Karrika 59. 2002ko ekaina

Karrika 59. 2002ko ekaina

Karrika gurea da

Hizkuntza bat normalizatzeko eta berreskuratzeko Txepetxen teoriako hiru axiometatik batek honela dio: Estatu baten menpean kokatutako hizkuntza komunitate gutxiagotu bat ezin da, besterik gabe, estatuaren ekimenaren zain egon (nahiz eta estatuan gobernu edo erregimen aldaketa gertatu) honek egoera konponduko duelakoan, zeren konponbidea, komunitatea bera trinkotzetik etorriko baita. Labur esanda, eta gure kasuan, euskaldunok ez badugu lan hau egiten, inork ez digu egingo.
Trinkotze lan hau bizitzaren esparru ezberdinetan kokatzen da. Txepetxek, hizkuntzaren funtzioez hitz egiten duenean, besteak beste oinarrizko bost esparru hauek aipatzen ditu: identitate funtzioa, funtzio familiarra-afektiboa, funtzio profesionala, funtzio lokala eta funtzio nazionala. Guk, funtzio horiek oinarritzat hartzen ditugu, hizkuntzak bere funtzioa bizitzaren esparru guztietan gauzaten baitu.
Bizitzaren lehen esparrua, gutako bakoitzaren identitatea kokatzen den geure intimitatea da. Hortik hasi behar dugu eraikitzen pertsona aske, koherente eta heldua, ardura eta erantzukizunei aurre egiteko gauza izango dena. Indarra bere baitan sortu eta bere nortasunaren gunea eraikitzen jakingo duen gizakia.
Afektibitateari dagokiona da bigarren esparrua. Kasu batzuetan familia bidez eta besteetan beste bide batzuetatik bidera daitekeena. Kasu guztietan heldutasunez, irekitasunez eta maitasunez jokatzera eramango gaituena.
Guk, lehen aipaturiko bost esparruak, Euskararen herritik abiatuta eraiki nahi ditugu eta modu berean euren bizitzako esparruak eraiki nahian ari diren herri guztiekin topo egin nahi dugu, aniztasunean eta dibertsitatean bai, baina berdintasunean oinarrituz elkarlanean eraiki nahi dugun mundua.
Zaldiko Maldiko eta Karrikiri elkarteek identitate eta afektibitate esparruetan urratsak emateko ekimen berri bat jarri dugu martxan. Elkarlanaren fruitu hau “Karrika geurea da” izenarekin batailatu dugu eta zuen parte hartzea ere funtsezkoa izanen da: ekainaren 22an, goazen denok karrikara!



ZENBAT BURU… Paul Nicholson  

Kutsu guztiz anglosaxoiko izena duen arren, 5 urte zituenetik Bizkaian bizi da Paul Nicholson. Lurralde horretako EHNE nekazarien sindikatuko presidentea izan zen 1984tik 1987ra eta 1990etik EHNEko liberatua da. Via Campesina, nazioarteko nekazari mugimenduaren sorrera eta garapena bultzatu zituen eta gaur egun mugimendu horren Europako ordezkaria da. Berriki Palestinan ibilia da bertako baserritarren egoera ezagutzeko eta Arafaten egoitzan hilabete inguru eman du giza ezkutu gisa.

EHNEko eta Via Campesinako ordezkari gisa joan zinen Palestinara, ezta?
Bai, halaxe da. Via Campesina baserritarren mugimendu internazional bat da, nekazaritza ereduen defentsan lan egiten duena. Bertan organizaziño ugari bilduta gagoz eta gure ardatz nagusia solidaridadia, gure arteko elkartasuna da. Egin izan doguz beste delegaziño batzuk Kolonbiara, Boliviara, Brasilera eta Indiara. Porto Alegreko bileran erabakia hartu genduan delegaziño bat Palestinara bidaltzeko, hango baserritarren elkarteak ezagutu eta euren arazoak zeintzuk ziren hurbiletik ikusteko.

Lurra lantzen duenarena dela erraten du esaera zahar batek, baina Palestinan ikusi ahal izan duzuenarengatik horrelakorik ez dela gertatzen konprobatu ahal izan duzue.
Palestinan momentu honetan, baserritarrentzat ezezik, gainerako bizilagunentzat be oso gai garrantzitsua da lurrarena, ardatz nagusia une honetan Palestinaren identitatea bizirik mantentzeko. Israeldarrak Palestinarrak haien lurraldeetatik kanporatzen ari dira; azkeneko urte bietan 500.000 arbola -olibondoak eta almendrondoak- arrankau dabez eta ez dabe uzten baserritarrei euren lurrak lantzen, ezta horietatik sortzen dabezen fruituak batzen. Horrek guztiak krisi egoera bat sortu du eta testigantza hori jasotzeko asmoz joan ginen gu hara.

Egoera latz honen aurrean -hainbat lagunek genozidio hitza erabili dute-, giza mugimenduen papera oso garrantzitsua izan dela erran duzu…

Militarrak Palestinara tankeekin sartu zirenean gu betetzera joan ginen papera guztiz aldatu zen. Momentu horretan gure zeregina ez zen testigantza hartzea soilik, begirale izatetik mugimendu sozialaren papera betetzera pasa ginian, modu kontziente batean eta gure borondatez.
Ejerzitoa ospitalera sartu zenean eta, batik bat, guk Arafaten egoitzara sartzea lortu gendunean mugimendu sozial gisa ari ginen. Argi dago gobernuek, nazioarteko instituziñoek eta partidu politikoek ez dabela parte hartu eta gu izan garela lehenengo momentutik Arafat salbatu eta Palestinarren itxaropena neurri batean mantendu dugunak. Gizartearen presentzia eta elkartasun politiko mundiala agerian gelditu da.

Hainbat herrialdetako jendea bildu zineten han, ideologia eta hizkuntza ezberdinekoa, baina, halere, talde trinko bat egitea lortu zenuten eta ejerzitoari aurre eginik, Arafaten egoitzara iritsi eta bertan babes ederra eskaini zenioten.
40 lagun inguru bildu ginen, gure artean oso ezberdinak eta ezezagunak. Denborak aurrera egin ahala, apurka-apurka adostasun bat lortu genduan, batasun bat. Ez zen erreza izan, baina gerora balio handikoa bilakatu zen. Metodologia bat onartu genduan (zelan erabakiak hartu, ezberdintasunak zelan ezagutu eta adostasuna zelan lortu). Neretzako pertsonalki prozesu interesgarrienetakoa izan zen hura. Oso presente izan genduan beti mugimendu soziala ginela eta erabakiak kolektiboak izan behar ebela, sekula bez indibidualak.

