Txusma Azkonarekin hitz egin dugu. Elkarteko lehendakaria da, eta Lizarrako Arieta Haur Eskolako zuzendaria.

Haur txikien hezkuntza eta garapenean ideia berriak eta aurrerakoiak eman zituen Emi Plikerrek. Honen ideien harian lan egiten du elkarteak, jende ugari biltzen duten saioak antolatuz.

Oraingoan gonbidatu berezia Noemi Beneito argentinarra izango dute. Maila handiko aditu hori elkartearen bidez etorriko da Europara, eta Donostian eta Bilbon antolatu dituzten jardunaldietan ere parte hartuko du. Albistea jakinda, Kataluniatik harremanetan jarri dira, bidaia aprobetxatuz ea handik pasa daitekeen jakiteko.

Nola iristen da Txusma Azkona Lizarrako Haur Eskola bateko zuzendari izatera?

Urte batzuetan ikastola desberdinetatik ibili ondoren (Lizarra, Zangoza, Tutera) udalak ireki behar zuen 0-3ko eskola, eta oposaketak zeuden. Lizarrara itzultzeko aukera izanik, oposaketetara aurkeztu eta bertan nago 2004. urtetik.

Zer du berezi Arieta Haur Eskolak?

Antzeko Haur eskola asko daude. Nafarroan, Iruñeko Udal Haur Eskolen itzalean, lan izugarria egin izan dute. Lehenik, Reggio Emiliako eskolak eta Loris Malaguzziren oinarri pedagogikoak jarraituz. Ondoren, Emi Pikler eta Budapesteko Loczy-ko esperientzia ezagutzeko aukera izan, eta horren harian hausnarketa egiten gabiltza.

Gure eskola, besteekiko zerbaitetan desberdintzen bada, Kalitate ereduan oinarritu ginelako da, eta ondorioz, Estatuko Haur Eskola bakarra gara EFQMn +400 puntutik gora lortu duena.

Euskal Herriko Piklerloczy elkarteko lehendakaria ere bazara, nola ezagutu zenituen Emmi Piklerren ideiak?

Gure eskolan prestakuntza saioa izatea lortu genuen, eta Montse Fabres hezitzaile katalana izan genuen gurekin. Bere bidez izan genuen gertuko ezagutza hango esperientziaz.

Ondoren Budapestera egin nuen lehen bidaia, ikastaroa egitera. Bartzelonan beste prestakuntza saio batzuk, berriz Budapestera, Bilbon, Donostian… eta buru belarri sartu nintzen.

 Zerk eraman zintuen hauek zabaldu nahi izatera?

Zabaldu hitzak… proselitismo punttua duela dirudi. Urte hauetan hango esperientziarekiko interesa handitzen joan delarik, nahikoa masa kritikoa ikusten genuen elkartea sortzeko. Horrela egin eta honek gauza gehiago eskaini ahal izateko aukera eman digu.

Gainontzeko Haur Eskoletan lan egiteko modu hau erabiltzen da? Aitzindariak zarete?

Badira eskolak beren osotasunean ildo honetan lanean ari direnak, eta beste kasu batzuetan, hezitzaileek egiten dute lana. Hemen ez da aitzindaritza bilatzen.

Aldiz, esperientziak elkar ezagutzea dugu helburu: egunerokotasunean sortzen zaizkigun zalantza edo zailtasunak konpartituz, errazago egiten zaigu geure zalantza eta zailtasunak gainditzea.

Beti ere, Emi Piklerrek egin digun ekarpenetik, noski, baina norberaren ezaugarri eta ingurunera egokituz.

0-3 tarteko umeekin egoten zarete, baliogarria al da zaharragoentzat, adibidez, 6 urte artekoentzat?

Bide honetan ibilbidea hasi dugunok, zera baieztatu dezakegu: ez bakarrik 0-3an, edota 3-6an, baliogarri izan daitekeela bizitzarako ere, gure helduen arteko harremanetarako ere baliogarri da.

Ez da metodoa. Hau garbi utzi behar dugun kontua da. Ez da zerbait itxia, non hau eginez ondorio zehatz batzuk lor daitezkeen. Agian, aurkakoa.

Behaketa eta hausnarketaren bidetik, gure jarrerak aztertu eta hobetzen saiatuko gara. Horrek haurrengan eragina izanen du, baita familiengan ere.

Eskolan bakarrik ala etxean ere erabil daiteke?

Emi Pikler familia pediatra izan zen Loczy umezurztegiko zuzendaria izan aurretik.  Familientzako liburu interesgarriak idatzi zituen, baita proposamen desberdinak egin ere.

Gaur egun, Loczy-n (lehen umezurztegia, orain Haur Eskola) badira familientzako gune bereziak, familia espazioak deitzen dituztenak, non astean saio bat edo bitan, aita edo ama (ama normalean) haurrarekin joaten den eta hainbat proposamen aurrera eramaten dituzten.

Otsailaren amaieran Berriozaren elkartuko zarete. Ez da lehenengo aldia. Noiztik eta zertarako biltzen zarete?

EHko Piklerloczy Elkartea sortu aurretik, eta sortzeko asmotan geundela, Budapesteko kide birekin Lizarran antolatu genuen saioa. 460 pertsona elkartu ziren. Horrek izugarrizko bultzada suposatu zuen, benetako interesa argi geratu baitzen. Ondoren Berriozaren egin ditugu jada bi saio, beti Budapesteko jendearekin. Oraingoan ez dator Budapestetik, Argentinatik baizik, baina Piklerren ildotik beti ere.

Zeri buruz ariko zarete oraingoan?

Piklerren ekarpen nagusienetarikoa horixe izan daiteke: haurrak bere kabuz mugimendu prozesu guztiak egin ahal dituela, eta ondorioz, ez dagoela zertan estimulatu edo interbentzio berezirik egin behar. Haurraren gaitasunetan sinetsi eta konfiatu behar dugu.

Noemi Beneito kontu hauetan benetako aditua da, eskarmentu handikoa, eta ohorea da guretzat bertara etorri nahi izatea.

Nor da Noemi Beneito?

Pedagogia terapeutikan irakaslea eta psikomotrizitatean espezialista Parisko Medizina fakultateko unibertsitatetik. Argentinako Psikomotrizitate Elkarteko eta APLA Argentinako Pikler sarearen ko-fundatzailea. Gaur egun, Peru, Bolivia, Chile eta Argentinako formakuntza eta prestakuntza instituzioetako aholkulari lanetan dabil.

Amerikatik Berriozar, Donostia eta Bilbora…

Gure bidez etorriko da eta leku hauetan antolatu dira jardunaldiak. Bisita hau jakinda, Kataluniatik gurekin jarri dira harremanetan ea bidaia aprobetxatu eta bertara joan ote daitekeen…

Deialdi irekia al da? Nora jo izena emateko?

Izena emateko  eh@piklerloczy.com helbidera korreoa bidali eta informazioa jasoko du.