzti-guztietan hizkuntza behar dugu. Dena den, hiztunen ikuspuntutik hizkuntzen ikuspuntura pasatuz, hizkuntza guztiek ez dute jarduera mota horietan guztietan garatzeko aukerarik, ez dute, beraz, funtzio guztiak garatzeko aukerarik.
Hizkuntza funtzioen azalpen asko aurki ditzakegu, baina arrakastatsuenetarikoa Txepetxek egindakoa daukagu (Goiko adibideen ondoan dauden zenbakiak beheko eskema honetako zenbakiekin bat datoz):

(7) FUNTZIO INTERNAZIONALA
(6) ZIBILIZAZIO FUNTZIOA
(5) FUNTZIO NAZIONALA
(4) FUNTZIO LOKALA
(3) LAN FUNTZIOA
(2) FAMILIA F.
(1) IDENTITATE F.

Txepetxen azalpena jarraituz, teorikoki, hizkuntza orok eskalaren zazpi funtzioak bete ditzake. Praktikan, aldiz, funtzio internazionala hizkuntza gutxik daukate. Zibilizazio funtzioa ere ez da oso arrunta, maizago agertu arren. Are gehiago, beherago dauden funtzioak ez betetzea gertatzen da, funtzio nazionala hizkuntzaren biziraupena ziurtatzeko ezinbestekoa den arren. Horrelako kasuetan, gizartean beharrezkoa den funtzio multzoa garatzeko (1etik 5era) hizkuntza bat egon beharrean bi hizkuntza agertu ohi dira; alegia, bi hizkuntza eskailera bakar batetarako: diglosia egoera, hain zuzen.
Funtzio internazionala eta zibilizazio funtzioa bakarrik ikaspen kulturalaren bidez lortzen dira, familia eta identitate funtzioak, aldiz, bakarrik ikaspen naturalaren bidez.
Hizkuntzaren estatusa eskailera horretan betetzen duen mailarik altuenarekin pareka daiteke. Estatusa aldakorra da. Portugesak, adibidez, estatus ezberdina dauka Portugalen (6) edo Espainiar Estatuko etorkinen artean (2/1). Historian zehar gertatzen den aldakortasuna ere nabaria da.
Euskararen kasuan aldaketa garaia da oraingo hau. Non kokatuko zenukete euskara funtzioen eskaileran?

Karrika 52. 2001eko azaroa

Karrika 52. 2001eko azaroa

Sareak harrapatuko zaitu!

Adi egon, irakurle. Sare itsaskor eta xarmangarri bat dabil Iruñerri osoan zehar. Baina ez diogu zertan beldurrik izan, berehala abiaraziko den askatasunaren sarekada honek gozatzeko aukera paregabea emango digu eta. Truke Sarea du izena, eta guztioi irekita dagoen sare honen bidez bertako euskaldunon arteko harremanak ugaritzeaz gain, betidanik norberaren gustukoak izan diren ezagutzak ikasi eta irakatsi ahal izango ditugu, ohiko “ikastaro” arruntik egin gabe. Karrika honetan bertan informazio zehatzagoa eskaintzen da, baina hona hemen zertzelada batzuk:
Datozen asteotan izen horretxekin abian jarriko den ekimenean euskaldunok ezagutzak eta trebeziak elkar trukatzeko aukera izanen dugu. Denok ikasle eta irakasle izan gaitezke: jarduera jakin bat ikasi nahi baduzu, gainontzeko sarekideei eskaera egiten ahal diezu; aldi berean, zerbait irakasteko eskaintza ere egingo diezu, elkarrekikotasuna baita jarduera honen funtsa. Kontuan hartu edozein motatako ezagutzez ari garela, eta denok irakasten ahal dugula zerbait: ale honetan bertan aipatzen diren adibideak ikusi besterik ez dago ohartzeko denok garela gauza zerbait irakasteko. Gure abileziak eta ezagutzak gutxiesteko joera apurtu beharrean gaude behingoz, eta hori egiteko tenorea heldu da. Edozein momentutan atera zaitezke saretik, nahi izanez gero, baina han zauden bitartean, bestelako pizgarriez gain, hizkuntza erabiltzeko eta aberasteko baliagarria izango zaizula konturatuko zara.
Egiaztatu ahal izango duzunez, ekimen honen bidez pertsonen arteko harremanak ohikoa ez den era batez planteatzen ari gara: elkarbidea ezagutzak izanen dira, baina dirurik eman behar izan gabe garatzen diren harremanak dira hauek, besteekiko begirunea eta elkarren arteko konfiantzari lehentasuna emanez. Berdintasuna, malgutasuna eta aldi berean aniztasuna uztartuko dituen sare honetara bildu nahi zaituztegu, guztiok euskaldunon komunitateko partaide garelako, eta uste dugulako ezagutza konkretuak baino haratago ere elkar ezagutzea merezi duela.
Jarduera berri honen asmoetako bat euskaldunon partehartze zabala bultzatzea da, eta beste bat elkarrekiko prestakuntza hobetzen eta hedatzen joatea. Agerikoa da beraz sarea gero eta erakargarriagoa izan ahal dadin, zure eta zu bezalakoen partehartzea ere ezinbestekoa dela. Horregatik, emaiezu ekimen honen berri lagunei eta ezagutzen dituzun euskaldun guztiei, denon artean sare ezin dinamikoago bat josi ahal izan dezagun.
Ez galdu aukera hau. Jakin badakigu askotan gure bizitzak jarduerez beteta egoten direla, baina aholku bat ematera ausartuko gara: oraingoan busti zaitez, proposamen honek ilusiotan blai utziko baitzaitu; desberdina da eta estimatua izatea merezi duela uste dugu. Sareak sariak ere baititu: partehartzaileok gure betiko jakinminak asetzeko parada izanen dugu, eta gainera beste inon ez bezalako esperientziak eta harremanak bideratu ahal izango ditugu.
Badakizu: eguneroko ohikeriak harrapa ez zaitzan, sarekide bilakatu zaitez!



ZENBAT BURU… Patxi Salaberri  

Patxi Salaberri Zaratiegi Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea duzue. Doktore hau Euskal Filologiaren arloan aritzen da Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren sailaren barnean. Honez gain, toponimian eta dialektologian aditua da eta artikulu ugari idatzi ditu gai honen inguruan zenbait aldizkari eta liburutan.

