JOANA CAMPOS (Kiko Janaridenda, Azella Zeharkalea)

JOANA CAMPOS (Kiko Janaridenda, Azella Zeharkalea)

Garai konplikatu hauetan, kaleak normaltasunera itzuli nahian daudenean, hiriari bizia ematen dioten komertzioengana hurbildu nahi izan dugu hilabete honetako Karrikan.

Merkataritzan Euskaraz ekimenean parte hartzen duten denda eta establezimenduei bultzadatxo bat emateko, zerrenda horretatik bat hautatu dugu, Kiko Janaridenda. Azella zeharkalean (Iruñea) dagoen komertzioa, eta aspalditik ekimen honen partaide duguna. Bertako kide den Joana Camposekin mintzatu gara.

Joana Campos-Kiko Janari denda

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Euskaraz ikastolan ikasi nuen, gurasoek ez zekiten euskaraz, hala ere argi izan zuten ni D ereduan eskolaratzea nahi zutela. Aitaren familia Erribera aldekoa da eta ez zuen euskal seniderik, aldiz berak euskararekiko atxikimendua zuen gazte gazte zenetik. Ama Atezko herri txiki batekoa da eta gurasoak euskaldun peto petoak izan arren ez zuen euskaraz ikasi. Garai horietan herri askotan gertatu zen bezala indarkeriaz moztu zuten euskararen transmisioa, harekiko maitasuna eta miresmena ez ordea.

Hortik aurrera bi inflexio puntu nabarmenduko nituzke euskararekin dudan erlazioan. Lehendabizikoa nerabezaroan euskararen handitasunaz jabetu nintzenekoa eta horrek eragindako konzientzia hartze garrantzitsua nire euskalzaletasunean.

Bigarrena heldutzearoan euskararen erabilpenaren inguruan izan zen, nire barruan gazteleraz pentsatzetik euskaraz pentsatzera pasa nintzen. Azken honek ekarri zuena izan zen euskara nire egunerokotasuneko hizkuntza bilakatzea, batez ere etxean bikotekide eta orain alabarekin ere.

Nola bizi izan dituzue osasun krisi garai hauek dendan?

Gurea denda familiarra da. Alde batetik gure familia ia guztia bertan lanean jardun dugulako eta bestetik bezeroak guretzat ia familia direlako.

Krisialdiko hastapenetan hiru ideia izan genituen argi. Lehendabizikoa gure segurtasuna bermatu ez gaixotzeko eta denda itxi behar ez izateko. Bigarrena lasaitasun mezua eman bezeroei elikagaien faltarik ez zelako egongo. Hirugarrena erosketak erraztea bai eskaerak bertan jasotzeko eta bai eskaerak etxeratzeko inolako gehigarririk gabe eskatzen zuten persona guztiendako.

Lan karga handia izan dugu, gogorra izan da, baina aldi berean gure bezeroek eskertu digute eta horrek indarra eman digu aurrera jarraitzeko. Uste dut azkar erreakzionatu genuela, esate baterako ordutegi moldaketa eta segurtasun neurriak alarma egoera piztu baino lehen jarriak genituen dendan, horrek lagundu digu, gora beherekin, egoerari tinko heltzen.

Eta nola ikusten duzue datorrena?

Nahasmen handiko garaia datorkigula argi dago. Alde batetik osasun kontuak eta bestetik ekonomiaren arloa.

Aldaketa datorkigu, gizarte bezala hortaz jabetu behar dugu. Erne egon beharko dugu aldaketa horiek gizartea hobetze aldera izan daitezen. Dendan nabaritu dugu nolabait gauzaḱ bere onera ́ bueltatzen ari direla fase desberdinetan murgildu ahala. Egokitu beharko dugu garaian garaikoari, aurreko bi hilabetetan egin dugun bezala. Adi egotea eta moldagarri izatea berebiziko garrantzia izango dute datozen urteetan.


Noiztik zaudete Karrikirik argitaratzen duen Merkataritzan Euskaraz zerrendan? Zergatik? Nabaritzen duzue eraginik?

Uste dut 15 urte inguru eramango dugula zerrendan, ez dut gogoan zehaztasunez, baina ustez 2.000. hamarkadan hasi ginela parte hartzen. Garai hartan euskaraz egitea publikoki ez zen oso begi onez ikusia gizartearen parte handi batean.

