Begoña Bados.

Begoña Bados.

AEK-ko irakaslea

Irakaslea Iruñeko Euskaraldiko talde eragilean aritu da burubelarri hilabeteotan. Eman al ditu ariketa sozialak berak esperotako fruituak Iruñean?

Zerk bultzatu zintuen Euskaraldiko batzorde edo talde eragilean aritzera?

AEK sustatzaileen artean egonik ezinbestekoa ikusi dugu Iruñerrian sortu diren taldeetara jendea bideratzea. Horrez gain, hainbat herritan lehenago abian jarritako esperientziak ezagutzen nituen eta oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Euskal Herri mailako ariketa honen berri izan nuenean parte hartu behar nuela argi izan nuen.

Hilabeteotako lana eta giroa ikusita, espero al zenuen Euskaraldian gertaturikoa?

Lanean hasi ginenean ez dakit zer pentsatu nuen; baina gerora bai, giroa somatu egiten zen inguruan, lan itzela egin baita hainbat auzo eta herritan. Komunikazio kanpaina ikaragarria egin du Topaguneak emaitza ona jaso ahal izateko.
Zerk deitu dizu arreta Euskaraldian? Auzo bateko formazio saioan, adibidez, topatu genuen kontzientzia mailak. Parte hartzaile guztiak ahobiziak ziren, eta hainbat egoeratan nola jokatuko luketen galdetzean ahobizi jarrera argia erakutsi zuten, ariketarako oso prest zeuden, hasia zutela esanen nuke nik.

Nola bizi izan duzu zuk pertsonalki ariketa?

Egunerokotasunean ahobizia izaten saiatzen naiz, erraztasunak ditudala uste dut; euskaraz lan egiten dut, etxean euskaraz egin dezaket eta kuadrilla euskaldun batzuk ditut. Hala ere, ezezagunekin euskarari eustea besteak ulertzen ez duela esan arte da nire erronka, eta horretan zentratu naiz ariketan; edo saiatu naiz, behintzat. Gaia landu izan dut lehenago. Ez dut ehuneko ehunean lortu baina esperientzia
pozgarriak izan ditut.

Uste al duzu eraginik izan duela Euskaraldiak orokorrean jendarte euskaldunaren hizkuntza ohituretan?

Jende askori klika egiteko balio izan dio. Euskal Herrian bada hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen jende asko eta ariketa kolektibo honek behar zuen hauspoa eman dio. Inkestek agian esanen digute norainoko aldaketa gertatu den. Nik esperientzia arrakastatsu eta etsigarrien berri izan dut baina zerbaiten hasiera gisa ulertu behar dela uste dut. Gainera, eragin guztia oraindik ez dugu nabaritu. Kanpaina honetan belarriprest rola hartzen ahal zuen jende guztiarengana iritsi ez bagara ere, asko dira soinean txapa hori jarri dutenak, eta ziur naiz, orain, euskaltegian jarraitzeko edo hasteko motibazioa sortuko zitzaiela. Izan ere, ariketa egin ondoren euskaraz aritzeko aukeraz hausnartzeko parada izan baitu jendeak.
Euskaltegietako matrikula kopuruek gora egin beharko dute urtarrilean edo hurrengo ikasturtean, orduan ere ikusiko dugu eraginik izan duen.

Ba al duzu Euskaraldiaren harira bizitako anekdota politik?

Lagunek barre eginen lukete beti hiri garraioari buruz hizketan ari naizela esaten didatelako, baina han gertatutako pare bat kontatuko dizkizut.
Lehenengoa orokorra da; egunero erabiltzen dut autobusa eta euskaraz agurtzeko ohitura daukat. Ariketa hasi zenetik agurtzeaz gain, barkamena eskatu, tokia eskaini, pasatzeko baimena eskatu, dena euskaraz eta naturaltasunez egiten saiatu naiz.
Eta bigarrena: Aspaldiko ikasle bat ikusi ohi dut autobusean; ez dugu euskaraz hitz egiteko ohiturarik, ez zuela ulertzen uste nuen nik. Ariketaren hirugarren egunean berarekin topatu nintzen, ni bikotekidearekin nindoan, belarriprest txapa soinean; bera alabarekin, txaparik gabe, txapa erakutsi eta euskaraz hasi nintzaien. Behin hasierako isiluneak gaindituta, elkarrizketa elebiduna mantendu genuen normaltasun osoz, nik euskarari eutsi nion.