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
P.S. Euskal erkidegoaren egoerak kezkatzen nau bai; hori garbi. Egungo egoera Iruñetik, Nafarroatik ikusita aski gogorra dela iruditzen zait, aspaldi honetan ezagutu ez dugun neurrian gainera. Honekin ez dut erran nahi, ordea, gaurdainoko egoera bikaina izan dela, baina orain bezalako eraso zuzenik gutxi ikusi ditugu azken urteotan, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politika euskararen aldekoa zen jendearen eskuetan baitzegoen, nahiz gero esku horiek loturik egoten ziren gauzak egiteko, maiz. Unibertsitateari dagokionez, zehazkiago erran, NUP-ri dagokionez, aldaketa gutxi izan dira azken urteotan, alegia, egoera ez da sobera txartu -hein batez bai, ordea- lehendik ere nahiko txarra zelako.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
P.S. Euskararekiko motibazioa aregotzeko erakundeen bultzada ezinbestekoa dela uste dut, partikulazki “motibazio instrumentala” deitzen dena bulkatzeko. Hau da, jendeak euskara baloratzen dela ikusi behar du, euskara ikasteko edo bere haurrak euskal ereduetara bidaltzeko. Beste aldetik, gure artean, euskaldunon artean, erdaraz mintzatzeko joera handiegia dakusat eta hau, jakina, ez da ona ondokoek euskara ikas dezaten. Zertarako ikasi inork erabiltzen ez duen hizkuntza? Alegia, erakundeak euskara bultzatu beharrean oztopatzen ari badira ere, lortuko bagenu orain arte euskara, modu batera edo bestera, ikasi duten gehienek euskaraz mintzatzea urrats handia eginik izanen genuke gure hizkuntza aitzina ateratzeko borrokan. Negargarria da, izan ere, ikastoletan eta unibertsitatean berean euskaraz ikasten ari direnek elkarrekin erdaraz nola jardukitzen duten ikustea.

Euskararen aurkako joera dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar diegu?
P.S. Euskaldunok euskaraz hitz egiten dugula, erabiltzen dugula –izkribuz ere bai– eta hori egiteko esku badugula, bestek eman gabe. Euskaldun guztiok muturreko zenbait joera politikoren aldekoak ez garela erakustea ere mesedegarri dateke, nire irudiko, aise egiten baita bortizkeriaren eta euskararen arteko lotura. Jende xeheaz ari naiz hemen, ez politikariez, eta Nafarroakoaz bereziki. Bestalde, unibertsitatean asko aipatzen den kontua kalitatearena da, euskara eta kalitatea elkarren aurka baleude bezala. Aieka honetatik uste dut ahaleginak egin behar ditugula gure lanek ahalik eta kalitaterik handiena izan dezaten, ez baita erraza!

Zure ustez, argudio eta datu historiko eta linguistikoek euskararen aldeko kontzientzia areagotzeko balio al dezakete?
P.S. Argudio eta datu historikoek ene iritzian garrantzi handia dute. Badakit, eskarmentuz -eta hitz bikoitza darabilt hemen- datu historikoak aurkezte hutsak euskararen aurka dagoen jendea euskara ikastera ez duela bultzatuko, bestela Jimeno Jurioren liburuak irakurraraziz konponduko baikenuke gure hizkuntzaren arazoa, Nafarroan bederik. Argudio eta datu zorrotz-zehatzak gure euskalduntasunaren oinarri dira, batez ere euskara galdu den Euskal Herriko eremu zabalean, baina ez bakarrik hemen. Hor dago, erraterako, lingua navarrorum delakoaren interpretazioaren auzia, alegia navarri haiek nor ote ziren?, lau menditar-baserritar atzeratu (Zierbidek eta nahi duten bezala) ala nafar gehienak? Jende prestatua behar da gure historiaren eta hizkuntzaren defentsarako eta hori ez da goizetik gauera lortzen; lana eta unibertsitatea behar dira horretarako, eta horregatik ez dute nahi euskara NUP-en sar dadin. Historian zehar Euskal Herriko alderdi orotako bizilagun guzti-guztiek euskaraz jardukitzen zutela dioen hipotesiaren aldeko jarrera ez hagitz zientifikoak ere, nire irudiz, gure kalterako dira.


SOZIOLINGUISTIKA.
Hizkerak: ezinbesteko aberastasuna

Erregistro linguistikoa: testuinguru sozialaren arabera hiztunek aukeratzen duten mintzatzeko era

Hizkuntza estandarra akademiak finkatzen du baina hizkuntzaren gainerako erregistroak, gainerako hizkerak (lagunartekoa, argotak…) ezin dira arautu hiztunek, erabileraren poderioz, zabaltzen eta aldatzen baitituzte. Komunikabideak esamolde eta hitz berrien bozgorailuak izan ohi dira. Horrela gertatzen da hizkuntza komunitate osasuntsuetan.
Erabilera esparruak desorekatuta daudenean, ordea, hiztunek ez dituzte menperatzen behar dituzten erregistro guztiak.
Pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen, gazteleraz mintzo garenean, tabernan unibertsitateko filosofia irakaslearen moduan mintzatuko bagina edo lan elkarrizketa batean gazteen arteko argotik modernoena erabiliko bagenu. Solaskidearengan harridura sortuko genuke eta komunikazioa eta gure helburuak oztopatuta geratuko lirateke, erregistro desegokiak aukeratuz, gizartean ezarritako eta denok ezagutzen dugun “adostasun linguistikoa” hautsiko baikenuke.
Euskaraz, aldiz, erregistro bakarreko hiztun asko daude, bere ilobekin edo bere enpresako nagusiarekin, adibidez, berdin mintzatuko liratekeenak. Kasu horien aurrean ez harritzea edo komunikazioa oztopatuta geratzen dela ez ikustea gure komunitate linguistikoaren osasun ezaren adierazgarriak dira.
Gaia Euskaltzaindiak irailean egindako azken biltzarrera heldu zen, Koldo Zuazok(1) ekarria. Lehenagotik ere kezka esparru askotara zabaldu da. Nafarroako Gazte Kontseiluak, adibidez, “Gazte hizkera eta argotak” izeneko tailerra antolatu du(2). Gaiak pizten duen interesaren seinalea, dudarik gabe.

(1) Berak proposatzen duena ezagutzeko: Zuazo, K. Euskararen sendabelarrak, Alberdania, 2000.
(2) Azaroaren 14an, 19:00etan, Iruñeko Gazteriaren etxean. Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko: 948234819 telefonoa.

