Plazaratu berri da Don Inorrez taldearen bigarren lan luzea: Esku Hutsik. Power-pop estiloaren inguruan dabiltzan hamar abesti biltzen ditu disko honek. Bai hitzen aldetik eta bai musikaren aldetik, aurreko diskoaren (Mugiro bila, 2018) ildoa jarraitu dute.

Abesti batzuk letra pertsonalagoetara jotzen dute, beste batzuetan berriz onartu dute ironiara eta autoparodiara jo dutela, Barre ala negar abestian adibidez: “Arruntegia top zerrendan sartzeko, zaharregia gaztetxeetan jotzeko.” Ez bakarrik abesti horretan, diskoaren izenburuan bertan ere musikaren munduan ohikoa den prekaritate egoera (orain pandemiarekin larritu dena) aldarrikatu nahi izan dute, beste talde asko bezala “esku hutsik” sentitu izan direlako.

2016. urtean, Bide Ertzean taldea desegin ondoren, Imanol Ubedak hasitako bide berria izan zen Don Inorrez, Karlos Aranzegi bateria jolearekin batera. Paco Loco ekoizlearen estudioan eta Arantzazuko Mamia estudioan grabatua izan da Esku Hutsik.