SABRINA OTEGI (Buenos Aireseko Euskal Etxeko kidea)
75 Urte bete ditu aurten Buenos Aireseko Euskal Etxeak. Bertako kide den Sabrina Oteguirekin bildu gara. Nolakoa izanen da Euskal Herritik 11.000 km-tara euskaldun izatea?
Sabrina, Otegui duzu abizena baina Buenos Airesen jaioa zara. Nor joan zen Euskal Herritik Argentinara?
Buenos Airesen bizi naiz baina ez naiz hiriburukoa; Pergamino izeneko hiri batekoa naiz, Buenos Aires probintzian dago, hiriburutik 220 kilometrora eta 18 urterekin etorri nintzen hiriburura unibertsitatean ikastera. Berraitona izan zen Tolosatik Argentinara etorri zena. Aitaren aitona, Manuel Otegui, baina egia esateko ez dakit asko berari buruz. Gure aitak pasadizo batzuk kontatzen zituen, bai badakit nire aitonari ‘el vasco’ esaten ziotela, baina etxean ez zen Euskal Herriari buruz hitz egiten. Uste dut berraitona etorri zenean ez zela existitzen nazionalismoaren kontzientzia hori eta espainiartzat hartuko zuten Argentinara iritsi zenean. Etxean Tolosako familiari buruz hitz egiten zutenean beti ‘Espainiako’ familiari buruz hitz egiten zuten. Hori erabat aldatu zen ni euskara ikasten hasi nintzenean.
Noiz, non eta nolatan ikasi zenuen euskara? Zein da hizkuntzarekin duzun harremana?
Letras ikasketa ikasi nuen Buenos Airesko Unibertsitatean eta behin ikasgai batean irakasle batek aipatu zuen zerbait euskararekin lotuta. Nik ez nekin zer zen, galdetu egin nion eta berak esan zidan ‘abizen horrekin ez dakizu euskara zer den?’. Kriston lotsa sentitu nuen baina jakin min handia ere bai eta egun horretan bertan hasi nintzen galdetzen ea nola eta non ikasi ahal nuen. Aurkitu nuen Euskaltzaleak erakundea eta bertan hasi nintzen. 2000. urtean. Liluratu egin nintzen euskararen gramatika ikasten hasi nintzenean. Eta politena da gaur egun, 20 urte pasa eta gero, faszinazio bera sentitzen dudala. Gaur egun euskara klaseak ematen ditut eta EuskalKultura.eus delako buletinean lan egiten dut. Buletina euskal diasporari buruzko eta euskal diasporarentzako egunkari bat da, Interneten argitaratzen dugu egunero eta berriak euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz idazten ditugu (nik euskaraz eta gaztelaniaz bakarrik) beraz badaukat eguneroko harremana euskararekin.
Zorte handiko pertsona naiz. Argentinan bizi eta euskaraz lan egiteko aukera izatea… Gainera euskal etxean lagunak ditut (hemengoak eta Euskal Herritik bisitan etortzen direnak), orduan lagunekin ere hitz egiten dut euskaraz… inguru erabat erdaldun batean ba, nik egunero hitz egiten dut euskaraz.
75 urte bete ditu aurten Buenos Aireseko Euskal Etxeak. Zein bilakaera izan du hiru mende laurden hauetan?
Euskaltzaleak nahiko erakunde berezia da euskaltegia izateko asmoarekin jaio zelako. Hau da, gure lehentasuna euskara ikastea, irakastea eta zabaltzea da. Helburu horri dagokionez, aldaketa handirik ez, gure Euskal Etxean ekintza guztiek daukate lotura euskararekin. Bestalde, eta hau Argentina osoko euskal etxeetan gertatzen den bezala (100dik gora euskal etxe daude Argentinan) gero eta erakunde irekiagoak izaten dira Euskal Etxeak. Gurera hurbiltzen den jendeak ez du zergatik euskal sustrairik izan behar, guretzat hori oso aberasgarria da.
Zu unibertsitateko irakasle zara ofizioz, baina Euskal Etxean aritzen zara euskara irakasle gisa edo hori esan digu txoritxo batek… Nola antolatzen dituzue klase horiek? Zenbat ikasle dituzue eta zerk mugitzen ditu euskara ikastera?
Bai eta aurten hasi naiz irakurle La Platako Unibertsitatean. Etxepare Institutuak euskara eta euskal kulturari buruzko irakurletza du La Platako Unibertsitatean –munduko beste hainbat herrialdetako unibertsitateetan daukan bezala– eta aurten deitu didate kurtsoez arduratzeko. Argentinan, normala denez, ingurua erdalduna da erabat eta horrek batzuetan oztopoa izaten da; baina beste alde batetik normalean ikasleak oso motibatuta daude, eta horrek nolabait esateko konpentsatu egiten du egoera. Erritmoa Euskal Herrian baino askoz motelagoa da baina ikasle batzuek maila polita lortzen dute. Harro gaude horretaz.
