Lurraldea eta herria gure Karrikan

Lurraldea eta herria gure Karrikan

IMG_3895

 

 

Baionan 1975ean sortua, kazetari lanetan aritua bada ere, Mondragon Unibertsitateko irakasle dabil egun Eneko Bidegain. «Lurraldea eta Herria» izenburua eta «Zazpiak bat». Atzo, gaur, bihar» azpititulua dituen liburua kaleratu berri duen honetan, harekin mintzatu gara bere lan berriaren inguruan.

Lurraldea eta Herria izan dira zure lan berria laburbiltzeko hautatu dituzun bi hitzak. Ezinbestekoa al da horietako bakoitzarendako bestearen existentzia? Ba al dira ezer bata bestea gabe?

Herri batek bere lurraldea dauka, eta lurralde batean herri bat antolatzen da. Lurralde batean  bizi den jende taldeak identitate bat, kultura bat, antolaketa sozial bat garatzen du. Hots, herri bat. Eta bere izatea babesteko, bere lurraldea  babestu behar du, politikaren bidez, Estatuaren bidez. Inguruko lurraldeetako jende taldeek edo herriek izan ohi dute beren eremua handitzeko gogoa, eta hori egiten dute beste jende talde baten, beste herri baten lurraldea okupatuz. Eta hor sortzen dira gatazkak. Herri baten biziraupena arrisku larrian dago, bere lurraldearen kontrola galtzen duenean.

«Bere batasunaren zentzua galdu duen herria al da Euskal Herria?» galdera erretorikoa luzatzen diozu irakurleari liburuko lehen orrietan. Zerk eraman zaitu galdera hori planteatzera?

Euskal Herriak ez du bere lurraldea kontrolatzen, gaur egun. Lurraldearen zati bat Espainiak eta bestea Frantziak kontrolatzen dute. Lurralde horren antolaketa administratiboaren bidez, euskal herritarrei galarazten zaie herri bakarra eta batua delako kontzientzia. Gaur egun, sekulako indarra daukate EAE/Nafarroa eta Hegoalde/Iparralde bereizketek. Eguneroko bizitzan nabari dugu hori. Kezka hori izan da liburu hau idaztera bultzatu nauen arrazoi nagusia.

Palestinar herriaren egoeraren adibideak aipatzen dituzu maiz liburuan zehar. Konparagarria al da Palestinaren eta Euskal Herriaren egoera zentzuren batean?

Palestina ahultzeko, palestinarrei kendu zieten beren lurraren eta lurraldearen kontrola. Lurralde antolaketa Israelen kohesioaren mesedetan egin zen eta Palestina zatikatzeko helburuarekin. Palestinaren identitatearen oinarrian dago lurra ere, eta lur horretako ekoizpena. Israelek errotik atera zituen palestinarren zuhaitzak, olibondoak; palestinarren identitatearen oinarri handiak ziren. Gisa hartan, sinetsarazten da Palestinako lurrak, berez, lur antzuak direla. Hori ez da horrela. Euskal Herrian beste gisa batera gertatu dira lurraren inguruko auziak, baina egia da lurraldearen kontrola galtzearekin batera, gure lurraren kontrola ere galdu dugula, hein handi batean. Lurralde antolaketaren bidez, Palestinan bezala, Euskal Herriaren kohesioa hautsi nahi izan dute.

Ehun urte I. Mundu Gerra bukatu zela, mende bat. Eraginik izan al zuen gudu honek euskaran? Ondorio berak pairatu al zituen euskarak bere eremu guztian?

Lehen Mundu Gerrak ikaragarriko eragina izan zuen Ipar Euskal Herrian, herritarren frantsesteari dagokionez. Gerra hark balio izan zion Frantziari lurralde kontzientzia bat barneratzeko, kontrolatzen zuen lurraldeko herritar guztien baitan. Gerra hura izan zen Frantziaren “lurralde batasunaren” defentsaren aldarria. Milaka euskaldunek gerra egin zuten Frantziak orain daukan mapa izan zezan; eta Ipar Euskal Herria mapa horren parte gisa  ikusarazi zitzaien. Horrekin batera, euskarak gibelera egin zuen.

Bukatzeko, zer da saiakera honekin irakurlearengan sorrarazi edo sentiarazi nahi duzuna

Gustatuko litzaidake irakurleak ohartzea gure herriaren zatiketa egoeraz; badakit, teorian, badakitela, baina eguneroko zurrunbiloak ahantzarazten digu zein den zinezko egoera. Behin kontzientzia hori hartuta, ederra litzateke bakoitzak bere lekutik, dauzkan baliabideen heinean, eguneroko bizitzan lan egitea Euskal Herria batuago izateko. Azken zatian zenbait ideia, iradokizun edo proposamen egin ditut, baina hori orientatiboa baizik ez da. Gustatuko litzaidake ariketa hori kolektiboki egitea, ideia zaparrada handiago bat sortzea, eta ideietatik ekintzetara pasatzea.

Eneko Bidegain eta Seitan taldea Maiatzaldian

Eneko Bidegain eta Seitan taldea Maiatzaldian

Bidegain

 

Eneko Bidegainek emanen dio jarraipena Maiatzaldiari. Gaur, 19:30ean, “Lurraldea eta herria” (Pamiela) aurkeztuko du Karrikiri euskal dendan.

“Liburu honetan lantzen dira lurraldearen batasunaren garrantzia, Euskal Herria herri batua izatetik herri zatitua bihurtu arteko mendez mendeko kronika, herriaren askatasun eta batasun egarria eta gaur egungo egoera administratiboak sortzen duen egoera arriskutsua, izan euskaldunen arteko harremanetan, kulturan, kirolean, erreferentzietan, hedabideetan, azpiegituretan, ekonomian, irakaskuntzan, zerbitzuetan eta abar. Halaber, oinarri edo abiapuntu batzuk proposatzen dira, herria hobeki artikulatzeari begira.” (http://enekobidegain.eus)

Eta ostegunean, maiatzaren 17an, 20:00etan, Donibane Garaziko Seitan taldeak kontzertua eskainiko du Zaldiko Maldiko elkartean.