Erkuden De Andres (Hegan&Dream)

Erkuden De Andres (Hegan&Dream)

Erkuden De Andres Imazekin egon gara hizketan.

Erkuden De Andres

Etengabe sortzen eta mugitzen ari den neska honekin kafe bat hartu dugu Katakraken, bere lokaletik metro gutxira, eta hizketaldiaren pasarte batzuk ekarri ditugu hona. Bere berri izan nahi genuen, eta Iruñeko Kale Nagusian duen espazio sortzaileari buruz datu gehiago ezagutu.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Guraso erdaldunak ditut. 3 urterekin, San Fermin Ikastolan hasi nintzenean, hasi zen nire erlazioa euskararekin. Eta harrezkeroztik mantendu izan dut euskararekiko erlazioa beti, bai prestakuntza mailan, baita laneko arloan ere. Unibertsitateko ikasketak euskaraz egin nituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Garai hartan, euskara hutsezko karrera bakarra zen. Antzerki ikasketak burutzen nituen bitartean AEKko irakasle izan nintzen Iruñeko euskaltegietan. Eta Madrileko egonaldian Euskal Etxean aritu nintzen klaseak ematen, eta euskarazko klase partikularrak ere ematen nituen. Behin Iruñera itzuli nintzenean eta Hegan&Dream sortu nuenean, argi nuen euskaraz izango zirela eskainiko nituenak.

Lagunekin, batzuekin betidanik, Altsasun (ama bertakoa dut) beti aritu gara euskaraz eta 
orain Iruñean gero eta gehiagorekin, ama izaten ari diren heinean euskara berreskuratzen ari dira eta. Puzzlea osatzeko, duela zenbait urte, anaiak esan zidan erabilera faltagatik euskara herdoiltzen ari zitzaiola, eta ea gure artean euskaraz egin genezakeen.
 Eta hor ari gara urteetako ohiturari buelta emanez.
 Beraz, gurasoek hartutako erabakiari esker, gero nire bide propioa eginez euskara modu naturalean sartu dut nire bizitzan, bai harremanetan baita lana lortzeko ere.

Irakasle, antzezle izan zara eta orain enpresari:

Behin ikastola amaituta, Haur Hezkuntza ikasi nuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hori amaitzean Nafarroako Antzerki Eskolan egon nintzen beste hiru urtez. Garai hartan AEK-ko irakasle izan nintzen Arrotxapean lehenbizi, eta Alde Zaharrean gero. 2006an Madrilera salto egin nuen antzerki munduan gehiago sakontzera. Jacques Lecoq-ren pedagogiarekin lan egiten zuen eskola batean egon nintzen ikasketak egiten. Ikasketaz gain, konpainia batzuekin ere aritu nintzen lanak taularatzen. Ia sei urte egon nintzen bertan finkaturik. Nahiz eta denboralditxo batean ere Iruñean ibili nintzen, Nafarroako Antzerki Eskolan irakasle lanetan eta Sakanan antzerki zuzendari gisa. Madrilen nengoela, Grey Elephant izeneko espazio sortzailearen parte izan nintzen. Proiektu horretan oinarritu nintzen Hegan&Dream sortzerakoan. Iruñera 2012an itzuli nintzen, eta urte hartako abenduan ireki nuen. Aurtengo eguberrietan hirugarren urteurrena ospatuko dugu.

Zer da Hegan&Dream?

Hegan&Dream espazio sortzaile bat da. Bertan ume eta familiei zuzendutako ekintza artistikoak burutzen ditugu, hala nola, Playgroup, Creative group, kanpaldiak (Gabonetan, aste santuan eta udan), musika kontzertuak, familian disfrutatzeko eta sortzeko tailerrak… Espazio goxo eta xumea. Hasieran helduei zuzendutako ekintzak ere proposatu genituen, hala nola, irakurketa taldeak euskaraz eta ingelesez, baina ez ziren atera. Agian, aurrerago, helduei zuzendutako ekintzak ere izatea lortuko dugu.

Lan talde bat zarete?

Teknikoki nik sortu nuen eta jabea ere ni naiz. Baina ez nago bakarrik, Liz eta biok egoten gara PlayGroup taldeekin, Hezitzaile Eskolako ikasleak gurekin izaten dira laguntzen, Creative Group taldeetan dabiltzanak, tailerretarako jende askoren laguntza dugu, bi arkitekto, nutrizionista-sukaldari bat… eta ezin aipatu gabe utzi gure ama, ia arratsaldero etortzen baita behar denarekin laguntzera.

Zer eskaintzen du ‘espazio sortzaile’ batek?

Orain, hiru zati bereiz daitezke. Batetik, PlayGroup dago, haur eskolaren alternatiba den 1 eta 3 urte bitarteko umeentzat zuzendua dagoen proiektua. Jolas talde elebidunak dira ingelesez eta euskaraz. Ingelesez Ingalaterrako Liz eta euskaraz ni neu. Goizez eta arratsaldez ditugu talde hauek. Bestetik, Creative Group deiturikoak ditugu. Hauek, 3-5 eta 6-8 urteko neska-mutilentzat daude pentsatuta. Ingelesez eta euskaraz. Baina ez gara akademia, eta ez dute fitxarik egiten. Murgiltze taldeak dira, eta etengabe jolasten eta sortzen aritzen dira, antzerkia dela, abestiak, sukaldaritza… Azkenik, asteburu batzuetan, familiei eskainitako ekintzak izaten ditugu, hala nola, tailerrak edota kontzertuak. Pena da, baina guraso batzuek ez dute haien umeekin jolasteko edo gauzak egiteko aukerarik. Ekintza horiekin elkarrekin ongi pasatzea eta zerbait sortzea lortu nahi da. Kasu honetan, euskara eta ingelesaz gain, gaztelania ere sartzen dugu aktibitateetan, tailerra aurrera eramaten duenaren ama hizkuntzaren arabera.

