Mugimendu euskaltzalearen etorkizuna, hizpide

Joan den otsailaren 6an, Topaldiaren 18. edizioa egin zen Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Jardunaldiaren ardatza, euskalgintzan diharduten mugimenduen antolakuntza ereduen inguruko gogoeta egitea izan zen, izenburuak adierazi bezala: “Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?”.

Bertan Euskal Herriko bazter guztietako esperientziak nahiz antolakuntza ereduak ezagutu ahal izan genituen. Euskara elkarteetan 90. hamarkadan sortu ziren antolakuntza ereduetatik abiatu zen Topaldia, gaur egun ere betetzen dituzten funtzioak nabarmenduz. Era berean, gizarteak dakartzan aldaketetara moldatzeko asmoa duten eredu berriak ere plazaratu ziren. Izan ere, azken horiek osatu zuten jardunaldiaren muina.

Eredu berritzaileek irekitako ildoari helduta, gizarte berrikuntzaren gaia jorratu zen, euskalgintza bezalako mugimendu sozialek eraldaketa horretan duten egitekoaren inguruko gogoeta zabalduz. Horretarako, besteak beste, gizarte berrikuntzan punta-puntako aditu dugun Igor Calzadaren hitzaldia entzuteko parada izan genuen. Calzada Oxfordeko Unibertsitatean doktore eta Europar Komisiorako zientzialari tekno-politiko eta aditu seniorra da. Bere lana, urteetan zehar, gizarte berrikuntzak prozesu tekno-politikoetan betetzen duen papera ikertzea izan da, hiri eta eskualdeak konparatuz, eragileen estrategiak aztergai izanik. Bestalde, nazioarteko ikerketa konparatuan ibili bada ere, Euskal Herria jomugan izan du beti.

Topaldian egin zuen hitzaldia ekarri dizuegu, haren gogoetak eta esperientziak interesgarri izanen zaizkizuelakoan:

Mugimendu feminista, eraldaketan ispilu (Mari Luz Esteban Galarza, 2019ko Topaldian)

Mari Luz Estebanen hitzaldi hau errekuperatu dugu iazko Topalditik. Martxoaren 24an Karrikiri Kultur Dendara etortzekoa zen Andrezaharraren Manifestua (Pamiela) aurkeztera, baina bizi dugun egoera larriagatik eta guztion osasuna garrantzitsuena denez, aurkezpen hori aurrerago eginen dugu. Emanen dugu horren berri ere garaiz.

2019ko Topaldiak Euskaltzaleen mugimendu berritura bidean izan zuen titulu moduan. Karrikiriko zenbait kide bertan izan ginela kontatu genizuen, entzuten, ikasten eta adiskideak agurtzen. Gustura izan ginen.

Mari Luz Esteban entzutea beti da interesgarria, gogoeta mamitsuak egiten baititu, adibidez Feminismoa eta politikaren eraldaketak Lisiperen liburu gomendagarrian.

Kasu honetan, Euskaltzaleen Mugimendurako baliagarria izaten ahal diren ideiak mintzagai dituen bideoa ekarri dugu.

Ikus eta ikas:

BAM dinamika Eneko Gorriren eskutik

Urtarrilan Durangon antolatutako Topaldian Eneko Gorri izan genuen, eta gure otsaileko Karrikan berak Argian idatzitakoa zabaldu genuen. Euskaraldia, BAM eta Mintzalasai hobe ezagutzeko irakurri eta ikusi bideoa!

Iragan azaroan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, Baiona-Angelu-Miarritze hiri-eremuko hiztunak bateratzeko eta botere-arazteko BAM dinamika abiatu genuen guk ere. Ez genuen ezer berri asmatu: Donostiako Egia auzoan sortu eta Lasarte-Orian ondu den esperientzia gurean eramatea besterik ez dugu egin. Baina irakaspen eta lorpen propioak izan genituen, dudarik gabe. Bilana, dinamika bezala, kolektiboa izan beharko da. Horretan lanean ari gara. Hemen botako ditudanak bitarteko gogoeta pertsonalak besterik ez dira.

Lehen irakaspena koherentziarena dela uste dut. Antolaketa lanetan ari izan garen askok autoterapia kolektibo bezala bizi izan dugu BAM. Euskalgintzan buru-belarri lanean ari garen euskaltzale izanda ere, zein uros frantsesez bizi garen jabetu gara funtsean. Borroka gure baitan hasi da.

Pertsonala politikoa den bezala, norbanakotik kolektibora jauzia egitean ez ditugu bakarrik gure hizkuntza ohiturak aldatu, gure ingurunea moldatzeko gaitasuna martxan ezarri dugu. Fatalitateak eta etsipenak gaina hartzeko joera duten garaiotan, gure esku dagoen botere eraldatzailea behatz puntetatik hunkitzea ez da gutxi.

BAM dinamika ez da iraultza linguistiko baten abiapuntua izan. Mugak eta porrotak daude. Baina identifikatuak diren unetik, ondoko urratsak diseinatzea ahalbidetzen dute

Azkenik, ezina ekinez egiten dela berriz ere argi azaldu zait: lurralde zail batean, dirurik gabe, denborarik gabe, bide-orririk gabe eta instituzio guzien laguntza ukatuz zerbait lortu dugu. Horretarako, oinarrizko baliabideak mobilizatu ditugu: eredu parte hartzailea, horizontala, parekidea, anitza, auzolana, ausardia…

Noski, ez gaitezen engaina, BAM dinamika ez da sakoneko iraultza linguistiko baten abiapuntua izan. Mugak izan dira, frustrazioak batzuetan, porrotak ere bai. Prefosta. Baina identifikatuak diren momentutik, ondoko urratsak diseinatzea ahalbidetzen dute.

BAM-k lortu ez duena, Euskaraldiak ekartzen ahalko du (iraupen luzeagoa, lurralde estaldura zabalagoa, baliabide mobilizazio handiagoa). Baina Ipar Euskal Herri osoan ere herritarrak, euskalgintza sozialak eta instituzioak elkarrekin lanean eman beharko dira horretarako, eskala horretan batak ezingo baitu besteak gabe ezer lortu. Interdependentzia hori aitortzea, kultura desberdintasunetik at elkarrekin aitzinatzeko nahia aldarrikatzea eta bakoitzari funtzio bat onartzea izan daiteke lehen urratsa.

Hizkuntza politikaren berregituratze fase horretan, Euskaraldia lankidetza forma berri baten asmatzeko mentura ederra izan daiteke gurean, asko baitugu ikasteko batak bestearengandik. Berrikuntzari eta esperimentazioari ateak ausarki zabaldu beharko zaizkie, inoiz hartu ez diren bideak baitira hauek. Badugu lan. Baina bizkor eta baikor izateko arrazoiak ez ditugu eskas, dena dugu irabazteko!

Iturria: Argia