Euskara klaseez gain, zein beste jarduera antolatzen dituzue? Zer topatuko du Buenos Aireseko Euskal Etxea bisitatzen duenak?
Lokala oso txikia bada ere, dantza klaseak eta abesbatza ditugu. Hilero antolatzen dugu euskal zine emanaldia. Duela urte parte bat hasi ginen mintzodromoak antolatzen, eta trikitilariren bat lortzen dugunean – badaukagu trikitixa baina trikitilaririk ez…– triki-poteoak ere egiten ditugu San Telmo auzoan. Euskararen Eguna ere ospatzen dugu urtero eta jaiarekin batera ikasturtea bukatzen dugu. Hego Hemisferioan eskolak martxoan hasi eta abenduan bukatzen dira.
Euskal literaturan zutabe den idazle bat elkarrizketatzeko parada ere izan zenuen. Zer transmititzen du Joseba Sarrionandiak parez pare?
Beti pentsatzen dut, oraindik harrituta, euskarak aukera paregabeak ematen dizkidala eta Joseba Sarrionandia ezagutzea horietako bat izan da, zalantzarik gabe. Oso pertsona eskuzabala eta bihotz handikoa da, umila, eta oso oso umoretsua. Pentsatzen dut berak ez dakiela ze handia den.
Bisitatu al duzu inoiz Euskal Herria? Baduzu itzultzeko gogo edo asmorik?
Bai, zentzu horretan ere oso aukera politak izan ditut. Adibidez, 2008an ikastera joan nintzen Lazkaoko Maizpide Barnetegira, Eusko Jaurlaritza-ren Euskara Munduan programarekin.
Nire kabuz ere joan naiz pare bat aldiz. Euskara ikasten hasi aurretik ez nekien Euskal Herria non zegoen eta orain euskarari esker familia, lagunak eta asko maite dudan jendea dut hor; horregatik ahal dudan bakoitzean joaten naiz.
Zeintzuk dira etorkizunerako Euskal Etxeak dituen asmoak?
Asmoa beti da jende gehiagorengana iristea. Zaila da. Hemengo egoera (ekonomikoa, soziala, oso hiri handia da Buenos Aires eta ikasle batzuek agian ordubeteko bidaia dute euskara klasera iristeko…) ez da batere erraza eta euskara ikastea ez da lehentasuna inorentzat… Normalean Euskal Etxeetara joaten den jendea euskal sustraiak ditu eta bere iragana ‘berreskuratu’ edo ezagutu nahi du. Gure ustez euskal kultura, eta zer esanik ez euskara, oso interesgarriak dira eta oso interesgarria izan daitezke edonorentzat; ez da beharrezkoa euskal sustraiak izatea euskara oso hizkuntza polita dela ohartzeko. Beraz erronka da gero eta jende gehiagorengana iristea, eta batez ere euskal kolektibitatekoa ez den jendearengana.
Zein bisita izan duzue Euskal Etxean markatu, hunkitu edo harritu zaituztena?
Euskal Herritik etortzen diren lagunak, guztiak, beti izaten dira ongi etorriak. Truke ikasle asko edo lan egitera etortzen den jendea hurbiltzen da euskal etxera eta guztiek uzten digute balio handiko zerbait. Eta gonbidatu nahi ditugu Argentinara, Buenos Airesera, etortzen direnak gure etxea bisitatzera.
Nolakoa da Euskal Herritik 11.000 km-tara euskaldun izatea?
Ni oso sartuta nago hemengo euskal giroan beraz oso zaila egiten zait hori erantzutea. Niretzat erabat arrunta da. Normalean Euskadi Irratia entzuten dut, Euskalerria Irratia ere entzuten dut orain. Ahal dudanean telebista ere ikusten dut euskaraz… irakurri, euskaraz irakurtzen dut… teknologia berriekin orain errazagoa da. Ni argentinarra naiz, asko gustatzen zait hemen bizitzea, eta ez nuke nire herria utziko. Baina badaukat lotura hau Euskal Herriarekin.
Nahiz eta Euskal Herria herri txikia izan nik sentitzen dut nire mundua asko zabaldu zela ‘euskal munduan’ sartu nintzenean. Gero euskal kolektibitatean sartuta ez dagoen pertsona bati azaldu behar diodanean zertan lan egiten dudan, esate baterako, konturatzen naiz jendeari arraro egiten zaiola… baina beno, inguruko jendea ere ohitu egiten da, kar, kar.