244. Karrikaren iritzi atalean argitaratutako testua.

Jakin 235. zenbakitik, 2019ko azaroa/abendua, hartua.

Inposizio’ hitza nola desaktibatu

Oharkabe samarrean pasa bada ere, lan esanguratsua argitaratu zuen Nafarroako Gobernuak iazko irailean, Xabier Erize soziolinguistaren eskutik: Euskararen inguruko adostasun sozial berrietarako azterketa soziolinguistikoa Nafarroan. Ahalegin ez txikia eskatuko zuen lanak, ez dut zalantzarik, nahiz eta konbentzituenak ere aspertzeko modukoa izan daitekeen gaia: «ba al dago zoru komunik euskara bultzatu nahi dutenen eta euskara bere horretan, bere esparruan, bere kaiolan utzi nahi dutenen artean?». Aspertzeko modukoa, diot, gaiak –artikulu, solasaldi, jardunaldi, mintegi, gradu bukaerako lan, graduondoko, master, liburu, argitalpenzientifiko, manifestu eta manifestazio ziklikoen helburu izan arren– ez duelako aurrerabiderik, ez duelako ikerketa guztiei exijitu ohi zaien aitzinamendurik topatzen. Eta, hala ere, jende asko kezkatzen du, eta politikoki lehen mailakoa da.

Oraingo ahalegin honetan, «adituen talde-dinamikekin egindako ikerketa soziolinguistiko kualitatibo bati dagokion metodologia» erabili ondoren, emaitzak «diskurtsoen analisiarekin eta inkesta soziolinguistikoen ustiaketarekin» konbinatu ziren. Alegia: aditu batzuk elkartu ziren (hogeita lau), eta entzundakoa eta esandakoa soziolinguistikaren begiradapean analizatu zen gero.

Erizek berak aitortu zuen, liburuan idatzitako aitzinsolasean, oinarrizko hiru ideiaren inguruan lortu zela adostasuna: eradaldunen eta euskal hiztunen arteko errespetuak egon behar du; euskara babestu eta sustatu behar da, baina borondatez; dinamika eta asmoa bera, hau da, desberdinen arteko elkarrizketa ziurtatzeko espazioak sortzea, oso positibotzat jo zuten.

Laburbildu dezagun geuk: borondatean oinarritutako sustapen adostua da atzeman daitekeen zirrikitu bakarra, sentsibilitate guztiak errespetatu nahi baldin badira. Eta ondorioak, logikoak izan arren, etsigarri samarrak dira: 1: ezin da talkarik egon; 2: ezin da gehiengoak nahi ez duen egoera baterantz bultzatu; 3: ezin da proaktiboa izan, edo ausarta, ezin direlako esperimentuak egin; 4: ezin da gutxiengoaren mesedetan jardun.

Borondatea eta adostasuna da, beraz, inoiz ahaztu behar ez den mantra. Ezin da inor behartu, beraz. Gehiengoak eti izango du azken hitza, beraz. Statu quo-a aldatzeko tarterik ez, beraz. Ez espero aldaketa esanguratsurik hurrengo urteetan, beraz.

Ez da sorpresa handirik, bagenekien lehenagotik ere. Baina deigarria egin zait inposizio edo inposatu hitzek (premia larriz disekzionatu beharko litzatekeen kontzeptua) zer nolako nagusitasuna hartu zuten dinamikak iraun zuen bitartean: prozesu osoa esplikatzen duen txosten idatzian, hirurogei aldiz errepikatuta dago ideia hori. Badirudi, gainera, hura izan zela desadostasun handiena eragin zuen kontzeptua. Batez ere lanpostu publikoetan eskatu beharreko hizkuntz profilaren gaia mahaigaineratu zenean ageri zen. Desadostasun hori hitzetan jartzea eskatu zitzaienean, adituek hainbat eratara laburbildu zuten ideia; bi esaldi dira nahiko adierazgarriak (biak gaztelaniaz jatorrian):


Azken bi urteetan egindako aldaketak oso
txikiak iruditzen zaizkit, eta inposizioaz
hitz egiteak… kezkatu egiten nau.


Politika guztiek dute, segur aski, inposizio
ukitu bat, Zirkulazio Kodeak… Galdera da
gizartea zenbateko inposizioa onartzeko
prest dagoen; gizartea noraino sentitzen
den eroso inposatzen zaizkion gauzekin.
Jendeak, eroso sentitzeko, sentitu behar
du hortik aurrera pauso bat lortuko duela.
Bestela, bai, sentituko du inposatzen
zaiona bere borondatearen aurka doala.


Disekzionatu beharko genuke inposizio hitza, bai. Ulertu zer ezkutatzen den haren atzean. Zergatik, Nafarroan, euskararekin erabiltzen den mamu hori, eta zergatik ez zaion beste hamaika inposiziori aplikatzen: matematikak ikasteari, esaterako.

