Mirande (Elena Setien, Grande Days eta Xabier Erkizia)
Elena Setien abeslari eta konpositorea, Grande Days post-roc taldea eta Xabier Erkizia soinu ekoizlea elkartu dira Jon Mirande idazlearen poemak musikatu eta MIRANDE izeneko biniloa argitaratzeko. Elena Setien eta Grande Days Beasaingo Igartza jauregian emandako kontzertu batean elkartu ziren, eta hor sortu zen Miranderen olerkiak musikatzearen ideia. Idazlearen poemak gutxitan musikatu izateak eta askoren begietan “poeta madarikatu” den Miranderen unibertsoan barneratzeko gogoak animatu zituen proiektuan murgiltzera.
Diskoan Mirandek jorratzen zituen gai deserosoak musikara eramateko erronka hartu dute. Bertan, plazerak eta erresuminak bat egiten dute. Sortzaile taldeak sentimendu zatar hoietan arakatu du, eta prozesua ez da omen izan atsegina beti, eta horren islada diskoan dago, bertan edertasuna, tentsioa eta zatarkeria bezalako izaerak elkartu baitira. Xehetasun eta argi-ilun guztiak antzemateko, arreta osoz entzun behar den diskoa dela diote sortzaileek.
Jon Mirandek erabilitako metrikak eskandinaviar poesiarekin zerikusi handia omen du, eta Elenak azken hau oso ezaguna duenez (Danimarkan 13 urtez bizi izan da) abestiak konposatzerakoan, sortze oso naturala eta erraza izan zela onartu du. Gainera, Grande Days taldeak soinua erabat bateratua izatea dute bertute, eta proiektuari ahalmen hori transmititu dio laukoteak.
Azkenik, Xabier Erkiziak ekoizpen lanak egin eta ahotsa ere ipini du kantaren batean, ohikoak dituen elektronika ukitu bitxak gehitzeaz gain. Azken honek, lortu duten musika estiloa pop musikaren barnean kokatzen du, nahiz eta esperimentazioaren bidetik joan diren. Beñat Sarasola idazleak testu bat idatzi du proiekturako eta Koldo Almandoz zinemagilearen kolaborazioa ere izan da. Argitarapena Forbidden Colours zigiluarekin egin dute.
Hemen eskuragai.