Euskaldunak aktibatzen: «Egia Euskaraz estiloa»  hedatzen ari da (Argia, Onintza Irureta)

Euskaldunak aktibatzen: «Egia Euskaraz estiloa» hedatzen ari da (Argia, Onintza Irureta)

onintza

Euskaldunak pizteko donostiarren egitasmoak arrakasta izan duela dirudi. Donostiako Piratek eta añorgarrek kopiatu zuten, eta udazken honetan antzeko ekimenak izango dira Hernanin, Lasarte-Orian, Agurainen eta Astigarragan.

“Euskara ari du” Hernanin

Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, hartu dute aitzakiatzat hernaniarrek. Alabaina, ez da izango egun bateko aldarrikapena. Hari begira bi hilabeteko erronka prestatu dute, urrian eta azaroan beteko dena. Helburua ahalik eta herritar eta elkarte gehien euskaraz bizitzea da, eta gutxienez astebeteko eperako hartuko dute konpromisoa. Etxean, lantokian, dendan, kirol taldean, tabernan… euskaraz egiten saiatuko dira. Urriaren 15etik azaroaren 26ra txandakatuko dira norbanakoak eta elkarteak.

Hainbat helburu dituzte antolatzaileek eta hala azaldu dituzte facebook-eko oharrean: “Herritarren kontzientziak astindu nahi ditugu, herritarrak konturatu daitezela gure ohiturak aldatzea ez dela hain zaila; uste baino jende gehiagok dakiela edo ulertzen duela euskaraz gure inguruan; dakigunok egiten badugu, ez dakitenek errazago ikasiko dutela eta euskara erabiltzeko aukera handiagoa izango dutela. Azken finean herritarrak jabetu daitezela keinu txiki honekin aldaketa handia eragin dezakegula Hernanin”.

Girotzeko, hitzaldi sorta bat eta tailer bat antolatu dituzte urriaren lehen hamabostaldirako. Han izango dira Lutxo Egia, Egia auzoko egitasmoko kideak, Garbiñe Petriati, Estitxu Eizagirre, Lorea Agirre eta Pello Jauregi.

Lasarte-Orian, “Baietz 40 egun euskaraz”

Txiki geratu zaie orain arteko erronka, alegia, Euskararen Maratoian 40 orduz euskaraz aritzea. Aurten, 40 orduez gain, 40 egun euskaraz egingo dituzte. 300 “ahobizi” eta 3.000 “belarriprest” behar dituzte horretarako.

Duela 30 urte erronka galanta izan zen Lasarte-Oriako kaleetan 40 orduz etenik gabe euskaraz aritzea. Orduz geroztik 40 orduko zortzi maratoi egin dituzte, eta aurten ere, urriaren 22an eta 23an gauza bera egingo dute.

Alabaina, euskararen ezagutzak ikaragarri egin du gora Gipuzkoako herri horretan eta erraz gainditzen dute erronka. Hurrengo erronka erabilera da, Pello Jauregik dioen moduan, balizko motelaldiak atzeratzeko euskaldunak aktibatu behar dira.

“Ahobizi”ak eta “belarriprest”ak protagonista

Protagonistak “ahobizi”ak eta “belarriprest”ak izango dira. Lehenengoak euskaldunak dira eta bi konpromiso hartuko dituzte, bata, euskara ulertzen duenari dena euskaraz egitea, eta bestea, ezezagunari lehenengo hitza euskaraz egitea. Bigarrenak euskara ulertzeko gai dira, identifikazio txapa bat eramango lukete astebetez. Kalean halako bat topatuz gero ondokoa esaten ari zaio herrikideari: “Ongi hartzen dut denbora guztian niri euskaraz egitea, ulertzen dudalako”.

Urriaren 23an maratoia bukatu eta Euskararen Egunera bitartean egingo dute erronka, astebeteko txandetan. Helburua 300 “ahobizi”k eta 3.000 “belarriprest”ek astebeterako konpromisoa hartzea da. Oraingoz 700 “belarriprest” eta 425 “ahobizi”k hartu dute konpromisoa.

Pello Jauregi EHUko irakasleak erronkari lotutako ikerketa egingo du. Lana Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du.

Agurainen, “75 ordu euskaraz”

Azaroaren 8tik 11ra, lau egunez, euskaraz egiteko proposatuko diete aguraindar euskaldunei. Asier Lafuente antolatzaileetako batek, ekainean, “Alea” agerkariarentzat hitz egin zuen eta egitasmoari buruz aritu zen. Lafuentek esan zuenez, “euskara erabiltzeko funtsezkoa da euskaldunak aktibatzea, euskaldunek egunerokoan edozein arlotan euskara erabiltzea”. Euskaldunek euskaraz egiten badute gainerakoei eragingo diete, euskara erabiltzeko gogoa edo beharra piztuko diete.

