Mila esker Maiatzaldian parte hartzeagatik!

Mila esker Maiatzaldian parte hartzeagatik!

Iruñea BaionaEgutegiak ez dio gezurrik, eta hilabete honetako orrialdean argi irakurri dugu: Ekaina. Maiatza joan zaigu, beraz. Eta amaitu zaigu Maiatzaldia hortaz.

Egitarau oparo eta zabala izan da aurtengoa. Izena bera txiki geratzen hasi zaigu. Ez baita Iruñea eta Baionaren arteko harremana bakarrik. Zerbait gehiago ere bada. Eta zerbait gehiago ere izanen da. Mugak zartatzeko, hari berriak sortzeko eta han eta hemen (zer da han? Zer da hemen?) euskaldunak konspiratzen jartzeko balio izan du honek guztiak.

Emaitzarekin oso kontent gaude eta aurrera jarraituko dugu. Ideiak eta asmoak baditugu (batzuk xumeak, besteak handiak), baina bidean batzeko prest dagoen ororen ideien eta gogoen berri izan nahi dugu. Nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta elkarrekin jarraituko dugu herria hau euskaratik eta euskaraz sortzen.

Mila esker parte hartu duzuen guztioi!!

 

“Haur literatura, hizkuntza eta heziketa”, Aines Dufaurekin

“Haur literatura, hizkuntza eta heziketa”, Aines Dufaurekin

Aines DufaurIruñea Baiona Maiatzaldiari bukaera borobila emateko Aines Dufaur, IKAS argitaletxeko zuzendariak “Haur literatura, hizkuntza eta heziketa” hitzaldia eskainiko du. Hitzordua, maiatzaren 31n, Karrikiri Elkartean, arratsaldeko 19:00etan da.

IKAS euskal pedagogia zerbitzuak ikastresnak sortzen edo euskaratzen ditu, haur hezkuntzatik helduen irakaskuntzaraino, gai asko hukituz: hizkuntza, matematika, historia-geografia, zientziak…

Ikastetxeetan bereziki idazketa eta irakurketa lantzeko, IKASek haur literaturako albumak euskaratzen ditu edota obrak sortzen, adibidez Haserre gorria, Pello eta otsoa, Dutea trilogia… IKAS mediateka ere bada, eta irakasleei zuzenduriko animazioak antolatzen ditu.

Aines Dufaur, zuzendaria, IKASeko lanaz, haur literaturaz, hizkuntzaz eta heziketaz arituko zaigu heldu den astean.

Honekin itxiko dugu 2017ko Maiatzaldia; 8 ekitaldiz osatutako egitaraua eskaini dugu aurten (hitzaldiak, liburu aurkezpenak, bisita gidatuak, mahai inguruak, irakurketa literarioak, umore saioa eta errezitaldiak). Maiatzaldiaren helburua Iruñea eta Baionaren arteko kultur sorkuntzaren erakusleihoa izatea eta bi hirien arteko kultur harremanak sendotzea izan da.

Hitzaldia: “Haur literatura, hizkuntza eta heziketa”

Hizlaria: Aines Dufaur, IKASeko zuzendaria

Noiz: maiatzaren 31n, arratsaldeko 19:00etan

Non: Karrikiri Elkartea, Xabier karrika 4an

Antolatzaileak: Iruñeko Karrikiri Elkartea eta Zaldiko Maldiko Elkartea; Baionako Maiatz Argitaletxea eta Zizpa Gaztetxea eta Senpereko Hatsa Elkartea.

Babesleak: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Elkargoa.