Karrikiriren proposamena

Karrikiri eratu genuenetik, duela bospasei urte, asmo nagusi bat darabilgu gure artean: hainbestetan aipatu dugun Euskal Komunitatea eratzeari gure laguntza ematea. Orain arte karrikara atera ditugun Karrikak irakurri badituzu, badakizu zertaz ari garen. Batean eta bestean, beti landu ditugu, zuzenago ala zeharkiago, horren guztiaren inguruko gaiak. Eta, duda handirik gabe, horretan segitzeko asmoa dugu.
Hasierako ilusio berberak bizten gaitu orain ere. Eta hasitako lanak ez du amaierarik. Ados egonen zarete noski, gure hitzak aintzat hartzen badituzue. Ekintzak eta zerbitzuak, denak ere ildo berekoak dira, gure aburuz behintzat.
Baina ez gara konformatzen ildo horiek lantzearekin. Uste dugu badela esparru zabal bat, non gurea bezalako elkarte batek bere ekarpena egin dezakeen. Eta pentsatzen dugu zuk ere izan dezakezula horretan tokia. Horregatik egiten dizugu berriro gure proposamena, Karrikiriko elkartekide egin zaitezen. Eta kide diogunean, lagun, bazkide, laguntzaile edo partaide esan nahi dugu. Hots, bai baitira elkartean aritzeko era desberdin franko. Diru ematea bat, baina gero badago inplikazio maila bat erdiestea. Txikienetik handienera.
Ezagutzen gaituzu; badakizu zure ekarpena ongi hartua izanen dela. Besterik ez bada, kuota ordainduz azpiegitura guztien mantentzean lagun dezakezu. Urrats gehiago emateko prest bazaude, ideiak, asmoak, eta eskuak ekarri; eskulanak ere beharrezkoak dira eta.
Karrikiri, ginenetik abiatu zen, eta garenetik abiatzen da egunero. Daukagunetik, asko ez izan arren, abiatu beharra daukagu. Daukagunetik, garenetik, ez daukagunaz eta ez garenaz gogoetan galtzeak ez baitigu deus (onik) ekarriko. Baina daukaguna eta garena bildu bai. Zenbat eta gehiago etorri, gehiago gara, eta gehiago daukagu. Lagundu, hortaz, daukaguna ongi erabiltzen, eta osoago izanen gara guztiok. Laster arte, zure bisitaren zain geratzen gara.



ZENBAT BURU… Koldo Asiron
 

Koldo Asiron Saez Nafarroako Unibertsitate Publikoan dagoen Unitate Teknikoko zuzendaria da eta urte dexente daramazki unibertsitatean euskararen egoera normalizatu dadin lanean. Orain urte gutxi unibertsitatean funtzionatzen zuen Hizkuntza Normalizaziorako Batzordeko kide ere izan zen.

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
K.A. Jakina, kezkatzeko modukoa bai baita euskal hiztuna euskaraz bizi ezin izatea, bere bizitzako arlo guzti-guztietan euskaraz mintzatu ezin izatea eta gehienetan, nahi gabe, erdarara lerratu behar izatea. Are gehiago administrazioak iraunarazten duen egoera diskriminatzailea izaki, egoera hori konpontzeko baliabideak jarri beharrean, areagotzeko ahaleginean ari baita etengabe.
Hala ere, itxaropentsu izateko ziorik bada, aldi berean, zeren traba guztiak gorabehera, hemen gaude eta aurrera goaz, gero eta gehiago gara eta gero eta esparru gehiagotara ari da hedatzen gure hizkuntza.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
K.A. Euskara ikasteko nahiz euskara erabiltzeko euskara ikasi beharra eta euskara erabili beharra sentitu behar du hiztunak, besterik ez dago. Behar hori nola sortu? Horretarako ez dago hagatxo magikorik eta gainera dagoeneko dena asmatua dago, nire ustez. Kasu batzuetan ideologikoa izango da motibazioa, beste batzuetan instrumentala, baina zein-nahi ere den, gutako bakoitzak bere esparrutik saiatu behar du presio hori, behar hori, sortzen, sentiarazten eta areagotzen.