Arafat duela zenbait egun aske utzi zuten, baina gauzak ez dira sobera aldatu. Nola dago momentu honetan hango egoera?
Gauzak ez daude batere ondo Palestinan. Bake prozesuan parte hartzen ari den zati batek, gobernu israeldarrak, ez du Palestinarren subiranotasunean sinisten eta ez dabe eskubide hori gura emon. Horrek esan nahi dau aurrerantzean ere estrategia militarrak jarraituko dabela eta hori bistan da tankeak oraindik ere hortxe dagozelako. Eta horrela ez dago ezer egitekorik.
Halere, bada kontuan hartzeko gai bat. Orain dela astebete mila bakezalek manifestazioa egin eben Tel Aviden eta esan beharra dago bertan bizi den giro belizista ikusirik, balore haundixe duela horrek. Ekimen hori oso positiboa da, baina oro har gauzak txarto dagoz. Palestinar gizartearen infraestruktura osoa deseginda dago, diru barik daude eta gosea pasatzen ari dira. Zerotik hasi beharko dute orain.

Egoera horri nolabait aurre egiteko hiru proposamen egiten dituzue
Lehenik eta behin, Europar Batasunak Israelekin dituen akordio preferentzialak, komertzialak zein militarrak, moztu beharko lituzke. Israelek dependentzia ekonomiko haundixe dauka Europako komertzioarekiko eta horri heldu behar zaio lehenbailehen. Ondoren, Israeleko produktuei boikota egitea ezinbestekoa da eta azkenik, Palestinako herriarekiko elkartasun zuzena adierazi behar dugu; hara joanez, bertako jendea ezagutuz, harremanak eginez.
Azken egun hauetan Israelek kanporatutako 13 palestinarren auzia hedabideetan dugu ikusgai. Errore estrategikoa da palestinar horiek Europan hartzea. Hantxe ez da haien kontrako denuntziarik aurkeztu orain arte eta ez dago lagun horiek kanporatzeko inongo arrazoirik. Europara ekarrita Israelek lagun horiek kanporatzeko eskubidea duela onartzen ari gara.

 

Karrika 58. 2002ko maiatza

Karrika 58. 2002ko maiatza

Nafar era batua

Bertako euskalkiak eta Euskara batuaren artekoa, frankotan erabili den gaia dugu; eta gehienetan, euskalkiak eta batua elkarren aurkari gisa aurkezturik. Azken aldian ere, bazterretan dikotomia hori azaldu zaigu, eta, sarritan den bezala, ez euskalkirik eta ez baturik ezagutzen ez duen norbaitek azaldu digu.
Nagitsu izaten gara guztiok horren inguruan berriro aritzeko, badakigu; alabaina, iritziren batzuk helarazi nahi dizkizuegu. Eta, beste jakingarri eta eztabaidagairen artean, aspektu zehatz baten inguruan aritu nahi dugu oraingo honetan.
Izan ere, -eta gogora ekarriz aurreko batean esaten genuena, hots, hizkuntza, Euskara, gu geu garela, eta ez beste inor edo ezer-, hizkuntza orok bizirik den komunitatean irauten du, eta, komunitatea, hiztun multzoa edo dena dela, nola bizi den, halaxe biziko da hizkuntza ere. Alegia, bideragarria den herriak bideragarri izanen du bere hizkuntza, eta hizkuntzak aitzina egiten badu, herriak aurrera eginen duelako du eginen.
Gurera etorrita, euskalkiak ez dira biziko euskalkidun jendeek bizi modurik ez badute. Aitortu behar dugu, hortaz, hizkuntza formak eta bizi moduak elkarrekin loturik daudela. Eta, ondorioz, forma ‘zaharrenak’ desagertuz joanen direla, bizimodu zaharrenak desagertzen diren neurrian.
Zeren eta, bizi diren komunitateek, mundu guztikoek noski, naturalki egokitzen baitute beren gogo- eta aho-tresna, zeinek bere hizkuntza, dituen adierazi-beharretara. Euskalkien alde jokatzeak, beraz, eskatzen du hizkuntza forma horiek baliatzen dituztenek bizi-modu osoa eta integrala edukitzea, naturalki garatzeko eta beren gisa hizkuntza moldatzeko eta bilakatzeko.
Orain, guri tokatzen zaigu Euskara gure bizimoduari egokitzea. Berriro ere, zer Euskara dugun eta izanen dugun, gure esku gelditzen da, gure aho edo mihiaren baitan, hain zuzen ere. Geuk erabakiko dugu, ezinbestean, zer nolako bizitza eginen dugun komunitate gisa, zein izanen den gure nafar era batua.



ZENBAT BURU… Juan Kruz Lakasta
  

Kazetaritza ikasketak Leioan egin zituen eta Eguzki irratian hasi zen lehenengotz mikrofonoaren aurrean. Orduz geroztik bertze hainbat komunikabidetan aritu da (Egunkaria, Euskalerria irratia, Nabarra, ETB…) eta bere bizitzako bi urte pasatxo eman ditu Iruñeko kartzelan intsumitu izateagatik.
Gaur egun Osasunako partidak ematen ditu Euskalerria irratian eta bertze lankide batzuekin batera zuzentzen duen Metropoli Forala saioarengatik Argia saria jaso zuen iaz.

UNESCOko Hizkuntzen Batzordeko presidentea den Felix Martí katalandarrak berriki Iruñera etorri eta hizkuntza guztiek mundua islatzeko duten ikuspegi propio eta orijinala azpimarratu du. Zer ekarri dizu zuri euskaraz bizitzeak?
Adibidez sona handiko libelo batek salatu zituen pekatuetako bat, euskara lanbide bilakatzea. Euskara ikasiz euskararekin zaletu nintzen, eta idaztea, hitz egitea, hitzekin jokatzea lanbide bilakatu dut, bilakatu zait. Luxua da.

Eguzki Irratian hasi zinen zure lehenengo kazetari lanak egiten eta ondotik Egunkaria, ETB eta bertze hainbat hedabidetan aritu zara. Nola ikusten duzu Nafarroako euskal komunikabideen egoera?
Ikusteko dago Administrazioaren diru-laguntzen murrizketak denborarekin zer nolako eragina duen. Oraingoz, sasoi onean gaudela esanen nuke, besteak beste Nabarra aldizkariak eragin duen hobekuntza kualitatiboa zein kuantitatiboa aintzat hartuz.