Zergatik ez da PlayGroup haurtzaindegi bat?

Lehenik eta behin, esan nahi dut ez nagoela haurtzaindegi edo haur eskolen kontra. Besterik gabe, alternatiba bat da. Mila arrazoirengatik umea haurtzaindegira bidali ez duten horientzat aukera bat da.

Gurera etortzeko umeek urte bat eduki behar dute, hau da, zutik eta oinez autonomoki mugitu behar dute. Baina gero ez ditugu adinka bereizten, 1 eta 3 urte bitarteko neska-mutilak nahasten ditugu, talde misto eta heterogeneoa izanik. Gero erabat elebiduna da, euskaraz eta ingelesez. Lehen aipatu bezala, bi natibok emana bai ingelesez eta bai euskaraz. Puntu hau izaten da gurasoentzat konplikatuena, duda gehien sorrarazten diena. Baina ume batek ez du inolako arazorik 5 hizkuntza ikasteko. Gakoa da, erreferente argi bat izan behar duela beti. Berehala antzematen dute helduaren hizkuntza naturala, horregatik hor finkatzea ezinbestekoa da. Gure kasuan, argi dugu, Lizek beti ingelesez eta nik euskaraz. Umeek berehala ikasten dute diskriminatzen. Kasu esanguratsu bat aipatuko dizut. Bikotea Iruñea-Italia; aita italiarra eta umeari italieraz egiten dio, ama Iruñekoa baina erdalduna, gaztelaniaz beraz, eta kezka zuten PlayGroup horretan ingelesez eta euskaraz aritzerakoan umeak izan zitzakeen arazoekin. Eta ez da inolako problemarik egon. Alderantziz, oso ongi joan da dena.

Parte hartzeko modua ere desberdina da, modulu ezberdinak aukera daitezke, 3, 4  edo 5 orduko taldeak, astean 2, 3 edo 5 egunez. Malgutasun handia dago, eta ez dago umea egunero ekarri beharrik. Adibidez, orain gertatzen den egoera bat da, ume bakarra izatea eta 3 urteko eskola hasi aurretik ia ez dela amaren altzotik atera. Kasu horietarako oso baliagarria izan daiteke aukera hau, beste ume batzuekin taldean egoteko ohitura hartzen joateko. Baina esan bezala, ez du zergatik egunero izan behar, ezta egun osoz ere.

Bereizgarri gisa lan egiteko modua ere aipatu nahi dut. Dena mundu sentsorialetik egiten dugu. Etengabe ari gara prozesu sortzaileak jartzen, bai musikarekin, dantzarekin, eskulturarekin. Nire bi ikasketak uztartzen ditut horrela, irakaskuntzakoak eta antzerki mundukoak.

Izen emateko eperik baduzue?

PlayGroup-etan izen emateko nahi dutenean etor daitezke, ez dugu matrikulazio datarik, taldea bete arte beti dago aukera, iraila izan edo urtarrila izan. Creative Group taldeak urrian hasiko dira eta matrikulazioa irailean izango da. Taldeak euskaraz eta ingelesez eskainiko dira aurten ere. Euskaraz jartzearena nire apustu pertsonala da, iruditzen baitzait, nahiz eta gero eta euskara hiztun gehiago dagoen eta euskara gehiago entzuten den, umeentzako euskarazko aisialdia ez dagoela erabat garatua. Baina ingelesaren indarra handia da. Begira, iaz ere euskaraz eta ingelesez eskaini genituen, eta guraso talde batek ingelesezko beste talde bat galdegin zidan. Horrela, ingelesezko bi taldeak bete ziren, eta euskarazkoan bi ume izan genituen. Ea kurtso berri hau nondik doan, esan bezala, aurten biak eskaintzen jarraituko dugu ingelesez eta euskaraz.

Informatzeko gure webgunea ikus dezakete (www.hegandream.com), email bat bidali: info@hegandream.com , edota 948 045 681 – 679 404 596 telefonora deitu. Lekua eta lan egiteko modua bertatik bertara ikusteko, inongo arazorik gabe espaziotik pasa daitezke.

Amaitzeko, gustuko dugun galdera bat zuri ere, baduzu liburu gomendiorik?

Euskaraz irakurri nuen azkenekoa Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea izan zen. Asko gustatu zitzaidan, baina duela zenbait denbora izan zen hura… Orain esku artean Walden liburua daukat Henry David Thoreau-rena. Hezkuntza musikalari buruzko liburu bat ere ari naiz irakurtzen. Eta gero marrazkiz osatutako Conrad Roset-en ipuin laburren bildumatxo bat ere badut esku artean.

Baina liburu bat aipatzekotan, Momo aipatuko nuke. Hori da nire libururik gustukoena. Aspaldi irakurri nuen, eta aurten bigarren eskuko liburu denda ireki zutenean, bertaratu eta erosi nuen. Berriz eskutan hartu eta gozada bat izan zen irakurtzea.

Helbidea: Hegan&Dream, Kale Nagusia 50. Iruñea.