Liv til døden (Nøgen)

Euskara eta ingelesa nahastuz, eta beraien nortasun bilakatzen ari den pop-folka oinarri hartuta, estilo honek bildu ditzakeen kolore guztiak jorratu dituzte.

Freskotasuna gordetzen duen lan heldua jarri digu esku artean Nøgenek. Hirukote gisa hasi zuen bere ibilbidea Nøgenek eta hainbat kontzertu eman zituen 2016ko udan. Pop-folk alaiaren (Mumford and Sons, Of Monsters And Men, La M.O.D.A…) ildotik sortutako kantu propioak eskaintzen zituzten.

Ibilbide laburreko taldea izan arren, Nøgenek zeresan handia eman du azken urtean bere hiru kantako lehen EParekin. 2016an Danimarkako Erasmuseko gau luzeek jo zituzten Nøgenen lehen ukelele akordeak. Horien eskutik josi zituen ilusioz, herriminez eta malenkoniaz Markel Idigorasek aurreneko melodia eta hitzak. Bere barrena islatzeko eta biluzteko nahia (hori baita Nøgen danieraz: biluzik) berekin ekarri zuen Donostiara bueltan eta segituan kutsatu zituen Alex Irazustaren gitarra eta Ane Negueruelaren ahotsa.

Danimarkatik Donostiara, egun Eider Saezek, Markel Idigorasek, Alex Irazustak, Olatz Cuevasek eta Jokin Guilisagastik osatzen duten taldea hil arte bizitzera etorri zaigu, indarrez beteriko proposamen batekin.