Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria aurkeztu genuen atzo Iruñeko Hizkuntza Ofizialean.

Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria aurkeztu genuen atzo Iruñeko Hizkuntza Ofizialean.

Euskararen Etxeko kide eta Azkue Fundazioko arduradun Iurdana Acasuso Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean izan da gaur, Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria aurkezten. Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kideek eta Karrikiri euskara elkarteko kideek.

Liburuaren Arbolak Bizkaiko mugak gainditu ditu lehenengoz, eta Iruñean hartu du lur. Erakusketa urtarrilaren 23ra arte egongo da ikusgai Nafarroako hiriburuan, hango Hizkuntza Eskola Ofizialean. “Guretzat inportantea da Liburuaren Arbola Iruñean egotea”, azpimarratu du Iurdana Acasusok. “Izan ere, honako hau da Bizkaitik irteten dugun lehenengo aldia. Leiho berri bat ireki dugu Iruñean, leiho garrantzitsu bat, Euskararen Etxean egiten dugun lana zabaltzeko tartea eskaintzen digu-eta”, esan du.

Erakusketa Bizkaiko hainbat udalerritan egon da ikusgai orain arte. Alabaina, Iruñeko egonaldiari begira, eduki batzuk berritu dira, hala nola, euskara hutsezko liburuen kopuruari buruzko azalpenak eta liburu-azalen atala. Era berean, euskaraz kaleratutako azken hogei liburuen azalak ikusgai daude erakusketako paneletako batean. “Liburua elementu unibertsala da, baina erakusketa honekin, euskararen begietatik gerturatuko gara bertara, idazleengana, ekoizpen lanetara, interpretazioetara”. Gonbita egina dago, beraz. Iruindarrek eta inguruko herritarrek 09:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00 ordutegian bisitatu ahalko dute Liburuaren Arbola.

Bisita gidatua ere bai

Liburuaren Arbola Gorka Arresek apailatu du. Hori dela eta, kazetari eta editore ohiak bisita gidatua eskainiko du urtarrilaren 20an, 17:30ean. Bisita debalde eskainiko da. Interesdunek Karrikiri elkartearen dendan eman beharko dute izena. (Xabier karrika, 4 – Iruñeko alde zaharra)

 

Berria: “Leiho berri bat zabaldu dugu Iruñean” – Euskararen Etxea

Atzo PLEIBAK saioan, literaturaren eta bertsolaritzaren arteko uztarketa ezin hobeaz gozatu genuen.

Atzo PLEIBAK saioan, literaturaren eta bertsolaritzaren arteko uztarketa ezin hobeaz gozatu genuen.

Miren Amurizaren nobelaren pasarte hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatu ziren : testuetan oinarritutako gaiak landuz batzuetan, eta aktualitateko gaiei buruz hausnartuz besteetan.

Musikak, bertsoek eta literaturak elkarrizketa berezi bat sortu zuten eszenatokian, eta publikoak testuaren, kantuaren eta musika bizitzearen arteko harmoniaz gozatzeko aukera izan zuen.

Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi!

IRUÑALDIAn literatura eta musika uztartuta Angel Erro eta Pettiren eskutik Karrikiriko dendan.

IRUÑALDIAn literatura eta musika uztartuta Angel Erro eta Pettiren eskutik Karrikiriko dendan.

Hitzak geziak bilakatuta. Hasteko, Errok bere azken lana aurkeztu zigun, Pello Lizarralde lagunduta. “Itzulpena-Traducción” lana. Euskaraz eta gaztelaniaz sortutako poemak, itzulita, baina bakoitza bada lan oso bat bere baitan.
Aurkezpenean poesiaren itzulpenaz eta hitzen arteko jolasei buruz aritu zen, hizkuntzen aldaeraz. Finean, gaztelania eta euskara ulertzeko gai garenok, pribilegiatuak gara, bi bertsioei zentzua eta helburua harrapatzeko gai izango garelako.

Ondoren, Pettiren kontzertu akustikoa. Bere ahotsa, hitzak eta gitarra. Pettik ez du besterik behar. Beste pribilegio bat bizitzeko aukera izan genuen.

Mila esker bi sortzaileei eta baita ere Iruñaldiako lagunei!

 

Argazkiak: Loraldia