Pello Iturria

Pello Iturria

Iruñeko Euskaraldiako hamaikakoko bat

Iruñeko Estafeta kaleko farmazian ematen du ordu gehien Pellok, ahal duelarik, euskaraz.

Zein harreman duzu gaur egun zure egunerokotasunean euskararekin?

Oso harreman ona eta bizia. Etxean euskaraz mintzatzen gara, baita kalean lagun euskaldunekin ere, eta farmazian egunero euskaraz hitz egiten dut. Izan ere, paziente eta lagun euskaldunak egunero etortzen zaizkigu farmaziara. Lagun horiekin, noski, euskaraz hitz egiten dut.

Iruñeko Estafeta kaleko farmaziaren titularra izanik, sentitu al duzu aldaketarik urteotan euskararen egoerari dagokionez Iruñean?

Estafeta kaleko farmazian lanean ari naiz 1979tik. Euskararen egoerari dagokionez, urte hauetan guztietan, aldaketa izugarria izan da. Aldaketa onerako. Euskararen aurrera egitea sekulakoa izan da. Pentsaezina.

Euskaraldia datorkigu aurten lehen aldiz Euskal Herritar guztioi. Zu, gainera, Iruñeko hamaikakoko kide zara. Zein izanen da zure erronka aurtengo Euskaraldian?

Ni ahobizi izanen naiz. Kalean eta farmazian, lagun euskaldunekin euskaraz hitz egingo dut, baita belarriprest direnekin ere. Ezezagunei lehen hitza, euskaraz egingo diet.

Euskaraldia, ahobizi eta belarriprest ekimena aukera bikaina da gure hizkuntza ohiturak aldatzeko eta munduko gizon-emakume guztien ondarea eta altxorra den euskarari sostengu emateko.

Lehenengo hitza… beti egiten duzu euskaraz?

Lagun euskaldun eta euskaltzaleekin nire lehenengo hitza euskaraz izaten da, jakina! Ezagutzen ez dudan norbanako bati, ba, denetarik. Dena dela, askotan, kalean, lanean, gizabanako ezezagunei, konturatu gabe, lehen hitza euskaraz egiten diet, euskaraz pentsatzen aritzen naiz eta! Ezagutzen ditudan lagun erdaldunekin berdin gertatzen zait.

Bestalde, euskara dela eta, gauza politak gertatzen zaizkit. Hau da, ezagutzen nauten lagun erdaldun askok haien nirekiko lehen hitza, euskaraz izaten da: Egun on, Pello!; Kaixo, Pello! Gero, erdaraz jarraitzen dute.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izanen da aurten Euskaraldia. Eta zuk, abenduaren 4rako, zer asmo?

Euskara ikasten, euskaraz bizitzen eta euskarari eusten jarraituko dut. 

Nerea Eugi Mendibe. Iruñeko Euskaraldiko batzorkidea

Nerea Eugi Mendibe. Iruñeko Euskaraldiko batzorkidea

Nerea Eugi

  1. Zerk bultzatu zintuen Iruñean Euskaraldia antolatzeko talde motorrean sartzera?

Iruñean egin zuten aurkezpenera joan nintzen eta bertan Euskaraldia zer zen azalduko ziguten, bertan parte hartzera motibatu nintzen. Euskarak nire bizitzan garrantzi handia dauka, eta Iruñean ahalik eta eremu gehienetan euskaraz bizi nahi dut, baino oraindik eremu askotan ezinezkoa egiten zait. Euskaraldiak hori aldatzeko aukera ematen dit. Gauza asko lortzen ahal dira Euskaraldiaren bitartez eta Iruñean aldaketa horiek behar ditugula uste dut Iruñeko euskaldunek euskaraz eginen balute, gaur egungo egoera askoz ere hobea izanen zen.

Nik uste dut Euskaraldiak euskaldun bezala ahaldunduko gaituela, egoera guztietan hasieratik euskaraz egiteko indarra emanen digu eta euskarak daukan garrantziaz ohartuko gara; ohiturak aldatzen lagunduko gaitu 11 egun horietan euskaraz aritzea,  batzuetan hasierako pausu hori baita ematen gehien kostatzen dena; eta azkenik jende berria ezagutuko dugu, Iruñeko euskaldunak ezagutuko  ditugu eta taldea sortuko dugu.

 

  1. Hiru hilabete besterik ez da falta ekimenak Euskal Herri osoarekin batera, gure hiria har dezan. Zer espero duzu Euskaraldiaz?

Egia esan oraindik ez dut gehiegi pentsatu horretan, oraindik ea zer egin dezakegun horretan pentsatzen nabil. Zer egin dezakegu jendeari ezagutzera emateko eta motibatzeko. Baina nik uste Euskaraldiarekin gauza asko lortuko ditugula. Lehenik eta behin askok ohiturak aldatuko dituzte eta euskaraz bizitzea posible dela ikusiko dute, hasieran pixka bat kostatzen den arren egin daitekeela eta oso polita eta aberasgarria dela.

Beste alde batetik euskaldun bezala talde sentimendua areagotu daiteke, babesa izanen dugu eta sorpresa politak egonen direla uste dut. Orain arte euskaraz zekitenik ez genekien pertsonak topatuko ditugu, eta erlazio horiek euskaraz izan ahalko ditugu. Jai giroan zure egunerokoan horrelako aldaketa ematea askoz ere rrazagoa izanen da, zu bezala dauden pertsonak ikusiko dituzulako, denak laguntzeko prest egonen direlako eta giro positiboak ezfortzua egiteko motibatzen duelako.

Baita ere Euskaraldiaren prestakuntza garaia baliagarria eta aberasgarria izaten ari dela uste dut, jende oso ezberdina, elkarrekin lanean gabiltza euskarak batzen gaituelako. Bakoitzak bere ibilbidea eta bere ideiak ditu, horrela elkarrekin Euskaraldiari forma ematen goaz, guztien artean ibilbidea elikatzen eta aberasten. Euskaraldiarekin lortuko dugun beste gauza bat formakuntzei esker lortuko duguna da. Formakuntzei esker ahaldunduko gara, ohiturak aldatuko ditugu, estrategiak lortuko ditugu egoera ezberdinei aurre egiteko eta lehen aipatu bezala euskaldun bezala talde sentimendu bat sortuko dugu gure artean.

 

  1. – Zer egin dezake Iruñeko Euskaraldia ongi pasa dadin bere aletxoa jarri nahi duenak?

Ba, Iruñeko Euskaraldian parte hartu nahi duen edonori, lehenik eta behin gure bileretara hurbiltzea gomendatuko nioke, bilerak irekiak dira eta mundu guztia ongi etorria da. Ideiak emateko, informatzeko, antolakuntzan aritzeko edota laguntza puntuala emateko prest badago ongi etorria izanen da. Bilerak asteazkenetan egiten ditugu eta deialdiak sare sozialetatik zabaltzen dira.

Bileretara hurbiltzea ezinezkoa bazaio, Euskaraldiaren sare sozialak jarraitzeko edota webgunean sartzea gomendatuko nioke, bertan egiten ari diren eta eginen diren ekintzen berri jaso ahal izanen du.

 

  1. – Ba al dago dagoeneko gorde behar dugun dataren bat? Hitzordu garrantzitsuren bat?

Bai, Irailaren 20a, Euskal Herriko Euskaraldiaren izen-ematearen irekiera besta izanen da, Iruñean Zentralen ospatuko dugu, arratsaldeko 18:30ean. Irailaren 22ean, Iruñeko Euskaraldiaren 11 koaren eta kantaren aurkezpena izanen da.

Bestalde, Irailean Euskaraldiaren formakuntza saioekin hasiko gara, datak oraindik ez dira zehaztu baina aukera bat baino gehiago izanen dira formakuntzak jaso ahal izateko. Formakuntzak ahobizi eta belarri prestentzako izanen dira. Bertan Euskaraldian izanen diren egoera ezberdinei nola aurre egin daitekeen edota euskaraz aritzearen garrantziaz arituko gara. Euskaldun bezala ahalduntzen lagunduko gaitu ere.

 

  1. – Eta zu, zer izanen zara: ahobizi ala belarriprest?

Ni ahobizi izanen naiz! 11 egunez euskaraz bizitzen saiatuko naiz posible dudan heinean, eta hizketaldi guztiak euskaraz hasiko ditut. Egoera batzuetan badakit zaila eginen zaidala, oraindik pertsona batzuekin euskaraz egiteko ohiturarik ez dudalako, baina nik uste Euskaraldia aitzaki polita dela pertsona horiekin ohiturak aldatzeko eta hemendik aurrera euskaraz egiten hasteko.

