Euskaraldia Iruñean prestatzeko mintegia maiatzaren 12an

Euskaraldia Iruñean prestatzeko mintegia maiatzaren 12an

gaia72504_02

 

 

Euskaraldian parte hartzen baduzu, maiatzaren 12an herrietako batzordeak prestatzeko mintegira joatea interesatzen zaizu!!

Euskaraldirako Nafarroako batzordeen prestakuntza tailerra eginen dugu maiatzaren 12an, Katakraken. Topagunearen eskutik, 10:30etik 13:00etara, Euskaraldiaren oinarri teorikoak eta diskurtsoa, herrietako saretzea nola gauzatuko den eta hainbat gai praktiko jorratuko dira.  Batzordekideok iritziak partekatzeko tartea izanen dugu eta beste herri batzuetako batzordekideekin egoteko aukera paregabea dugu.

Izena emateko esteka: https://labur.eus/UCuGF

Hala ere, maiatzaren 12an hurbiltzea ezinezkoa baduzu eta zure elkartean, dantza taldeko egoitzan, peñan edo auzo elkartean, adibidez, Euskaraldiaren informazioa jaso nahi baduzu dei ezaguzu edo bidal ezazu mezu bat irunea@euskaraldia.eus helbidera, zurekin harremanetan jarriko gara.

Urko Apaolazak “Zuloan” liburua aurkeztuko du

Urko Apaolazak “Zuloan” liburua aurkeztuko du

Liburuaren azala

 

 

Apirilaren 19an, ostegunean, arratsaldeko 19:30ean Urko Apaolazak ‘Zuloan. Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena’ liburua aurkeztuko du Karrikirin.

Laburpena: Abiadura Handiko Treneko obretan barrena ibili da Urko Apaolaza ARGIAko kazetaria, ELA sindikatuarekin batera. Hesi laranja gurutzatu eta hor ondoan daukagun lan-esplotazioaren azpimundu batekin egin du topo: ordua 6 euro kobratzen duten beharginak, gaueko bidaia arriskutsuak, Gizarte Segurantzari iruzurra… Lehen eskuko dokumentazio eta testigantzen bidez, liburu honek erakusten du Euskal Y deiturikoan teoriak eta errealitateak askotan ez dutela bat egiten. (Argia)

Urko Apaolaza Argia astekarian aritzen da, besteak beste, eta hementxe bere lanak ezagutzeko esteka http://ow.ly/EPVy30jy7ff

 

Larraitz Amadoz, Euskaraldiaren koordinatzailea Nafarroan

Larraitz Amadoz, Euskaraldiaren koordinatzailea Nafarroan

Larraitz

 

 

Nafarroa Garai mailan Euskaraldiaren koordinazio lanetan dabil Larraitz Amadoz, Euskaltzaleen Topaguneak Atarrabian duen egoitzan hain zuzen ere. Euskaraldia hedatu eta ekimena aurrera ateratzeko ematen ari diren pausuak azaldu dizkigu Larraitzek, besteak beste.

– Zein da momentu honetan zure eguneroko eginkizuna?

Oraintxe bertan herriz-herri gabiltza aurkezpenak egiten, Euskaraldiaren berri ematen diegu herritarrei. Deialdi orokor bat egiten da tokian tokiko euskara zerbitzutik eta herriko norbanakoei, eragileei, kolektiboei, eta Udalari gonbidapena luzatzen zaie. Aurkezpen hauen helbururik garrantzitsuenak Euskaraldiaren berri ematea eta batzorde bat eratzea izanen lirateke.

Euskara zerbitzua duten ia herri gehienetan izan gara orain arte, eta oso harrera ona egin digute. Leku askotan dinamika martxan jartzeko gogotsu daude, eta askok dagoeneko batzordea eratu eta izena eman dute egitasmoan. Iruñea, Lizarra, Lakuntza, Eguesibar, Galarreko Zendea, Irurtzun, Arbizu, Bidaurreta, Lesaka, Baztan, Aranguren, Egillor, Viana, Atarrabia, Esteribar… zerrenda geroz eta handiagoa bilakatzen ari da. Euskararen alde egotetik, haren alde egiteko urratsa askok eman dute.