Gorroto hitza erabiltzen dugu, maiz, esplikazio bila hasten garenean. «Euskara gorrotatzen dute»; edo: «oraindik autogorroto dugu». Seguru nago beldurraren bidez analizatzen saiatuko bagina, azterketak beste pista batzuk emango lizkigukeela. Eta errazago egingo litzaiguke, gainera. Beldurra errazago desaktibatzen delako gorrotoa baino. Asmatu beharko genuke beldur hori desaktibatzeko moduko neurriak proposatzen.

Lotu dezagun hizkuntza esperientziarekin

Arazo potoloa baitaukagu Nafarroan: inoiz baino handiagoa da euskararen kontrako jarrera. Ez, ez da hori: inoiz baino handiagoa da euskararen sustapenaren kontrako jarrera. Ñabardura garrantzitsua da, ez genuke bistatik galdu behar: jendea ez dago, oro har, hizkuntzaren kontra; bai, ordea, hizkuntzak espazio berriak irabaztearen kontra, batez ere bere espazioan sartzen denean, noski.

Jarrera hori beldurrarekin lotzen baldin badugu, uste dut sendabidea erraz ulertzen dugula denok. Zeri ohi diogu beldurra? Ezezagunari, arrotzari. Ezagutzaren eta hurbiltasunaren bidez indargabetu daitezke beldur batzuk. Horregatik, politika iraultzailea litzateke Nafarroako gazte guztiak euskararekin harremanean jartzea irakaskuntza arautuaren bizitzaren uneren batean. Formula ugari daude horretarako, eta Valentzian martxan jarri dutena ez da txarra: ikastetxe bakoitzak dauka hizkuntza eredua hautatzeko eskubidea, baina denetan ziurtatuta daude hiru hizkuntzaren ezagutza, graduazio ezberdinekin: valentziera, gaztelania eta ingelesa. Sekulako aldaketa litzateke hori Nafarroan, eta hizkuntza komunitatean uste baino adostasun handiagoa egon liteke;
baina oso urrun gaude, politikoki, hortik. Eta, gainera, miseria: hori ez dugu arazo bakarra.

Eragile asko ari dira ohartarazten gero eta gaitasun maila txikiagoa dutela gazteek euskaraz. Ez da kontu berria, aspaldian jo zuten alarma, baina oraingo tamainan ez omen da inoiz ikusi. Bizitza osoa euskaraz ikasi dutenei buruz ari gara. Badirudi gabezia hori lotuta egon daitekeela komunikatzeko moduarekin. Badakigu zein garrantzi duten hozkotasunean plazak, kaleak, hizkera ez formalak garatzeko espazioek. Eta plaza galdu egin dute oraingo belaunaldi gazteek. Pantaila bidezko komunikazioa hegemoniko bilakatzen ari da edo bilakatu da, eta hor euskarak ez du tokia aurkitzen. Edo oso inguru zehatz eta minoritarioetan baino ez ditu oasi txikiak aurkitzen.

Gainera, hizkuntzak galdu omen du esperientzia edo kontzientzia zehatz batekin identifikatua izateko gaitasuna. Esperientziak eta kontzientziak, une honetan, beste batzuk dira gazteentzat, ez datoz euskararen bidez. Horregatik, berebiziko urgentzia dauka esperientzia horiek berreskuratzen ahalegintzeak. Zer dauka euskarak gazteei eskaintzeko, plaza ez bada? Eskaini ahal die haiek maite dituzten gauzekiko harreman berri bat? Esaterako, musikarekin, edo ikusentzunezkoekin, edo sare sozialekin? Probatu beharko genuke euskara esperientziaren bidez erakusteko moduko sistema berri bat. Asmatu beharko genuke esperientziarekin lotutako diziplina horiekin sare iraunkor bat nola sortu eta hezkuntzarekin nola lotu.

Hitzak erreka bezain gardenak

Bere azken liburua aurkezteko Iruñean egin zuen jende aurreko aurkezpenean, Bernardo Atxagak berretsi zuen azken liburua izango duela Etxeak eta hilobiak. Gero berehala esan zuen beste testu batzuk bazituela, eta seguru nago argitalpen berriak ezagutuko ditugula, baina iruditu zitzaidan benetan zirkulua ixten ari zela esan nahi zigula, esan zuenean Obabatik gauza asko zituela azken liburu horrek.

