Larraitz

 

 

Nafarroa Garai mailan Euskaraldiaren koordinazio lanetan dabil Larraitz Amadoz, Euskaltzaleen Topaguneak Atarrabian duen egoitzan hain zuzen ere. Euskaraldia hedatu eta ekimena aurrera ateratzeko ematen ari diren pausuak azaldu dizkigu Larraitzek, besteak beste.

– Zein da momentu honetan zure eguneroko eginkizuna?

Oraintxe bertan herriz-herri gabiltza aurkezpenak egiten, Euskaraldiaren berri ematen diegu herritarrei. Deialdi orokor bat egiten da tokian tokiko euskara zerbitzutik eta herriko norbanakoei, eragileei, kolektiboei, eta Udalari gonbidapena luzatzen zaie. Aurkezpen hauen helbururik garrantzitsuenak Euskaraldiaren berri ematea eta batzorde bat eratzea izanen lirateke.

Euskara zerbitzua duten ia herri gehienetan izan gara orain arte, eta oso harrera ona egin digute. Leku askotan dinamika martxan jartzeko gogotsu daude, eta askok dagoeneko batzordea eratu eta izena eman dute egitasmoan. Iruñea, Lizarra, Lakuntza, Eguesibar, Galarreko Zendea, Irurtzun, Arbizu, Bidaurreta, Lesaka, Baztan, Aranguren, Egillor, Viana, Atarrabia, Esteribar… zerrenda geroz eta handiagoa bilakatzen ari da. Euskararen alde egotetik, haren alde egiteko urratsa askok eman dute.

– Behin herrietan batzordeak sortuta, zein da hauen lana?

Batzorde bat eratzeak, dinamika martxan jarriko dutela esan nahi du, konpromiso hori hartuko dutela alegia. Batzorde hauetako partaideak orotarikoak dira, herritar norbanakoak, hautetsiak, euskara teknikariak, eragileetako kideak. Batzordearen eginkizun nagusia dinamika herrira egokitzea da. Aurkezpena eta gero, bigarren saio bat egiten dugu batzordea osatu duten herrietan.

Bertan, Euskaraldia bitarteko, garai desberdinak lantzen ditugu: Euskaraldia nola gauzatu, nola zabaldu dinamika, norengana iritsi behar diren. Hau dena prozesu parte hartzaile baten bidez egiten da, saio arina izatea da gure xedea. Kronograma bat erabiltzen dugu batzordeko kideek egitasmoa koka dezaten.

– Imaginatzen dut hemendik eta Euskaraldiak hartuko dituen 11 egun horiek bitarte prestakuntza edo formazioren bat egonen dela parte hartzaileendako. Hala da?

Bai, halaxe da. Uda bitartean hainbat formazio saio eskainiko ditugu, batzordeko kideei zuzenduak izanen direnak. Hala ere, Euskaraldian parte hartu nahi duen edozein ongi etorria izanen dela adierazi nahi dugu Topagunetik.

Maiatza bukaeran, euskaraldiaren diskurtsoa lantzeko mintegi bat eginen dugu Iruñean eta saio honetara Nafarroako batzorde guztiak gonbidatuko ditugu. Oso topaketa interesgarria izanen da elkarren berri izateko leku aproposa izanen delako.

Eta bestalde, ekainaren erdialdean, Euskaraldiko ahobizi eta belarriprest bi figura garrantzitsuenen inguruko tailerra emanen dugu. Saio hau ere batzordeko kideei zuzendua izanen da, Euskaraldia iritsi bitartean beraiek ere prestatzaile izateko aukera izan dezaten. Iruñean eginen dira formazio saio hauek, hala ere, Euskal Herri mailakoak ere eginen dira, eta denetan parte hartzeko aukera izanen da.

gaia72504_02

– Noiz eta nola eman ahal izanen du norbanakoak izena ekimenean parte hartzeko?

Oraintxe bertan herrien izen ematea irekita dago. Apirilaren 8a bitartean herriek, eskualdeek, hiriek, izena eman dezakete dinamika martxan jarri dezaten. Euskaraldia.eus web orrialdearen bidez egin daiteke. Batzordeak, lehen esan bezala, guztiz irekiak dira partaideei dagokienez, ilusio eta gogoa duen oro ongi etorria izanen da.

Herritarren izen ematea, berriz, irailetik aurrera izanen da. Ahobizi eta belarriprest moduan izena emanen dute norbanakoek. Gainera, Tokian tokiko batzorde bakoitzak kudeatuko du herritarren izen ematea.

– Behin egitasmoa gauzatuta, zer edo zer pentsatua al du lan ildo honek etorkizunera begira?

Haimaka egun euskaraz, Euskaraldia alegia, etorkizunera begiratzen duen dinamika da. Hamaika egunetan pertsona jakin batzuekin euskara hitz egiteko ohiturak astintzeko helburua dugu.  Zergatik ez dugu hamabi, hamahiru eta hamalaugarrenean jarraituko? Edota urteko 365 egunetan eginen?

Euskarak 365 egun proiektutik ateratako egitasmoa da Euskaraldia eta lan progresibo horri eutsi nahi dio dinamika berri honek. 2019an entitateek urratsak ematea bultzatu nahi da. Hamaika egun horiez haratago begiratu nahi dugu, ohitura horiek aldatuz eta mantenduz, etorkizunera begira.