IMG-20171229-WA0001

 

Amets Arangurenekin bildu gara gaurkoan, duela hiru hilabete Karrikirin lanean hasi zen gaztea Euskaraldia ekimeneko koordinatzaile lanetan dabil Iruñea mailan. Zein izanen da bere ustetan Euskaraldia bezalako ekimenak gazteengana heltzeko biderik onena?

1. Bertan lanean hasi baino lehen, zer uste zenuen zela Karrikiri?

Egia esan txikitatik ezagutzen dut Karrikiri, baina denda bat zela pentsatu izan dut beti. Banekien ez zela edonolako denda, bazuela zerbait beste denda askok ez zutena, baina ez nekien zehazki zer.

2. Eta orain, barruan lanean zaudela, ezagutzen ez zenuen Karrikiriren zer jardun deskubritu duzu?

Lehenengo egunetik hasi nintzen benetan Karrikiri zer zen ikusten eta ikasten. Elkartea eta, aldi berean, bertako langile zein bazkideak ezagutzen hastean hasi nintzen dendaren atzean dagoen guztiaz jabetzen. Karrikiri Elkartea ez da denda soil bat, bere izenak berak esaten duen bezala elkarte bat da, euskaratik eta euskaraz lanean ari den elkartea. Iruñean euskara eta euskal kultura sustatzea eta honetarako eremuak sortzea xede nagusi duena. Kanpotik ikusten den denda elkartearen zatitxo txiki bat besterik ez da.

3. Zeintzuk dira zehazki zure zereginak?

«Euskarak 365 egun» egitasmoak aurkeztu berri duen Euskaraldia ekimenaren koordinazio lanetan nabil Iruñea mailan, eta ekimen honek 2018an hartuko dituen 11 egun horietarako 16 urtetik gorako jendarte euskalduna kontzientziatu eta aktibatzea du helburu nagusi. Euskaraldia Euskal Herri mailan egiteko planteaturik dagoen ekimena denez, Iruñetik kanpo egiten diren bileretara joatea ere tokatzen zait batzuetan: Atarrabia, Gasteiz, Andoain, Donostia…

Horrez gain, «Karrika» aldizkariko elkarrizketak egiten ditut, hau salbu.

4. Zeregin horietakoren bat duzu gogokoago?

Maite dut bilerak egin ondotik Karrikiritik pasa eta bertan hitz egindakoa koordinatzaileekin komentatzea, haiek ere euren ikuspuntua eta ideia berriak ematea…

Hortaz aparte, Euskaraldiaren inguruko bileretan oraindik berria naizenez, batzuetan galdurik sentitzen banaiz ere, asko gustatzen zait beste herri zein hirietan ekimena aurrera nola eramaten ari diren ikustea, ideiak hartzea eta honetan eskarmentu gehiago duen jendearen lan egiteko modutik ikastea.

Karrikako elkarrizketak prestatzea ere gustuko dut.

5. Karrikiriko gainontzeko lankideekin nola bideratzen duzu harremana? Koordinaziorik bada?

Oso giro ona dago lankideen artean Karrikirin (nik daramadan denboran, behintzat). Koordinazioari dagokionez esan daiteke bakoitza bere gauzetan  badago ere, koordinatzaileak beti duela dena kontrolpean dendaren fondoan ikusten den kortinaren atzean. Bera arduratzen da, nirekin bederen, bilera guztien berri emateaz, gauzak zer moduz doazen galdetzeaz eta edozein duda argitzeaz. Arduradunak ere ematen ditu orduak kortina horren bestaldean, Karrikirin eginen diren proiektuen berri ematen, dena ongi doala kontrolatzen, ideia berriak proposatzen eta gomendioak ematen.

Gainera, Karrikiritik at ere ekimenaren antolaketarako elkarlanean aritzen naiz Euskaltzaleen Topaguneko langile den Larraitz Amadozekin eta harekin ibiltzen naiz gehienetan bileratan.

6. Gazte jendeak ezagutzen al du Karrikiri? (Ezezkotan..) Zergatik eta zer egin beharko litzateke zure ustez gazteengana hurbiltzeko?

Egia esan ez dut uste Iruñeko gazteriak Karrikiri zer den dakienik. Denda bat besterik ez dela uste du gehiengoak. Beharbada proposatzen dituen ekimenak ez daudelako gazteriari espresuki zuzenduak. Izan ere, gaur egun euskara eta euskal kultura sustatzeko esparruetan proposatzen den ia ezer ez dago gazteriari edo gazteriak dituen kezka edo beharrei zuzendua.

Aurreko egunean, adibidez, Iruñeko Maravillas gaztetxeko bi kideri egin nien elkarrizketa. Haiekin egon nintzenean eta Euskaraldia ekimenaren berri eman nienean, berehala eskaini zidaten gaztetxea Euskaraldiaren aurkezpena egiteko. Argi dago gazteriarena ez dela interes falta, baizik eta mota honetako elkarteek ez dutela beharbada gazteengana iristeko komunikazio estrategiarik egokiena aukeratzen, eta horregatik ez direla horrelako ekimenak haiengana heltzen. Nik, ingurune euskaltzalea dudan 19 urteko iruindarra izanik, dudan jartzen dut Karrikirin egonen ez banintz Euskaraldia benetan ongi zer den jakinen nukeenik.

Gazteengana iritsi ahal izateko ikusten dudan bideetako bat da gazteek egin dezatela lan, esan nahi baita, ni Euskaraldia bezalako ekimen bateko koordinatzaile izanik, gaztea naizen heinean errazago daukat hurrengo hausnarketa egitea: zer esan beharko lidakete niri horrelako ekimen batean parte hartzeko? edo nondik iritsiko litzaidake niri Euskaraldiaren inguruko informazioa? Laburbilduz, gazte jendeari gazte jendearengandik iristen zaio gehiena, hortaz, gazteriari eman behar zaio aukera horrelako lanetan hasteko.

219. Karrika