Garai hartan zoritxarrez oraindik oso nahastuta zegoen politika eta euskal kultura. Besteak beste jasan izan behar genituen aurpegi arraro eta komentario txarrak bezero batzuengandik euskaraz egiten genuenean. Orduantxe zerrendan parte hartzeko gonbidapena egin zigutenean aukera ona iruditu zitzaigun. Alde batetik euskaldunei jakitera emateko gurean euskaraz erosketa egiteko aukera zutela eta bestalde ohiko bihurtzeko euskararen erabilpena dendan.

Orokorrean nabaritzen dudana da euskaldunek, gutxinaka, beldurra galtzen ari garela euskaraz erosteari, lehendabizi euskaraz eskatzeari. Oso mantso egiten ari gara prozesu hori eta kostata baina bai azpimarratuko nuke azkeneko urteetan horretan sumatu dudala aldaketa. Pentsatzen dut Merkataritzan Euskarazek eragina baduela horretan, baita Euskaraldiak ere.


Orandik ere batzuetan sorpresa da Azella zeharkalean erosketak euskaraz egin ahal izatea?

Jakina!! Denda Yamagutxi parkea eta Klinika Unibertsitarioaren artean dago kokatuta, zoritxarrez ez da oso auzo euskalduna ezta euskaltzalea ere ez. Bederen gure bezeroen artean euskararekiko jarrera gaur egun oso ona da, orain dela hamabost urtekoarekin alderatuta oso desberdina alegia. Gaur egun bertakoek normaltasunez hartzen dute euskaraz egitea.

Klinika Unibertsitariora bai Euskal Herriko, bai Estatu Espainoleko baita atzerriko (Portugalekoak, frantsesak, Afrikakoak, italiarrak, ea) jende asko dator. Hori dela eta behin behineko bezero asko ditugu gurean.

Batetik Euskal Herritik datozenek harriduraz eta pozaz hartzen dute gurekin euskaraz egiterik izateak. Pentsa askok uste dute Iruñean sekula ez dugula euskaraz egiten eta egitekotan euskara maila kaxkarra dugulako irudipena dutela. Eskerrak guretik pasatutakoan ikuspuntua aldatzen zaien!

Bestetik, Estatu Espainoletik etorritako bezeroek ezjakintasuna izan ohi dute eta euskaraz entzutean jakinmina pizten zaie. Askok harridura erakusten dute Nafarroan euskaraz egiten dela jakitean eta kuriositatez horren inguruan galderak egiten dizkigute. Pentsa ze ezustekoa Lingua Navarrorumaz hitz egiten diegunean! Atzerrikoek bitxikeri moduan galdetzen digute gaztelania ez den hizkuntza horri buruz, baina ez harriduraz.

Datozen urteotarako nahiko nuke sarriago euskaraz egitea dendan eta horrela jendeak ez luke sorpresaz hartuko. Zorionez gure ohiko bezeroen artean geroz eta euskaldun gehiago dugu. Horrek laguntzen du erdaldunak gurean euskara entzutera ohitzen eta normaltasun osoz har dezaten.

Aldaketarik ikusi duzue jarrera/ohituretan azken urte/garaietan

Euskaldunen artean nolabait beldurra kentzen ari garela egunerokotasunean patxadaz euskaraz egiteari, etiketak alde batera utzi eta euskara erabiltzea inolako beldurrik gabe. Euskara ikasten ari direnen artean ere nabaritu dut atrebentzia handiagoa euskaraz aritzeko. Horrek bereziki pozten nau, euskaraz aritzeko elkar ulermena behar dugu, ez besterik, bakoitza gure mailan, elkarri laguntzen eta kitto. Euskaraz mintzatu eta hortaz gozatu.

Erdaldunen jarrera euskararekiko zeharo aldatu da. Gaur egun askoḱ inbidia ́sentitzen dutela esan ohi ditate euskaraz egiten dudanean. Gustatuko litzaiekela euskaraz egitea. Orain dela 15 urte ez zen euskararekiko horrelako miresmenik adierazten!

Amaitzeko, gustuko duzun musika edo libururik gomendatu nahi?

Musika arloan nahiko eklektikoa naiz, berri berrien artean Izaro eta Zetak, klasikoen artean Ruper Ordorika, Berri Txarrak eta Fermin Muguruza. Liburuen artean Bigarren sexua Simone De Beauvoirrena.