Hasi Berriak ETBk ematen duen gazteei zuzenduriko telesaileko gidoilarietako bat izan zara. Euskara eta gazteak binomioaren arteko harremana nolakoa da zure ustez?
Heldu den denboraldian telesaila astekari bilakatuko dute. Lan gutxiago izanen da, eta beraz hainbat elkarrizketagile soberan izanen dira, esaterako, ni neu. Gazteak-euskara bikoteaz…Bikote gehienek bezala harreman gatazkatsua dute. Espero dezagun denborarekin amodioa gailentzea.

Ikastolatik pasatako zenbait lagunek handik irten eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna erraz galtzen dute. Zer dela eta? Zerbait esanen al zenieke?
Inguru erdaldunean bizi garelako gertatzen da hori, gurean gazteleraz egitea erosoagoa delako, euskara erabili gabe lasai aski bizitzerik dagoelako. Halakoei ez nieke deus esanen. Nire inguru gertuan halakoak ikusi ditut, eta ez dut deus esan. Halako predikuek maiz nahi denaren aurkako eragina izaten dute. Norberak jabetu behar du galtzen duenaz, irabaz dezakeenaz…

Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioko esataria zaitugu. Zertan da momentu honetan irratiaren legalizazioaren afera?
Pozten nau galdera hori entzuteak…Ea labur azaltzen dudan, eta ahal dela ongi. Irratiak bi lizentzia banaketatan parte hartu du. Lehenean, gobernu sozialistaren garaikoan, irizpideak finkatuta zeuden, baina baremoa ez. Malguagoa zen. Kontra egiteko zailagoa. Gorenak Gobernuari arrazoia eman berri dio. Bigarrenean, duela hiru bat urtekoan, irizpideak zein baremoa zehaztuta daude, eta irregulartasunak nabariak dira. Ea horren aurkako helegiteek arrakasta handiagoa lortzen duten.

 

Karrika 57. 2002ko apirila

Karrika 57. 2002ko apirila

Nahitaezko bihurtu arte

Askotan esan ohi da gizarte honetan ez dela batere samurra euskaraz bizitzea. Esaten ez dena da bide horretan behaztopa egin behar izaten dugula besteak beste guk geuk utzitako harrietan.
Berriki plazaratu den datu bat hartuko dugu hizpide. Iaz, Iruñeko Udalean aurkeztu ziren idazki guztietatik % 0,86 bakarrik zeuden euskaraz. Aurreko urteetan kopurua bajuxeagoa izan zen. Datuak datu, agerian dagoena da Iruñeko euskaldun gehienek ez dutela euskara erabiltzen Udalarekiko harremanetan.
Badakigu administrazioaren jokamoldea ez dela bidezkoa. Kontua da bidean zailtasunak daudenean kikildu egiten garela: ez dugu gorabeherarik nahi eta aise ematen dugu amore. Baina jokaera honek euskaldunon eskubideen aldeko argudioak ahultzeaz gain, gizartearen oreka faltsuari mesede egiten dio: gure jarrera ahula ikusita erdaldunak eta administrazioak euskaraz egitera beharturik ez daudenez, badirudi hizkuntz gatazkarik ez dagoela eta ondorioz “normaltasunez” bizi omen gara denok.
Edonon suma daitekeen portaera hau euskaldun gisa bizitzeko bidean harririk potoloenetakoa bilakatu zaigu. Hainbat egoeratan euskarari uko eginez gure izana bera ere ukatzen ari gara, hizkuntza gugandik aparte dabilen tresna ez nahitaezkoa balitz bezala. Ulertzeko erraza da: ikusgai ez bagaude, erdaldungoa axolagabe ageriko da gurekin; saihestezinak bagara, eta gure izaeran irmoki sinesten badugu, besteek ere aintzat hartuko gaituzte eta ezin izango dute ezaxolarena egin.
Baina adi: egoera honi erraz ematen ahal diogu buelta. Zer dugu gure alde? Funtsezkoena: gu geu. Gure esku baitago alferkeriarekin bukatu eta koherentziaz jokatzea. Edozein egoeratan euskaraz egiten saiatzen bagara bideak zabaltzen jarraituko dugu, gure errealitate ukaezina komunitate sendo eta erakargarri baten adierazle izanen da eta biharko gizarte euskalduna gaurko euskaldunon eta erdaldunen ahaleginen bidez gauzatu ahal izanen dugu.
Etorkizun hori ez da halabeharrezko bilakaera bat, ordea. Euskara nahitaezko bilakatuko da hemen eta orain bizi garelako eta euskaldun bizi nahi dugulako, ez besterik.



ZENBAT BURU… Paula Kasares

Hainbat urtez Baztango euskara teknikaria izateaz gain, UEUko Soziolinguistika atalaren arduraduna ere izan da. Azken boladan Kontseiluak sortutako Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren zuzendaria da.

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Bai, gure egoeraren inguruko anitz gauzak kezkatzen nau: euskal hiztungoak geure hizkuntza bortz erregimen juridiko diferenteren pean izateak, bertako administrazioak hiztun herri gisa geure biziraupen soziokulturalerako behar dugunaren azpitik ari direla ikusteak. Herri euskaldunetan ere euskararen erabilera soziala zer ahula den ikusteak kezkatzen nau. Kezkak ditut, bai, baina egoerak badu positiboki baloratu beharrekorik ere, hizkuntzaren aldeko herri mugimendua, batez ere.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Agian euskara eta bere ingurua erakargarri bihurtzean datza gakoa. Eta erakargarri bihurtzeko euskaldunok euskararen erabilera soziala berretu behar dugu, baina horrekin ez da nahikoa, administrazioaren jokaerak ere aldatu beharra du. Nafarroan berebiziko premia du Nafarroako Gobernuak bere jokabidea aldatzeak. Aski da Nafarroako berezko hizkuntza honendako mezprezu eta gutxiespen instituzionalak edo jarrera paternalistak, euskara egungo bizimoduari egokituta ez dagoen bigarren mailako hizkuntza bezala azaltzen dutenak.