– Behin herrietan batzordeak sortuta, zein da hauen lana?

Batzorde bat eratzeak, dinamika martxan jarriko dutela esan nahi du, konpromiso hori hartuko dutela alegia. Batzorde hauetako partaideak orotarikoak dira, herritar norbanakoak, hautetsiak, euskara teknikariak, eragileetako kideak. Batzordearen eginkizun nagusia dinamika herrira egokitzea da. Aurkezpena eta gero, bigarren saio bat egiten dugu batzordea osatu duten herrietan.

Bertan, Euskaraldia bitarteko, garai desberdinak lantzen ditugu: Euskaraldia nola gauzatu, nola zabaldu dinamika, norengana iritsi behar diren. Hau dena prozesu parte hartzaile baten bidez egiten da, saio arina izatea da gure xedea. Kronograma bat erabiltzen dugu batzordeko kideek egitasmoa koka dezaten.

– Imaginatzen dut hemendik eta Euskaraldiak hartuko dituen 11 egun horiek bitarte prestakuntza edo formazioren bat egonen dela parte hartzaileendako. Hala da?

Bai, halaxe da. Uda bitartean hainbat formazio saio eskainiko ditugu, batzordeko kideei zuzenduak izanen direnak. Hala ere, Euskaraldian parte hartu nahi duen edozein ongi etorria izanen dela adierazi nahi dugu Topagunetik.

Maiatza bukaeran, euskaraldiaren diskurtsoa lantzeko mintegi bat eginen dugu Iruñean eta saio honetara Nafarroako batzorde guztiak gonbidatuko ditugu. Oso topaketa interesgarria izanen da elkarren berri izateko leku aproposa izanen delako.

Eta bestalde, ekainaren erdialdean, Euskaraldiko ahobizi eta belarriprest bi figura garrantzitsuenen inguruko tailerra emanen dugu. Saio hau ere batzordeko kideei zuzendua izanen da, Euskaraldia iritsi bitartean beraiek ere prestatzaile izateko aukera izan dezaten. Iruñean eginen dira formazio saio hauek, hala ere, Euskal Herri mailakoak ere eginen dira, eta denetan parte hartzeko aukera izanen da.

gaia72504_02

– Noiz eta nola eman ahal izanen du norbanakoak izena ekimenean parte hartzeko?

Oraintxe bertan herrien izen ematea irekita dago. Apirilaren 8a bitartean herriek, eskualdeek, hiriek, izena eman dezakete dinamika martxan jarri dezaten. Euskaraldia.eus web orrialdearen bidez egin daiteke. Batzordeak, lehen esan bezala, guztiz irekiak dira partaideei dagokienez, ilusio eta gogoa duen oro ongi etorria izanen da.

Herritarren izen ematea, berriz, irailetik aurrera izanen da. Ahobizi eta belarriprest moduan izena emanen dute norbanakoek. Gainera, Tokian tokiko batzorde bakoitzak kudeatuko du herritarren izen ematea.

– Behin egitasmoa gauzatuta, zer edo zer pentsatua al du lan ildo honek etorkizunera begira?

Haimaka egun euskaraz, Euskaraldia alegia, etorkizunera begiratzen duen dinamika da. Hamaika egunetan pertsona jakin batzuekin euskara hitz egiteko ohiturak astintzeko helburua dugu.  Zergatik ez dugu hamabi, hamahiru eta hamalaugarrenean jarraituko? Edota urteko 365 egunetan eginen?

Euskarak 365 egun proiektutik ateratako egitasmoa da Euskaraldia eta lan progresibo horri eutsi nahi dio dinamika berri honek. 2019an entitateek urratsak ematea bultzatu nahi da. Hamaika egun horiez haratago begiratu nahi dugu, ohitura horiek aldatuz eta mantenduz, etorkizunera begira.

Hitzei Hotsa emanen dio Karrikiri Elkarteak

Hitzei Hotsa emanen dio Karrikiri Elkarteak

Hitzen Hotsak

 

 

Apirilean emanen zaio hasiera Hitzen Hotsak formatu txikiko hitzaldi musikatuei

Hitzen Hotsak. Formatu txikiko hitzaldi musikatuak egitaraua hiru saioren bidez osatu dugu.