Gustatuko litzaidake tarte hau probestea esateko ahobizi eta belarriprest izateak ez daukala bakoitzaren mailarekin zerikusirik. Norberak hartu nahi duen konproezuaren araberakoa baizik, batzuetan maila oso ona izan arren ohitura falta daukagu, eta bapatean 0tik 100era pasatzea zaiala izan daiteke.

Hori dela eta, guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuet, norberak erabakiko du %100ean euskaraz egin nahi duen edo berak, bere erosotasunaren arabera erabakiko dute euskaraz edo gaztelaniaz egitea. Azkenik esan belarri prestaren papera oso garrantzitsua dela, haiei gabe ahobiziek euskaraz egiteko aukeren erdia izanen baikenuke.

Euskaraldia Iruñean prestatzeko mintegia maiatzaren 12an

Euskaraldia Iruñean prestatzeko mintegia maiatzaren 12an

gaia72504_02

 

 

Euskaraldian parte hartzen baduzu, maiatzaren 12an herrietako batzordeak prestatzeko mintegira joatea interesatzen zaizu!!

Euskaraldirako Nafarroako batzordeen prestakuntza tailerra eginen dugu maiatzaren 12an, Katakraken. Topagunearen eskutik, 10:30etik 13:00etara, Euskaraldiaren oinarri teorikoak eta diskurtsoa, herrietako saretzea nola gauzatuko den eta hainbat gai praktiko jorratuko dira.  Batzordekideok iritziak partekatzeko tartea izanen dugu eta beste herri batzuetako batzordekideekin egoteko aukera paregabea dugu.

Izena emateko esteka: https://labur.eus/UCuGF

Hala ere, maiatzaren 12an hurbiltzea ezinezkoa baduzu eta zure elkartean, dantza taldeko egoitzan, peñan edo auzo elkartean, adibidez, Euskaraldiaren informazioa jaso nahi baduzu dei ezaguzu edo bidal ezazu mezu bat irunea@euskaraldia.eus helbidera, zurekin harremanetan jarriko gara.

Larraitz Amadoz, Euskaraldiaren koordinatzailea Nafarroan

Larraitz Amadoz, Euskaraldiaren koordinatzailea Nafarroan

Larraitz

 

 

Nafarroa Garai mailan Euskaraldiaren koordinazio lanetan dabil Larraitz Amadoz, Euskaltzaleen Topaguneak Atarrabian duen egoitzan hain zuzen ere. Euskaraldia hedatu eta ekimena aurrera ateratzeko ematen ari diren pausuak azaldu dizkigu Larraitzek, besteak beste.

– Zein da momentu honetan zure eguneroko eginkizuna?

Oraintxe bertan herriz-herri gabiltza aurkezpenak egiten, Euskaraldiaren berri ematen diegu herritarrei. Deialdi orokor bat egiten da tokian tokiko euskara zerbitzutik eta herriko norbanakoei, eragileei, kolektiboei, eta Udalari gonbidapena luzatzen zaie. Aurkezpen hauen helbururik garrantzitsuenak Euskaraldiaren berri ematea eta batzorde bat eratzea izanen lirateke.

Euskara zerbitzua duten ia herri gehienetan izan gara orain arte, eta oso harrera ona egin digute. Leku askotan dinamika martxan jartzeko gogotsu daude, eta askok dagoeneko batzordea eratu eta izena eman dute egitasmoan. Iruñea, Lizarra, Lakuntza, Eguesibar, Galarreko Zendea, Irurtzun, Arbizu, Bidaurreta, Lesaka, Baztan, Aranguren, Egillor, Viana, Atarrabia, Esteribar… zerrenda geroz eta handiagoa bilakatzen ari da. Euskararen alde egotetik, haren alde egiteko urratsa askok eman dute.

– Behin herrietan batzordeak sortuta, zein da hauen lana?

Batzorde bat eratzeak, dinamika martxan jarriko dutela esan nahi du, konpromiso hori hartuko dutela alegia. Batzorde hauetako partaideak orotarikoak dira, herritar norbanakoak, hautetsiak, euskara teknikariak, eragileetako kideak. Batzordearen eginkizun nagusia dinamika herrira egokitzea da. Aurkezpena eta gero, bigarren saio bat egiten dugu batzordea osatu duten herrietan.

