Yeray Rodriguez. Karrikiri Antzerki taldeko kidea
Tirriki tarraka, egin du bigarren kurtsoa Karrikiri Antzerki taldeak Jaione Urtasunen gidaritzapean. Talde sendoa osatu dute, eta datorren kurtsoan jarraitzeko asmotan dabiltza. Lotsagabeak antzerki lana aurkeztu zuten ekainaren 22an, eta aurreko egunetan egon ginen Yerairekin solasean. Datorren kurtsorako bi talde izatea hobeto legokeela uste du berak. Adi, beraz irakurle, antzerki taldean sartzeko gogotan bazaude, aukera polita izango duzulako datorren urtean ere.
Zein da zure historia pertsonala euskararekin?
Ni Donostiarra naiz, Gros auzokoa, baina gurasoak ez dira euskaldunak. Aitak bezala, Groseko Mariaren Bihotza ikastolan ikasi nuen. Nire kasuan, euskaraz. Auzoan eta lagunekin euskaraz aritu izan naiz beti. Bizitzako gora beherengatik aita Bergara joan zen, eta bertan urtebete egon nintzen berarekin. Aurrerago, unibertsitate garaian, pisukide bizkaitarrak izan nituen. Horregatik guztiagatik, nire euskarak bizkaieraren ikutuak ditu. Duela 9 urte hilabetez egon nintzen Volkswagenen lanean, baina duela bi urtetik Iruñean dut finkatua bizitokia. Iruñearekin maiteminduta nabil, oso gustura bizi naiz hemen. Karrikiriren zerbitzuari esker pisua topatu nuen Tejeria kalean lehenbizi, eta gero Zabalgunean. Lizarran nago Teknologia eta Informatika irakasle moduan eta hemen jarraitzeko asmoa dut.
Antzerki munduan bazenuen esperientziarik?
Ez, ez. Egia esan, nahiko teatreroa izan naiz beti, beti antzerki munduan ez naiz sekula ibili. Nik antzerki taldean zebiltzan lagunak nituen, eta abenduan Durangoko azokara joateko irteera antolatu zuten, gauzak okertu eta Donostian agertu ziren. Niri deitu eta haiekin elkartu nintzen. Antzerki taldean gustura zebiltzala eta euforia horretan ni ere animatu nintzen. Abenduko ostegunetan ezin izan nuen joan, kurtso bat egiten ari nintzelako, baina urtarriletik aurrera zintzo demonio agertu nintzen.
Zer moduz joan da tailerra?
Oso ongi. Benetan. Talde polita osatu dugu. Adin eta jatorri ezberdinekoak, eta talde aberatsa eratu dugu. Giro ona sortu dugu. Guztira hamaika ginen, eta Jaionerekin dozena. Tailerraz gain, bestelakoak egiten genituen elkarrekin. Adibidez, Antzerki Arora joan izan gara. Hasiera batean jokoak eta ariketak egiten genituen, eta gero obra jakin bat hasi ginen prestatzen. Nik pila disfrutatu dut, pentsa, desioz nengoen osteguna noiz iritsiko.
Lotsagabeak prestatu duzue
Obra horren egokitzapena egin dugu. Jaionek moztu eta egokitu du. Antzeztokietan Gorka Otxoak eta Miren Ibargurenek antzeztu izan dute obra hori. Sexuaren inguruko zenbait topikoren inguruan eszena barregarriak dira. Tailerraren helburua ez zen obra bat antzeztea, ongi pasatzea baizik. Hori argi geneukan. Baina egia da, obra bat prestatzeak zentzu bat ematen diola kurtsoari.
Datorren urtean jarraitzeko asmorik?
Ni prest. Taldea ateratzen bada bai. Ondo legoke bi talde eratzea. Agian aurten talde handiegia zen eta errazago litzateke, bi taldetan banatzea eta talde bakoitzean 7-8 pertsona egotea. Nik uste aurten arituko garenok jarraituko dugula, eta baten bat gehiago batuko zaigula ere. Lagunen bat seguru aski apuntatuko dela, enbidia ematen geniola esaten zigun eta animatuko zela bera ere. Gainera, Jaione gurekin pozik aritu dela uste dut. Normalean gaztetxoagoekin ibiltzen ohituta dago, eta helduekin aritzerakoan gauzak beste modu batean egin daitezke, beste jarrera bat dugulako. Ezberdina.
Liburu edo musika gomendiorik?
Egia esan ez dut asko irakurtzen. Durangoko azokan liburu pila erosi nuen eta ez dut bakarra ere irakurri. Orain, euskal literaturako mitikoekin jarri naiz. Ramon Saizarbitoriaren 100 metro ari naiz irakurtzen. Eta erosi dudan azkeneko diskoa, Karrikirin gainera, Huntza taldearena izan da. Ez bat, bi erosi nituen. Lagunak Baigorrira joatekoak ginen, bi autotan, eta biderako musika hau erostea otu zitzaidan, bata gure autorako eta bestea Enekoren autorako. Eneko ere antzerki taldean dabilen adiskidea da. Esan behar dut diskoa gustatu zaidala, Aldapan gora abesti ezaguna baina gehiago dela eta baduela bere xarma.