 

Karrika 51. 2001eko urria

Karrika 51. 2001eko urria

Karrikiriren proposamena

Karrikiri eratu genuenetik, duela bospasei urte, asmo nagusi bat darabilgu gure artean: hainbestetan aipatu dugun Euskal Komunitatea eratzeari gure laguntza ematea. Orain arte karrikara atera ditugun Karrikak irakurri badituzu, badakizu zertaz ari garen. Batean eta bestean, beti landu ditugu, zuzenago ala zeharkiago, horren guztiaren inguruko gaiak. Eta, duda handirik gabe, horretan segitzeko asmoa dugu.
Hasierako ilusio berberak bizten gaitu orain ere. Eta hasitako lanak ez du amaierarik. Ados egonen zarete noski, gure hitzak aintzat hartzen badituzue. Ekintzak eta zerbitzuak, denak ere ildo berekoak dira, gure aburuz behintzat.
Baina ez gara konformatzen ildo horiek lantzearekin. Uste dugu badela esparru zabal bat, non gurea bezalako elkarte batek bere ekarpena egin dezakeen. Eta pentsatzen dugu zuk ere izan dezakezula horretan tokia. Horregatik egiten dizugu berriro gure proposamena, Karrikiriko elkartekide egin zaitezen. Eta kide diogunean, lagun, bazkide, laguntzaile edo partaide esan nahi dugu. Hots, bai baitira elkartean aritzeko era desberdin franko. Diru ematea bat, baina gero badago inplikazio maila bat erdiestea. Txikienetik handienera.
Ezagutzen gaituzu; badakizu zure ekarpena ongi hartua izanen dela. Besterik ez bada, kuota ordainduz azpiegitura guztien mantentzean lagun dezakezu. Urrats gehiago emateko prest bazaude, ideiak, asmoak, eta eskuak ekarri; eskulanak ere beharrezkoak dira eta.
Karrikiri, ginenetik abiatu zen, eta garenetik abiatzen da egunero. Daukagunetik, asko ez izan arren, abiatu beharra daukagu. Daukagunetik, garenetik, ez daukagunaz eta ez garenaz gogoetan galtzeak ez baitigu deus (onik) ekarriko. Baina daukaguna eta garena bildu bai. Zenbat eta gehiago etorri, gehiago gara, eta gehiago daukagu. Lagundu, hortaz, daukaguna ongi erabiltzen, eta osoago izanen gara guztiok. Laster arte, zure bisitaren zain geratzen gara.



ZENBAT BURU… Koldo Asiron
 

Koldo Asiron Saez Nafarroako Unibertsitate Publikoan dagoen Unitate Teknikoko zuzendaria da eta urte dexente daramazki unibertsitatean euskararen egoera normalizatu dadin lanean. Orain urte gutxi unibertsitatean funtzionatzen zuen Hizkuntza Normalizaziorako Batzordeko kide ere izan zen.

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
K.A. Jakina, kezkatzeko modukoa bai baita euskal hiztuna euskaraz bizi ezin izatea, bere bizitzako arlo guzti-guztietan euskaraz mintzatu ezin izatea eta gehienetan, nahi gabe, erdarara lerratu behar izatea. Are gehiago administrazioak iraunarazten duen egoera diskriminatzailea izaki, egoera hori konpontzeko baliabideak jarri beharrean, areagotzeko ahaleginean ari baita etengabe.
Hala ere, itxaropentsu izateko ziorik bada, aldi berean, zeren traba guztiak gorabehera, hemen gaude eta aurrera goaz, gero eta gehiago gara eta gero eta esparru gehiagotara ari da hedatzen gure hizkuntza.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
K.A. Euskara ikasteko nahiz euskara erabiltzeko euskara ikasi beharra eta euskara erabili beharra sentitu behar du hiztunak, besterik ez dago. Behar hori nola sortu? Horretarako ez dago hagatxo magikorik eta gainera dagoeneko dena asmatua dago, nire ustez. Kasu batzuetan ideologikoa izango da motibazioa, beste batzuetan instrumentala, baina zein-nahi ere den, gutako bakoitzak bere esparrutik saiatu behar du presio hori, behar hori, sortzen, sentiarazten eta areagotzen.

Zure ustez, Nafarroako euskaldungoa kontziente al da Unibertsitate Publikoan euskarak bizi duen egoeraz?
K.A. Ez, inola ere ez. Nolabaiteko inpresioa badago, bai, gauzak ez direla ongi egiten ari, hemengo agintariak euskararen kontra ari direla, eta abar, baina ez unibertsitatetik kanpokoek, ez eta Unibertsitatearen barruko askok eta askok ere, ez dakite euskarari bidea ixteko noraino iristeko gai diren eta zer-nola ari diren. Niri neuri ere batzuetan kosta egin zait sinistea nire begien aurrean gertatutakoa.
Unibertsitateko agintariek jarrera benetan gogorra, beligerantea dute euskararen kontra, eta gainera oso ongi antolatua, oso ongi planifikatua eta pentsatua, oso ongi landua eta babestua, eta barrutik zein kanpotik baliabide eta bitarteko handiak dituena.

Gizartean eta Unibertsitatearen munduan euskararen aurkako joera dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar diegu?
K.A. Hemen gaudela eta hemen segituko dugula traba guztiak gorabehera, gure hizkuntza honek bizirik iraungo duela, orain arte bizirik iraun duen bezala, aurretik galdutako borroka batean ari direla, alferrik, eta hortaz, hobe luketela indarrak beste zereginetan jarriko balituzte, ezta?


SOZIOLINGUISTIKA.
Normalkuntza: buru bezainbat aburu

Hizkuntzei aitortzen zaien estatusaren araberakoa izan ohi da normalizazio prozesuei aitortzen zaien garrantzia. Normalkuntza soziolinguistika liburu gehienetan aipatzen den hitza da, baina ez dira beti aspektu berak kontuan hartzen, ezta helmuga bera jartzen ere. Hemen dituzue adibide batzuk:
“Normalkuntza hizkuntza gatazkari erantzuten dion prozesua da, non hizkuntza komunitatea trinkotzen den eta erabilera arauak aldatzen diren (…) Mendebaldeko testuinguruan hizkuntza normalkuntza dagoela esaten da hizkuntzak komunitatea batzen duenean eta funtzio sinboliko eta instrumental guztiak betetzen dituenean”, Mollà-Viana, 1991.
“Normalkuntza gauza askotarako erabiltzen den hitza da, hitz tranpa bezala funtzionatzen ari da, askotan erabiltzen delako soziolinguistika-munduan ez ezik politika-arloan edo beste arlo kulturaletan ere. Soziolinguistikari dagokionean normalkuntza esaten denean azken batean zera esan nahi da, hizkuntza batek bere hizkuntz komunitatean sortzen diren funtzio eta behar guztiei erantzuteko gai izan behar duela”, Larrañaga, 1990.
“Hizkuntza normalkuntza prozesu historiko soziokulturala da, beronetan hizkuntza normatibizatu (ortografia, lexikoa eta gramatika eta abarren erregulatzea) egiten delarik eta gizarte funtzio guztietara iristea lortzen du, bai eta ordura arte hizkuntza menperatzailearentzat erreserbatutakoetara ere. Esparru formal eta ez-formal guztiak hartzen dituenean dago hizkuntza erabat normalizatua. Normalkuntza ez dago hizkuntzaren hiztun kopuruaren (kantitatearen) baitan bakarrik, beraren gizarte funtzioen integritate eta osotasunean (kalitatean) baizik”, Solé i Camardons, 1991.
Norberak hizkuntza komunitatearen egoera “normalaz” daukan ideia zabalagoaren edo murritzagoaren arabera, normalizazioaren definizio ausartagoa edo apalagoa eginen du. Saiatu zuena egiten, ariketa ona da eta.

