IZASKUN BARBER (Karrikiri elkarteko dinamizatzaile berria)

IZASKUN BARBER (Karrikiri elkarteko dinamizatzaile berria)

Izaskun Barber (Karrikiri elkarteko dinamizatzaile berria)

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Nire historia pertsonala euskararekin txikitatik hasten da, nahiz eta gurasoak euskaldunak ez izan, San Fermin Ikastolara bidali gintuzten 3 ahizpak. Etxean ez genuen asko hitz egiten, eta egia da kuadrilan ere gutxitan erabili izan dugula zoritxarrez. Baino, zorte handia eduki nuen eta ikastola eta ondorengo ikasketa batzuk euskaraz egin nituen Gipuzkoan.

Bertan lagun oso onak egin eta Bartzelonara abiatu ginen. Katalana ikasteko aukera eduki nuen, han erraztasun asko daude hango hizkuntza ikasteko, eta ikasketeterako eta lanerako oso beharrezkoak ziren. Hala ere, hango kuadrila euskalduna nuen, denak Euskal Herriko toki ezberdinetakoak ginen, ni iruindar bakarra nintzelarik, euskalki ezberdin asko ezagutu nituen. Batzuek hika ere erakutsi zidaten. Euskal Etxean ere denbora asko pasatzen genuen, eta bertan euskara erabiltzeko aukera ona zen beti.

Iruñera bueltatu nintzenean, euskaraz lan egiteko aukera suertatu zitzaidan, eta pentsatu gabe aurrera egin nuen. Euskal hedabide txiki batean hasi eta hortik aurrera beste euskal hedabide ezberdin batzuk ezagutu izan ditut nire lan esperientzia arloan. Zorte handia izan dut euskaraz lan egin izan dudalako beti.

Osasun krisia lehertu zen egunetan hasi zinen lanean (martxoaren 16an), nola bizi izan dituzu egun hauek?

Bada, egia esan, ongi, baina era berean kuriosoa, hasierako egunak bulegoan pasa nituen, egoera nahiko xelebrea zen, baina bertako antolakuntzarekin hasi nintzen eta “terrenoa” pixka bat ezagutzeko aukera izan nuen. Aste hori pasa eta gero telelanean murgildu nintzen eta oso ongi moldatu naiz. Sare sozialei bizia ematen, web gunean eta zerbitzuetan lanean…. egia da, beti badagoela zerbait egiteko, eta bestela materiala sortzen dut. Aipatu nahi dut, beti laguntza jaso izan dudala, beti egon dela norbait arlo edo zerbitzu ezberdinetan laguntzeko prest, eta lasaitasuna transmititu izan didatela beti. Beraz, oso eroso sentitu naiz. Eskerrik asko lan taldeari!!

Lehenagotik ezaguna zenuen Karrikiri?

Lehenagotik ezagutzen dut Karrikiri, noski. Lagunekin Hitzen Hotsak saioetara joaten ginen, sarrerak lortzen genituenean noski, izan ere batzuetan berandu ailegatzen ginen eta!! Baita ere arropa edo
oparitxoren bat erosi izan dut dendan. Ekoizle lokalak Iruñean topatzea geroz eta zailagoa da, esan beharra dut betidanik komertzio txikietan saiatzen naizela erosten eta horregatik nire zerrenda pertsonalean Karrikiri horietako bat zen.

Ezagutzen zenuena eta topatu duzuna berdina izan al da?

Ikusi dudanarengatik jakin izan dut jarduera asko egiten direla eta horiek ez nituenez ezagutzen, niretzat sorpresa handia izan da. Seguru sorpresatxo gehiago topatuko ditudala normaltasunera ailegatzen garenean.

Zein arlo edo asmo bultzatzeko gogoz zaude?

Nire asmoa lehenik eta behin, Karrikiri ongi eta sakonki ezagutzea da, bere puntu fuerteenak eta ahulenak zeintzuk diren ikusi, eta hortik aurrera puntu horien inguruan lan egitea. Egia da, oraingoz ikusi dudanarengatik, gazte askok oraindik ez dutela elkartea ezagutzen eta hori aldatzeko modua bilatu behar dugula uste dut.

Amaitzeko, gustuko duzun musika edo libururik gomendatu nahi?

Nire talderik gustokoena Berri Txarrak da, baino aipatu nahiko nituzke Nøgen eta Izaki Gardenak taldeak ere. Eta liburu bat, “Atertu arte itxaron” Katixa Agirrerena.