Hitzen Hotsak proiektuaren xedea hauxe da:
Hitza eta musika uztartzen dituen hiru saioren bitartez, artistari bere lanaz hitz egiteko aukera eman nahi diogu. Saio bakoitzak ordu beteko iraupena izanen du gehienez eta, egileak, besteak beste, hitz eginen digu bere musika osatzeko prozesu horretaz edo zeintzuk diren bere musika osatzeko ideien iturriak.

Apirilaren 8an, eguerdiko 12:00etan, emanen diogu hasiera hitzaldi formatu honi. Gurekin Gari (Hertzainakeko abeslari ohia) egonen da eta lau galderen bidez, bere lanaz hitz eginen du.

Bigarren saioan Anari izanen dugu eta ildo beretik jarrituz, abeslari azkoitiarrak bere musikari ibilbideaz eta sortzeko prozesuaz hitz eginen digu.  Eta Hitzen Hotsaken lehendabiziko edizioarekin bukatzeko, Aguxtin Alkhatekin egonen gara.  Eredu berari jarraikiz, Iparraldeko musikariarekin itxiko dugu programa.

Hiru saio, hilean behin eta igandearekin eginen ditugu hitzaldi berezi hauek. Eskura ezazu zure sarrera 6euroan.

Hitzen Hotsak logoa

Manez eta Kobreak, Thierry Biscaryren lan berria

Manez eta Kobreak, Thierry Biscaryren lan berria

Manez eta Kobreak

 

Aste Santuko oporrak eta gero, Karrikirin prestatu dugun programazioa musikarekin hasiko da. Ziur gustokoa izanen duzula!

Apirilaren 4an, arratsaldeko 19:30ean, Thierry Biscaryk (Kalakan taldeko partaide ohia)  Manez eta Kobreak taldearen lehendabiziko lana aurkeztuko du gure egoitzan.

Hementxe uzten dizugu Zapetagilea abestia, ahoa irekitzen hasteko!  http://www.badok.eus/kantua/zapetagilea/

Thierry Biskariren izen artistikoa da Manez. Hainbat taldetan (Bolbora, Hegalka, Kokin, Kalakan…) aritu ondoren, bere kantuak aurkeztu ditu Kobreak metalezko tresnen taldearekin grabatutako diskoan. Lurrarekin eta komunitatearekin duen harremana aipatzen dute kantuek.

Diskoan parte hartzen dutenen artean hauexek daude:

  • Thierry Biskary, ahotsa, perkusioak, moldaketak
  • Ana Telletxea, ahotsa, eskusoinua, perkusioak
  • Fermin Garaikoetxea ‘Mintxo’, ahotsa, tronpeta, bonbardinoa
  • Vianney Desplantes, ahotsa, bonbardinoa
  • Bixente Etxegarai, ahotsa, tronpeta
  • Laura Etxegoihen, ahotsa, saxofoia

Hitzak Xabier Euzkitze, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda eta Jon Maiarekin egin ditu.

Sarrera doan da eta lekuak mugatuak daude!

 

 

Euskaraldiaren aurkezpena Iruñean

Euskaraldiaren aurkezpena Iruñean

Iruñeko aurkezpena

 

 

 

Asteazkenean eginen dugu Euskaraldiaren aurkezpen irekia Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean.

Gurekin Lizarrako Alfredo Dufur egonen da eta Lizarran bizitako esperientziaz ariko zaigu. Ondoren, Ibai Osinagak (Altxatu) abesti batzuk kantatuko ditu eta bukatzeko Saioa Alkaiza eta Iker Gorosterrazu bertsolariekin izanen dugu saiotxo bat.

Aurkezpena 19:00etan izanen da eta Iruñeko euskaldunoi zuzendua dago. Bertan, Amets Arangurenek (Karrikiri Elkartearen izenean) eta Larraitz Amadozek (Topagunearen izenean) Euskaraldiaren inguruan informazio luzatuko digute. Zer da Euskaraldia? zer egin dezaket? nola?  Galdera guztien erantzuna, martxoaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan.