2016/06/7 | Berriak, Iritzia

Txerra Rodriguezen Jakin aldizkariko blogetik hartua eta interesgarria iruditu zaigun testua zuekin partekatu nahi dugu. “Sutondoko kontuak” liburuaren idazleak bere blog “Garaigoikoa”n ere idazten du. Artikulua zuen gustokoa izatea espero dugu.
Ez-leku dira gure mapen koordenatuetan kartografiatzen ditugun gune asko, ez-leku euskaraz aritzen garenontzako. Beste gune batzuk, ordea, arnasgune. Joshua Fishmanek asmatu zuen azken termino eta kontzeptu hori (physical breathing space originalean), eta Mikel Zalbidek gurera ekarri arnasgune bezala. Ordutik urte batzuk pasa dira eta berbak bere bidea egin du. Gaur egun, euskalgintzan edo euskal soziolinguistikaren esparruan oso berba erabilia da horixe. Nik ere erabili dut, askotxo aukeran (nire blogean 22 artikulutan agertzen da), baina berbaren zoko-mokoak lar aztertu barik. Izan ere, arnasgune berba argia da, lehen kolpean ulertzen den horietakoa, bestelako azalpen gehigarririk behar ez duena. Baina…
Alde batetik, arnasgune bezala gehienbat nagusitu den diskurtsoa herri txiki euskaldunen ingurukoa da. Nire ustez, arnasgunerik behinenak Ondarroa, Azpeitia, Elizondo, Zarautz, Zumaia, Azkoitia, Oiartzun, Markina, Gernika, Oñati, Leitza, Elorrio, Lesaka, Lekeitio edo Bergara modukoak dira. Eta nago horiek direla izatekotan lehentasunez sustatu, bultzatu eta sendotu beharrekoak, eragin handiagoa dutelako. Era berean, arnasgune arnasgune izan ez arren, tamaina ertaineko beste herri batzuk ere izan daitezke erabakigarri: Beasain, Durango, Arrasate, Zornotza, Laudio, Altsasu, Hernani, Galdakao, Ordizia, Lekunberri, Tolosa eta tankerakoak.
Bigarrenik, nire ustez arnasguneen oso ikuspegi estatikoa plazaratu dugu, salbuespenak salbuespen. Bernardo Atxagak asmatutako Euskal Hiria kontzeptua oso gustuko ez badut, argi dago metafora horrek bazuela egiatik apur bat. Izan ere, gurea continuum urbanoa da ezer izatekotan. Eta arnasguneetatik kanpo egiten denak ere badu isla arnasguneetan, elkarri eragiten diote (batez ere, aurretik aipatu ditudan eskualdeburu diren herrietako dinamikak, nire ustez).
Eta, beste alde batetik, berbari itzulia ematen badiogu, zer gertatzen da? Hau da, arnasguneetatik kanpo bizi garenok (euskaldun gehienak bide batez) itoguneetan bizi ote gara? Giro kiratsa poro guztietatik darion guneetan? Zeharo kutsatutako lurzoruaren gainean egiten dugu guk lan, txortan, edan eta berba? Paradisu bilakatu arte infernuan plisti-plasta eta potxingorik potxingo al gabiltza erdalguneetako euskaldunok?
Azkenik, ulertu behar dugu errealitateak badituela milaka aurpegi. Eta aitortu behar da azken aldion euskalgintzara etorri diren berrikuntzak, salbuespenak salbuespen, periferiatik datozela, ez-lekutik datozela, itoguneetatik, ertzetatik, arrakaletatik, bazterretatik. Ematen du euskalduntasunak esperimentatzen direla bazterretan, euskalduntasunak eraberritzen eta moldatzen direla bazterretan. Gainera, kontuan hartu behar da ez-leku horietan korrontez kontra aritzen direla euskaldun praktikanteak, arau sozial berriak esperimentatuz eta probatuz. Eta euskalduntasunak bizitzeko leiho, ataka eta pantaila berri horiek, ez-lekuetan ez ezik, arnasguneetan ere eragina dutela estetikoki (eta esplizituki).
Hortaz, nik uste dut askoz dinamikoago jokatu behar dugula, anitzago jokatu. Arnasguneen balizko etorkizuna arnasguneetatik kanpo ere praktikatzen dugulako, estetika erakargarriarekin askotan. Asmatutako komunitate berritzailearen kontzeptuari orain arte baino jaramon handiagoa egin behar diogu, arau sozial berriak sortu nahi baditugu; lehen lerroa edozein galtzada-harri baita. Eta utopiak, besteak beste, praktika zehatzen bidez eraikitzen direlako.
Iturria: www.jakin.eus
2016/05/25 | Berriak, Iritzia
Azken hiru hilabete hauetan, Karrika berri paperan www.garabide.eus -eko artikuluak argitaratzen joan gara. Honako hau “Soziolinguistika hirian” titulupean dugun hirugarren eta azken sarrera duzue.
Bernardo Atxagak Euskal Hiria kontzeptu gisa asmatu eta defendatu zuenean, hiria hiru gauza direla esan zuen: gune fisiko bat (Urbs), jendarte edo bizilagunen multzo bat (Civitas) eta antolamendu politiko bat (Polis). Probintzialismoaren aurkako alegatoa egin nahi omen zuen, eta, berak aitortu bezala, kontzeptu polemiko samar atera zitzaion. Nonbait irakurri dut Jaurlaritzak kontzeptua bahitu egin zuela, eta Abiadura Handiko Trenaren apologia egiteko erabili nahi izan zuela.
Igor Calzadak kontzeptuaren aitatasuna aitortu ondoren, kontzeptua “adoptatu” egin zuen, Sutsu defendatu zuen Euskal Hiriaren gaurkotasuna eta oinarri gisa erabili zuen bere tesia atontzeko: ¿Hacia una Ciudad Vasca? Atxagaren ideia garatu zuen eta lau azpisistema duen sistema gisa irudikatzea proposatu zuen: sistema urbanoa, sistema erlazionala, sistema sozio-kultura eta sistema sozio-politikoa. Azpisistema bakoitzari gizarte berrikuntzaren ardatz estrategiko bat esleitu zion, eta atributo edo adjektibo bana proposatu:
- Sistema urbanoa = URBS >Jasangarria
- Sistema erlazionala = CYVER >Konektatua
- Sistema sozio-kulturala = CIVITAS >Sortzailea
- Sistema sozio-politikoa = POLIS > Parte-hartzailea
Ideia da sistema horietako bakoitzaren baitan praktika eredugarriak han eta hemen bilatu ahal direla, eta gurera ekarri.
Bai… badakit gehiegi sinplifikatu dudala, eta ziur aski ez naizela batere zorrotza izan. Dena den, esan behar dut hasiera-hasieratik oso eskema iradokitzailea iruditu zitzaidala.
Den-dena euskalgintzaren betaurrekoekin begiratzeko dudan ditxosozko mania honekin, behin baino gehiagotan pentsatu dut abiapuntu interesgarria izan zitekeela euskararen sistema urbanoak ere pentsatzeko, eta azpisistema bakoitzak euskarari zenolako ekarpena egin ahal dion aztertzeko. Imaginatzen al duzue? Honelako zerbait izan liteke:
- Euskararen lekua, etaeuskararen lekuak hirian: espazio normalizatuak (eta espazio normalizatzaileak), arnasgune fisikoak eta arnasgune funtzionalak…
- Euskarazko harreman-sareak etaeuskararen harreman sareak: euskararen kapital soziala, euskalgintza…
- Euskarazko jarduerak eta sormena: aisialdi euskalduna eta parte-hartzailea, hiri hezitzailea, euskarazko kulturgintzaren egitura…
- Parte-hartzea etaeuskararen gobernantza.
Interesgarria litzateke, ezta? Lau ardatz horiek hirigune ezberdinetan aztertu litezke eta praktika onak identifkatzen saiatu (mendebaldeko hiru hirigune nagusietan, esate baterako: Bilbon, Gasteizen eta Getxon, alegia).
Soziolinguistika hirian I eta Soziolinguistika hirian II
2016/04/5 | Karrika

Orain irakurriko duzun testua Garabide elkartearen webgunean aurki dezakezu, Allartean deituriko blogean. Hiru sarreratan argitaratu zen, eta guk ere horrela egingo dugu, zati bat hilabete bakoitzean. Hau da lehena: hurrengo atalak datozen hilabetean zabalduko ditugu.
Iturria: http://www.garabide.eus/blogak/allartean/
Soziolinguistika hirian I
Iazko Jagon jardunaldiei buruzko testuak eskuratu ditut Euskaltzaindiaren Euskera agerkarian: Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan (Euskera. 2014, 59, 2). Egokia iruditzen zait hirietako dinamika soziolinguistikoaz gogoeta egitea, hiru euskal herritarretatik bat Euskal Herriko zazpi hiriburuetako batean bizi baita. Jardunaldietan ondo gogoratu diguten moduan, euskaldun gehienok gune urbanoetan bizi gara eta bizimodu hiritarra dugu. Kulturaren ikuspegitik lurralde osoa da continuum urbano bat.
Jardunaldi horietatik lau ideia partekatu nahi nituzke:
- Erabilera hirietan trabatua dago. Besteak beste, bi arrazoi aipatu izan dira: (bat) euskaldunen portzentajea txikia izanik, dentsitate txikikoak dira hiriko euskaldunen harreman-sare euskaldunak, (b) euskaldun horiek, sarri, errazago aritzen dira erdaraz euskaraz baino. Biak ala biak esanguratsuak dira hirien soziolinguistika begiztatzeko.
- Hiriaren dinamika euskararen kontra doa. Hiria deslekua da euskararentzat. Hiriak erantzukizuna leundu eta desarrarazi egiten du. Nola aplikatu arau komunitarioak komunitaterik ez dagoen tokian? Hiriak hizkuntzaren des-komunitarizazio prozesua azkartu dezake.
- Eduardo Apodakaren ustez, sasi-dilemabatean bizi omen gara: (a) hiztun-erkidego trinkoak behar ditugu (gure baitara bildu, neokomunitateak sortu, babestokiak antolatu …), baina era berean (b) euskarazko jarduna zabaldu eta hedatu beharrean gaude: “fluxuetan behar dugu euskara, eguneroko fluxuetan eta ez babestoki mugatuetan”
- Euskararen etorkizuna hirietan anbibalentziazjosita dago. Nekez egongo da errezeta eta teoria itxirik. Horiek horrela, ziurgabetasun-testuinguruan jardun beharra dugu. Xabier Aierdik work in progress deitzen dio horri.
Bigarren atala apirileko Karrikan argitaratu dugu, laster webgunean zintzilikatuko dugu.