Aho Uhal (Olatz Salvador)
2018an bakarlari moduan Zintzilik diskoa kaleratu zuen Olatzek, eta orain argitaratu berri du Aho Uhalak proiektua, 12 kantu biltzen dituen disko borobila. Nahiz eta Olatz den proiektu honen protagonista, ez da bakarrik ibili bidean. Izan ere, maila handiko artistaz inguratu da donostiarra, haien artean Rozalén, Idoia Asurmendi, La Mare edo Ivan Ferreiro musikarien kolaborazioak batu ditu. Gainera, Ane Labaka (Gelditu hor) eta Alaia Martinen (Ahots hori) hitzei musika jarri die Olatzek. Salvadorrek dio intentsitate aldetik diskoa mendi baten antzera dela berarentzat, lasai hasi, igoera tontorreraino eta gero buelta xamurtasun eta atmosfera baketsuetara.
Kanta batzuetan izaera gogorrarekin azaldu da, instrumentazio bortitzagoetaz lagunduta eta bestetan berriz piano soil baten laguntzaz biluzten da abeslaria. Ez Garen Gu kantan adibidez Garazi Esnaola lagunmina gonbidatu du pianoa jotzera, bien artean emaitza paregabea lortuz. Pablo Novoa ekoizlea ibili da Olatzen ondoan Aho Uhal sortzerako unean eta Airaka zigiluarekin argitaratu den diskoa Haritz Harreguyren estudioan grabatua izan da.
Hemen eskuragai.