Nahitaezko bihurtu arte
Askotan esan ohi da gizarte honetan ez dela batere samurra euskaraz bizitzea. Esaten ez dena da bide horretan behaztopa egin behar izaten dugula besteak beste guk geuk utzitako harrietan.
Berriki plazaratu den datu bat hartuko dugu hizpide. Iaz, Iruñeko Udalean aurkeztu ziren idazki guztietatik % 0,86 bakarrik zeuden euskaraz. Aurreko urteetan kopurua bajuxeagoa izan zen. Datuak datu, agerian dagoena da Iruñeko euskaldun gehienek ez dutela euskara erabiltzen Udalarekiko harremanetan.
Badakigu administrazioaren jokamoldea ez dela bidezkoa. Kontua da bidean zailtasunak daudenean kikildu egiten garela: ez dugu gorabeherarik nahi eta aise ematen dugu amore. Baina jokaera honek euskaldunon eskubideen aldeko argudioak ahultzeaz gain, gizartearen oreka faltsuari mesede egiten dio: gure jarrera ahula ikusita erdaldunak eta administrazioak euskaraz egitera beharturik ez daudenez, badirudi hizkuntz gatazkarik ez dagoela eta ondorioz “normaltasunez” bizi omen gara denok.
Edonon suma daitekeen portaera hau euskaldun gisa bizitzeko bidean harririk potoloenetakoa bilakatu zaigu. Hainbat egoeratan euskarari uko eginez gure izana bera ere ukatzen ari gara, hizkuntza gugandik aparte dabilen tresna ez nahitaezkoa balitz bezala. Ulertzeko erraza da: ikusgai ez bagaude, erdaldungoa axolagabe ageriko da gurekin; saihestezinak bagara, eta gure izaeran irmoki sinesten badugu, besteek ere aintzat hartuko gaituzte eta ezin izango dute ezaxolarena egin.
Baina adi: egoera honi erraz ematen ahal diogu buelta. Zer dugu gure alde? Funtsezkoena: gu geu. Gure esku baitago alferkeriarekin bukatu eta koherentziaz jokatzea. Edozein egoeratan euskaraz egiten saiatzen bagara bideak zabaltzen jarraituko dugu, gure errealitate ukaezina komunitate sendo eta erakargarri baten adierazle izanen da eta biharko gizarte euskalduna gaurko euskaldunon eta erdaldunen ahaleginen bidez gauzatu ahal izanen dugu.
Etorkizun hori ez da halabeharrezko bilakaera bat, ordea. Euskara nahitaezko bilakatuko da hemen eta orain bizi garelako eta euskaldun bizi nahi dugulako, ez besterik.
ZENBAT BURU… Paula Kasares
Hainbat urtez Baztango euskara teknikaria izateaz gain, UEUko Soziolinguistika atalaren arduraduna ere izan da. Azken boladan Kontseiluak sortutako Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren zuzendaria da.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Bai, gure egoeraren inguruko anitz gauzak kezkatzen nau: euskal hiztungoak geure hizkuntza bortz erregimen juridiko diferenteren pean izateak, bertako administrazioak hiztun herri gisa geure biziraupen soziokulturalerako behar dugunaren azpitik ari direla ikusteak. Herri euskaldunetan ere euskararen erabilera soziala zer ahula den ikusteak kezkatzen nau. Kezkak ditut, bai, baina egoerak badu positiboki baloratu beharrekorik ere, hizkuntzaren aldeko herri mugimendua, batez ere.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Agian euskara eta bere ingurua erakargarri bihurtzean datza gakoa. Eta erakargarri bihurtzeko euskaldunok euskararen erabilera soziala berretu behar dugu, baina horrekin ez da nahikoa, administrazioaren jokaerak ere aldatu beharra du. Nafarroan berebiziko premia du Nafarroako Gobernuak bere jokabidea aldatzeak. Aski da Nafarroako berezko hizkuntza honendako mezprezu eta gutxiespen instituzionalak edo jarrera paternalistak, euskara egungo bizimoduari egokituta ez dagoen bigarren mailako hizkuntza bezala azaltzen dutenak.
Normalizazioaren prozesuan zein da administrazioak bete behar duen papera?