Maiatzetik egitasmoa abian da eta bi dinamika sortuak dituzte, bata euskaldunei begira eta bestea erdaldunei begira.

Euskaldunei, lau egunez euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dutela sinatzea eskatzen ari zaie. Sinaduraz gain, ahalduntze bidean TELP tailerrak eskaintzen ari dira. Euskaldunei adierazi diete haien erabaki pertsonala kolektibo bihurtuko dela, lau egunez herritar andana haiek bezala euskaraz arituko baitira egun osoz.

Erdaldunei begira, batik bat denda, taberna eta elkarteak ari dira lantzen. Azaroaren 8tik 11ra zer egitera doazen azaldu, eta eskatu diete euskaldunei haien ahaleginean bidea errazteko, ez eskatzeko gaztelaniaz egiteko, ahal duten neurrian euskaraz egiteko, eta ezin badute elkarrizketa elebidunak egiten saiatzeko. Euskararen alde egoteko modurik onena dakitenei euskaraz egiten uztea dela adierazi diete.

Oraingoz 210 lagunek erabaki dute azaroaren 8, 9, 10 eta 11n euskaraz egingo dutela eguneroko arlo guztietan. Bestetik, 85 kolektibo eta establezimenduk erabaki dute euskararen erabilera erraztuko dutela. Kolektiboek bere ekintzak edo barneko komunikazioa euskaraz egingo dute eta establezimenduek euskaraz eskatzen dutenak euskaraz artatuko dituzte.

Agurainen %23 euskalduna da eta %55ak euskara ulertzen du.

Astigarragan, “100 ta 100… 200 ordu euskaraz”

Gipuzkoako herri horretan euskaldunak euskara hutsez bizitzeko esperientzia pertsonala izatera gonbidatuko dituzte, “konturatzeko uste baino egoera gehiagotan euskara erabili daitekeela”. Astigarragan ere parte hartzeko bi modu zehaztu dituzte. Batzuk hiztunak izango dira, euskaraz ariko direnak alegia, eta besteak hizkideak, euskaraz hitz egin ez arren ulertzeko saiakera egingo dutenak eta euskaldunak euskaraz egitera animatuko dituztenak. Lehenengoek aho baten irudia duen txapa eramango dute eta bigarrenek belarri baten irudia duen txapa.

Astebeteko saioa izango da, azaroaren 26an hasi eta abenduaren 3ra artekoa, Euskararen Egunera artekoa. Egitasmoaren aurkezpen ofiziala azaroaren 12an egingo dute eta egun berean euskaraz bizitzeko estrategiak lantzeko tailerra egingo dute goiz osoz.

Ondokoak dira antolatzaileak: Mundarro, Astigarragako Herri Eskola,  Herri Eskolako Guraso Elkartea, Astigarragako Udala, AEK, Musika eskola, Xaguxar eta Gazte lokala.

Iturria: Argia

Izena eta izana ezbaian: Gida praktikoa

Izena eta izana ezbaian: Gida praktikoa

Izena eta izana ezbaian. Euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa gida praktikoa udaberrian aurkeztu zuten Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek. Euskarazko izendegiaren binarismoaren inguruko gogoeta piztu nahi dute.

Apirilaren 26ko aurkezpenean gidaren egileek adierazi zutenez, izenak gure izaeran eragiten duenez, gure izana eraikitzeko elementu bat gehiago da. Lorea izena duela esaten badigute iruditeria bat etortzen zaigu burura, besteak beste neska dela, eta Harkaitz dela esaten badigute berriz, bestelako iruditeria. Sexuaren araberako izenak ezartzea gainditzea proposatzen dute gidaren egileek, binarismoa azpimarratzeko modu bat gehiago baita. Hala esan zuen Libe Eizagirrek: “Mundua geldituko al da Hodei esan eta neska batek eta mutil batek bihurtzen badute aurpegia?”.