Normalizazioaren prozesuan zein da administrazioak bete behar duen papera?
Administrazioak, lehenik eta behin, ez lieke trabarik jarri behar hiztungoaren nahiari, erreprodukzio soziokulturalari eta hizkuntzaren garapen sozialari. Hori, bere burua demokratikotzat duen ezein administraziok bederen ez luke egin behar. Horretaz gain, administrazioak bertako hizkuntza zokoratze instituzionalaren prozesu historiko baten bidez dagoen egoera bere onera ekartzen saiatu beharko luke, status ofiziala eman eta horrekin batera babes instituzional osoa: herritarrek aukera izan dezaten hizkuntza ikasi, erabili eta gizarte alor guztietan garatzeko. Are gehiago, bertako hizkuntzak harreman sozialetan lehentasunezko lekua izan dezala saiatu beharko luke administrazioak. Zergatik? Bertako hizkuntza delakoz, eta hizkuntzak lehentasun hori bere lurralde propioan ez badu, munduko ezein tokitan ez du izanen eta lehenago edo beranduago desagertuko da, ezbairik gabe.

Eta paper hori betetzen ez duenean, zer egin dezakegu?
Eskatu, administrazioaren betebeharra baita hiztungo edo hizkuntz komunitate gisa geure biziraupen kulturala bermatzeko behar duguna ziurtatzea, eta egun Euskal Herri osoan dugu euskal hiztungoak geure biziraupena kolokan. Euskal hiztun berriak horretaz jabetu behar du berez dagokiona eskatzeko eta horren jabe izanda, presiobideak jorratzeko, euskal hiztungoaren biziraupen kulturala arriskuan jartzen duten politika baztertzaileak zuzen ditzala galdetuz. Alde horretatik hizkuntzaren aldeko herri mugimenduak, hiztungoaren barne antolaketak eta egoerari aurre egiteko estrategia bateratuak berebiziko garrantzia dute.

Zure ustez, gizartearen antolaketa garrantzitsua al da denon hizkuntz eskubideak hobeki ezagutu eta defendatzeko? Eta nola eraiki antolaketa hori?
Gizartearen antolaketa ezinbertzekoa da. Euskal hiztungoak bere egoera hauteman behar du (hizkuntzaren statusa eta presentzia soziala, hizkuntz eskubideen egoera), bere buruaren pertzepzioa lortu behar du, autopertzepziorik gabe besteek (euskal hiztunak ez direnek eta euskararen beharra sentitzen ez dutenek) egiten duten diagnosia (euskara gutti batzuen gaia da) eta zabaltzen duten irakurketa (ez da gure arazoa) hartu beharko baitu, eta horrek ez du euskal hiztungoaren egoeraren hobetzea ekarriko. Autopertzepzio horretan hiztungoaren antolaketa ezinbertzekoa da erreferenteak ematen dituelakoz: euskararen aldeko eskaera sozialaren aintzindariak. Nafarroan euskaldungoaren antolaketa eta bateratzea bultzatu behar da indarra metatzeko eta gurea den gaia (diskriminatuta gaude) nafar guztiendako gai bihur dadin (ez dago onartzerik nafar euskaldunak diskriminatuta egotea). Gutti garen nafar euskaltzaleen gaia Nafarroa osoaren gai bihurtzen dugunean soilik emanen dio gizarteak gure egoerari behar duen irtenbidea. Horretarako geure burua antolatu behar dugu eta Behatokiak, bere esparruari dagokiolarik, lagundu, babestu eta sustatu eginen ditu euskarazko eskaera soziala areagotzea eta egituratzea xede duten herri ekimenak.

Nola eragingo zenuke nazioarte mailan euskararekiko babesa lortzeko?
Hizkuntz eskubideen Behatokiak Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideen arazoa nazioartekotzea du bere lan ildoetako bat, hemen dugun egoeraren berri ematea ere berau aldatzeko presiobidea delakoan. Txostenak prestatu eta eraman izan ditugu nazioarteko foru ezberdinetara. Gutxiengo Hizkuntzetarako Bulego Europarrean eta Erregioetako eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren jarraipenerako aditu taldean ederki asko ezagutzen dituzte Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntz eskubideen kontra egin eta egiten dituen lege murrizketak. Eta murrizketa horiek nazioarteko foruetan gutxiengoen babeserako hartu diren irizpide guztien kontra daude. Beraz, babesa lortuta dago, baina erdietsi beharrekoa dena da, Nafarroako administrazioak bere jardunbidea zuzentzeko gomendioak ez ezik, Europako erakundeen benetako neurri lotesleak ere.

 

Karrika 56. 2002ko martxoa

Karrika 56. 2002ko martxoa

Txanpon baten truke?

Pentsatuko duzue topiko hutsean erori garela, hamaika aldiz errepikatu dena besterik ez dakargula hona, astun samarrak garela ere…, baina karrikan hauxe ohi da gaia aspaldi honetan, areago egunotan ere, eta Karrikan agertzea egokitu zaigu. Izenik eman gabe ere, izenburuagatik badakigu denok zertaz ari garen.
Izan ere, moneta aldaketa ukitzen gaitu guztiok, azaletik muinera, nahi eta nahi ez, are sakelaraino ere…! Tira, zenbateraino orain artekoa irauli zaigun, gure bizitzan aldaketa handia gertatu dela esaten baita. Baina, norberarengan zer aldatu den ikustera mugaturik, psikologoek zera diote, kontuak egiteko ahalegin berezia egin beharra dugula, eta txanponetik txanponera pasatzea hizkuntza batetik bestera pasatzea bezalakoa dela ere esan digute. Hori esagerazioa izanik ere, uste dugu une batez pentsatzeko parada ematen digula.
Jakin badakigu kontatzeko era, diruaren proportzioak, berriak ditugula orain, eta ahalegin berezia, handia askotan, egin beharra dugula, ohitu artean behintzat. Eta, hasieran pixka bat kostatzen badu ere, berdin dakigu laster beste erremediorik ez dugula izanen. Eta onartu egiten dugu gainera. Ez du inork ahotsik altxatzen, ez du inork aurka egiten. Denok eginen dugu beharrezko ahalegin hori, lehengoari utzi eta sistema berriari atxikitzeko.
Eta, egia balitz txanponaren aldaketa eta hizkuntza batetik bestera pasatzea berdintsuak direla? Esfortzu antzekoa egin beharra dagoela bi kasuetan? Hala balitz, zergatik hainbeste buruhauste izaten dugu hizkuntza batean ohiturik gaudela eta bestean ez gaudelako? Horrenbesteko ahalegina da hizkuntza ohitura aldatzea?
Euskaldunon artean, askotan aditu izan ditugu gisa horretako aitzakiak: “errazago zait…”, “halako hizkuntzan ezagutu genuen elkar…”, “gauza horiek esateko hobe gaztelaniaz”. Ahaleginak egiteari ihes egiten diogu erraz asko. Eta esaten ari garen honek, gutxi edo asko, guztiontzat balio lezake inoiz. Moneta berrian denok moldatuko gara lehenago edo geroago; eta, ez al du merezi gure hizkuntzan oraindik egiten ez ditugun gauzak Euskaraz egiten hastea? Bestela, hala joanen zaigu denbora, ohitura zaharrari eutsita? Hizkuntza ez al dugu horrela saltzen, txanpon merke baten truke?