BIBLIOGRAFIA
Larrañaga, I. “Normalizazioa ez da elebitasun soziala” Bat 1, 1990eko otsaila
Mollà / Palanca / Viana Curs de Sociolingüística 1-2-3, Bromera, 1991.
Solé i Camardons, J. Soziolinguistika gazteentzat, UEUko Soziolinguistika Saila, 1991.

 

Karrika 50. 2001eko iraila

Karrika 50. 2001eko iraila

Bizipozak eta bizipenak


Euskaldunok, besteek bezala, baditugu geure pozak eta geure penak. Askotan, euskara aipatu eta amorrua, haserrea eta ezina etortzen zaizkigu geure baitara sarritan, Iparraldean galtzen ari delako, edo gazteak euskaraz mintzatzen ez direlako, edo heldu den urtean Nafarkariak Nafarroak sosik hartzerik izanen ez duelako. Penak asko, baina pozak ere bai. Esaterako, euskal matrikulazioaren kopuruak gora joaten direlako. Eta, gure penak konponbidean jarri bitartean, izan ere, konponbideak badira-eta, poza ematen diguten horietaz ere arduratu beharra dugu.
Laster beste ume andana bat sartuko da euskal eskoletan eta urtez urte euskaraz eskolatuz joan direnekin kopuru ederra dugu; hemendik urte batzuetara, aurten sartzen diren umeok hortik aterako dira eta bizimodua egin beharko dute. Nola eginen dute? Euskaraz ala ez?
Gure esku dago gure gizarte propioa antolatzea, gaurko haur horiek gero izan dezaten esparru bat, non beren harremanak eta bizimodua euskaraz gauzatu ahal izanen dituzten. Baina jadanik hasi behar dugu eginkizun horretan. Erakunde publikoek A ala B (D ala G?) eginen dute, baina guk ez dugu zalantzarik izaterik ere.
Gure komunitatea eratu edo osatu behar dugu datozen garaiotan beste komunitate guztien bizilagun izan gaitezen. Nekez lagunduko ditugu besteak geure burua altxatzen ez badakigu. Besteek ere beren penak eta pozak badituztelako. Eta horretarako, beste hizkuntza komunitateen lagun, haiekiko emaile zein hartzaile izateko ezinbestekoa dugu elkarrekin aritzea, antolatzea.
Agian beste Karriketan hamaika aldiz esan duguna errepikatu besterik ez gara egiten ari, baina ez du inporta. Erantzukizun horiek ditugu, gure komunitatea indartu eta osasunean besteen ondoan jardun. Beude hor hitzak, animatu eta pasa gaitezen egiazki elkarrekin lan egitera. Hamabost urteren buruan, aurten eskolatzen diren gazte horiek, esaterako eskertuko digute.



ZENBAT BURU… Lourdes Oñederra

Lourdes Oñederra Donostian jaio zen 1958an. Hizkuntzalaria da eta Gazteizko EHUko Filologia Fakultatean egiten du lan fonologia irakasle. Gainera, hamabost urtez idatzitako testuak biltzen dituen “Eta emakumeari sugeak esan zion” izeneko nobela arrakastatsu eta sarituaren egilea ere bada.

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Bai, biziki kezkatzen nau. Uste dut egoera latza dela eta gainditzea asko kostatuko zaigula. Oso oinarrizko sineste eta baloreak dira aldatu beharrekoak eta hori nola egiten den asmatu beharko genuke. Lehenengo, noski, borondate nahikoa beharko genuke eta gutxieneko batzuetan adostasuna. Besteen kontrako mespretxu eta biolentzia normaltzat jo dugu luzaroan, luzeegi. Horrekin bizitzen ikasi dugu, zer-nolako munstroa hazten ari ginen konturatu gabe. Orain munstro horrek jan egin gaitzake, komunitate osoa, eta galtzaile alde batekoak zein bestekoak zein tartekoak izango gara.

Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara erabil dezaten?
Gizartearen aldetik, euskara ideologia zehatzetatik eta batik bat biolentzia eta biolentziaren justifikaziotik askatu, banandu, hortik atera.
Alderdi linguistikotik, agian eskakizunak jaitsi beharko genituzke eta nolabaiteko duintasuna eman (ez dakit agiri bidez edo nola, pentsatu beharko litzateke) euskara soilik ulertzeari. Biztanle guztiek gutxienez ulertzea lortuko bagenu, maila publikoenetan behintzat posible litzateke euskararen garapena (trabarik gabeko erabilerak hizkuntza bati ematen diona, alegia). Gainera uste dut bestela ausartzen ez den jende asko animatuko litzatekeela euskara ulertzeko ikastaroak egitera… Onartu behar dugu euskara menperatzea benetan gauza zaila dela eta zenbaitentzat ezinezkoa ere gerta daitekeela adin batetik aurrera. Hizkuntza bat ulertzen ikastea errazagoa. Belaunaldi batzuetan horrelako esperimentu bat egin beharko genuke.

Orokorrean ez omen da erraza literaturatik bizitzea, baina badirudi Euskal Herrian zailagoa dela. Zergatik?
Ez dakit, egia esan, zenbat zailagoa den hori Euskal Herrian. Ez dakit, ez dakidalako, ez da zalantzan jartzen dudala! Datuak falta zaizkit. Euskaraz idazten dugunon kasuan, pentsatzen dut hizkuntza txikiarena dela funtsezko gauza hemen: asko saltzen duenak ere proportzio baten barruan saltzen du eta ez du horrek bizitzeko ematen…
Bestalde egia da Euskal Herrian, EAEn, dirulaguntza dezente dagoela euskaraz idazten dugunontzat. Hori ez da, ziurrenik, beti zuzen banatuko… Nik, dena den, proposatuko nuke sari gutxiago eta beka gehiago ematea. Benetan sari gehiegi dagoela iruditzen zait eta sari horiek bestelako dirulaguntzen egitekoa betetzen dutela, oso maiz idazle berak baitira behin eta berriz sariak irabazten dituztenak (ez idazle berriak).

Emakumezko gutxi daude euskal idazleen multzoan. Euskal gizartearen ezaugarriek argitzen ahal dute hori?
Ziurrenik bai… Baina ongi analizatu beharko genuke: zein ezaugarriz ari gara? Emakume idazle gutxi egotearekin lotu litezkeen ezaugarrien zerrenda bera egitea ariketa interesgarria litzateke, ezta? Gero aztertu beharko genuke ezaugarri horiek nola lotzen diren gutxi izate horrekin eta kausa izaterainoko garrantzia duten… Tentu handiz egin beharreko loturak dira horiek, gainera badakigu fenomenoa ez dela hemengoa bakarrik, nahiz eta, Espainia osoko datuekin konparatuta, esaterako, galtzaile ateratzen garen: alegia, euskaraz idazten dugunon artean are txikiagoa da emakumeon batez bestekoa (duela gutxi entzun diot hori Mari Jose Olaziregi literatur kritikariari).
Gai horietaz sakon eta kontuz aritu behar da eta bada nik baino gehiago dakienik. Maila demagogikoenean eta umore ia beltza erabiliaz esango nizuke ez dela harritzekoa emakume gutxik idaztea Irun eta Hondarribikoak bezalako fundamentalistak -dirudienez- gehiengo diren herri honetan.



SOZIOLINGUISTIKA.
Euskara satelitea edo planeta? Tarteketa kontzeptua


Aracilek aspaldi definitu zuen tarteketa kontzeptua oso interesgarria da hizkuntza eta kultura minorizatuei gertatzen zaiena ongi ulertzeko. Tarteketa X hizkuntzako hizkuntz komunitatearen eta gainerako gizateriaren arteko harreman (ia) guztiak Y hizkuntzatik pasatzea da. Diagrama horren bidez azaldu zuen.
X hizkuntzaren esparrua Yrenak inguratuta dago; hots: V, W, Y eta Z hizkuntzen esparruek elkarrekiko harreman zuzena duten bitartean, Xrenak Yrenak bakarrik du harreman zuzena. Beste era batez esanda, Xren esparrua Yrenaren eranskina da.
Gure kasuan euskara X litzateke. Gure “hizkuntza filtroa” (Y) ez da bera hegoaldean eta iparraldean.
Batean filtroa gaztelera da eta bestean frantsesa. Egoera honek bateko eta besteko hiztunak kulturalki urruntzen ditu, muga politikoak baino gehiago. Tarteketak gure inguruan oso ezagunak diren ondorioak sortzen ditu:

  • Mailegu lexikalak, oro har, Xtik beste hizkuntzetara (eta alderantziz) Yren bitartez pasatzen dira; Sarasolak Euskara batuaren ajeak liburuan, besteak beste, salatutako tarteketaren ondorioa.
  • Itzulpenak Yren bitartekoak izaten dira. Zenbat itzulpen egin dira katalanetik euskarara edo euskaratik katalanera gaztelerazko bertsoa makulu gisa erabili gabe?
  • “Kanpotarrek” X hizkuntza ezagutzeko ezintasunaren ustea. Zer-nolako aurpegia geratzen zaigu kanpotarren bat euskaraz hasten zaigunean?
  • Xdun hiztunak Ydun gisa agertzen dira kanpotarren aurrean. Sanferminetan zenbat kanpotarri egin diezue euskaraz?
  • Demografikoki desagertu baino lehen X hizkuntza “ezkutatu” egiten da. Zenbat egunez egon daiteke madrildar bat Iruñean edo Ultzaman, esaterako, euskaraz entzun gabe?
  • Laburbilduz, Yk beste hizkuntzetarako sarbidearen funtzioa monopolizatzen du (interlingua dei genezake) eta, gainera, X komunitatearen eta gainerako komunitateen arteko harremanak nolabait kontrolatzen ditu, distortsioa eragiten ahal duelarik (filtraketa kulturala). Tarteketak errealitatearen zentzuari berari eragiten dio.
  • XXI. mendearen hasierako unibertsoan euskararen komunitatea gazteleraren eta frantsesaren satelitea da. Noiz planeta bihurtuko?

Bibliografia: “Lluís Aracilen idazlan hautatuak”, UEU-EHU-EKB, 1998.

Karrika 49. 2001eko uztaila

Karrika 49. 2001eko uztaila

Euskara, udako eta eguneroko gozamena


Urte osoan zehar hizkuntza ikasten buru-belarri aritzen diren zenbait pertsonari ez omen zaie iruditzen euskara gozamenerako aukera ere izan daitekeela eta uda ailegatzen denean nahiago izaten dute euskara kontuak alboratzea. “Baina nola demontre jarraituko dut nik euskaraz noiz eta udan! Holakorik ere!”.
Neguan landalan, udaran firin-faran, bai, baina zergatik ez euskaraz? Zorionez, aipatutako jarrera ez dago erabat zabalduta, baina kontua da euskara sufrimenduarekin edo eskolako bizipenekin lotu ohi duenari askotan ez zaiola burutik pasa ere egiten plazeraren eta dibertimenduaren munduak euskaraz ere existitzen direnik. Bai ba, badaude, eta gure sentimenduak bezain zabalak dira gainera. Eta horren eremu handiak arakatu gabe utziko ditugu? Hain esploratzaile koldarrak al gara? Ba al dakigu benetan zer galtzen ari garen?
Motibazio kontuak daude tartean, noski, baina edozein kasutan ere lurralde miresgarriotako ateak ireki ditzakeen giltza, euskara, hor nonbait denbora luzez gordetzeak ezin digu onurarik ekarri: denboraren poderioz herdoilduko zaigu eta galtzeko arriskuarekin gainera… Eta orduantxe bai hasten direla komeriak!
“Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas…” kantua denok ezagutzen dugu, baina askotan, euskaraz eta euskarari buruz ari garenean, seriotasun puntuak gainditzen gaitu. Kostatzen zaigu “jolas” hitzak duen esanhi joriari eustea: jolasa, solasa, txantxa, dibertimendua…
Ba, hau guztia aldatzen joateko garai ezin hobea da ailegatu zaiguna. Hilabeteotan gure izerdia bero sargoriak eragin beharko du, eta ez hizkuntzak, azken horrek jolaserako bideak irekiko baitizkigu. Izan ere, aisialdiko aukerak anitzak dira gurean: txangoak, bidaiak, herrietako festak, kanpinak –txalotzekoa da zenbait kanpinetan begirale euskaldunak baliatuz familien aisialdia euskaraz garatzea helburu duen ekimena, Zenbat Gara elkarteak sortua–, kontzertuak, ikastaroak, barnetegiak, literatura… Baina bidea ez da amaitu. Lagunarteko giroan edo bakarrik, etxean zein kanpoan, aisia bizitzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu, gazte eta helduen bizitzak aberastuko dituzten aukerak hain zuzen.
Ez dezagun ahaztu bizitzaz ari garela, eta ez urtaroez bakarrik. Hizkuntza sormen eremua ere bada eta eguneroko ilunaldi eta pozaldi guztiak euskaraz bizi eta adieraz daitezke. Uda bukatutakoan, normaltasuna eta aisialdiko tarte laburragoak izango dira eta euskaraz bizitzeko erronkak hor jarraituko du.
Badakizu, aurten ez galdu aukera: uda, euskara eta bizitza gozatu!



ZENBAT BURU… Xabier Mendiguren

Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964), filologo, idazle eta editorea, euskal literaturan egindako lan oparoarengatik da ezaguna. Haur literatura eta antzerkiko lanez gain, gazteentzako kontakizunak idatzi izan ditu. Helduentzako narratibari dagokionez, besteak beste “Berriro igo nauzu” eta “Nerabearen biluzia” liburuen egilea da eta berriki argitaratutako “Errekarteko koadernoa” da bere azken lana. Bertan, oroitzapen eta gogoeta interesgarriak modu mamitsuan bildu ditu.

Euskal komunitatearen -euskaldungoaren- egoerak kezkatzen al zaitu?
Bai esatea da errazena, noski, eta baietz da nire erantzuna, baina aitortzen dut topikoegi izan daitekeela hori, besterik gabe, eta zerbait gehitu dudala uste dut: arazo pertsonalak dira gu denok gehien kezkatzen gaituztenak, gure edo familiakoen osasuna, laneko edo diru problemak, amodiozko disgusturen bat akaso… Beste hitzetan esanda, ia inor ez da bereziki kezkatzen arazo kolektiboekin, eta anormala litzateke gainera.
Hala ere, neure eta neure ingurukoen arazo horretaz gain, problemaren bat baldin badago benetan kezkatzen nauena, munduko gosearekin eta horrelako katastrofeekin batera, gure herriarena da. Eta gure herria diodanean euskaraz bizi den herria esan nahi dut bereziki. Arrazoi egoistak izan litezke, baina azken batean nire aitona-amonen hizkuntza da, beraz oso neurea eta oso barrukoa sentitzen dudana.

Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Nire ustez itzal-argiak daude. Egia da ezagutza handitu dela, handitu da kontzientzia ere, baina era berean okerragoa da hizkuntz kalitatea, eskasa da dakitenen arteko erabilera, eta bestalde, ikusten da gero eta amorratuagoa dela hizkuntzaren etsaien jarrera.

Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara erabil dezaten?
Formula magiko bat izango banu aspaldi oparituko nien elkarte euskaltzale guztiei. Hori bai, munduko dohain guztiak beharko ditugu: amodioa, lana, zuhurtzia, ausardia… eta horiek denak konbinatzen jakin.

Zure azken liburuan “Errekarteko koadernoa”n, literaturaren helburuetako bat irakurla ukitzea eta hunkitzea dela diozu; honekin batera, zure ustez, pertsonak eta gizarteak eraldatzeko ere balio lezake?
Erralista izanda, nik uste oso ahula eta mugatua dela literaturaren ahala. Batzuetan eraginen bat dugula iruditu arren, irakurlea zerbait sentitzera eraman dugula, aurrez horretarako jarrera zeukalako izan ohi da. Hala ere, ez dago jakiterik…

Euskal Herrian zaila omen da literaturatik bizitzea. Zeintzuk izan daitezke arrazoiak? Irakurle kopurua? Sormena edo kalitatearen eskasa?
Nik uste oso kalitate oneko liburuak sortzen ari direla euskaraz. Bene-benetan esaten dizut. Hala eta guztiz, idazlearen profesionalizazioak ez du horrekin loturarik: gurea herri txikiegia da, ez oso irakurzalea, komunikabide gutxikoa, eta baldintza horietan idazleak ezin du bere sorkuntza-lanetik bizi, non eta ez zaion laguntza publiko handi bat ematen, baina ez dakit bide hori oso komenigarria ote den ere.

Zure ustez, teknologiak eta merkatuaren lege berriek liburugintzaren etorkizuna kolokan jarri al dute?
Gaur arte behintzat ez da halakorik gertatu. Bihar zer gertatuko den, ikusiko…


SOZIOLINGUISTIKA.
Diglosia

Elebitasuna kontzeptuarekin gertatu den bezala, DIGLOSIA ere mito bihurtu da. Elebitasunaren diskurtso ofizialaren aurrean diglosia aipatzeak indar aldarrikatzailea izan zuen garai batean. Benborarekin edozein egoeratan erabili izan da eta bere indarra galdu du. Gaur egun DIGLOSIA hitza erabiliz gero, ongi zehaztu bahar dugu zer esan nahi dugun eta zein testuingurutan erabiltzen dugun.
FERGUSONek diglosia terminoa erabili zuen lehenbiziko aldiz 1959an hizkuntza bakar baten erregistroen arteko egoera azaltzeko: batetik “goiko aldaera” (formala, prestigioduna, eskolaren bidez ikasten dena) eta bestetik, “beheko aldaera” (ez formala, prestigio gutxikoa eta familian ikasten dena). Berak jarritako adibideak arabiera, grekera, Suizako alemanera eta Haitiko kriolera izan ziren. Arabieraren kasuan adibidez, goiko aldaera erabiltzen zen eskolan eta erlijioan -arabiera klasikoa- eta beheko aldaera etxean eta harreman ez formaletan -arabiera kolokiala- (gaur egun arabiera estandarra gehitu beharko genuke, egorea triglosikoa, beraz). Aldaerek ezpezializazio funtzionala daukate, hots: bata testuinguru batzuetan erabiltzen da eta bestea beste batzuetan. Hori izan zen izugarri arrakastatsua suertatu zen ideia.
Hortik aurrera diglosia kontzeptua hizkuntza ezberdinen arteko harremanetara zabaldu zen Fergusonen kontzeptu dialektalista gaindituz (Fishmanenk, adibidez, aurreko Karrikan azaldu genuen elebitasun soziala diglosia kontzeptuaz ordezkatu zuen). Kontzeptuaren bigarren etapa honetako lanak oso kritikatuak izan dira beranduago prestigioari garrantzi handiegia emateagatik (Txepetx, Mollà, Palanca…). Kritika horien arabera, prestigioa desorekaren arrazoitzat jotzen bada oso zaila da egoera aldatzeko eragitea. Aldiz, hizkuntza nagusiaren prestigioa funtzioen banaketaren ondorioz ulertzen badugu, prestigiorik gabeko hizkuntzen egoera alda dezakegu, funtzioen banaketan eraginez.

Gaur egun bi dira DIGLOSIA kontzeptua definitzeko dauden joera nagusiak:

1. Fergusonen konzeptura itzultzea. Solé i Camardonsek horixe proposatzen du. Beste egoera (hizkuntza batek funtzio guztiak eta bigarrenak bakan batzuk) hizkuntz ordezkapena da, bere ustez. Fergusonen diglosia hierarkikoa izan arren orekatua eta egonkorra izan daiteke. Hizkuntz ordezkapena, aldiz, ezegonkorra eta desorekatua da.

2. Diglosia kontzeptuaren berdefinizio osoa egitea. Bigarren aukera hau da Txepetxek hautatu duena, hiru diglosia mota ezberdinduz:
a. Sasi-diglosia. Hizkuntza baten erregistroen artekoa. Fergusonena da. Diglosia hiztun mailakoa da.
b. Diglosia funtzionala edo partziala. Europako zenbait hizkuntzarekin gertatzen dena. Diglosia komunitatearen mailakoa da.
c. Erabateko diglosia. Glotofagikoa. Euskararen kasua da. Euskarak inon ez ditu funtzio guztiak betetzen. Diglosia hizkuntza mailakoa da: hiruretatik larriena.

Diglosiari buruzko bibliografia:
Ferguson Charles, A. “Diglosia” Bat 27, 35-50 orr., 1998.
Sanchez Carrión, J.M. “Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las Lenguas”. Donostia, 1987.

Karrika 48. 2001eko ekaina

Karrika 48. 2001eko ekaina

In lingua nabarrorum


Esana dugu hainbatetan, eta denontzat gauza jakina da, hizkuntza guztien eta bakoitzaren bizitzan komunikabideen garrantzia zer nolakoa den. Horietan gauzatzen baita egunerokoaren joanaren bidea; hizkuntzaren beraren bilakaera horietan finkatzen baita sarritan. Baina ez hori bakarrik: komunitate baten nondik-norakoak ere sarri askotan komunikabideen bitartez islaturikoak bilakatzen dira. Guretzat ere, gure komunitatearentzat, izugarrizko garrantzia dute komunikabideek. Izan ere, berreskurapen prozesuan dugun gure hizkuntzarentzat itzelezko garrantzia dute. Hizkuntzaren bilakaeran, oraindik orain geure Euskara Batua erabat definitu gabe dagoelako, baina batez ere une larrietatik ateratzeko guk, komunitate gisa, behar ditugulako geure barne harremanetan lagunduko diguten tresnak. Eta hori, besteak beste, dira komunikabideak. Horregatik guztiagatik, poztu beharrean gaude Nafarroan Nabarra aldizkariaren jaiotzaren berri izatean. Eta bertatik goraintzi Nabarra aldizkariari, bizitza amaigabea opatzen diogularik.
Gure ikuspuntutik, baditu Nabarra aldizkariak aipatu beharreko ezaugarriak; batetik, Nafarroan bertan egina dugula, beste guneetatik aparte. Honek ikuspuntu berriak lantzen lagundu dezakeelakoan gaude. Ohituta gaude askotan beste hainbat guneri begira egoten, aitzinatuago ala ez baina sarritan ea besteengandik zer jasoko zain. Bestetik, beste kultur gune horientzat, beste herrialdeetan dauden horientzat, aberasgarria ere izan daitekeela. Eta hori Nafarroatik euskal komunitateari egiten zaion ekarpentzat jo dezakegu. Beste alde batetik, Nafarroari begira, gure artean elkarren berri izateko tresna izanen da, gu geu, mendiz haraindiko nafarrak barne, elkarrengandik hurbilago izateko, hain § zuzen ere. Hortaz, nafar guztiok izanen dugu bertan present izateko aukera, eta inongo zonifikaziok ezin borrokatu izanen duen gauza da hori. Agurtzen dugu, beraz, Nabarra aldizkaria, tajuz egina agertu baitzaigu lehen zenbakitik, txukun askoa, eta jendearen bultzadaz abiaturikoa. Ez da “euskarazko” aldizkaria izanen, baizik eta Euskararen aldizkaria, hots, euskaldunona. Karrika jasotzen duzuenok, hala uste baduzue, txartela etxean duzue, eta orain zuen esku da betetzea ala ez.



ZENBAT BURU… Mikel Morris

Euskal (Euskaldunon) Komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Gauza askok kezkatzen naute. Esaterako, euskararen aurkako eraso bortitzak oso kezkagarria, Nafarroan gertatu/gertatzen direnak batik-bat. Teorian, Europa tolerante eta zibilizatu batean bizi omen gara, baina antza denez, iraganeko jarrerek jarraitzen dute zenbait jenderen artean. Bestaldetik, jakina, hemen erabiltzen den indarkeria astakeria galanta da. Alde batetik, norbait PPkoa edo PSOEkoa izateagatik hiltzeak, moralaren kontrakoa izateaz gain, euskararen eta euskaldunen kausari izugarrizko kaltea egiten dio. Erbestean, euskaldunek prentsa txarra dute eta horrelako ekintzek euskaren etsaiei “arrazoia ematen diete” atzerriko jende askoren ustez. Ez da ahaztu behar Estoniak bere independentzia kantuz lortu zuela. Jakina, beste aldekoek sua gori-gori piztuta edukitzen dute euskal Presoak sakabanaturik dituztelako, Euskal Herritik urruti, eta hori ere salatu behar da. Itxura guztien arabera, egoera zoro honek beste 10, 20 urte iraungo du beste belaunaldiak agintera iritsi arte. Ordurako, Konturatuko dira Europa konponbidea dela.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Orain, euskararen hardware-a (gramatika, arauak, e.a.) eginda dago baina falta zaiguna software-a garatzea eta hor dago koxka. Gauza interesgarri gehiago egin behar dira. Eta txorakeria gehiago. Gazteek, oro har, eta zoritxarrez, ez dute “Jakin” edo “Argia” bezalakorik irakurri nahi. Marca, Hola, Super Pop, eta Bravo bezalakoak irakurri nahi izaten dituzte eta ez dago euskaraz. Hutsune hori erdaraz betetzen dute. Bai, txorakeria gehiago behar dugu euskaraz. Beste arazoa, eta baliteke hori arazorik handiena izatea, euskaldun askok eta askok ez dute esfortzu handirik egiten erdaldunak euskal munduan sartzeko. Askotan, zenbait erdaldunek euskara ikasi nahi dute baina euskaldunek ez dute behar adinako pazientziarik beraiekin euskaraz jarduteko. Arazoren bat baldin badago, poz-pozik jotzen dute euskaldunek gaztelaniara, eta askotan eskatu barik. Ondorioz, zertarako ikasi euskara? Kontua ez da gaztelaniari greba egitea, euskarari gehiago ekitea baizik. Buru-kontua da.