​Gidan estrategiak proposatu dituzte sexuaren araberako izendegia gainditu eta jaioberriari gustuko izena jarri ahal izateko, hala nola, ospitaleetako inskripzioak baliatzea, ustez erregistroan baino errazago onartuko dituztelakoan Euskaltzaindiaren araua betetzen ez duten aukerak; froga gisa izen abstraktuak, fikziozkoak edo toponimoak erabiltzea; Espainiako Estatistika Institutu Nazionalean begiratuta froga daiteke lehendik neskarentzat eta mutilarentzat erabili direla Maren, Aratz eta Amaiur, adibidez; kontuan hartu erregistro batetik bestera aldeak daudela, alegia, erregistroko langilearen zorroztasunaren edo malgutasunaren arabera Euskaltzaindiaren araudiari men egingo dio edo ez; genero markarik gabeko izenak ere asma daitezke, gidan jaso dituzte batzuk: Ulia, Haika, Aske, Sen, Iraun…

Aurrera begira, sexuaren arabera prestatuta dagoen euskal izendegiari iskin egiteko estrategiak partekatzeko txokoa atondu nahi dute Emaginek eta Bilgune Feministak webgunean. Bitartean, gida praktikoa 3 euroren truke salgai dago bilgunefeminista.eus-en.

Beste artikulu batzuk “Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe” eta ” Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa”

Iturria: Argia Aldizkaria (www.argia.eus)

Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe (www.argia.eus)

Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe (www.argia.eus)

Izenak-Argia

Onintza Irureta Azkunek (@oirureta) Argia astekarian idatzitako artikulua duzue hemen. Gure webgunean honekin zer ikusia duen Axier Lopez  (@axierL) testua ere partekatu dugu.

Euskarazko pertsona izenen sorkuntzak abiadura handiagoa eraman du arautzeak baino. Horri esker ditugu Izaro, Amaiur eta Eneritz izeneko neskak eta mutilak. Euskaltzaindiak ordea euskal izendegia finkatu du, eta bere hitzetan esanda “erregistro zibilari aholkuak” ematen dizkio. Erregistroetan, oro har, erakunde horren erreferentziak arau nagusitzat dituzte. Orain oso zaila da mutilari Izaro jartzea eta neskari Iraitz. Generoari lotutako eztabaida ordea, hainbat izen mistoren gorabeheratik haratago doa. Fokua zabaltzen saiatu gara ondoko erreportajean.

Idurre Eskisabel EHUko irakasleak ondoko izenburua duen tesina du egina: Izena eta izana, euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa. Haur bati izena jartzeak eginkizun hutsala dirudiela dio, baina haren ustez gertaera garrantzitsua da, bai norbanakoarentzat baita jendarte mailan ere. Izenek nortasun soziokulturala dute, izenak nortasun marka dira. Ezagutzen ez ditugun Rakelez eta Aioraz hitz egiten digutenean irudikapen bera egiten al dugu bakoitzaz? Antzeko kuadrillak iruditzen al zaizkigu Borja-Elena-Juan Mari-Verónica eta Oihana-Aitor-Maddi-Iraitz? Eskisabelen iritziz, izenak aukeratzen direnean autodefinizioan ari gara. Izena jartzen dutenek, gaur egun gurasoek, transmititzen dute zergatik den haien umea Aitor edo Antoine. Banaka ez hain erraz, baina izenak multzoan errepasatuta antzeman daiteke gizarteko zein sektorez ari garen.

Izenen iraultza
XVIII. mendean, Luzaiden ba omen ziren familia bereko bost anaia Juan izenekoak. Jose Maria Satrustegi euskaltzainak jaso zuen datua. Anaiei edo ahizpei izen bera ematea ez zaigu bururatzen gaur egun. Izen batzuk ere nekez erabiliko genituzke, hala nola, Zipriano, Serapio, Mari Jose eta Felicitas. Orain Aiora, Iraitz eta Oihan daude boladan. Pertsona izenetan, iraultza garrantzitsua gertatu da 1950eko hamarkada amaieran hasi eta 60ko urteetatik gaur egunera. Iraultza horretan izenak aldatu dira, izenen esanahia aldatu da, eta lehen ez bezala orain gurasoek erabakitzen dute jaioberriak zein izen izango duen. Eskisabelek uste du gauza batean ez dela aldaketarik egin: sexu bereizketan. Oro har jendarteak, eta hizkuntza arautzea dagokion neurrian Euskaltzaindiak, mutilentzat izen batzuk hobesten dituzte  eta neskentzat beste batzuk.

Izenen iraultza ez da Euskal Herriko kontua soilik, Europan eta AEBetan ere gertatu da. Besterik da Euskal Herrian hizkuntza faktorea erabakigarria izan dela.

  1. mende hasiera arte erlijioak botere handia zuen izenak jartzerakoan eta corpusa osatzerakoan. Garaian-garaian eta tokian-tokian, erakunde indartsuenek arautu dute izendegia. Horregatik, mendez mende erlijioak zeresan handia izan du. Ondoren, estatuak hartu du haren tokia, nahiz eta sarri elizari eskutik helduta ibili den eta dabilen.

XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran euskal izendegiaren oinarria ezarri zen. Hego Euskal Herrian, Errepublika garaiak izan zuen berezitasunik: euskarazko izenak indarra hartzen ari ziren, baina momentu politikoari erantzuten zioten izenak ere agertu ziren, hala nola, Libertad, Fraternidad, Tierra eta Cosmos. Francoren diktadurak euskarazko izenak eta Errepublikari lotutakoak ezabatu zituen. Erregistroan Iñaki izena ezabatuko zuten eta Ignacio jarri. Hala ere, 1950-60 urteetan, euskal pizkundearekin batera, herritarrak euskarazko izenak jartzeko borrokan hasi ziren.

Aratz izena jartzeko, zergatik izan behar du mutikoa?
Jaioberria erregistratzera daramaten hainbat guraso aztoratuta dabil azken urteetan. Mutikoari Lur izena jarri nahi eta ezin. Neska izena dela erantzuten diote erregistroan, Euskaltzaindiaren pertsona izen zerrendetan hala jartzen duela. “Baina Lur izeneko mutilak eta neskak ezagutzen ditut eta. Nola ezin diodala Lur izena jarri?”. Axier Lopezi horixe gertatu zaio Lur jaioberriarekin. (Erreportaje honen azken orrialdean kontatu ditu gorabeherak eta bere gogoeta).

Halako gertaerek badute azalpena. Esan dugu izenen iraultza gertatu dela, izen berriak sortu dira, baina arautzea izen horiek sortu diren erritmoan baino motelago egin da. Horrela, izen anbiguoak edo mistoak izan ditugu urtetan, Aratz mutilak eta neskak ezagutu ditugu, ohikoa izan da sexu desberdineko senide eta lagunek izen bera izatea.

Euskaltzaindiak euskararen normalkuntzarako arauak ematen ditu eta 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu du izenetan, ordu arteko anbiguotasunak ezabatuz.

Eskisabelek bere tesinan (Jakin-eko 202. zenbakian laburpena daukazue) sakon azaltzen du Euskaltzaindiak zein irizpide jarraitu dituen izenak sexuaren arabera bereizteko. Labur-labur esanda ondoko hiru argudioak bildu ditu tesinaren egileak: Espainiako legeak ezartzen duen betebeharra, hau da, izenak lehen unetik izendatua emakumea ala gizona den argitu behar du; euskararen sisteman beti bereizi izan direla gizon eta emakume izenak; herriaren zentzu komuna kontuan hartzea.

Euskaltzaindiari berari galdetu diogu eta Onomastika batzordeak erantzun digu. Batzordeak hala dio, “Euskaltzaindiak, hizkuntza akademia guztiek egiten duten moduan, erabaki proposamenak egiteko hiztunen erabilera aztertzen du, eta ez da, zentzuzkoa den bezala, eztabaida politikoetan sartzen”. Idatzian dio ikertutako dokumentuetan jatorri askotako izenak agertzen direla, batzuk bertakoak, euskarazkoak, eta gehienak kanpokoak. Eta argitzen du: “baina ez dago emakumeak eta gizonak, biak, izendatzeko balio duen izenik”. Ondoren, legeari egiten dio erreferentzia eta esaten du Euskal Herriko Hegoaldean, Portugalen, Italian, Alemanian, eta 1996 arte Frantzian, sexua argi bereizi behar dela pertsona izenetan. Euskaltzaindiaren ustez, “gaur egun sexua dela-eta arazoa sortzen duten izenak banaka batzuk baino ez dira: Aiuri, Maren, Amaiur, eta hein apalagoan beste gutxi batzuk. Inoiz jendea kexu da, banaketa hau sexista delakoan, baina kontrako eskabideak ere jaso ditugu: semeari edo alabari jarritako izena beste sexua dutenei debekatu behar zaiela uste dutenenak, alegia”. Frantzian legeak ez du esaten izenak zein sexutakoa den argitu behar duenik. Horren gainean hala dio Onomastika batzordeak: “Nolanahi ere, garbi utzi behar da Iparraldean euskal izena erabili duten gehienek argi bereizi dutela sexua eta, esaterako, Oihana guztiak neskak direla”.