ZENBAT BURU… Asisko Urmeneta

Marrazkilaria, bidaiari amorratua, parrandazalea, euskal kulturaren zirikatzailea…saltsa askotako perrexila dugu Asisko Urmeneta. Hainbat aldizkari eta hedabidetan kolaboratzaile gisa aritzeaz gain, elkarte eta talde aunitzendako irudiak egin izan ditu, baita bertzelako proiektuak bideratu ere. Iparraldeko lagun baten baserrian eman ditu azkeneko hiruzpalau hilabeteak eta hiriko buruhausteak alde batera utzita, kaka biltzen patxada ederrean pasa ditu hainbat ordu. Berriki karrikaratutako “Mantxut” eta “Mantxut Mantxut”, euskal argota lantzen duten liburuen egilea dugu.

Euskal komunitatearen egoerak (euskaldunon komunitatea) kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Euskal komunitatea –hemendik goiti Mintzaidegoa- urria da, barreiatua, sasiofiziala/ez ofizialdua/ legez kanpokoa; ez dugu elebakarrik, eta hiztunen ehuneko handi bat analfabeto funtzionala da. Kezkatzekoa ez bada…
Gainera kolonizatzaileen erasoa biderkatu egin da azken honetan, eta egia erran, oso sparring ahula eman dugu. Hostia guziak bildu, guti itzuli, eta botileroa langabeziara dugu igorri.
Etsia ere somatu dut lehendikotz gure artean. Fanonek eta, badute izkiriaturik kolonizatuen frustrazioez. Ezinduraz. Eta horrekin guziarekin aski ez genuela, profezia lazgarriak ere entzun ditugu ezker eskuin, eta apostuak egin dira ea noiz estingituko garen.
Eta ez da goxo galtze arriskuan den animalia sentitzea. Eta sakabanatua. Eta ehizatua.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Erran nezakeen guzia ederki adierazia du Txepetxek hiru godaleten teorian.Zerbait gehitzekotan,Umorea eta Bidaia aipatuko nituzke. Umorea arras lubrifikante ona baita hiru ontzien arteko lasterra errazteko, trabak deuseztuz. Eta ezinago osagarria herri txiki(tu)endako.Eta kritikabide eraginkorra botere krudel ororen kontra.Ironiarik gabeko boluntarismoa, erlijioa baita. Bidaia fisiko edo birtuala, bertze errealitate batzuk ezagutzeko. Nola pasatu da frantsesa hirugarren hizkuntza izatera,nagusi izatetik Flandria hurbil horretan? Eta bi belaunalditan!Nola berpiztu dute juduera?Zergatik da Sao Tomeko kreolera munduko mintzairarik aldakorrena?Zer da mintzaidegoaren osasun-hesia?Zenbat adiskide duzu Iparraldean? Funtsean, ibili, gozatu, ez etsi eta indarrak bildu, bide luze eta eder hau konpainia onean kurritzeko.

Goizeko 11etatik gaueko “X” arte zein hizkuntza erabiltzen duzu?

Laneko Euskaraz, sexuko Euskaraz, haginlariarekin Euskaraz, amarekin Espainieraz, Asegurantza Sozialeko mirikuarekilan Espaineraz, pisukideegaz Euskeriez, sarean Ingelesa/Euskara/Portugesa/Espainiera/Frantsesa eta Japoniera ttintta bat, moxkorraldian Frantsesez, koinateekin Espainolez, irakurgaietan Euskara nagusi, zineman Frantsesez eta Espainieraz, musika Ingelesez eta Euskaraz, irratia Euskaraz baizik, ametsetan denetarik…

Zure zutabeetan hizkuntzarekin jolasten duzu. Komunikatzeko orduan, ez al da handiegia idazle eta irakurlearen arteko jauzia?
Irakurlearen arabera. Adibidez, zera idazten badut:Durangoko azokan Lertxundiren diska eta Evaristoren liburua erosi ditut, eta kinberrez.
Eta ez bada ulertu, eni dagokit esplikatzea zer den kinberrez? Ni ez naiz berria ematen duen erreportaria, modu periodistikoan, baina barneko iritzia plazaratzen duen kolaboratzailea. Eta viceversa kontzeptu arrunta behar badut arestiko gag tipia egiteko, ez naiz pribatuko, baizik eta balizko leizaleak ez ote lukeen konprenituko. Nik normalduak baiginan bizi nahi dut.

Herria gorputza bada eta Hizkuntza bihotza, ligatzeko zer da inportanteagoa, bata ala bestea?
Amodioa Herriari eta sexua herritarrekin.