Administrazioak, lehenik eta behin, ez lieke trabarik jarri behar hiztungoaren nahiari, erreprodukzio soziokulturalari eta hizkuntzaren garapen sozialari. Hori, bere burua demokratikotzat duen ezein administraziok bederen ez luke egin behar. Horretaz gain, administrazioak bertako hizkuntza zokoratze instituzionalaren prozesu historiko baten bidez dagoen egoera bere onera ekartzen saiatu beharko luke, status ofiziala eman eta horrekin batera babes instituzional osoa: herritarrek aukera izan dezaten hizkuntza ikasi, erabili eta gizarte alor guztietan garatzeko. Are gehiago, bertako hizkuntzak harreman sozialetan lehentasunezko lekua izan dezala saiatu beharko luke administrazioak. Zergatik? Bertako hizkuntza delakoz, eta hizkuntzak lehentasun hori bere lurralde propioan ez badu, munduko ezein tokitan ez du izanen eta lehenago edo beranduago desagertuko da, ezbairik gabe.
Eta paper hori betetzen ez duenean, zer egin dezakegu?
Eskatu, administrazioaren betebeharra baita hiztungo edo hizkuntz komunitate gisa geure biziraupen kulturala bermatzeko behar duguna ziurtatzea, eta egun Euskal Herri osoan dugu euskal hiztungoak geure biziraupena kolokan. Euskal hiztun berriak horretaz jabetu behar du berez dagokiona eskatzeko eta horren jabe izanda, presiobideak jorratzeko, euskal hiztungoaren biziraupen kulturala arriskuan jartzen duten politika baztertzaileak zuzen ditzala galdetuz. Alde horretatik hizkuntzaren aldeko herri mugimenduak, hiztungoaren barne antolaketak eta egoerari aurre egiteko estrategia bateratuak berebiziko garrantzia dute.
Zure ustez, gizartearen antolaketa garrantzitsua al da denon hizkuntz eskubideak hobeki ezagutu eta defendatzeko? Eta nola eraiki antolaketa hori?
Gizartearen antolaketa ezinbertzekoa da. Euskal hiztungoak bere egoera hauteman behar du (hizkuntzaren statusa eta presentzia soziala, hizkuntz eskubideen egoera), bere buruaren pertzepzioa lortu behar du, autopertzepziorik gabe besteek (euskal hiztunak ez direnek eta euskararen beharra sentitzen ez dutenek) egiten duten diagnosia (euskara gutti batzuen gaia da) eta zabaltzen duten irakurketa (ez da gure arazoa) hartu beharko baitu, eta horrek ez du euskal hiztungoaren egoeraren hobetzea ekarriko. Autopertzepzio horretan hiztungoaren antolaketa ezinbertzekoa da erreferenteak ematen dituelakoz: euskararen aldeko eskaera sozialaren aintzindariak. Nafarroan euskaldungoaren antolaketa eta bateratzea bultzatu behar da indarra metatzeko eta gurea den gaia (diskriminatuta gaude) nafar guztiendako gai bihur dadin (ez dago onartzerik nafar euskaldunak diskriminatuta egotea). Gutti garen nafar euskaltzaleen gaia Nafarroa osoaren gai bihurtzen dugunean soilik emanen dio gizarteak gure egoerari behar duen irtenbidea. Horretarako geure burua antolatu behar dugu eta Behatokiak, bere esparruari dagokiolarik, lagundu, babestu eta sustatu eginen ditu euskarazko eskaera soziala areagotzea eta egituratzea xede duten herri ekimenak.
Nola eragingo zenuke nazioarte mailan euskararekiko babesa lortzeko?
Hizkuntz eskubideen Behatokiak Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideen arazoa nazioartekotzea du bere lan ildoetako bat, hemen dugun egoeraren berri ematea ere berau aldatzeko presiobidea delakoan. Txostenak prestatu eta eraman izan ditugu nazioarteko foru ezberdinetara. Gutxiengo Hizkuntzetarako Bulego Europarrean eta Erregioetako eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren jarraipenerako aditu taldean ederki asko ezagutzen dituzte Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntz eskubideen kontra egin eta egiten dituen lege murrizketak. Eta murrizketa horiek nazioarteko foruetan gutxiengoen babeserako hartu diren irizpide guztien kontra daude. Beraz, babesa lortuta dago, baina erdietsi beharrekoa dena da, Nafarroako administrazioak bere jardunbidea zuzentzeko gomendioak ez ezik, Europako erakundeen benetako neurri lotesleak ere.