Euskaraz beti bereizi izan dira emakumeentzako eta gizonentzako izenak?
Gaur egun Euskaltzaindiak dio emakumeak eta gizonak, biak, izendatzeko balio duen izenik ez dagoela. Eskisabelek dio ordea, Euskaltzaindiaren izenen sexu bereizketari buruzko diskurtsoa ez dela beti bera izan, eta izenak ikertzen lan handia egin zuen Jose Maria Satrustegi euskaltzainaren adibidea ematen du. Satrustegi 1972an hasi zen Euskaltzaindiak bultzatutako lehen izendegia egiten, eta ondorioa atera zuen antzinako agiriek azaltzen zutela gizon eta emakumeentzako izen berak erabili izan direla. Nahiz eta hori esan, ez zion bide horri jarraitu, alegia, izen berak bi sexuetarako baliatzearen bideari, horretarako legea eta herritarren gogoa argudio gisa erabilita. Euskarak izenetan sexu bereizketa berezkoa duen zalantzan jartzen duen beste adibide bat bada. Satrustegik toponimian oinarritutako izen asko andre mariaren deitura moduan aurkeztu zituen, frankismo garaiko legediari ihes egiteko. Beraz, emakume izen bihurtu ziren toponimook. Geroagoko kontuak dira ondokoak. Izen berak bi sexuentzat erabili diren garaian hiru izendegi argitaratu ziren, azpimarratuz, euskarazko izenen artean badirela batzuk mistoak direnak. Mikel Hoyos, Urtzi Ihitza eta Xarles Bidegainenak ziren izendegiok.

Gaur egungo irizpideak
Euskaltzaindiak, gaur egun, bereizketa egiteko ondoko irizpideak ezarri ditu, salbuespenak salbuespen.

→ -a eta -e letrez amaitzen diren toponimo eta hitz arruntak emakumezkoen izentzat hartzen dira; -i, -o, -u letrez eta kontsonantez bukatzen direnak gizonezkoentzat.

→ Gizon izen bati -a eransteak emakumezko izen bihurtzen du. Beraz, -i, -o, -u letrez eta kontsonantez amaitzen diren izen arruntei -a amaiera erantsita emakume izenak sortzen dira (Haritz/Haritza, Amets/Ametsa…). Horrez gain, beste bi bide ere proposatzen dira gizon izenetatik abiatuta femeninoak osatzeko: aurretik Andre edo Mari jartzea (Andregoto edo Marimartin, adibidez).

→ Badira -a letraz amaitzen diren gizon izen historikoak. Horiek bere horretan uzten dira.

→ Toponimoen kasuan, leku horretan andre mariaren santutegiren bat egonez gero, horri ematen zaio lehentasuna, eta gainerako arauak bertan behera utzita emakume izen gisa hartzen da.

→ Sabino Aranaren izendegiko izenak bere horretan uzten dira, bereizketa irizpidea euskararen senaren kontrakoa dela uste den arren, onarpen zabala izan dutela argudiatuta.

Aukera galdua
Eskisabelek esango luke aukera galdua izan dela, Euskaltzaindiak bazuela aterabide bat beste eredu baterako oinarriak jartzeko: esan zezakeen Euskal Herrirako hizkuntza arauak ematen dituela eta gai honetan Frantziako legeari jarraitu diola. Alegia, Frantziako legeak ez du eskatzen izenak sexuaren arabera bereizita egotea.

​ Eskisabelek ez du uste Euskaltzaindia, azken urteetan bere egin duen diskurtsoagatik, beste erakundeak eta gizartea bera baino kontserbadoreagoa denik: “Euskaltzaindiak hori guztia egin du gaur egun indarrean dagoen sexu genero sistema erreproduzitzeko, azken batean sexu genero ideologia hegemoniko horretan erabat sartzen da”.

Gizarteak sistema bera erreproduzitzen duela dioenean adibide bat jartzen du jokaera ulertzeko. Emakumea haurdun geratzen denean gurasoaren edo gurasoen gogoeta ondokoa izaten da: neska jaiotzen bada Lorea eta mutila jaiotzen bada Ander. Hau da, neskarentzat izen batzuk ditugu buruan eta mutilarentzat beste batzuk. Sexu genero sistemarekin ados ez direnek, bereizketa horiek zalantzan jarri nahi dituztenek, bestelako hausnarketa egiten dute umea datorrenean: datorrena datorrela Lorea izango da. Halako adibideak bakanak dira, nahiz eta Eskisabelek dioen azken boladan halako joerak ugaldu direla iruditzen zaiola.

Besterik da duela gutxi arte mistoa izan den izena mutilari jartzen saiatzea, Eneritz adibidez, eta Euskaltzaindiak orain nesken zerrendan jarri duelako gurasoak haien nahia bete ezinik ibiltzea. Guraso horietako askok urtetan izen misto izan direnak hala izaten jarraitzea eskatzen dute.

Informazio gehiago www.bilgunefeminista.eus

400-1465230228-kartela-moztua2