Lander Arburua Lukanbio. Psikologo, irakasle eta sexologoa

Lander Arburua Lukanbio. Psikologo, irakasle eta sexologoa

IMGP5478

Hilabete honetan Landerrekin egon gara hizketan. Hona ekarri ditugu hitz egindako zenbait pasarte. Magisteritza ikasi du eta Psikologian eta Pedagogian lizentziatua da. Sexologia ikasketetan ere sakondu du, baita helduen psikoterapian ere. Pasioz hitz egiten du gai hauetaz eta gure lerroak probestu nahi izan ditu elkarlanerako proposamen bat egiteko.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Arantza herrikoa naiz eta familia euskaldunekoa. Han ikasi dut euskara. Herrian euskara oso ongi gorde zen, eta hizkuntza bizi-bizi dago bertan. Txikia nintzela bertako eskolara joan nintzen, baina orduan 3. mailara arte zegoen euskarazko aukera; gero jada erdaraz baitzen. Gurasoak, beste batzuekin batera, saiatu ziren euskarazko gelak lortzen. Ez zuten lortu eta euskarazko hezkuntzan jarrai nezan nahi zutenez Berako Labiaga ikastolara bidali ninduten.

Ikasketa guztiak euskaraz egin dituzu?

Ia denak bai. Ikastolan amaitu nuenean, Oronoz eta Lekarozeko institutura joan nintzen, garai hartan batetik bestera mugitu zutelako. Gero, Hondarribian UBI egin nuen eta selektibitatea Donostian. Bertan geratu nintzen gero unibertsitatean ikasten. Gure inguruan oso prozesu naturala da, lehenengo Berara, gero Irun eta Hondarribira eta aurrerago Donostiara joatea. Guretzako ez dago mugarik.

Eta unibertsitate mailakoak Donostian?

Bai. Lehen Hezkuntzako Diplomatura egin nuen lehendabizi. Pedagogia Lizentzia egin nuen ondoren. Ikasgaiak konbalidatu zizkidatenez, bi urtetan lortu nuen.  Psikologia Klinikoa Lizentzia ikasi nuen, Sexologiako berezitasunean. Kasu honetan ez nuen konbalidaziorik izan. Garai hartan Unibertsitatean Orientabide Psikosexualeko zerbitzuan aritu nintzen. Javier Gomez Zapiainek martxan jarri zuen zerbitzu hau. Irakasle izan nuen, eta oso gustuko nituen bere ikusmoldea eta jakinduria. Karreran, berak ematen zituen ikasgaiak aukeratu nituen, nahiz eta gaztelaniaz izan. Ikasketak Madrilen Sexologian master batekin, eta iaz amaitu nuen Psikoterapia masterrarekin joan naiz osatzen. Ikasketek nire intereseko gaietan sakontzeko balio izan didate.

Ogibidez irakaslea da.

Duela 15 urte San Fermin Ikastolatik deitu zidaten ordezkapen bat egiteko, eta hor jarraitzen dut. Oso gustura. Hala ere, argi utzi nahi dut ikastolan irakasle lana egiten dudala. Esan nahi dut, ez dudala ez orientatzaile edo psikologo lan espezifikorik egiten.  Psikologia Klinikoko nire ezagutza helduei buruzkoa da eta arlo honetan nahiago dut haiekin lan egin, umeek beste berezitasun batzuk baitituzte.

Irakasle izateaz gain, Ananda elkartean laguntzen dut, bertan egin nituen masterreko praktikak eta hor jarraitzen dut.  Aipatu bezala, kasu honetan bai psikoterapeuta gisa eta helduekin.

Hezkuntza Emozionalaren defendatzailea zara.

Elkarbizitzaren oinarria Heziketa Emozional egoki bat dela pentsatzen dut. Orain lehen baino hobeto lantzen den gai bat da. Adibidez, Lizarrako Ikastolan egin dutena aitzindari izateaz gain eredugarria izan da. Orain zeharkako lerro moduan tratatzen da, baina nire aldarrikapena da ikasgai propio bat izan beharko litzatekeela. Norvegian eta Europako zenbait herrialdetan 70. hamarkadatik tratatzen dute horrela.

Inteligentzia Emozionala euskaraz Gaitasun Emozionala deitzea proposatzen duzu.

Euskaraz lan handia dago gai honetan aritzeko. Askotan gertatu izan zait pentsatzen jartzen naizela  “Hau nola esango genuke euskaraz?”. Kontzeptu askoren itzulpen egokia falta zaigu, kalko hutsa ez dena. Adibidez, Inteligentzia Emozionala baino egokiago iruditzen zait Gaitasun Emozionala.

Gure irakurleendako baduzu gomendiorik?

Gomendio baino gehiago, behar bat aipatu nahi dut: Euskal Hiztegi Emozionalaren beharra. Lehen aipatu bezala, askotan hitzak falta zaizkit, edo daudenak kalkoak dira eta ez dute behar bezala transmititzen. Horregatik beharrezkoa ikusten dut emozioen euskal hiztegi bat. Gero etorriko dira Sentsazio eta Sentimendu hiztegiak. Horietan ere badugulako zer garatu. Ni lanerako prest nago, eta lana badago. Ekitea falta zaigu, besterik ez. Hemendik nire lan egiteko prestutasuna eta gonbidapena.

“Literatura, hiria eta hiritarrak” hitzaldia Jon Alonsoren eskutik

“Literatura, hiria eta hiritarrak” hitzaldia Jon Alonsoren eskutik

jon alonso

Bihar, apirilak 27, arratsaldeko 19.30ean Jon Alonso idazleak Civivox Kondestablen “Literatura, hiria eta hiritarrak” hitzaldia emanen du (Iruñeko Udala eta Nafar Ateneoa antolaturik)

Hitzaldiaren sintesia: “Askotan uste dugu literatura gure ohiko bizitzetatik kanpo dagoen zerbait dela, ez duela balio praktikorik eguneroko bizimoduan edo bateraezina dela hiriaren martxarekin. Hitzaldi honetan hiri-inguruko monumentu esanguratsu batzuetan hainbat esku-hartze birtual burutuko ditugu, ideia oker hori deuseztatzeko”.

Eta ostiralean,  goizeko 9.00etatik aurrera, Biurdana Institutuko XVII Irakurketa Publikoa izanen da, Jon Alonsorekin.

Ekitaldi, tailer, hitzaldi, irakurle taldeak, kontzertuak eta gauza gehiago gure #Euskalagendan.
Karrikiri Euskaltzaleon Topagunearen batzarrean egon da

Karrikiri Euskaltzaleon Topagunearen batzarrean egon da

Topagune-Batzarra2016Euskal Herriko Elkarteak biltzen dituen Euskaltzaleon Topaguneak, joan den apirilaren 22an, Durangon, bere urteko batzarra egin zuen.
17 elkarte ezberdinetako 33 lagun elkartu ginen, Karrikiriko kideak han izan ginen, eta 2015eko Jarduera Txostena nahiz Balantzea eta Emaitza kontua onartu ziren. Horretaz gain, 2016 urteko jarduera eta aurrekontua ezagutu eta onartzeko aukera izan genuen.
Topaguneak  2016-2019 epealdirako plangitza estrategikoa aurkeztu zuen,  jorratuko diren proiektu nagusiak azalduz. Elena Lakak presidente jarraituko du eta Jasone Mendizabalek zuzendari.
Batzar orokor honetan, Gasteizko Lazarraga Elkartea bazkide berria onartu da. Elkarte hau Gazteizko Kafe Antzokia bultzatzeko asmoarekin sortu zuten eta bazkide berri honekin 86 elkartek osatzen dute Euskaltzaleon Topagunea. Urtetik urtera gehiago gara.
Mintza Eguna, maiatzaren 14an

Mintza Eguna, maiatzaren 14an

 

ME-pegatina16

Atarrabian ospatuko dugu aurtengo Mintza Eguna, maiatzaren 14an. Iruñerriko Mintzakideak eta Karrikaluze euskaltzaleen elkarteak dioten bezala, mintzalagunok hankaz gora jarriko dugu Atarrabiako plaza!

Egitaraua ikusi nahi? Hemen duzue:

– 11.00etan: Ongi etorria eta hamaiketakoa

– 12.00etan bi ibilbide aukeran: Atarrabia altueratik (Oihana mendia) edo Atarrabia karriketatik (Pilategia eta San Andres errota)

                                                                              – 13.30ean Trikipoteoa

                                                                              – 15.00etan Bazkaria Udaletxe plazan

                                                                              – 16.30ean Aitortza ekitaldia

                                                                             – 17.30ean Dantzaldia Trikidantzekin

Egitaraua gustatzen zaizu? Bazkarian parte hartu nahi? Bazkarirako txartelak 17€ eta bazkari txartela gehi autobus txartela 22€.

Txartelak jasotzeko epea maiatzaren 6an bukatzen da. Animatu zaitez!!

 

Euskarazko haur eskolak beteta, Iruñeko Euskalgintza kontent

Euskarazko haur eskolak beteta, Iruñeko Euskalgintza kontent

20160420 argazkiaEuskalgintzaren lana sustatzen segitzeko babes ekonomikoa eskatu dute. Euskadiko Kutxan kontu korrontea ireki eta euskaltegietan diru-kutxak jarri dituzte herritarren ekarpenetarako.

Euskarazko haur eskolen eskaintza motz gelditzen dela erakutsi dute gurasoen artean egindako galdeketek. %37ak egin du euskarazko ereduen alde eta soilik %27koa da eskaintza. Hortaz, Euskalgintzak emaitzak onak direla nabarmendu arren eta aurten Iruñeko Udalak euskarazko haur eskolak zabaltzeko egindako ahalegina aintzat hartzeaz gain, uste du, aurrera pausoak oraindik asko direla emateko.

Gogorarazi du urteotan UPNk bazterrean utzi duela euskara eta izkutuan gorde nahi izan duela errealitate bat: Iruñeko gurasoek euskarazko eskoletara eraman nahi zituztela euren seme-alabak.

Euskalgintzak lanean segituko du euskalduntzea ahalbidetzen eta sustatzen. Aurre matrikulazio kanpainan erabilitako kanpainarekin, #euskaracercahurbil, segitzeko asmoa dute. Oraingo honetan, bideo berri bat jarri dute ikusgai eta herritarrei eskaera bat ere bai: Euskalgintzak egiten duen lana ekonomikoki laguntzeko eskaera zehazki. Horretarako, laboral kutxan kontu korrontea zabaldu dute (3035 0058 35 0580094044) eta euskaltegietan diru-kutxak jarri dituzte, Karrikiri dendan eta baita zenbait sindikatutan ere.

Kanpainaren bideo berria euskalerriairratia.eus atari digitalean duzue ikusgai.

Iturria: www.euskalerriairratia.eus