Bertan, Euskaraldia bitarteko, garai desberdinak lantzen ditugu: Euskaraldia nola gauzatu, nola zabaldu dinamika, norengana iritsi behar diren. Hau dena prozesu parte hartzaile baten bidez egiten da, saio arina izatea da gure xedea. Kronograma bat erabiltzen dugu batzordeko kideek egitasmoa koka dezaten.

– Imaginatzen dut hemendik eta Euskaraldiak hartuko dituen 11 egun horiek bitarte prestakuntza edo formazioren bat egonen dela parte hartzaileendako. Hala da?

Bai, halaxe da. Uda bitartean hainbat formazio saio eskainiko ditugu, batzordeko kideei zuzenduak izanen direnak. Hala ere, Euskaraldian parte hartu nahi duen edozein ongi etorria izanen dela adierazi nahi dugu Topagunetik.

Maiatza bukaeran, euskaraldiaren diskurtsoa lantzeko mintegi bat eginen dugu Iruñean eta saio honetara Nafarroako batzorde guztiak gonbidatuko ditugu. Oso topaketa interesgarria izanen da elkarren berri izateko leku aproposa izanen delako.

Eta bestalde, ekainaren erdialdean, Euskaraldiko ahobizi eta belarriprest bi figura garrantzitsuenen inguruko tailerra emanen dugu. Saio hau ere batzordeko kideei zuzendua izanen da, Euskaraldia iritsi bitartean beraiek ere prestatzaile izateko aukera izan dezaten. Iruñean eginen dira formazio saio hauek, hala ere, Euskal Herri mailakoak ere eginen dira, eta denetan parte hartzeko aukera izanen da.

gaia72504_02

– Noiz eta nola eman ahal izanen du norbanakoak izena ekimenean parte hartzeko?

Oraintxe bertan herrien izen ematea irekita dago. Apirilaren 8a bitartean herriek, eskualdeek, hiriek, izena eman dezakete dinamika martxan jarri dezaten. Euskaraldia.eus web orrialdearen bidez egin daiteke. Batzordeak, lehen esan bezala, guztiz irekiak dira partaideei dagokienez, ilusio eta gogoa duen oro ongi etorria izanen da.

Herritarren izen ematea, berriz, irailetik aurrera izanen da. Ahobizi eta belarriprest moduan izena emanen dute norbanakoek. Gainera, Tokian tokiko batzorde bakoitzak kudeatuko du herritarren izen ematea.

– Behin egitasmoa gauzatuta, zer edo zer pentsatua al du lan ildo honek etorkizunera begira?

Haimaka egun euskaraz, Euskaraldia alegia, etorkizunera begiratzen duen dinamika da. Hamaika egunetan pertsona jakin batzuekin euskara hitz egiteko ohiturak astintzeko helburua dugu.  Zergatik ez dugu hamabi, hamahiru eta hamalaugarrenean jarraituko? Edota urteko 365 egunetan eginen?

Euskarak 365 egun proiektutik ateratako egitasmoa da Euskaraldia eta lan progresibo horri eutsi nahi dio dinamika berri honek. 2019an entitateek urratsak ematea bultzatu nahi da. Hamaika egun horiez haratago begiratu nahi dugu, ohitura horiek aldatuz eta mantenduz, etorkizunera begira.

Euskaraldiaren aurkezpena Iruñean

Euskaraldiaren aurkezpena Iruñean

Iruñeko aurkezpena

 

 

 

Asteazkenean eginen dugu Euskaraldiaren aurkezpen irekia Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean.

Gurekin Lizarrako Alfredo Dufur egonen da eta Lizarran bizitako esperientziaz ariko zaigu. Ondoren, Ibai Osinagak (Altxatu) abesti batzuk kantatuko ditu eta bukatzeko Saioa Alkaiza eta Iker Gorosterrazu bertsolariekin izanen dugu saiotxo bat.

Aurkezpena 19:00etan izanen da eta Iruñeko euskaldunoi zuzendua dago. Bertan, Amets Arangurenek (Karrikiri Elkartearen izenean) eta Larraitz Amadozek (Topagunearen izenean) Euskaraldiaren inguruan informazio luzatuko digute. Zer da Euskaraldia? zer egin dezaket? nola?  Galdera guztien erantzuna, martxoaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan.