mjose-aguayoDuela gutxi egin da Karrikiriko bazkide Marijose. Baina urte batzuk daramatza laguntzen eta kolaboratzen. Haren esperientzia eta ikuspegia ekarri nahi izan ditugu, Karrikiriko bazkide eta kolaboratzaile izatea zer den, baina batez ere zertarako balio duen ongi azaltzen duelako. Bere prestutasuna eta jakintzari esker elkarteari bultzada sendo bat eman dio eta etorkizunerako oinarri sendoak jartzen lagundu du. Elkarrizketa bat merezi zuen eta hemen duzue emaitza.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Lau urte nituela familia Gipuzkoara bizitzera joan ginen. Garai hartan ikastetxe publikoetan euskara irakasgai bat bezala irakasten zen, eta hiru ahizpok ikasketak erdaraz egin genituen. Ama hizkuntza gaztelania izan zen eta gurasoen etxean gaztelaniaz  hitz egiten genuen. Gainera, txikitatik ikasketak erdaraz egin nituenez, bai etxean bai kalean lagunekin erdaraz komunikatzen ginen.

Unibertsitatera ailegatu nintzenean euskara ikastea erabaki nuen, eta HABEko euskaltegian hasi nintzen. Hiru edo lau urtez egon nintzen bertan,  ez naiz zehazki oroitzen. Eta horrela kalean nahiz lanean euskaraz hitz egiten hasi nintzen.  Nola nahi ere, inoiz ez dut beldurrik izan euskaraz mintzatzeko. Nik hizketan hanka sartzen nuen arren, euskaraz hitz egiten bazidaten, nik euskaraz erantzun behar nien.

Zoritzarrez, zailena eginda nuenean, euskaltegia uztean, lana aldatzean eta, zergatik ez onartu, niretako gaztelaniaz mintzatzea euskaraz baino errazago zelako, euskara gero eta gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Eta hizkuntza bat erabiltzen ez baduzu, galtzen da!

Baina, inoiz berandu ez denez, orain dela bi urte eta erdi berriro hasi nintzen ikasten, nire euskarari bultzada bat emateko barnetegi batera joan nintzen hiru hilabetez. Bueltatzean, euskaltegian hasi nintzen eta aurten ere jarraitzen dut C1eko mailan. Kontent nago, gero eta gehiago mintzatzen naiz, eta nire ustez, Nafarroan gero eta gehiago erabiltzen da.

Duela gutxi egin zara Karrikiri elkarteko bazkide.

Esan dudanez, orain dela hiru urte aldera berriro hasi nintzen euskara ikasten. Ordurako, nik Karrikiri elkartearekin harremanak  baneuzkan, nire bikotekideari esker, bera jadanik bazkide zelako. Hasieratik Karrikiriko jendearekin gustura sentitu nintzen, denborarekin harremanak handitu ziren, eta pixkanaka-pixkanaka kolaboratzen hasi nintzen, laguntza behar zutenean. Agian horregatik badakit zein garrantzitsu diren bazkideak Karrikiri elkartearentzat, eta horregatik elkarteko bazkide izatea erabaki nuen.

Bazkide bakarrik ez, kolaboratzaile ere bazara

Gaur egun Karrikirik proiektu asko dauzka Nafarroan euskara bultzatzen jarraitzeko, eta proiektu guztiek dirua behar dute. Horregatik garrantzi handia dauka euskararen aldeko jaietan Karrikiriren presentziak. Karrikirik euskaldendako postua jartzen du. Horrekin, Euskal Herriko jendeak Karrikiri denda eta elkartea ezagutzea eta dendako salmentekin dirua ateratzea lortzen da. Horretarako hainbat kolaboratzaile behar dira, eta ni horrela hasi nintzen kolaboratzen.  Beste aldetik, ekonomiaren arloan nire esperientzia laboralagatik  nire ekarpena ere eskatu zidaten, eta ni pozik laguntzeagatik.

Eta egiten duzunak zer ematen dizu zuri?

Karrikirin kolaboratzailea izateak jende euskalduna eta jatorra ezagutzeko balio izan dit.  Karrikiri elkartearen bidez, beste elkarte euskaldun batzuk ere ezagutu ditut. Euskararen kultura ezagutzen ere lagundu dit. Eta batez ere, nire eguneroko bizitzan euskarari lekua jartzeko balio dit.

Bazkide berriak nahi ditugu Karrikirin, nork egin beharko luke bazkide?

Euskaraz hitz egiteko gogoa duen edozein pertsonak. Euskararen mailak ez du inporta, bazkide berriak gogoak besterik ez ditu behar. Nik aprobetxatu nahi dut elkarrizketa honen irakurleak  bazkide izatera ez ezik, kolaboratzera ere animatzeko, jende gehiago behar dugulako proiektuak aurrera eramateko.

Azkenik, baduzu liburu edo disko gomendiorik?

Zea Mays gustatzen zaidanez, disko berria gomendatuko nuke, “Harro” titulupean. Azaroan aterako da merkatura.