Karrika 55. 2002ko otsaila

Karrika 55. 2002ko otsaila

Zinema: errealitatea, fantasia eta euskal papalagiok

Orain dela laurogeita/ bost urte, Polinesiako buruzagi batek gizaki zuriaren bizimodua ezagutzeko asmoz bidaia bat egin zuen Europan zehar. Bueltatu zenean, jaso zituen oharrak baliatuta, hitzaldi batzuk eman zizkien bere herrikideei. Hitzaldi horiei “Papalagiak” (gizaki zuriak) izena eman zien, eta bertan, europarren ohitura bitxiak, jarrera ulergaitzak eta kontraesanak azaltzen saiatu zen, bere ikuspegitik. “Gizakia osotasuna da, eta ezin da gure izatearen zati batekin bakarrik bizi, horrek jende gaixoa sorrarazten duelako”.
Samoako bizilagun honen oharrak bere lagun alemaniar batek itzuli zituen, eta orduz geroztik hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izan ditugu. Bertan, besteak beste, zinema aretoez hitz egiten digu. Bere ustez, hain harroputza den gizaki zuria gela ilun horietara joaten da hor agertzen den “jende faltsuak” egiten duena ikusten duenean sekula lortuko ez lituzkeen bizipenak sentitzen dituelako, fikzioa eta errealitatea nahasteraino.
XXI. mendean gauzak asko aldatu dira: Europa zuri hura koloreanitza da orain, zazpigarren artea deitu izan zaiona kultura askoren laguntzaz aberastu egin da eta planeta osoan zabaldua dago, eta zinemara joatea aisialdiaz gozatzeko aukera paregabea izan ohi da aspalditik. Pantailak mundu osoko ohiturak ezagutzeko aukera ematen digu, gure pentsamolderik arruntenak kolokan jar ditzake eta filmeen argudioa hezigarria ez denean ere beti badago gustatu ez zaigunaz hausnartzeko aukera. Hortaz, gehienetan aukera aberasgarria da.
Baina Euskal Herrian oraindik ere badira jokaera ulergaitzak erakusten dituzten euskal papalagiak. Badirudi gutariko askok ez dugula aipatu osotasun hori geureganatu eta ondorioz beste bereizketa bat egiten dugu: gure bizitza zatitzeko joera. Euskaldun izanik normala iruditzen zaigu zenbait egoeratan euskaraz egitea baina aldi berean suposatutzat ematen da kultur ekoizpenak -zinema, literatura…- erdaraz bizi behar ditugula, euskaraz bizitzeko aukera dagoenean ere. Euskara egoera jakin batzuetan erabiltzekoa dela uste dugu (tabernan, eskolan, politikan, etxekoekin…) baina fantasia euskaraz bizi daitekeela nahi gabe ere zalantzan jartzen ari gara askotan. Hori gertatzen denean, pantailan ikusten dena bakarrik al da faltsukeria? Aukera faltak eragiten du, noski, baina horri buruz ere gutxitan eztabaidatzen dugu.
Bada aurten ere fikzioa eta ametsak euskaraz gozatzearen aukera errealitate bilakatzera doa. Karrikiriren eskutik, kalitatezko zinema euskaraz ikusi ahal izango baitugu, inoizko eskaintza oparoenarekin gainera. Eta aholku bat: urtez urte sendotuz joan den ekimen honetaz gozatzeko beldurrak uxatu. Baten batek filmetan erabiltzen den euskarari beldur badio, pentsa dezala ñabardurak alde batera utzita, dena ulertuko duela eta berarentzat aberasgarri izango dela (edo berari aberasgarri izango zaiola). Bestalde, euskaldunok komunitatea osatzeak ez du esan nahi zinemara derrigorrez taldean edo bikotekidearekin joan behar dugunik. Hemengo ohitura bestelakoa izan daiteke, baina sinistu ezazue: bakarka ere joan daiteke… eta ez da ezer gertatzen!
Otsailaren 1etik aurrera euskal papalagiok zinema aretoak leporaino betetetzera goaz!



ZENBAT BURU… Juan Kruz Igerabide Sarasola

Juan Kruz Igerabide Sarasola Adunan jaio zen 1956an. Maisu ikasketak egin eta irakasle ibilia da zenbait herritan. Filologia ikasketak egin, eta Euskal Filologian Doktoregoa egin zuen. Gaur egun EHUko irakasle da, Euskal Filologia sailean. Haurrentzako liburu asko idatzi du, gehienak ipuinak; bere lehen haur-liburua Begi-niniaren poemak izan zen (Erein, 1992), eta geroztik arlo horretan zenbait liburu idatzi du. Bere azken liburuetako batzuk hauexek dira: Abraham (Erein, 1998; gazte literatura), Jonas eta hozkailu beldurtia (Aizkorri, 1998; haur literaturako Euskadi Saria), Hamabi galdera pianoari (Alberdania, 1999; gazte literatura), Helena eta arrastiria (Elkar 1999; gazte literatura), Izar bat agertu da (Igela 2001; gabonetako ipuina).

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?

Jakina, biziki kezkatzen nau euskal komunitatearen egoerak. Gertatzen zait, hala ere, ez dakidala oso garbi zein eta zer den “komunitate” hori. Historian “gure” lurrean era askotako komunitateak sortu dira, indarrez ia beti, eta era askotako interesei jarraiki. Mirariz, benetan uste baitut mirari izan dela, hizkuntza zahar honek iraun egin du, eta bera da nolabaiteko komunitate zentzuari oinarri sendo bat ematen diona. Ez dut sinesten abertzaletasunean (are gutxiago abertzaletasun inperialista batean), errealitatearen ez baina amets mitikoaren fruitu baita (eta horrekin literatura eta artea egiten da, ez politika), ez dut sinesten independentzian (are gutxiago globalizazio kapitalistan), non eta ez den komunitate txiki baketsuak, estatu eta armadarik gabeak, eta kriterio ekologikoekin eginak sortzeko (eta hori “gure” alderdiek ez dute planteatzen). Bizi dugun kaka-nahaste eta indarkeria zentzugabearen giroan, oraindik zerbait merezi badu, nire ikuspegitik, euskaraz mintzatzen eta idazten jarraitzea da, eta hizkuntza hori norberaren izatearen adierazpide bihurtzea, hots, euskara egitarau politikoen zerbitzutik ateratzea.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Euskara bultzatzeko motibazio mota anitz erabili da: motibazio ideologikoa, ideologia abertzalearen erdigune izan baita euskara (ezkerreko ideologiek ere boterearen kontrako borrokatzat jo izan dute); motibazio sentimentala, gure arbasoen hizkuntza, gure lurreko ahots zaharra…; gaur egun gizarte-motibazio bat ere badago, zenbait lanpostu eskuratzeko edo/ gizartean integratuago sentitzeko… Badago beste motibazio bat oso gutxi jorratu dena: motibazio ekologikoa; basoen, itsasoen, ibaien… ondarea bizirik irauteko ezinbestekoa badugu, hizkuntzak gure bizitza psikikoaren euskarriak dira; munduan hizkuntza bat galtzen den bakoitzean, neurosi berri bat jaiotzen dela esango nuke, eta koska bat ergelago egiten garela. Hizkuntza baten iraupena asmo politiko jakin batzuk baino askozaz harantzago doa; gure giza izatearen muineko zerbaitez ari naiz. Nik neuk badut, gainera, motibazio zuzen bat: neure ama hizkuntza da, eta kito. Hizkuntza handien boterearen lilurak, ergelkeriak eta gutxi-lotsak eraman gaitu euskara galtzera euskaldun “zaharrok”. Horrezaz gainera, esango nuke ama-hizkuntza ez dela soilik amagandik ikasi nuena; agian, amari edo amonari lapurtu zioten hizkuntza ere badut ama hizkuntza.