Toki askotan izana zara. Munduko hainbat bazter ezagutu eta gero, zerk bultzatu zaitu hiztegigile lan mardul horretan hastera eta hartan jairraitzera?
Betidanik izan naiz hiztegizalea. Txikitan, hiztegiak irakurtzen nituen bestek eleberriak irakurtzen duten moduan. 18 urte nituela, 5.000 hitzeko zerrendak prestatu nituen, ingelesa eta beste 15 hizkuntzaren artekoa. Hasieran, nire asmoa euskara ikastea izan zen. Zer edo zer galdetzean, beti gaztelaniazko hitza ematen zidaten, baina askotan ez nuen hitz hori ere ulertzen. Gero, lanari ekin ondoren, interes gehiago hartu nion proiektuari, harik eta obsesioa bihurtu arte. Nire asmoa hiztegi elebidun handi-handi bat egitea da, Collins edo Oxford hiztegiak baino handiagoa izango dena. Zertarako? Euskararen corpusa (terminologia, hitz berriak) finkatzeko, euskara beste hizkuntza modernoak bezain baliagarria izan dadin. Eta zerk bultzatzen nau hori egitera? Eromenak eta euskaltzaletasun hutsak.

Beste herrialdetan ibili ondoren, eta hizkuntza askorekin harremana ukan eta gero, Euskal Herrian bizi zara egun. Euskaldunoi, zer aholku emango zeniguke mundu eleaniztun honetan bizitzeko hizkuntzei dagokienez?
Guztien gain, euskaldunek euskarari eutsi behar diote, estoniarrek estonierari eusten dioten moduan, islandiarrek islandierari eusten dioten moduan, e.a. Jakina, mundu honetan, beste hizkuntzak ere jakin behar dira. Ingelesa, nahi eta nahi ez, munduko lingua franca bakarra bihurtu da. Horregatik komeni da ingelesez jakitea kanpoko jendearekin hitz egiteko, eta beti aprobetxagarria da beste hizkuntzak jakitea, edozein dela ere. Horixe egiten dute herri txikietakoek, Europan bchintzat. Dena den, Hegoaldean bizi direnek hiru hizkuntza jakitera “kondenaturik” daude. Mundu perfektu batean, gaztelaniadunak gauza izango lirateke euskaldun jendearekin euskaraz hitz egiteko, eta jakina, euskaldunak gaztelaniadunekin gaztelaniaz, eta talde biek ingelesez jakingo lukete mundu osoarekin hitz egiteko. Horretarako, hala ere, begirunea behar da, eta zenbait jendek ez daki errespetatzen.Hala ere, jakiteak ez jakiteari beti garaituko dio, beti.



SOZIOLINGUISTIKA

 

 

 

Norbanakoaren elebitasuna eta elebitasun soziala
Jakina da pertsonek hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko gaitasuna daukagula; hots: elebidunak, eleaniztunak, izan gaitezkeela. “Elebitasun” kontzeptua, dena den izugarri zabaldu da eta elebitasun pertsonala baino askoz gauza gehiago adierazteko erabiltzen da. Txepetxek esan zuen bezala:”A fuerza de significarlo todo el bilinguismo pasa a no significar nada”. Zabalpen horretan funtsezko nahasketa sortu da: elebitasun sozialaren eta pertsonalaren artekoa; berez oso gauza ezberdinak izan arren:
NORBANAKOAREN ELEBITASUNA: pertsonak hizkuntza bat baino gehiago jakitea. ELEBITASUN SOZIALA: lurralde unitate batean hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen duten hiztun taldeak egotea. Bi hizkuntzen arteko txandaketa erabilera arau zehatzek antolatzen dute eta gehienetan txandaketa desorekatuta egoten da, hots, ez da berdina bi hizkuntzentzat. Egoera horretan gatazka sortu ohi da. Elebitasun sozialaren barnean egoten den desoreka ulertzeko nahikoa da “Alde bakarreko elebitasunaren” kontzeptua gogoratzea (eskema Lluis Aracilena da): Hasieran (1) bi multzoak guztiz independenteeak dira. Bakoitzak bere tokia dauka. Gero (2) bi multzoen arteko ebaketa gertatzen da. Baina hurrengo egoera ikusi eta berehala (3) ebaketa ez i dela orekatua antzematen dugu. Hiztunak bereganatzen I dituena B taldea da, ez bestea. Hots: Adunak elebiduntzen dira, ez Bdunak. Prozesuaren une batean (4) Adun guztiak elebidunak dira (C hiztunak). Ez dago A elebakarrik eta Cak Bdunen azpimultzoa dira. Elebidunak gero eta gutxiago izango dira (5) (batzuek A hizkuntzari utziko diote) eta A hizkuntzaren komunitatea desegituratuta (sozialki eta geografikoki) agertuko zaigu. Aracilek kritika zorrotza egin zion berak deitutako “elebitasun sozialaren mitoari”. Bere ustez, elebitasun soziala ORDEZKAPEN PROZESUAren etapa bat da, hizkuntza baten berreskurapenaren edo galeraren urratsa. Arrazoi gabekoa da egoera desorekatu batek betiko estatiko iraunen duela espero izatea: “elebitasunaren pilotak ezin du iraun desberdintasun sozialaren aldapan”. Bere ustez, elebitasun soziala ezin da egonkorra izan. A hiztunek bi aukera dituzte: B hizkuntza ikastea eta horrekin batera gizarteko funtzio guztietan parte hartzeko aukera eskuratu ala elebakarrak mantendu eta gizarteko zenbait esparrutan sarbidea galdu. Gerta daiteke B hizkuntza duen taldeko inork A hizkuntza ikastea, baina hori beti erabaki pertsonala izango da, ez gizarteak behartutako zerbait. Hori da bi multzoen arteko ezberdintasuna. Adunek B hizkuntza ikasi behar dute, Bdunek soilik nahi badute ikasten dute.