Kantaita Enea zigiluak argitaratu du Benito Lertxundiren bilduma berria, “Ospakizun gauean” izenekoa. Hamar kantuz osatua dago, desikastearen beharraz edota senari arreta jartzeaz ari zaigu kantaria bere azken lanean. J. Bucay eta F. Pessoa idazleen hitzak aukeratu ditu zenbait kantu sortzerako orduan, “Isil isilik”, “Nahiago nuke” eta “Ibertzean” izenekoak.

J. Maiak Ternuatik ekarritako kantu bat ere bildu nahi izan du, “Kimu bat zuhaitzan” izeneko kantua, bere garaian Allan Rankin abeslari kanadarrak sortua. Kantu hau izan da, hain zuzen ere, sarean promozio gisara erabilitakoa.

Lertxundiren hamazazpigarren disko luzea da. Aurreko guziak Elkar etxeak ekoiztu ditu, oraingoan ordea, ekoizpen lana berak aurrez sortutako “Kantaita Enea” zigiluak plazaratu du; arrazoi nagusia obraren jabetza da, bere esanetan, sentsazioa baitu urteetan kantuak ia opari eman direla. Gustu handiz eta txukun egindako kantuak dira Oriokoak eskaini dizkigunak.

Hemen eskuragai.