Zure ustez, Nafarroako euskaldungoa kontziente al da Unibertsitate Publikoan euskarak bizi duen egoeraz?
K.A. Ez, inola ere ez. Nolabaiteko inpresioa badago, bai, gauzak ez direla ongi egiten ari, hemengo agintariak euskararen kontra ari direla, eta abar, baina ez unibertsitatetik kanpokoek, ez eta Unibertsitatearen barruko askok eta askok ere, ez dakite euskarari bidea ixteko noraino iristeko gai diren eta zer-nola ari diren. Niri neuri ere batzuetan kosta egin zait sinistea nire begien aurrean gertatutakoa.
Unibertsitateko agintariek jarrera benetan gogorra, beligerantea dute euskararen kontra, eta gainera oso ongi antolatua, oso ongi planifikatua eta pentsatua, oso ongi landua eta babestua, eta barrutik zein kanpotik baliabide eta bitarteko handiak dituena.

Gizartean eta Unibertsitatearen munduan euskararen aurkako joera dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar diegu?
K.A. Hemen gaudela eta hemen segituko dugula traba guztiak gorabehera, gure hizkuntza honek bizirik iraungo duela, orain arte bizirik iraun duen bezala, aurretik galdutako borroka batean ari direla, alferrik, eta hortaz, hobe luketela indarrak beste zereginetan jarriko balituzte, ezta?


SOZIOLINGUISTIKA.
Normalkuntza: buru bezainbat aburu

Hizkuntzei aitortzen zaien estatusaren araberakoa izan ohi da normalizazio prozesuei aitortzen zaien garrantzia. Normalkuntza soziolinguistika liburu gehienetan aipatzen den hitza da, baina ez dira beti aspektu berak kontuan hartzen, ezta helmuga bera jartzen ere. Hemen dituzue adibide batzuk:
“Normalkuntza hizkuntza gatazkari erantzuten dion prozesua da, non hizkuntza komunitatea trinkotzen den eta erabilera arauak aldatzen diren (…) Mendebaldeko testuinguruan hizkuntza normalkuntza dagoela esaten da hizkuntzak komunitatea batzen duenean eta funtzio sinboliko eta instrumental guztiak betetzen dituenean”, Mollà-Viana, 1991.
“Normalkuntza gauza askotarako erabiltzen den hitza da, hitz tranpa bezala funtzionatzen ari da, askotan erabiltzen delako soziolinguistika-munduan ez ezik politika-arloan edo beste arlo kulturaletan ere. Soziolinguistikari dagokionean normalkuntza esaten denean azken batean zera esan nahi da, hizkuntza batek bere hizkuntz komunitatean sortzen diren funtzio eta behar guztiei erantzuteko gai izan behar duela”, Larrañaga, 1990.
“Hizkuntza normalkuntza prozesu historiko soziokulturala da, beronetan hizkuntza normatibizatu (ortografia, lexikoa eta gramatika eta abarren erregulatzea) egiten delarik eta gizarte funtzio guztietara iristea lortzen du, bai eta ordura arte hizkuntza menperatzailearentzat erreserbatutakoetara ere. Esparru formal eta ez-formal guztiak hartzen dituenean dago hizkuntza erabat normalizatua. Normalkuntza ez dago hizkuntzaren hiztun kopuruaren (kantitatearen) baitan bakarrik, beraren gizarte funtzioen integritate eta osotasunean (kalitatean) baizik”, Solé i Camardons, 1991.
Norberak hizkuntza komunitatearen egoera “normalaz” daukan ideia zabalagoaren edo murritzagoaren arabera, normalizazioaren definizio ausartagoa edo apalagoa eginen du. Saiatu zuena egiten, ariketa ona da eta.

BIBLIOGRAFIA
Larrañaga, I. “Normalizazioa ez da elebitasun soziala” Bat 1, 1990eko otsaila
Mollà / Palanca / Viana Curs de Sociolingüística 1-2-3, Bromera, 1991.
Solé i Camardons, J. Soziolinguistika gazteentzat, UEUko Soziolinguistika Saila, 1991.