Euskaldun berriok erreferentzia falta nabarmena dugu. Euskararen jatortasuna lortzerik ba al dugu?
Jatortasuna, hein handi batean, gezur bat da, denok baikaude kutsaturik. Euskaldun berriak lotsarik gabe erabili behar du euskara. Hala ere, logika pixka batek erakutsiko dio hizkuntzak bizirik iraun duen lekuetan ipini behar duela belarria. Tarteka, asteburuetako irtenaldiak herri txikietara egin eta hango jendeari entzutea formula polita da. Bestalde, irratietan, adibidez, esatari onak aritzen dira oro har. Horretaz gain, Egunkarian, esate baterako, nahikoa hizkuntza txukuna erabiltzen da. Bitartekorik ez da falta gaur egun, oraindik asko hobetu beharra egonik ere.

Nola baloratzen duzu egungo euskal literaturan dagoen sormena?
Helburu bat lortzen ari gara: inguruko hizkuntzetan egiten den literaturaren mailako liburuak ateratzea, eta batzu-batzuk munduan zehar/ lotsarik gabe hedatzeko modukoak. Apustu asko dauzkagu aurrean; horietako bat: literatur hizkera aberatsa eraikitzea -horretan aurrerapauso nabariak ageri dira- eta literatur hizkera hori herritarren hizkeretatik ez gehiegi urruntzea, komunikazio arazoak sor ez daitezen.

Karrika 54. 2002ko urtarrila

Karrika 54. 2002ko urtarrila

Gu gara euskara

Urtats. Urte berria delarik, abiatzen gara berriro ere. Eta aurreko zenbakiko azken orrialdean Xamarrek emandako pista aintzat harturik abiatzen gara: Gu gara Euskara. Laburra baina esanguratsua oso. Izan ere, gure mezuen muina baita. Hizkuntzaren bizia eta bizitza, euskaldunak trinkotzea, euskal gizartea eratzea edo antolatzea… horiek guztiak ezin egin dira gu gabe. Merezi du Xamarren esanak berriro ere irakurtzea, eta horretara gonbidatzen zaitugu.
Baina, bidenabar, egiten dizugun gonbitea zabaldu nahi dugu; zeure barrenari begira diezaiozun nahi dugu. Gogoeta pixka bat egin. Zer nahi duzu? Bizi nahi akaso? Euskaraz bizi nahi? Euskaldun bizi nahi? Ezin gara Euskararen aldeko izan geure buruaren aldeko ez bagara. Euskara nolatan biziko da gu geu bizi ez bagara? Eta, zer nolako bizitza edo biziera opa diogu Euskarari, geure buruari opa ez dioguna? Horra, bada.
Sasoi honetan, geure baitan aldaketak egiteko asmoa pizten da askotan. Urte berriarekin, berrikuntzak berriketa, eginkizun ugariren abiatzeko plana egiten dugu. Gaurtik aurrera, halako eta halako…, eta gisakoak. Une aproposa dirudi hainbat ohituratan eten egin eta beste gisa batez jarduteko. Halaxe egitera ere dei egin nahi dizugu. Usu erraten den moduan, txipa aldatu beharra dugu. Xamarrek esan bezala, hirugarren pertsonan mintzatu –eta pentsatu- beharrean, lehen pertsonan pentsatzera –eta mintzatzera- pasa behar dugu. Eta ondoren aritzera, jakina.
Euskararen alde egotetik, geure alde egitera pasa; Euskara ikasi edota hartaz gehiago jabetzetik, geure buruaren jabe izatera. Euskaraz bizi nahi izatetik, Bizitzera. Kirol talde baten aldeko izan gaitezke, baina kiroletan beste batzuek jokatzen dute. Euskarari dagokionez, denok jokatzen dugu. Alde egoteak ez du asko balio, partehartzaile gara guztiok.
Bizi ditugun egunak aldaketa egunak dira nonbait. Izan dadila aldakuntza geure baitan ere, eta has gaitezen, urte berriarekin batera, Euskaraz bai, baina eta Euskara bizitzen, beste inor edo ezer ez baita Euskara, Gu baizik.



ZENBAT BURU… Carme Junyent Figueras

Carme Junyent Filologian doktorea da eta Hizkuntzalaritza Orokorra irakasten du Bartzelonako Unibertsitatean. Hamar liburu eta ehunka artikulu eta ikerketaren egilea da, eta UNESCOk babesten duen “Munduko hizkuntzei buruzko txostena” aurrera eramaten ari den taldeko kidea ere. Honez gain, 1996. urtean plazaratu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala gauzatzeko lanetan ibili zen, Adituen Batzordean hain zuzen.

“Contra la planificació” (editorial empúries; bartzelona, 1988) liburuan esaten duzunaren arabera, ba omen daude lehen eta bigarren mailakotzat jotzen diren hizkuntza gutxiagotuak. nola lagundu dezake hizkuntza ekologiak desoreka hau zuzentzen?
C.J. Hizkuntza ekologia aniztasunaren kontzeptu batetik dator. kontzeptu horren arabera, hizkuntza guztiak aldi berean hizkuntzen dibertsifikatze naturalaren prozesuaren emaitza eta hizkuntza kodea eratzeko aukeren adierazpen paregabeak dira. horrek esan nahi du, alde batetik, giza mintzairaren batasun sakona dagoela eta, ondorioz, bere adierazpen guztien berdintasuna ere adierazten du. bestalde, horrek berekin dakar hizkuntza bakoitza aniztasun linguistikoa den osotasun horren zati bat dela kontsideratzea. kontzeptualizazio hau hizkuntzen hierarkizazioarekin bateraezina da, hizkuntza bakoitza behar-beharrezkoa baita. hizkuntza ekologiaren inguruko ikerketak bai hizkuntzen berdintasuna eta bai hizkuntza guztien beharra dugula frogatu dezake eta, beraz, herriei informazioa eta argudioak eskain diezazkiekegu hauek guztiak kontuan hartuta jardun dezaten.