XIX. mendeko idazlea iruditzen zait Atxaga. Zentzu zabalean. Badu literaturaren funtzioarekiko ikuspegi klasikoa: liburuen eta irakurleen arteko lotura behar-beharrezkoa da; irakurleak osatu behar du idazleak idatzitakoa; mundua interpretatzeko saiakera egin behar du idazleak. Funtzioa, ahalegina, helburua: literaturak zerbaitetarako balio du; irakurleak esperientzia izan behar du liburuarekin; idazleak ardura dauka bere garaiarekiko. Kontzeptu ia erromantikoak dira, eta erakusten dute idaztearen aldeko hautu oso kontzientea. Atxagak badu, gainera, hizkuntzarekiko konpromiso oso indartsua, eta badu, era berean, ahozkotasunarekin lotzen duen korronte sakona, antzinakoa.

Azken liburua bada, eta zirkulua ixten ari baldin bada, badirudi balantzea egiteko garaia dela, eta ez dakit zer berreskuratuko lukeen Atxagak Obabaren mundu hartatik, baina galdera hori egingo nioke grabagailuarekin aurrean edukitzeko aukera banu. Seguru asko idazle handia da hain zuzen ere Obabatik datorrelako, Obaba interpretatu duelako eta Obabarekin hautsi nahi izan duelako, baina ez daukat zalantzarik hizkuntza basa, bizia, errekako ura bezain garden hori salbatu nahiko lukeela berak antzinako mundu hartatik, aukera emango baliote, edo galdetuko baliote.

Hizkuntza garbi horrek erraza ematen du, eta denik eta zailena da. Antzeman egin nion kutsu hori Miren Amurizaren Basa eleberriari, aurtengo irakurketen artean gustu ona utzi zidan bat. Antzeman nion egileari gogoa hitzak jolasean jartzeko eta, era berean, halako zorroztasun ia luteranoa esan nahi zuenari zuzen, itzulingururik gabe, jarraitzeko. Lerro bakoitza hilarri batean zizelkatu nahiko balu bezala. Irauten duten lerroak dira itxuraz gardenenak eta garbienak direnak.

Hilarri artean sare bat

Hilarriak hizpide: oporretan ginen udan Frantziako Pirinioetatik hurbil, jende uholdetik ihesi, eta Banhèras de Luishonerako bidean geundela (halaxe idazten dit Google Mapsek, pentsatzen dut ez naizela bakarra izango), presarik gabe, Saint Bertrand-de-Commingesen seinalea ikusi genuen.

Ez genuen ezer prestatuta lehenagotik, ez zegoen erabakia hartuta, baina desbideratu ginen asko pentsatu gabe. Euria ari zuen teilatu guztietatik behera, eta herriko bi tabernetan bina kafe hartu ondoren, kotxera bueltan, kale kantoi baten ondotik etxe dotore bat ikusi eta ‘Museoa’ irakurri genuenean, sartu egin ginen. Eskualdeko aztarnategietan bildutako harri multzoak ziren han eta hemen, herriaren beraren garai bateko antolamendu erromatarraren plano bat ere bai, esplikazio ugari tartean.

Paretetan idatzitako testu anonimo horietako batean irakurri genuen inguruko hilarrien bilduma handi samarra gordetzen zute museoan, eta inguruan bisitari gehiago ez zegoela ikusirik, eta han ziren bi langileek abuztuko egun euritsu batean lan handirik ez zutela iritzita, gure frantsesaren amaraunei astindu lotsagarri samarra eman eta galdetu egin genien ea non zeuden «euskararen arrastorik zaharrenak omen dituzten Akitaniako hilarriak». Galderak bazuen probokaziotik zerbait, garai bertsuan prentsan zabaldu baitzen Soria inguruko lurraldeetan aurkitutako hilarrietan Antestius Sesenco izeneko baten erreferentzia zegoela, K.o. I. edo II. mendekoa edo. «Euskara ez dago hilarri horietan, akitanierazkoak izan daitezkeen antroponimoak baizik», erantzun ziguten bi kontserbatzaileek, batera ia. Ados, touché. Baina non daude? «Hemen behean, sotoan». «Ez, ezin dira ikusi, gure funtsaren parte dira». «Ez, ez dago beste museorik horrelako bilduma duenik». «Baina, begira» esan ziguten azkenean, ikusirik beharbada interes benetakoa izango genuela, mapa turistiko zehatz baten gainean crayon bleu batekin gune zehatzak markatzen zizkigun bitartean, «hemen, hemen eta hemen, eliza eta horma hauetan kontserbatzen dira gure sotoan bilduta ez dauden hainbat hilarri». Ondoren, halako zirrara batez komunikatu genien Soriakoaren berri. Ez zekiten ezer, baina agindu ziguten bilatuko zutela informazioa. Haiek ere bazutela Sesenco-ren bat edo beste. «Hemen, Akitanian». Une batez, hari antzinako eta oso sakon batez elkartuta bezala ikusi genituen, mapa aspaldiko batean, hango ipar-ekialdeko mugak eta horko hego-mendebaldekoak.