Nola egin aurre munduan ingelesdun komunitate hain boteretsua egotearen ondorioei? nazioarteko hizkuntza lagungarriek (esperantok, esate baterako) bete lezaketen eginkizunean sinesten al duzu?
C.J. Ingelesaren hedapenak bereizi beharreko bi alderdi ditu, gutxienez. alde batetik, funtzio jakin batzuetan hizkuntza lagungarri gisa izan dezakeen erabilera; bestetik, bere hizkuntza ingelesaz ordezkatzen duten hizkuntza komunitate askotan gertatzen den ezarpena dago: kasu horietan, ingelesa lehen hizkuntza bilakatzen da.
Lehen aldeari dagokionez, ingelesak “lingua franca”ren funtzioa bete lezake hizkuntza komunitate anitzen artean, ezaguera zabaltzeko tresna gisa edo. horrek, hasiera batean, hizkuntza aniztasunaren babesari ez lioke trabarik jarriko. hala ere, ingelesaren erabilera instrumentalak arrisku bat dakar -eta hau argiki suma daiteke zientzia, teknologia, artea eta horrelako hainbat eremutan-: ordezkatzeko funtzioa betetzearena, hots, eremu hauetan egiten diren ekarpenak ingelesetik egin daitezela, beste kultura batzuen ezaugarriak baztertuz. horren ondorioa da aipatu eremuen garapenari murrizketa nabarmena jartzea.
Bigarren aldeari dagokionez, hizkuntza ordezkapena, ingelesa beste zenbait hizkuntzarekin batera eragiten ari da hizkuntza aniztasunaren aurkako indar suntsitzaile gisa eta, zentzu horretan, erantzunak ez du izan behar ingelesaren zabalkuntzaren aurka bakarrik, baizik eta kultur homogeneizatzearen prozesuaren aurka, bere osotasunean hartuta.

Nola sendotu liteke hiztun elebidunek bere hizkuntza gutxiagotuari dioten atxikimendu eta leialtasuna? eta euskararen kasuan?
C.J. Prestakuntza eta informazioa ezinbestekoak direlakoan nago. denok kontziente izan behar dugu hizkuntza aniztasunaren balioaz eta, hizkuntza gutxiagotuen hiztunen kasuan, zera hartu behar dugu kontuan: gizateriaren aurrerapenari ekarpen sortzailea egin nahi badiogu, gure hizkuntz eta kultur ondarea denon aberastasunean eta emankortasunean lagundu dezakeen ekarpen paregabea da. baina, aldiz, gure ondarea beste batez ordezkatzen badugu, suzedaneo edo ordezko bat besterik ezin dezakegu eskaini. garbiago esateko, gure ondarea beste batez ordezkatzea egiptoko piramideak parke tematiko batez ordezkatzea bezala izango litzateke.

Argudio berak balio du euskarari dagokionez ere, baina kasu honetan gauza bat gehitu daiteke: genetikoki isolatutako hizkuntza izanik, bere ekarpena jatorrizkoa eta bakarra da.
Euskal herrian garatu den soziolinguistikaren ildo nagusiak ezagutzen al dituzu? nola baloratzen dituzu?

C.J. Ez ditut sakonki ezagutzen, baina bi puntu azpimarratu nahi nituzke. lehenbizi, orain arte jasotako emaitzen arabera pentsa liteke euskara gizateriaren historian berreskuratu den bigarren hizkuntza izan daitekeela, hebraieraren ondotik, eta, ondorioz, prozesu hau oso eredu erabilgarria izan daiteke bere hizkuntza suspertu nahi duten beste komunitateentzat. bigarrenez, nik uste hizkuntzaren berezko erabilera ahalbidetzen duten hainbeste proiektu dinamizatzaile garatu izanak (berreskuratzearen oinarriak hezkuntzan eta legeetan soilik ez utziz) hizkuntzaren bizitzarako ezinbestekoa dena -transmisioa eta erabilera- oso ongi ulertzen dela islatzen duela. hau ez da batere ohikoa hizkuntz plangintzen proiektuetan eta esportatzeko moduko eredua dela iruditzen zait.


SOZIOLINGUISTIKA.
Trinkotzea: kalitatezko bide gorria euskaldunentzat

Txepetxek eskainitako kontzeptuen artean emankorrenetakoa dugu trinkotzea. Funtsean, hiztunen arteko harremanak ugaltzean datza; hots, bizitzako jardueretan hiztun euskaldunak aukeratzean.
Euskararen erabilpenaren kale neurketaren ildotik Txillardegik egindako ekarpen teorikoak frogatu duenez, hiztun elebidunok beste hiztun elebidunak aukeratu ohi ditugu euskara erabili ahal izateko. Ia hiztun elebakarrik ez duen komunitatean euskararen iraupena horri esker lortu da, baita hizkuntzarekiko leialtasunari esker ere.
Askotan, aldiz, aukeraketa ezinezkoa dugu, hiztun elebakar asko baitaude gure inguruan. Horren aurrean euskararen erabilera areagotzeko bideak bi dira; lehenengoa: gero eta euskaldun gehiago egotea; bigarrena: garen euskaldunen arteko harremanak trinkotzea. Batzuetan trinkotzea elkartze fisikoa izanen balitz bezala ulertu da eta horrela leku askotan gune euskaldunak -txokoak- sortu egin dira. Baina bide horrek muga garrantzitsua dauka, gainerako bizilagunek bezala, euskaldunok ere gure espazio fisiko osoan mugitu behar dugulako.
Trinkotzea, beraz, zerbait konplexuagoa da. Txirrindulariek aldarrikatzen duten hiriko bide gorria metafora interesgarria da trinkotzeak esan nahi duena ulertzeko: hirian zaila eta arriskutsua da, oso, kotxeen artean txirrindulaz ibiltzea. Txirrindulaz eroso ibiltzeko etxetik lanera, zine aretotik erosketa gunera, eskolatik kiroldegira… joanen liratekeen bide gorriak beharko genituzke. Euskaraz eroso bizitzeko etxean, lanean, zine aretoan, erosketa gunean, eskola edo kiroldegian euskarazko eskaintza aurkitu beharko genuke eta horietan guztietan hiztun euskaldunekin topatu. Trinkotzea euskaraz bizitzeko bide gorriak eraikitzea da, euskaldunak non dauden jakinez eta ez dauden lekuetan jarriz.
Kotxeak jaun eta jabe diren errepideetan txirrindulaz ibiltzea horren zaila izanik, batzuetan bide paralelo estuagoak eta makurragoak eraikitzeko joera izaten dugu, baina hori ez da behin behineko sasi konponbidea baino. Euskararen normalizazioa bide nagusian kokatuta dago.